Maiatza euritsu, ekhaina errautsu, orduan da laboraria urgullutsu.

Euskal Herriko arbola ekoizle txikien plaza Biriatun

Ainitza mintegiko laborariak dira Aimar Rodriguez eta Audrey Hoc. Arbolak txertatzen eta fruitu arbolak ekoizten dihardute hainbat lursailetan. Baina, mintegiaz gain, Oma elkartea sortu dute ekoizleek azken urteotan, eta Biriatuko Herriko Etxearekin elkarlanean Arbolaren Besta antolatzen dute. Hirugarren edizioa izanen da aurten, azaroaren 29an, eta egun osoko egitarau ederra prestatu dute. Tokiko arbola, fruitu arbola eta landare ekoizle txikien merkatuaz gain, tailerrak, mintzaldiak, antzerkia, jokoak, jatekoak eta beste izanen dira Biriatun. ARGIAren 2026ko Ilargia eta Landareak agendaren aurkezpena ere bertan eginen dugu.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko azaroaren 24a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Mintegia martxan jartzeko lur bila ari ziren Hoc eta Rodriguez 2023an, eta Biriatuko Herriko Etxearekin harremanetan jarri ziren. Orduan sumatu zuten herrian elikadura burujabetzaren bidean eta bioaniztasunaren alde ekimenak bultzatzeko gogoz zirela, eta elkarlanean, lehenbiziko Arbolaren Besta antolatu zuten. “Biriatura bizitzera etorriko ginela adostu genuen, gaiaren bueltan ekimenak bultzatzen hasteko, udalaren babesarekin. Alokairuan bizi gara”, diote ekoizleek. Mintegia Orthez herrian dagoen arren, Etxalarren dute baso jangarria laborariek, eta handik ateratzen dituzte zuhaitz guztiak. “Gure basotik ugaltzen ditugu arbolak”, diote.

Aurten, azokarekin batera beste ekimen berezi bat ere eginen dute herrian. “Biriatu sarreran fruitu arbolekin egindako hesi jangarri bat landatzen ari gara, herritarrentzat izan dadin. Maiatzean hasi ginen landaketekin, barietate tropikalak, ahuakateak eta zitrikoak jarri genituen”, azaldu dute. Orain, berriz, bestaren biharamunean, bigarren zatia landatuko dute, herritarrekin auzolanean. Fruitu arbola klasikoagoak jarriko dituzte bigarren txanda honetan, sagarrondoak eta antzekoak. “Landaketa herrikoi horretarako izena emateko aukera izanen da Arbolaren Besta egunean. Iparraldeko herri batean egiten den lehen hesi frutala izanen da, ea herritarrak animatzen diren”, diote.

Aurkezpen berezia Biriatuko Arbolaren Bestan

NOIZ: Azaroaren 29an, 13:30ean.
NON: Biriatun, Elkartea Gelan (plaza ondoan).
Ilargia eta Landareak 2026ko agendaren aurkezteko ekitaldi berezian, Jakoba Errekondok fruta arbolen azalpenak emango ditu, Antton Olariagak umorez aurkeztuko ditu agendarako egin dituen ilustrazioak eta Maialen Arzallusek bertso jarriak kantatuko ditu.

Azoka bat arbola ekoizleentzat

Omako kideek hutsunea sumatzen zuten, fruitu arbolen ekoizleen azokena: “Baziren azokak barazkiekin eta bestelakoekin, baina baginen zazpi edo zortzi ekoizle txiki arbolak ekoizten, eta ez genuen guretzako hitzordurik”. Hutsune hori betetzeko sortu zuten Arbolaren Besta, eta aurreko edizioetan Ipar nahiz Hego Euskal Herritik bertaratu dira ekoizleak, baita herritarrak ere. “Jendea azokara hurbiltzea nahi dugu, bertako arbolak aukeratzeko, tokiko ekoizleei erosteko, eta ez joateko multinazionalen dendetara haien arbolen bila”, diote.

Azaroaren 29an, goizeko 11:00etatik aurrera egun osoko egitaraua izanen da, haur nahiz helduei zuzendua. 13:30ean izanen da ARGIAren Bizi Baratzeako Ilargia eta Landareak agendaren aurkezpen berezia: koadroan daude ikusgai xehetasunak. Iaz eguraldi txarra egin zien antolatzaileei, baina aurten ongi prestatuta datoz: “Eguraldi txarra eginen balu, frontoi barruan izanen da azoka, beraz, ez dago aitzakiarik”.

Baratzeko eta inguruko landareekin egindako kosmetika artisaua
2026-06-28 | Garazi Zabaleta
Antzerkiaren eta ikuskizunen munduan ari zen lanean Karolina Peños pandemiak bete-betean harrapatu gintuenean. “Kimikako goi mailako zikloa egina nuen, pandemian lanik gabe gelditu nintzenean baserrian... (+)
Pottokaren kontserbaziorako errentagarritasun bila
2026-06-22 | Garazi Zabaleta
Bertako zaldi arraza kontserbatzeko eta bultzatzeko helburuz, apirilean martxan jarri dute Pausoka proiektua Sakanako (Nafarroa) Garapen Agentziak, Pottoka Lagun elkarteak eta Kalaska hiltegi eta zatitze... (+)
Euskal Herriko edarigile txikien topagunea Azkaraten
2026-06-15 | Garazi Zabaleta
Historia handiko etxea da Azkarateko (Nafarroa Beherea) Harizpea. “Etxe biziki polita da, herriko plazaren ondoan dena, eta erraten da herriko lehen etxea dela”, azaldu du... (+)
Gatzari lotutako historia ospatzeko festa Jaitzen
2026-06-08 | Garazi Zabaleta
Lizarraldean (Nafarroa) dago Jaitz herria, gazteleraz Salinas de Oro gisa ezaguna dena. Gaztelerazko izenak tokiaren izana ere ongi adierazten du, kasu honetan. “Erromatarren garaia baino... (+)
Nola indartu bertako elikadura sistemak tokiko politika publikoetatik?
2026-05-29 | Garazi Zabaleta
Badira urte batzuk Cederna Garalur landa garapenerako elkarteak Nafarroako Mendialdean Elikadura Dinamizatzaile lanpostua sortu zuela, tokiko elikadura sistemak eta ekoizpena indartzeko. Hainbat ekimen eta lan-lerro... (+)
gora