Apirila biribila, zerria urdandegin gosiak eta hotzak hila.

Nestlé eta Sources Alma eskandalua: supermerkatuko ur natural botilak ez genituen uste bezain naturalak

Ur kontaminatua ur mineral eta ur natural gisa saltzen aritu dira urte luzeetan Nestlé eta Sources Alma multinazional frantsesak. Legez kanpoko filtrazioak, iturburuko ura txorrotakoarekin nahasi izana... kontsumitzaileen osagarria bigarren mailan jarri eta bere interes ekonomikoak lehenesteko hautu argia egin dute batak zein besteak. Eskandalu hori argira ekarri du Le Monde eta Radio France komunikabideek bideraturiko ikerketak. Are gehiago, estatu-eskandalua ere badela dirudi: Frantziako Gobernuarekin eskuz esku bideraturiko lege aldaketak eta erabakiak egon direlako. "Iruzurra" argitzeko, salaketa jarri du Foodwatch elkarteak eta ikerketa abiatu du Parisko Auzitegiak otsailaren 13an.  


2025eko otsailaren 26a
Foodwatch elkarteak jarri du salaketa, urte luzeetan egindako "iruzurrak" argitzeko asmoz. Nestlé eta Sources Alma multinazionalez gain, Frantziako Gobernuaren esku-hartzea zein heinetakoa izan den argitzea nahi du elkarteak. Foodwatch
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Nestlé eta Sources Alma: bi izen, bi multinazional, baina bien esku artean supermerkatuetako ur botila kasik guziak: Perrier, Hépar, Contrex, Vittel, San Pellegrino, Acqua Panna, Cristaline, St-Yorre, Vichy Célestins, Mont Blanc eta beste anitzez gehiago. Ura supermerkatuan erosten duen orok du segur aski bi etxe horietako ura edaten. Beste gisa batera erranda, azken urteetan ura supermerkatuetan erosten ariturikoa segur aski ur kontaminatua edaten aritu dela, ustez eta, hain justu, txorrotako ur dudazkoa alde batera utzi eta ur mineral sanoa edaten zebilela.

Iazko urtarrilean Le Monde eta Radio France komunikabideek bideraturiko ikerketak argira ekarri digu ur kontaminatua saltzen aritu direla, kutsadura kontrolak faltsututa. Uraren kasuan debekatuta diren mikrofiltraziorako sistemak –filtro ultramoreak eta ikatz aktiboak– baliatu izan dituzte urte luzeetan.

Salaketa jarri zuen irailean elikagai osasuntsuen aldeko borroka eramaten dabilen Foodwatch elkarteak, eta otsailaren 13an ireki du Parisko Auzitegiak auzibidea, "iruzurrik" egon ote den argitzeko. Paraleloki, Frantziako Senatuko ikerketa batzarra ere dabil afera ikertzen.

Alma Sources enpresaren langile batek 2020 hastapenean pausaturiko iruzur abisua dugu guzi horren oinarrian. DGCCRF Lehiaren, Kontsumoaren eta Iruzurrak Zigortzeko Zuzendaritza Nagusiak ikerketa abiatu eta laster azaleratuko zen eskandalua, orduan icebergaren punta bakarrik ez zena: "Burdin sulfato eta karbono dioxido industrialak injektatzea", "baimendutakoa baino mikrofiltrazio-maila apalagoak", baita ur minerala txorrotakoarekin nahastea ere. Orduan konturatu ziren Sources Alma ez zela joko zikinean zebilen bakarra, ondoan zuela Nestlé multinazional ezaguna ere. Legez kanpoko jokabideak bideratzen aritu dira beraz, kutsatua izanik ere, konfiantza dakarten "natural" ala "mineral" izendapenen pean ura saltzen segitu ahal izateko. Xeheki eta maltzurki antolaturiko iruzurra dela ageri da ikerketan: "Kontrolak bideratzen dabilen Eskualdeko Osasun Agentzietako agenteak engainatzeko edo tronpatzeko gailuak erabili ditu enpresak. Zuzenean iturburuko ura eramatea pentsatzen bazuten ere, aitzinetik tratatutako ura zuten hartzen".

Baina eskandalua ez da horretan gelditzen, badirudi estatu-eskandalua ere badela: "Email trukaketa eta ohar andanak erakusten digu Eliseoak [presidentearen egoitza] eta Matignonek [Lehen ministroaren egoitza] lehenetsi izan dituztela Nestlé multinazionalaren interesak, eta hori kontsumitzaileen kalterako".

