Asteroko buletina
17: San Anton. sasoian sasoiko, San Antonez ospelak belarritako.

Berriz mahaigaineratu dute Mercosur-EB merkataritza askerako akordioa, klima larrialdirik ez balego bezala...

Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin antolatzen ari da aurkako mugimendua, herritarren, kolektiboen zein estatu batzuen partetik. EBk eta Mercosurek testua bozkatu nahi dute ahal bezain laster, eta horretarako bozketa-prozedura moldatu dezakete: estatu guzien aldeko botoa ukan beharrean, Europako Parlamentuarena nahikoa litzateke.


2023ko maiatzaren 28a

1999an mahai gainean jarritako merkataritza askerako akordioa berrartu eta izenpetu nahi lukete Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai batzen dituen merkataritza erakundeak–. Etengabe negoziaketak bertan behera uzten (2004, 2012 eta 2020 urteetan) eta berriz hartzen (2010, 2016) ibili ondotik, berriz ere bi blokeen arteko elkarrizketa gaien artean kokatu dute. Bi dira aurkezturiko arrazoi nagusiak. Batetik, Brasilen, Luiz Inacio da Silva Lulak Jair Bolsonarori presidente aulkia harturik, berriz bideratu daitezke negoziaketak, "demokrazia" bermaturik. Bestetik, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerlak ondorioztatu merkatuen desorekak direla eta, beste bideetatik erraztu beharra dago horniketa.

Ezin uka 1999az geroztik mundua aldatu dela eta nazioarteko merkataritza aske eta ultra-liberalak bere mugak erakutsi dizkigula. Hogeita bost urte pasa direla, mundua aldatu da. Klima larrialdiaren arazoa ukaezina bihurtu zaigu, eta berez, beroketa efektua dakarten gasen isurketak murrizteko konpromisoak harturik dituzte bi aldeek. COVID-19ak nazioartean zabalduriko pandemia ere ezagutu dugu, eta azkarki sentitu ditugu mundu mailan antolaturiko merkataritzak dakarzkien arriskuak eta dependentziak.

“Zaharkituriko paradigma batean oinarrituriko akordioa da, zeinek laborantzako mozkinak beste edozein merkantziaren heinean jartzen dituen”
Via campesina

Baina ikusi nahi ez duenak ez du ikusten. "Iragan mendeko akordio batean gaude: trukaketen emendio zentzugabean gaude, ingurumenaren eta giza eskubideen kaltetan", dio Veblen Institutuko zuzendarikide Mathilde Duprek. Bi eremuen arteko aduana-zergen %90 baino gehiagoren ezabatzea dakar akordioak, eta nagusiki Europako autogintzaren, kimikaren eta farmazeutikaren sektoreen alde zein Argentinako, Brasilgo, Paraguaiko eta Uruguaiko agroindustriaren onurarako litzateke. Izenpetuz gero, Europar Batasunak onartutako merkataritza askerako hitzarmen inportanteena genuke: 780 milioi herritar hunkirik eta 40.000-45.000 milioi euroko inportazio eta esportazio heina.

Kalte ekonomikoak eta sozialak araberakoak lirateke. Hain zuzen, aduana-zergen funtzioetarik bat da bertako ekoizpenen –eta beraz langileen– babestea, bidegabeko konkurrentzia saihesteko –aduana-zergek prezioa emendaturik, bertakoen kontsumitzea interesgarriagoa izan daitekeelako–.

Aduana-zergen
%90 baino gehiagoren ezabatzea dakar akordioak; gehienbat Europako autogintzaren, kimikaren eta farmazeutikaren alde

Nola ez, kliman eraginen luke trukeen emendioak eta Pariseko Hitzarmena betetzeko esperantzak are gehiago murriztuko lituzke –oroitu GIECaren azken txostenaren arabera, 1,5 graduko beroketa emendioa 2030ean gertatu daitekeela eta business is usual logikan segituz, lau edo bost graduko emendioa genukeela 2100erako–. Frantziako Gobernuak eskaturik, 2020an plazaratu zuten Mercosur-EB hitzarmenak ekarriko lituzkeen ondorioei buruzko ikerketa. Stefan Ambec ekonomialariak zuzendutako ikerketa independente horren konklusioa argia da: garapen iraunkorraren kontra doa akordioa.

Deforestazioaren emendio drastikoa ondorioztatuko lukeela frogatzen da ikerketan. Gaur egungoa [2020koa] baino 53.000 tona haragi gehiago esportatuko genuke, 3,6 milioi hektarea gehiagoren deforestazioa genuke –urteko deforestazioan %5eko hazkundea sei urtez–. "Eragina are larriagoa izanen litzateke, zifra hori EBra inportatutako haragi ebakirik onenak ekoizteko den deforestazioari soilik dagokiolako. Errealitatean, ez dugu animalien %20 haziko, animalia osoak baizik! Beraz, oihan-mozteei dagokionez gogoan hartu beharreko zifra da: urtero %25eko emendioa, sei urtez", Dupreren azalpenei segi.

