Asteroko buletina
San Matias (maiatzak 14), erein al duk aza hazia? Hik bilduren duk aza handia

“Mendizaletasunarekin eta musikarekin herria josi nahi dugu”

Urmuga zeharkaldiak hirugarren edizioa izango du aurtengo udan, uztailaren 12tik 30era. Ekimenaren antolatzaileetako bat da Felipe Uriarte mendizale eta mendi gidaria (Pasai Donibane, 1944). Ur-mugaren ertzetik Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatuko dute aurten ere, musika lagun.


2023ko uztailaren 12a

Nola sortu zen Urmuga, eta zein helbururekin?
2018an Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere ekimena egin genuen. Euskal Herriko hamabi gazte eta hamabi sherpa gazte elkartu genituen Nepalen, eta 6.000 metroko bi mendi igo genituen, baita Everest inguruan 24 egunetako ibilaldi biribila egin ere. Proiektua aurrera ateratzeko dirua biltzeko, besteak beste, Oñatiko parrokian kontzertu bat antolatu genuen. Kontzertuko egitaraua Migel Zeberio orkestra zuzendariak eraman zuen aurrera, eta hark esan zidan: “Hurrengo batean musika eta mendia josten dituen ekimen bat egin behar dugu”.

Paper batean apuntatu nuen berak esana, eta, Tibeten eta Nepalen arteko mugan nengoela, oharra ikusi nuen. Altuerak eta mendiak buruan eragiten dute, eta batzuetan kalterako izan daitekeen arren, niri etorria handitu egiten zait, eta han izan nuen Urmugaren ideia. Han Himalaiak egiten du muga bien artean, ur-muga bat da. Zer da ur-muga bat? Ertz bat, hari bat; gure kasuan, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duena, Angulo portutik Hiru Erregeen Mahaiko gailurreraino.

Hari horri tiraka, ideia garatzen joan nintzen: hemeretzi egunetan ur-muga oinez egingo genuen eta inguruko herrietan kontzertuak antolatuko genituen, mendizaletasuna eta musika josita, kultura eta herrigintza lotuta. 2019ko Gabonetan aurkeztu nien lagun batzuei asmoa, eta negu horretan hasi ginen lehenengo Urmuga antolatzen.

Pandemiak bete-betean harrapatuko zintuzten orduan.
Oraindik itxialdian geundela erabaki genuen proiektuarekin aurrera egitea. Maiatzerako lan handia genuen egina, ez genekien kontzerturik egiterik eta jendea pilatzerik izango genuen. Arazo izan zen alde batetik, baina beste aldetik, kontuan hartuta uda horretan gauza gutxi antolatu zela, ate asko ere ireki zizkiguten.

2020an pandemia tokatu zitzaigun, eta aurten uholdeak, hauteskundeen uholdeak. Urmuga antolatzeko ate asko jotzen ditugu: udalenak, aldundienak, Eusko Jaurlaritzarenak… Guztiak oso lanpetuta egon dira hauteskundeak prestatzen, eta orain beste hauteskunde batzuk datoz. Pandemia txarra izan zen, baina hain txarra ez. Hauteskundeen uholde hau min handiagoa egiten ari zaigu.

"Gaur egun herri txikietako despopulazioa arazo sozial larria da, eta Urmugak landa herrietara jotzen du, haiei eta bertako biztanleei erreparatzen die"

Zein izango da aurtengo Urmugaren ibilbidea?
Ur-mugaren ertza beti bera da, nahiz eta punturen batzuetan bidea aldatzen dugun urte batetik bestera. Ertz hartaz lehen aldiz hitz egin ziguna Luis-Pedro Peña Santiago izan zen; liburu batean bildu zituen ertzaren mapak. Urte batzuetara, Aldatz Gora Bilboko mendi taldeko Patxi Galek bideko mapak berritu zituen. Bera da ur-mugan ortodoxoena.

Guk marra hori jarraitzen dugu, baina ez gara hain ortodoxoak. Esango nuke heterodoxoak garela, eta tranpa txiki batzuk egiten ditugu, osorik egiteko luzeegia delako jardunaldia, beste bide bat politagoa delako edo lotarako tokia eskaini diguten lekura desbideratzen garelako. Hala ere, nahiko zintzoak gara ur-mugarekin.

Angulo portutik abiatu eta Euskal Herriko mendilerro eta tontorrik ezagunenak zapalduko ditugu: Gorbeia ingurua, Durangaldeko mendiak, Aizkorri, Aralar… Hiru Erregeen Mahaira iritsi arte. Euskal Herriko zazpi herrialdeak igaroko ditugu. Izaban bukatuko da aurtengo edizioa, 2021ean bezala, eta egun osoko egitaraua antolatu dugu uztailaren 30erako.

Nolako musika eskaintza egongo da?
Alde batetik, mikrokontzertuak izango ditugu, sarri desordutan eta destokitan. Mendi gailurretan, adibidez Txarlazon (980 metro), uztailaren 12an; aterpeetan ere bai, besteak beste Orbaizeta aldean, Azpegi aterpearen aurrean uztailaren 25ean; aparteko lekuetan ere izango da eskaintza, esaterako Aldatzeko harrobi zaharrean. Mikrokontzertu hauek, batez ere, mendizaleei begira antolatzen ditugu.

Hala ere, musika aldetik garrantzitsuenak kontzertu nagusiak izango dira. Eskaintza zabala eta askotarikoa izango da estilo aldetik; Et Incarnatus Orkestra izango da musikaren ardatz, eta bere inguruan jiraka arituko dira bakarlariak, txistulariak, trikitilariak… Beste askoren artean, Ibil Bedi, Rukula, Korrontzi eta Xutik taldeen emanaldiak izango ditugu.

