E-CHO izenaren gibelean gordetzen den makroproiektuari so jarri gara, Zuberoatik hurbil, Biarnoko Lacq herrian egitekoa den egitasmo omen ekologikoa hurbilagotik ezagutzeko asmoz. Hiru gune industrial lituzke: hidrogenoa ekoizteko fabrika erraldoi bat, eta hegazkinentzako eta itsasontzientzako erregai "berdeak" ekoizteko lantegi bana. Mugimendu ekologista kezkatzen duen proiektua da, besteak beste, inguruko oihanetatik lortu biomasa lukeelako energia-iturri. Makroproiektua izanik, deforestazio masiboa eraginen luke: 14.000 hektarea desagertuko lirateke lehen bost urteetan.
Victor Pachonekin bildu gara, oraindik ezezagunegia den E-CHO proiektuaz hitz egiteko. Ipar Euskal Herriko ekologista ezaguna dugu, ingurumenaren alde diharduen CADE elkartean buru belarri dabilena aspaldian. Iazko urte hondarrean borroka esparru berri bat ireki zitzaien hari eta inguruko beste ekologistei: Zuberoatik hurbil den Biarnoko Lacq herrian xede duten hidrogenoa eta bioerregaiak ekoizteko E-CHO makroproiektua. Karbono isurketa gutiko erregaien ekoizpenean berezituriko Elyse Energy enpresa frantsesa dugu maniobran.
Hidrogenoa lortzeko bidean, elektrolisia ezinbesteko urratsa izaten da: elektrizitatearen bidez substantzia baten osagaiak banatzeko prozesua da, adibidez uraren kasuan hidrogenoa eta oxigenoa banatzen ditu. Bertan eraikitzekoa duten elektrolisirako espazioak 30 hektareako handitasuna luke –gaur egungo munduko handiena Txinan da eta hori baino bi aldiz handiagoa litzateke–. Bertatik urtean 72.000 tona hidrogeno ekoiztekoak dituzte. "Neurrigabekoa" Pachonen arabera.
Hidrogenoa sortzeko prozesuan erabilitako energia beharrari behatzerakoan hasten zaigu "energia berdea" etiketaren pean sailkaturiko energiei buruzko eztabaida. Hain zuzen, Pirinioetako milioika zuhaitzen mozketatik lorturiko biomasari esker edota nuklearretik eskuratzekoa dute elektrizitatea. Gaia are "zentzugabekoa" bihurtzen zaigu jakitearekin, finean, hegazkinak eta itsasontziak "erregai berdez" ibilarazteko baliatuko dutela emaitza. Hain zuzen, hidrogeno hori baliatuko dute Lacq herrian kokatzekoak dituzten Biotjet eta eM-Lacq lantokiek; lehenak, hegazkinentzako kerosenoa ekoizteko eta bigarrenak, itsasontzientzako metanola sortzeko. Elyse Energyren datuei begiratuz gero, ohartzen gara hiru guneen artean erabilitako energia sorturikoa baino 1,8 aldiz handiagoa litzatekeela –eta hori, garraioak kontuan hartu gabe–. "Alferrikakoa eta zentzugabekeria", Pachonen hitzetan.
14.000 hektarea oihan moztuko lituzkete lehen bost urteetan eta ondotik urtero 1.170 hektarea lirateke desagertuko
Victor Pachon
E-CHO makroproiektuaren gibelean gordetzen dena azaleratzen dabiltza bilkura publikoz bilkura publiko, CADE eta aurka antolaturiko beste 59 egitura. Apirilean egon ziren Nafarroa Beherean, Aiherran eta Donapaleun, eta ekainaren 7an Zuberora doaz, Maulera. Lehenik eta behin, energia ekoizteko beharrezkoa izanen den biomasa kopuru erraldoian jartzen dute arreta: 14.000 hektarea oihan moztuko lituzkete lehen bost urteetan eta ondotik, urtero 1.170 hektarea lirateke desagertuko. Lacq herritik 200 kilometro inguruko zuhaitzak dituzte jomugan, hots, begibistan dituzte Ipar Euskal Herriko basoak ere. Iratiko 20.000 hektareak hamabost urtez desagertuko lirateke.