Kliman eraginen du akordio horrek dakarren esportazio eta inportazio emendioak. Datuak: Grain.
Europan debekaturikoa inportatzeko aukera

Toxikotasunagatik Europar Batasunean debekaturiko pestizidak Mercosur eremura esportatzen ahalko lirateke, ia aduana-kargurik gabe. Hots, debekatu beharrean, are gehiago erraztuko luke jada dagoen aukera absurdo hori. Akordioa pasa gabe ere, Brasil dugu munduko bigarren pestizida erabiltzaile nagusia –eta Europan debekaturiko produktuen bigarren inportatzaile nagusia!–. Gauza bera hazkuntzarako antibiotikoentzat: erabilpena debekaturik dugu europarrok, baina Mercosur-eko herrietara inportatu daitezke. Azkenean, Europan ezin dena erabili –debekaturiko pestizidak zein antibiotikoak– hara esportatu, han nahi bezainbeste erabili, azkenean, inportatu eta hemen kontsumitzeko... Ondoko galdera luzatzen du Duprek Alternatives Economiques komunikabidean publikaturiko iritzi-testuan: "Nola bideratu ditzakegu nekazaritza-trantsizioari dagokionez Europak dituen nahikeriak eta 'Farm to Fork' estrategiaren baitako 2030. urterako pestizidak %50 murrizteko helburua; aldi berean, inportaturiko produktuen ekoizpen-arauen parean begiak ixten baditugu?".

Laborariak –Europakoak zein Mercosur eremukoak– lirateke lehen kaltetuak, agroindustrial potoloek gidaturiko mundu mailako merkatuan ez direlako kabitzen. Kezka adierazi berri du Via Campesina sindikatuak: "Zaharkituriko paradigma batean oinarrituriko akordioa da, zeinek laborantzako mozkinak beste edozein merkantziaren heinean jartzen dituen, giza eskubideen, krisi klimatikoaren, bioaniztasunaren, elikadura burujabetzaren eta bidezko errentaren eskubidearen gainetik pasaz".

“Oihan-mozteei dagokionez, gogoan hartu beharreko zifra da: urtero %25eko emendioa, hitzarmenaren lehen
sei urtetan”
Veblen Institutua
Beto eskubidearen gainetik pasa nahian dabil Europa

Hori horrela, aurkako mugimendua berraktibatzen dabiltza dozenaka egitura. Maiatzaren 10ean, nazioarteko 170 eragilek zuten testu bateratu bat plazaratu, "elkartasunean, berdintasunean, kooperazioan, jasangarritasunean eta demokrazian oinarrituriko hitzarmen eredu berri bat" aldarrikatzeko. Europak Mercosur-eko herriengan duen iragan kolonialista aitorturik, "harremanak aktiboki deskolonizatzeko" deia egiten dute.

Herritarrek eta hainbat estatuk adierazitako desadostasunak oztopo ez ukateko gisan, orain arteko prozedura moldatu nahian dabil Europar Batasuna: hitzarmenaren alde politikoa eta komertziala banatuta, ez litzateke gehiago estatu guzien izenpedura beharko onartu ahal izateko. Horrek erran nahi luke beto eskubiderik ez litzatekeela... Suediak du EBren presidentetza eta lekukoa hartuko dio uztailean Espainiako Estatuak. Biak dira hitzarmen horren defendatzaile sutsuak.

Hitzarmen klimatizidioa berdez pintatzeko estrategiari segi, bi aldeek sartuko lituzkete eranskinetan ingurumenari eta klimari buruzko xede ekologikoak. Eraginik gabekoa litzateke, ordea, eranskinek ez dutelako botere betearazlerik.

Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak
Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek... (+)
Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa
2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan,... (+)
Opari ederra Bruselak transgeniko ekoizleei: bukatu dira orain arteko kontrolak
Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa... (+)
Lapurdi eta Gipuzkoa arteko autobidearen blokeoa abiatu dute laborari asindikalek
A-8 autobideko ordainlekua 12:00etatik 16:00etara blokeatzeko helburua dute. Traktoreak iritsi dira Bidasoaren bi aldeetatik. Sindikatuen borrokari dagokionez, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen... (+)
Sabotaje ekintza batek geldialdian utzi du Teslak Alemanian duen fabrika alimalea
Ehundaka milioi euroko galtzeak eragin ditu sabotajeak, enpresako zuzendariaren arabera. Fabrikak oraindik geldirik segitzen du. Vulkan Gruppe –Talde Bolkanikoa– izeneko ezker muturreko taldeak bere gain... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora