Baratzea maitasun abesti bat da, pertsona bat eta Ama Naturaren arteko dueto bat

Dela klima aldaketa, dela Ukrainako gerra, arrakalatu egin da Artikoko bake neurtua

Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute betidanik estatu-kideek (AEBak, Kanada, Errusia, Norvegia, Finlandia, Islandia, Suedia eta Danimarka). Baina Ukrainako gerraz geroztik Errusiarekilako kooperazioa moztu dute beste zazpiek, erakundea geldian utzita. Klima larrialdiaren esparrura arte sendi da Artiko Batzarraren geldialdia, eta arlo horretan inor ez da irabazle.


2024ko irailaren 26a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Artikoan gertatzen dena ez da Artikoan gelditzen", errana ohikoa dute munduaren iparreko eskualdea ongi ezagutzen dutenek. Klimaren arloaz aritzerakoan erabili ohi dute esaldia, baina azkenean, besteetarako ere balio du. Demagun, geopolitikarentzat. Klimari dagokionez, munduaren eta bizidunon geroa Artikoko orekari lotua delako, eta geopolitikoki, berriz, Errusia eta AEBak elkarrekin kooperatu beharrean jartzen dituen espazio horretako harremanak ahal bezain tentsio gutikoak izatea ere komeni zaigulako guztioi.

21 milioi kilometro koadroko espazio zuri hori ezinbestekoa dugu ekologikoki, besteak beste, berotegi efektua saihesteko bidean: izotzean islatzen diren eguzki-izpien %80 zuzenean islatzen dira espaziora. Hala, urtzean, ozeanoen ura dago, eta orain arte islatzen ziren izpiek ozeanoa zuzenean berotzen dute; modu horretan berotze globala areagotu eta mundu mailako orekak desorekatzen dira –adibidez, itsaslasterren zirkulazioan eta ur hotzen eta beroen mugimenduan ardura handia du Artikoak–. Nahikoa ez balitz, izotzen urtzeak orain arte itsas zolan eta lurpean metatua den metanoaren isurketa eragiten du. Metanoa berotegi efektu handiko gasa izanik, horrek ere klima aldaketa larriagotzen duelarik. Hori horrela, XXI. mendeko arazo larrienen artean dugu Artikoaren urtzea, abiadura eta kantitate handian gertatzen ari zaiguna gainera: gainontzeko espazioak baino bi aldiz lasterrago berotzen da Artikoa, GIEC Klima Larrialdiari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera. Pentsa, Groenlandiako izotz-geruzaren gesaltzea atzera bueltarik gabeko puntura heldua omen da: 532.000 milioi tona izotz desagertu zaizkio 2019an –segundu bakoitzean sei olinpiar igerilekuren heina!–. 2020an Nature Climate Change aldizkariak plazaraturiko Sea-ice-free Arctic during the Last Interglacial supports fast future loss [Azken glaziazioarteko itsas izotzik gabeko Artikoak galera azkarra eragiten dio etorkizunari] ikerketak ondorio kezkagarria dakar: baliteke 2035erako erabat desagertzea Artikoko bankisa. "Neurri drastikoak bideratuz gero ere, tendentzia alderantzikatzea gertagaitza edo ezinezkoa zaigu", irakurri daiteke txostenean. Sasoien erritmoari segi, martxoan du espazio izoztu gehiena –15,5 milioi kilometro koadro inguru– eta gutien irailean. Arazoa da geroz eta gutiago duela izozturik: urtero 70.000 kilometro gutiago, betirako galduak.

Baina nolakoa den giza espeziea: arazo eta kezka iturri izan beharrean, klima larrialdiaren oinarrian ditugun petrolio-erauzketa berriak kausitzeko aukera gisa ikusten du atzera bueltarik gabeko desmasia hori. Mundu mailako petrolio erreserben %13 eta gas naturalen %30 hurbil gordetzen delako Artikoan. Litioa, kobaltoa, tungstenoa... zer erranik ez lur horietan gordetako mineralei buruz. 230 erauzketa egitasmo daude abiaturik eta beste 400 bat dituzte abiatzekotan, Reclaim Finance GKEren arabera. 2021eko zenbakiak dira, gaur egun gehiago badira, horren aurka egiteko politika fermurik ez delako adosten.

Berez esplorazio eta ustiapen horiek ez dira berriak, baina izotzaren urtzeak areagotu besterik ez du egiten joera. Orain arte ezinbestekoa baldin bazitzaien Artikoa ahal bezain guti hunkitzearena, badirudi helburu horrek geroz eta pisu gutiago duela Artikoko Batzarraren baitan. Alta, 1991n izenpeturiko Arctic Environmental Protection Strategy (Artikoko ingurumena babesteko estrategia) adierazpena dugu erakundearen oinarrian, ingurumena zaintzeko helburua finkatzen zuen adierazpen inportantea. AEBak Kanada, Errusia, Norvegia, Danimarka, Islandia, Suedia eta Finlandia dira erakunde horren parte, baita lekuko autoktonoen ordezkaritza bermatzen duten sei elkarte ere. AEBak eta Errusia mahai berean eta helburu berekin aitzinarazi beharra ez da erraza, baina gutiago ala gehiago kausitu dute bidea, nolazpait ardurak horretara beharturik. Baina 2022ko otsailean abiaturiko Ukrainako gerrak bertaraino eragin zuen...

Ukrainako gerraz geroztik harremanak izozturik

Erakundearen presidentetza hartu berri zuen Sergei Lavrov errusiarrak bilera batera deitu zituen guztiak 2022ko martxoan, baina ez zitzaizkien azaldu. Artikoko Batzarretik Errusia erabat baztertzeko erabaki politikoa hartua zuten eta gaur ere postura berarekin dabiltza. Erantzun gisa, erakundearen finantzaketa gelditu du Moskuk. Nola ez, azken bi urteetan Finlandia eta Suedia NATOko kide bihurtu izanak ez ditu harremanak erraztu: batzarreko estatu-kide guziak NATOren parte ditu orain Errusiak.
Klima dugu, beste behin, bazterketak kaltetuen artean: harremanak izozturik, Errusiako daturik ez dute gehiago klimaren bilakerari buruzko jarraipen zientifikoa egiten dabiltzanek. Nature Climate Changek alarma piztu zuen urtarrilaren 22ko txostenarekin: "Munduko eskualde honetan gertatzen ari diren aldaketei buruzko ezagutzak –jada erabat kezkagarriak– gero eta desitxuratuagoak daude". Artikoaren erdia baino gehiago Errusiaren parte izanik, datu horiek ezinbestekoak dituzte klima larrialdiaren azterketarako. Are gehiago, ikusirik Errusiak ondoko urteetarako marrazturiko garapen estrategia –Asiara arteko Iparreko itsasbidearen garapena; lehengaien erauzketak eta base militarren biderkapena–.

Zigorrei aurre egiteko: asiara daraman bide berria

Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren testuinguruan, Mendebaldeak Errusiari jarri zigorrei aurre egiteko posibilitatea ematen dio Moskuri Artikoaren urtzeak. Hain zuzen, Europa eta Asia lotzen dituen Iparreko itsasbidea geroz eta erabilgarriagoa delako. Gaur egun, uztailetik urri bukaera arte da erabilgarri eta itsasontzi izotz-hausleei esker tarte hori ahal bezainbat luzatu nahian dabiltza konpainiak. Mendebaldean galdutako merkatuak Asiakoekin ordezkatzeko estrategian, bide hori anitzez interesgarriagoa zaio: laburragoa, merkeagoa eta gainera, itsas-lapurreta gutiagorekin. Kasik bide guztia Errusiaren uretan izanik, berak du kontrola, eta ezin daiteke Moskuren baimenik gabe baliatu; jakinik gainera, itsasontzi izotz-hausle errusiarrak bakarrik erabili daitezkeela. Hots, oraingoz, erabateko kontrola du Errusiak.

Hala ere, inoiz ez da Suezko kanalaren heinekoa izanen: 2025 urterako 160 milioi tona garraiatzeko helburua jarririk du Moskuk, baina Sueztik gaur egun 1.410 milioi tona dira pasatzen urtean. Eta eskerrak. Eskerrak lekuko ingurune eder bezain bortitzari: icebergen mehatxupean eta etengabeko lanbro artean, bideak arriskutsua izaten segitzen duelako. Espero dezagun arrisku horrek diru-goseari bidea moztea luzaz, demagun, marea beltz bat gertatuz gero izugarri zaila genukeelako aterabidea. Baina hori ez dute gogoan izotzen urtzea petrolio gehiago lortzeko aukera gisa daukatenek.

Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener
Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte... (+)
"Pulpitutik mintzo den apezak uste du egia baduela, nik uste dut isiltzen ikasi behar dugula"
Ziburuko Azokaren kari, Azokaroan aurkezturiko Gizatasun arrantzale (Euskaltzaleen Biltzarra) liburua esku artean hartuta, itsasoan –apez bezainbat arrantzale gisa– eramandako biziaz aritzea zuen xede kazetariak. Baina... (+)
Kanboko Marieneko lurrak irauli dituzte ELB, Lurzaindia eta Ostia sareak
Maiatzaren 17an bertaratu eta barazkiak landatzeko hitzordua jarri diete herritarrei. Karia horretara egun osoko egitaraua osatu dute, Marieneako lurrak laborantzarako atxikiak izatearen alde. (+)
Herritarren kexuaren gainetik pasaz, aitzina doa Gatika-Cubnezais itsas azpiko kable elektrikoaren eraikuntza
Obrak "abiadura handian" doazela deitoratzen dute makroproiektuaren kontrako kolektiboek. Landetako THT Ez taldeak hitzaldia antolatu du apirilaren 27rako, ozeanoei buruzko nazioarteko hainbat aditurekin, tartean, Paul... (+)
Zuhaitz landaketa: mozketa masiboak egin ahal izateko jukutria "berdea"
Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan... (+)
gora