Frantziako Estatuko gisa bereko beste egitasmoei begiratzerakoan, geroa argi du Pachonek: "Brasilgo Amazoniako edota Kanadako baso primarioetako zuhaitzak inportatzen bukatuko dute hortik gutira, bertako guztia xehaturik". Oihanen kudeaketa industrialak ekarri ohi duen mozketa masiboek kezkaturik dira ekologistak. Gaur egun mozketa mota hori ez du debekaturik gobernuak eta funtsean, horrelakoak baztertzeko konpromisoa "hartu ezinean" dela aitorturik du Elyse Energyk.
"Ez-jakintasuna" nagusi dela dio Pachonek: ez dakigu zein arbola barietate erabiliko dituzten, ez dakigu oihan pribatuetara edota publikoetara joko duten... Oro har, datu eta ikerketa anitz eskas dira enpresaren dokumentu ofizialetan: "Abenduan hastekoa dute inkesta publikoa, eta bizkitartean eskura jarri beharko dituzte eskas diren hamabost bat ikerketa, tartean, karbono-bilanarena edota eragin sozioekonomikoarena".
Promotoreek oihanari buruzko ikuspegi "murriztua eta okerra" dutela dio aurkako mugimenduak. Hain zuzen, etengabean berriztuz doan ondasun natural gisa daukate, baina izaera hori iraganekoa dela diote: "Azken bi hamarkadetan biziki emendatu da oihana, batez ere baso publikoetan, baina azken urteetan tendentzia beste aldera doa, aldaketa klimatikoagatik ahulagoak direlako zuhaitzak edota mozketa masiboengatik. Duela hogei urteko zenbakien arabera egin dute kalkulua, baina horrek ez du balio", dio Pachonek. Klima aldaketaren eraginez, bertako basoetako zuhaitzen hilkortasuna %80 emendatu da azken hamar urteetan, Frantziako Basoen Inbentarioa egituraren arabera. "Gero eta sute gehiagok planetako birika berdeak hondatzen dituzten honetan, eta klima gero eta gehiago berotzen ari denean, hegazkinen kerosenoa ekoizteko azken karbono-putzuen suntsitzeko gogoa nola ukan dezakegu?", irakurri liteke oraingoz 12.400 herritarrek izenpeturiko petizioan.
Karbono putzu garrantzitsuak direla eta, inoiz baino beharrezkoagoak ditugu basoak, eta bidea babestearena eta zaintzearena izan beharko litzateke. Baina ez: deforestazioaren norantzan doaz agintariak eta hori horrela, Klimaren Goi Kontseiluaren datuen arabera, duela hamar urte baino bi aldiz karbono gutxiago xurgatzen dute Frantziako Estatuko oihanek. Alderantziz, lurpean bildutako CO2 parte bat askatzen ere dute gizakiaren aktibitateengatik –deforestazioengatik zein lur horien manipulazioengatik–. Nature Climate Change aldizkariak dio munduko oihanek urtean 16.000 milioi tona CO2 xurgatzen dituztela, baina beste 8.100 milioi tona askatuz. E-CHO makroproiektuaren karbono-bilana egiterakoan hori guztia kontuan hartu beharko dela dio Pachonek.
“Lehen bezala bizi nahi dugu, baina gauzak aldatu dira eta geroan proiektatu behar gara: urritasun izaera hartzeko garaia da”
Victor Pachon
Oihanen biomasaz gain, laborantzatik eta hondakin berdeen errekuperaziotik ere lortu nahi dute energia. Pachonek argi du: "Banan-banan zabor berdeak errekuperatuko dituztela? Hesi zaharrak han eta paleta hautsiak hemen? Ez, kostu handia luke horrek eta murriztu nahiko dute. Oihaneko biomasa lehenetsiko dute ekoizpen kostu interesgarriagoa ukanik". Gainera, errekuperazio hori bermatzen dabilen lekuko industria jadanik badagoela ohartarazten du ekologistak. Oihangintzari dagokionez, berdin, tokian tokiko ekonomia bat dago aspaldian, eta gisa horretako makroproiektu batek dena desorekatuko luke.
Laborantza biomasaren ekoizpenera bideratzearen albo-kalteak azaltzeko tartea ere hartzen du Pachonek: batetik, elikadura energia-iturri gisa gastatzearen aurka dira ekologistak, eta bestetik, nekazaritza industrialagoa eta intentsiboagoa garatzeko akuilu izan daitekeela uste du: diru baten truke, agroindustriak ondorioztatu ongarri kantitate handiez libratzeko bide interesgarria izan daiteke. Klima larrialdiak galdatzen digun elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren pario ausartei lotu beharrean, arazoaren hauspotzea ekarriko luke E-CHOk.
Erregai fosiletatik ateratzeko desafio klimatikoa aipatzen dute Elyse Energy taldeko buruek. "Bai, baina ez kosta ahala kosta", ihardesten diete ekologistek. Oinarrian, gauzak ez aldatzeko jarrera dagoela dio Pachonek: "Lehen bezala bizi nahi dugu, baina ez gara gehiago iraganeko egoera berean, gauzak aldatu dira, eta geroan proiektatu behar gara. Urritasun izaera hartzeko garaia dugu". Gisa horretako megaproiektuek mahaigaineratzen duten auzia da hori: desazkundetik pasa beharko gara, benetako trantsizio ekologikoa lortu nahi bada.
Ur kantitate alimaleak beharko dira makroproiektu horren aurrera eramateko: urtero 7,7 milioi metro kubo ur. Kezka adierazirik du Aturri-Garona Ur Agentziak berak, hain zuzen, horri gehitu behar zaizkielako Lacq industria guneak urtero erabiltzen dituen 14,3 milioi metro kuboak. Ez da ohikoa egitura horrek bere iritzia publikoki plazaratzearena, baina aldi honetan, ezin izan du isilik gelditu. Orain arteko ur hartzeak %65,47 emendatzeak aldaketak eta kalteak eraginen lituzke lekuko erreken ekosisteman. Fabriketatik berriz botako duten urari buruzko zalantzak ere ez dira ttipiak: kutsatuak izanen ote dira? Uraren tenperatura egokia izanen ote da lekuko ekosistemarako?
Klima larrialdiari egokitzeko erabaki politikoen aurka doa E-CHO, jakinik idorteei aurre egiteko ur kontsumoaren murrizketa dutela helburutzat lekuko instituzioek. Aturriren arroari dagokionez, urteroko ur kontsumoa 37 milioi metro kuboz ttipitu nahi dute 2030erako. Ezinbesteko pausoa, jakinik 2050erako 1.200 milioi metro kubo uren defizita aurreikusten dela arro horretan.
“Finantzariak dira. Ikusi dute badagoela hor sosa errazki egiteko aukera, karbonorik gabeko energientzako dirulaguntzak ihiztatzen dabiltza”
Victor Pachon
Argi eta garbi, Frantziako Gobernuaren logikari segi doan makroproiektua da. Berotegi-efektuko gasen isurketak ttipitzeko asmoz adosturiko Karbono Apalari buruzko Estrategia Nazionalaren baitan agertzen da oihanen biomasaren ustiaketaren garapena:2050erako %70 emendatzekoak dituzte mozketak–. Alta, Ingurumen Ministerioak berak aitorturik du estrategia ez dela bideragarria, deskarbonizazioa bide horretatik lortzeko beharko litzatekeen zuhaitz nahikorik ez delako. Hidrogenoaren industriaren garapena ere da Pariseren helburu estrategikoen artean. Hidrogeno berdean "lider" bihurtzeko helburua finkatu zuen 2021ean Emmanuel Macron presidenteak, 7.000 milioi euro bideratuz plan estrategiko horri. Eta "hegazkingintza ultra-urriaren garapena" ere du xede. 2024tik 2030era, urtero 300 milioi euro bideratuko ditu "sektore berde" horri Frantziako Gobernuak.
Elyse Energy enpresako ordezkarien fede onean ez du sinesten Pachonek: "Finantzariak dira, diru erraza nahi dute eta ikusi dute hor badagoela sosa errazki egiteko aukera. Karbonorik gabeko energiei bideratu dirulaguntzak ihiztatzen dabiltza". E-CHO egitasmoaren baitako eM-Lacq, Hylacq eta Biojet fabrikak 2027rako eraikitzekoak dituzte. Bizkitartean, bilkura publikoz bilkura publiko, gorderik eta isilean atxikitakoa plazaratzen dabil CADE elkartea: "Abenduan abiatzekoa dute egitasmoari buruzko inkesta publikoa. Bitartean, herritarrak informatzen ariko gara, behar orduan mobilizazioei lotzeko gisan".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545