Astelehenero 8:00etan zure epostan
Aneto mendiko gurutzea errotik moztu eta maldan behera amildu du norbaitek. Tartean behin gertatzen dira horrelakoak, Udalatx eta Buruntzako ekintzak lekuko. Batzuek diote tradizioari eutsi behar zaiola eta mendiari errespetua zor diogula, besteek mendiari errespetua zor diogula eta naturaguneak okupatzen dituzten ikur erlijiosoek ez dutela lekurik bertan. Aferak ez du konponbide erraza, are gurea bezalako herri mendizale batean; karga erlijioso-ideologikoa lausotuta, bestelako esanahia hartu duten sinboloez ari gara.
1842an Aneto lehenbizikoz igo zuten mendizaleen artean Albert Belhomme de Franqueville zegoen. Botanikari frantziar hark, espedizioaz mintzo zen liburu batean, tontorrera daraman arista ezaguna Mahomaren Igarobidea bezala izendatu zuen, kondaira musulman bati erreferentzia eginda, zeinak paradisurako sarbidea estu-estua irudikatzen duen. Ehun urte geroago, frankismo betean, gurutze kristaua paratu zuten paradisuaren ateetan... eta, handik bost urtera, Pilareko Amaren estatua, Aneto Aragoi dela argi uzteko-edo. Baina ez nahastu mendizaletasuna politikarekin edo erlijioarekin. Argazkian Anetoko gurutzea ageri da, zaharberritzeko Benasquera eraman aurretik.VALUGI / WIKIMEDIA CC BY-SA 3.0
Guardia Zibilak bideo ikusgarria zintzilikatu zuen iazko abuztuaren 6an Instagramen. Haren helikoptero batek Aneto mendiko gurutzea gailurrerantz zeraman soka batetik zintzilik, ia bi urtean Benasqueko (Aragoi, Espainia) pabiloi batean gorderik egon ostean, zaharberritze lanak zirela-eta. “Gurutze hau, Kataluniako Txangozale Elkarteak 1951n jarria, mendi tontorretan sinboloak ipintzeko tradizioaren parte da: omenaldia, fedea eta mendiari errespetua”, zioten poliziek, lau metro luze eta ia 100 kilo dauzkan aluminiozko gurutzea 3.404 metrora garraiatzeko operazioaren bueltan.
Kristautasunaren ikur nagusiak, baina, ez du luze iraun Pirinioetako gailurrik altuenean. Apirilaren 8tik 14rako tartean zerra erradial batekin moztu zuen norbaitek, eta mendian behera amilarazi. Maiatzak 7 ditu gaur eta gurutzea ez da agertu oraindik. Guardia Zibila ziur da elur azpian dagoela, eta hura urtu zain dago, erreskate-operazioa abiatu eta atzera berriz ere tontorrean paratzeko. Anetokoaz gain, Guarako (Aragoi) Gratal mendian zegoen gurutzea ere “desagertu” da.
2024ko urriaren 12an, Arrasateko Udalak (Gipuzkoa) jakinarazi zuen ezezagunek Udalatxeko gurutzea bota zutela, eta haren zutoinean paper-orri bat itsatsi, olerki batekin: “(...) Gurutze Santua da. Zen. Horrek dakarren guztiarekin. Hartzen duen pisuarekin (...)”. Hildako mendizaleak omentzen dituen gurutzea 1971ko urriaren 12an bertan bedeinkatu zuten. 60 bat gizonek igo zuten tontorreraino; “auzolanean egin zen”, idatzi du herritar batek sare sozialetan. “Arrasatear askok bere egin zuten ondare-elementu bat desagerrarazi dute”, zioen AZE Zientzia Elkarteak.
Mendi tontorretan gurutzeak paratzeko “tradizioaren” inguruko solasaldietan maiz errepikatzen diren hitzak dira ondarea, auzolana, komunitatea, nortasuna edo historia. Gutxiagok aipatzen du zein garaitan jarriak izan ziren, eta Elizaren "bekatuak" (pederastia kasuak eta beste) isildu egiten dira. Gurutzeak, jarri zituztenean zeukaten esanahia denboran lausotuta, hainbesteko karga ideologiko-erlijiosorik gabe, mendizaletasunari –are, herriari– lotutako ikur bihurtu dira. Haien gaineko eztabaidetan sentimenduek bor-bor egiten dute –herri tradizionalki mendizalea baikara, eta kristaua–, kontraesanak azaleratzen zaizkigu, naturaguneen okupazioak kezkatzen gaitu baina "gure" sinboloak ukitzeak ere bai... Ez da erraza aferari ezkerraldeko bidetik ekitea.
