Xertorik hoberena, martxoan egiten dena.

Maghú: Eguzki-lorearen hazitik sortutako proiektua

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2018ko otsailaren 01a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Sinbologia handiko lorea da Euskal Herrian eguzki-lorea. Baserri eta etxeetako ate edo leihoetan ikusiko dugu maiz, babesaren eta indarraren erakusle. “Gure arbasoen garaietatik, eguzki-lorea magia handiko lorea da. Iluntasunetik eta espiritu gaiztoengandik babesten gaitu eguzkiaren loreak” azaltzen dute Maghúko webgunean. Babes eta magia hori hazteko ilusioarekin abiatu zuten 2016an proiektua Marga Pesos Iñiguez eta bere bikotekideak Elosun (Araba).

Propietate handiko lorea

Hasieran, etxeko atean jartzeko eguzki-lorea nahi zutela azaldu du Pesosek, baina ingurumena kaltetu eta natura inbaditu gabe lortu nahi zuten. “Eguzki-lorea babestua dago galtzeko arriskuan dagoelako. Horregatik gure buruan ez zen sartzen mendira joan eta handik hartzea”, dio. Antzeko egoeran jende gehiago ere egongo zela pentsatuta, zera erabaki zuten azkenean: eurak izatea etxeko lursailean eguzki-loreak haziko zituztenak. Horrela sortu zen Maghú proiektua, eguzki-lorearen hazietatik abiatuta.

Eguzki lorez egiten dituzten gaiak.

Eguzki-loreak jasotzen hasi zirenean, erabilera anitzetarako frogak egiten hasi eta mundu berri bat deskubritu zuten. “Batez ere dermatitisa edo azaleko arazoak dituztenentzat emaitza oso onak ematen dituen krema egiten hasi ginen eguzki-lorearen sustraiarekin”, dio Pesosek. Gerora etorri dira gorputzerako olioak, xaboiak, lozioak, eta baita eguzki-lorearen sustraiarekin egindako 30ºko likorea ere. Maghúko dendako produktu guztiek dute eguzki-lorea oinarrian.

19 hilabeteko prozesu mantso bezain polita

Eguzki-lorearen haziak ere saltzen dituzte Maghún. Pesosek azaldu duenez, 19 hilabetekoa da hazia landatzen denetik lorea jaso arteko prozesua. “Oso prozesu polita da, ia bi urteko itxaronaldia, zaintza eta mimoak dira”. Norberak lorea landatzeak bere puntu magikoa duela uste du proiektuko kideak, baina horretarako nabarmendu du nahitaezkoak direla pazientzia, konstantzia eta presentzia.

Maghúko kideak aitzindariak dira eguzki-loreen hazkuntzan, eta arian-arian ikasi dute, loreak berak irakatsi dienaren arabera, pixkanaka. Horregatik azpimarratu dute ahalduntzearen mezua: nahi bada, ahal da. “Maite duzun hori zaintzea eta ahalduntzea, horiek dira zabaldu nahi ditugun bi mezuak”, adierazi du kideak.

Bertako produktuen dendatxoa, herritarrei zerbitzu emateko
2026-11-09 | Garazi Zabaleta
Tolosaldeko herri txikia da Baliarrain (Gipuzkoa), 140 biztanle inguru dituena. Duela bost bat urte, ekonomatoa martxan jartzeko pausoak eman zituzten herrian, udalak bultzatuta. "Herritarrei bertako... (+)
Bidarte eta Miarritzeko sukalde zentralak hornitzeko baratze publikoa
2026-11-02 | Garazi Zabaleta
Eskolarako eta adinekoen etxerako otorduak prestatzen dituen Bidarteko sukalde zentralak 150.000 plater prestatzen ditu urtero, eta Miarritzekoak, berriz, 200.000. "Orotara 350.000 otordu dira, eta frantses... (+)
Tokiko eta kalitatezko produktuen epizeria parte-hartzailea Baigorrin
2026-10-26 | Garazi Zabaleta
Duela urte eta erdi pasatxo hasi zen Baigorriko (Nafarroa Beherea) pertsona talde bat bertako produktuen denda fisiko bat martxan jartzeko ideia lantzen. Herriko AMAPean –laborari... (+)
Zuberoako artzainak 20 urtez kolektiboan lanean
2026-10-19 | Garazi Zabaleta
1999an Zuberoako artzain talde batek abiatutako hausnarketa prozesutik sortu zen Azkorria kooperatiba. "Garaian, industria bati saltzen zioten ardi esnea inguru honetako artzain guztiek, eta Ossau-Irati... (+)
Zuberoako artzainen Azkorria gasnategi kolektiboak urteurren festa egingo du urriaren 17an
2026-10-14 | Garazi Zabaleta
Aurten hogei urte betetzen ditu Azkorria kooperatibak. Hori ospatzeko, urriaren 17an Muskildin festa egingo dute. Hitzordua 09:00etan da, Azkorria dendaren atarian: ekoizleen merkatua egingo dute... (+)
gora