Guzia, gobernuaren babespean

Iazko agorrilean ukan zuten bilera bat multinazionalaren buruen eta Emmanuel Macron presidentearen hurbilekoen artean, tartean zirela Ekonomia ministroa eta Industria ministroa. Debekaturiko filtrazio metodoak erabili izana aitortu zieten, baina gertaera isilean atxikitzea erabaki zuten gobernuko ordezkariek. Gainera, ur mineral naturalei buruzko 2009/54/CE direktibak behartzen ditu estatuak legedi urraketaren susmoa izanez gero, jakinean atxikitzea Europako Batzordeko estatu kideak.

Le Monde eta Radio Franceren ikerketak iazko otsailean buruturiko bilera sekretu baten berri ere dakar, eskandalua are eskandalagarriagoa bihurturik: "Ekintza eta moldaketa plano bat" adosten aritu ziren eskuz esku botere politikoak –gobernukoak– eta ekonomikoak –kasu honetan, Nestlékoak–, eta hori legedia beren alde aldatzeraino: 0,2 mikrometroko mikrofiltrazioa onartzeko baimena bideratu zien iazko otsailaren 23an prefetei gobernuak.

Filtrazio-maila aldaturik, multinazionalen alde

Ordura arte 0,8 µm-koa zen filtro-maila, berez hori baino ttipiagoa izateak uraren osaketan eraginen lukeelako. Funtsean, Europako beste herrietan ez da nehon hein hain apaleko filtraziorik onartzen –apalena Espainiako Estatuan eta Belgikan delarik, 0,45 µm-ko langarekin–. Nestlé, bere aldetik, 2010z geroztik zebilen 0,2 µm-ko filtro-maila erabiltzen, kontzientzia osoz legearen gainetik pasata.

Berez, ur mineralaren edo naturalaren izendapena atxikitzeko ez litzateke tratatu behar, prozesuan bere mineral eta oligoelementu guziak atxikitzeko gisan. Baina errealitatea da, ingurune geroz eta kutsatuak izanik, iturburutik ateratako ur hori ere dugula kontaminaturik. Legediaren aldaketa horrek dakarrena ongi esplikatzen du Mediapart-ek Scandale des eaux en bouteille: le pouvoir politique au service de Nestlé (Ur botilen eskandalua: botere politikoa Nestléren mesedetara). Gaia hurbiletik segitu duen funtzionario batek ondokoa aitortu dio kazetariari: "Arau berriak hartzen ari gara Nestlék erabilitako uraren kalitatearen eta purutasunaren gaia saihesturik. Ur jakin batzuk gure osasunerako hobeak direla diogunean, istorio bat kontatzen ari gara: iruzurra legeztatu dugu. Baina normala al da talde industrial batek nahi duena egitea Frantziako lurraldean?".

Eskandalua zartatzekoa zela sentiturik, 0,45 µm-ra igoko zuen muga Frantziako Estatuak iazko azaroan. Baina ez du inporta, kazetarien lan sakonari esker atera da argira (estatu-)eskandalua.

Horra beraz: beste behin interes ekonomikoak gailendu zaizkie interes ekologikoei eta osasunari. Eta nolakoa den mundua, kexarazi bai, baina harritu, erdizka harritu gaitu albisteak. 

AHTren atzerapena gaitzesteko gutuna bidali diote Europako Batzordeko Garraio Komisarioari Pradalesek eta Roussetek
EAE, Akitania Berria eta Nafarroak osatutako euroeskualdearen batzarra egin dute Iruñean martxoaren 25ean. AHT izan dute topaketaren ondoko agerraldiko aipagai nagusien artean eta Akitania Berriko... (+)
Zuhaitz landaketa: mozketa masiboak egin ahal izateko jukutria "berdea"
Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan... (+)
EH ez da salgai, legedia ere ez
Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da,... (+)
Laborantza lurren zaintzeko Peio Dufau abertzaleak aurkeztu legearen alde egin du Frantziako Legebiltzarrak
203 diputatu alde eta hiru aurka agertu dira martxoaren 11 gauean egin bozketan. Higiezinen agentziak haserre agertu dira, eta bi salaketa aurkeztu ditu FAIN Frantziako Higiezinen... (+)
Justiziak ezeztatu du obren gauzapena zekarren prefetaren ordenantza
"Historikotzat" jo du otsailaren 27an plazaraturiko epaia Lurraren Altxamenduak sare ekologista antikapitalistak. Bere aldetik, epaiaren "krudelkeria" salatu eta helegitea jarriko duela jakitera eman du Frantziako... (+)
gora