Mendietan gurutzeak paratzeko “tradizioaren” inguruko solasaldietan maiz errepikatzen diren hitzak dira ondarea, auzolana, komunitatea, nortasuna edo historia. Aldiz, Elizaren "bekatuak" isildu egiten dira
2021eko abenduaren 17an, Buruntza mendiko hormigoizko gurutzea eraitsi zuen Ernai gazte antolakundeak, eta “faxismoaren gorazarrerik” onartuko ez duela aldarrikatu. Izan ere, falangisten ekimenez altxa zuten gurutzea 1939an, Islada Ezkutuak talde memorialistak berretsi duenez. “Jatorriarekin bat ez etorri edo arbuiatu arren”, Andoaingo Udalak “sabotaje-ekintza” gaitzetsi zuen, gurutzeak herritarrentzat zuen “balio sinboliko garrantzitsuagatik”. Adierazi zuen “alde bakarreko inposaketa-ekintzak” arbuiatzen dituela, “ez direlako jarrera demokratiko batekin lerrokatzen”.
“Gauzak bere horretan mantendu beharko lirateke", esan du Benasqueko alkate Manuel Morak, "[ikur horiek] tontorrean jarri zirenean inork ere ez zuen protestarik egin". Ezta Anetok berak ere, hori hala da. “Mendizaletasunak mundu osoa batzen du, ideologiarekin eta bestelakoekin lotutakoak albo batean utzi behar dira”, gehitu du.
2021eko irailaren 18an, Croix Citadeles eskuin muturreko taldeak “Orhiko txoria” kendu eta metalezko gurutze bat jarri zuen tontorrean. Ikurrok “tradizioaren parte” direla aldarrikatu zuen, eta horiek botatzen dituzten “satanista eroek” parean izango dituztela, erreferentzia eginez, besteak beste, Okzitaniako Herault eskualdean dagoen Pic Saint Loup-eko gurutzearen aurkako “ekintza kristianofoboari”. Orhin jarri zutena bizpahiru egunetara apurtuta zegoen dagoeneko. 2016an, Bavierako (Alemania) zenbait menditako gurutzeak aizkoraz kaltetu zituen norbaitek, eta bakarren bat botatzea ere lortu zuen. Orduko hartan ere, erantzun moduan, “fedea eta nortasuna” aldarrikatuta, eskuin muturreko talde batek egurrezko dozenaka gurutze paratu zituen tontorretan.
Alpeetan, XIII. mendean baziren jada gurutzeak mendi gailurretan, baita hara zeramaten bideetan ere, errezurako geraleku moduan. Izan lurren arteko mugak markatzeko, enperadoreak eta gudetan hildakoak omentzeko, edota ekaitzekin lotutako ohitura paganoak ordezkatzeko, mendeen poderioz ikur kristau ugari ipini zen mendietan. “Oraindik ere sinbolo erlijiosoak dira askorentzat, baina beste batzuen begietara garaierarik altuena markatzen duten ikurrak besterik ez dira”, zioten Alemaniako Alpinismo Elkarteko (DAV) kideek Bavierako gurutzeen aferaz mintzo, Tölzer Kurier egunkarian: “Denek nahi dute argazkia atera gurutzearen oinetan; mendiari lotutako ondarearen parte dira”.
“Gurutzeak gustuko ez badituzu, nahikoa da hari ez begiratzea edo bere altzoan argazkirik ez ateratzea, mendizaletasunaren ikurrak errespetatu egin behar dira”, kexu da Aragoiko Mendi Federazioa (FAM), eta haren ildotik jo dute Benasqueko alkateak –“gurutzea ikusi nahi ez duenak nahikoa du Anetora ez igotzea”– eta Jonatan Garcia mendizaleak ere –“pertsona bat zentzuduna bada, eta ez baldin baditu gurutzeak gustuko, ez da Anetora igoko; gauza bera litzateke jatetxe batera joan eta zerbitzaria begira ez duzunean hango koadro bat zaborrontzira botatzea, atsegin ez duzulako”–. Aneto 250 bider igo du Garcíak.
“Ari gara gurutzeak espazio publikoan jartzeaz, espazioa kolonizatzeaz, hari esanahi konkretua emateko”, dio Granadako Unibertsitateko katedradun Miguel del Arcok: “Beti suntsitu izan dira sinboloak, eta hori gertatzen da garaian garaiko arazoengatik; erantzun moduan apurtzen dira”, hizpide dugun kasuan, “batzuek ulertzen dutelako natura ez dela Kristorena edo erlijio konkretu batena”. Bere hitzetan, gurutzeak botatzen dituztenek paisaia itxuraldatu nahi dute, ikurra jarri zutenek bezalaxe. “Natura askatasun eremua da niretzat”, dio Jorge Corominas alpinistak, “garbi beharko luke, giza-konkistaren arrastorik gabe”.
Antzeko zerbait pentsatuko zuen Patrick Bussardek, Friburgoko (Alemania) mendiko gidak, 2009an hiruzpalau tontorretako gurutzeak apurtu zituenean. Ordukoak abiapuntutzat hartuta, Always wanted to be God, never wanted to do Good dokumentala aurkeztu zuten 2025ean Noa Epars and Marvin Merkel suitzarrek. Egileok diote gaur egun ere ikur kristau ugari daudela hirietako kaleetan, eta horrek deseroso sentiarazten dituela. Lehengoak arrazoi batengatik egingo ziren bezala, ordukoak aldatzeko gaur egun egiten diren zenbait gauzek justifikaziorik badutela uste dute, kontraesanak kontraesan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545