Saio handien artean aipatzekoa da uztailaren 17an Araia herrian egingo dena, Marutegi baserriaren aurrean. Klasiko bihurtu da Aizpearro kontzertua, Aralarko Desaomendi inguruan. Zulo bat dago, antzina erabiltzen zena, eta duela 2.000 urteko txabolak daude inguruan. Areto perfektua da: orkestra han behean egoten da, eta publikoa goian eserita. Aurten Aizpearron Eñaut Elorrieta, Alaitz eta Maider, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Olaia Intziarte eta Bixente Martinez izango ditugu. Baigorriko kontzertua, berriz, berezia izango da, bertan Sasitik Sasira Eltzegor taldeko kantaren bertsio berria estreinatuko baita.

"Urmugak euskaraz egiten du berba. Hala ere, bestelako hizkuntzak hitz egiten dituztenak ere gonbidatuta daude parte hartzera"

Nortzuk zaudete antolakuntzaren atzean?
Gure inguruko senide eta lagunez gain, Urmuga igarotzen den herrietako eragile eta herritarrek ere parte hartzen dute antolakuntzan: mendi elkarteak, abesbatzak, musika bandak... Sare horri esker ateratzen da Urmuga aurrera. Haiek dira herria eta ingurua ezagutzen dutenak, eta kontzertuak egiteko baso, jauregi edo zelai politak non dauden haiek dakite ondoen. Jende horri esker lortzen ditugu, besteak beste, lotarako edo afaltzeko lekuak.

Nork hartzen du parte Urmugan?
Bi urmugalari mota daude: kontzertuetara baino joaten ez direnak eta mendi ibilaldia ere egiten dutenak. Kontzertuak naturaguneetan egiten direnez, hara iristeko ere beti ibili behar izaten da pixka bat. Eta mendi ibilaldia egiten dutenen artean denetarik dago, egun bakarreko ibilaldia egiten dutenak edo astebete gurekin igarotzen dutenak.

Zein dira transmititu nahi dituzuen balioak?
Nazio bat garela da Urmugak plazaratzen duen ideia nagusia; Euskal Herria izan badela, nahiz hiru administraziotan zatituta egon. Ur-muga, uren banatzaile bada ere, ez da nazio honen muga. Alderantziz, guretzat ertza da hari bat, eta hari horrekin, mendizaletasunarekin eta musikarekin herria josi nahi dugu. Ur-mugaren iparra hegoarekin eta mendebala ekialdearekin. Eta ertz hori muga ez den gisan, hiru administrazioen arteko mugak ere ez dira muga gure naziorako. Horren gainetik bizi da gure komunitatea.

Beste ezaugarri garrantzitsua dugu kultura, musika gure kasuan, ahantzitako herri txikietara eramatea. Hirietako kontzertu erraldoien garaiotan, Urmugak musika ona eta berezia herrietara eraman nahi du; poparen, rockaren edo harizko orkestra baten abaroan sortutako musikaz busti nahi ditu gure geografiako herriak. Gaur egun herri txikietako despopulazioa arazo sozial larria da, eta horrek beste arazo batzuk ekartzen ditu, tartean euskal nortasunaren galera. Gainera, AHT bezalako proiektuek joera horiek bizkortu egingo dituzte. Urmugak landa herrietara jotzen du, eta haiei eta bertako biztanleei erreparatzen die.

Mendizaleok oinez josiko ditugu Urduña, Otxandio, Araia, Aramaio, Zegama, Aldatz, Orbaizeta, Baigorri eta Izaba, eta herri horietan ez da musikarik faltako. Hori guztia balizkotik baiezkora eramateko, boluntarioen lana azpimarratu beharra dago. Gordejuela, Arburu, Bidart, Zabala, Balanzategi… Abizen horien atzean pertsona dotore eta eskuzabalak daude. 

Azkenik, hizkuntza kontua ere bada Urmuga. Euskara da ekimenaren ardatzean dagoen hizkuntza, Urmugak euskaraz egiten du berba. Hala ere, bestelako hizkuntzak hitz egiten dituztenak ere gonbidatuta daude parte hartzera, ongi etorriak izango dira.

Ekoedizioa: Nola murriztu liburuak sortzen duen kutsadura
Duela urtebete sortu dute Ekoedizioaren Institutua Katalunian, paperezko argitalpenek ingurumenean eragiten dituzten ondorioak gutxitzeko asmoarekin. Ekoedizioak bete beharko lituzkeen hamabi irizpide zehaztu ditu institutuak, eta... (+)
Itoiz azpiko herrien erresistentziak hogei urte bete ditu
Hogei urte igaro dira Itoizko urtegia eraikitzeko zazpi herri eraitsi eta urpean ito zituztenetik. Herritarrek eta herritarrak ez zirenek, ordea, ez zuten besterik gabe onartu... (+)
Ibilgailuen isurien mugak malgutu dituzte Europar Batasunean, automobilgintza industriari laguntzeko
Euro 7 araua, isuriak murriztea helburu duena, aurreikusitakoa baino beranduago sartuko da indarrean: ibilgailu arinen kasuan 2027an eta 2029an astunen kasuan. (+)
Urdaibaiko ibai bat gehiegi lehortzeagatik delitu ekologikorik izan ote den ikertuko dute
Eguzki talde ekologistak salatu zuen 2020an Mape ibaitik behar baino ur gehiago atera zutela, ur eskasiari aurre egiteko. Azpimarratu du ez dela gertatzen den lehen aldia... (+)
Artozkiko erresistentziak 20 urte
Itoizko urtegiaren azpian dagoen herrietako bat da Artozki (Nafarroa). 2003an hustu zuten beste sei herrirekin batera, urtegia egin behar zutelako, baina azken momentura arte defendatu... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora