Negua eguzkitsu, ondoko uda euritsu.

“Gu gurera Lurra, herria eta mundua hobetzeko”

Jakoba Errekondok jaso du 37. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko Ohorezko Mugarria. Azaroaren 26an Andoaingo Bastero Kultur Etxean egin zen ekitaldia eta epaimahaiak argudio hauek eman zituen: "Jakoba Errekondok hondar urteotan baratzea ezarri du gure bizitzen erdigunean, izan hirian, izan baserri guneetan. Euskadi Irratian hasi zen baratzea aipatzen, ARGIA astekarian gero, hor duela bere baratze-zain artea gehien garatu. Elhuyar aldizkarian ere kolaboratzen du. Hainbat argitalpen ere baditu plazan, hala nola, Olariaga marrazkilariarekin egin duen baratze egileen agenda, Bizi Baratzea izeneko liburuak, eta azken hilabeteotan, ARGIArekin batera datorkigun lau orrialde plegatuekiko berri-papera. Besteak beste. Irakurle eta zaleengana heltzeko baliabide garaikideak erabiltzen ditu, zuzeneko topaketak EH honen zazpi izkinetan, bai eta sare sozialak, podcastak, Youtube edo Instagram hariak, adibidez”. Garaikurra Xabier Lakak berariaz sortutako eskultura bat da eta Rikardo Arregiren anaia Mikel Arregik eman zion. Hau da Jakoba Errekondok, saria eskutan, egin zuen hitzartzea.


2025eko azaroaren 27a
Jakoba Errekondo, Mikel Arregiren eskutik Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko Ohorezko Mugarria jaso berri.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

[Hitzartzea bideoan jaso du Aiurri komunikabideak]

Karga handia du sari honek. Pisatu al duzue?

Hitz bakar bat: eskerrik asko.

Ez dut gustuko gaurko mundu hau. Eta irauli nahi dut, nahi dugu, ikusten denez. Lurra laiatu, jenio onarekin eta umore onarekin ongarritu, edertasuna erein, elkarlana landatu, jakintza birlandatu, herrigintza jorratu eta bizipoza txertatu... maitasunaren uzta jasotzeko.

Mundu zital honetan, gure aita zenak esango lukeen bezala, "mundu allubontan", maitasunaren uzta jasotzeko sekta bat gara. Berrogeitaka urteotan, milaka lurzale eta euskara zale elkartu gara, eta duela hamar urte izena eman genion, bi hitz sinpleko izena: "baratzea" eta "bizi", Bizi Baratzea. Eta gure lema armatu: eman eta hartu. Eman eta hartzen dugu jakintza, eta jantzi egiten gara kulturaz, bere jatorrizko, bere etimo cultivare-tik jantziaz, denon jakintza osatuz. Eta hori dena leialtasunetik, gogokidetasunetik eta maitasunetik.

Jatorrizko kulturaren, lurra lantzearen kulturaren, aieka morfologikoa eta aieka psikologikoa elkartzen dituen antropologiatik ez gabiltza oso urrun Bizi Baratzeako lurralde sare zabalean ari garen milaka lagunok. Zizareen moduan ari gara, ezkutuan, lurrean, lurra aberasten. Eta nonahi ari gara. Gure lanaz eta emanaz hitz egiten da azoka guztietan, taberna eta ostatuetan, familia otorduetan... Nahiko lukete besaulki eroso belusatutako horietan dauden makina bat agintarik berataz horrela aritzea jendea! Bai, bai, harropuzkeriaren traktoretik lurrari buruz eta euskarari buruz akulturizazioa auspotzea besterik ez dakarren ezjakintasunaren hazia ereiten dute horiek, nahiago lukete, bai!

Gu gurera. Kasualitaterik ez dago. Matematikoki ezinezkoa da. Ni erdi ingenieroa naiz eta matematikoki kasualitaterik ezin da. Lurraren matematikak ederki erakusten digu hori. Gu gurera, bai. Gu, gu egiten gaituenera. Memorian eraildutako edo txertatutako hitzak; soro ipularretan mantalaren patrikatik eroritako haziaren mozkina jaso, jagon eta zabaltzen; esaeretan txirikordatutako txinparten distira berbizitzen; aldamenekoarengandik inspirazio pizgarria fu eginez auspotzen; utopiaren lekak aletzen (Aranon eta Markinan esango luketen eran, utopien lekak "irakurtzen"); eta matxino, asaldatu, haserre, azpi-armonien eragile, utopia berriak asmatzen. Lurra, herria eta mundua hobetzeko. Jan, jantzi, eta jakintzatik. Gu gurera.

Ama, amaitzeko: nireak izan dira gure lurra, gure kulturaren lurra eta gure hizkuntza, gure kulturaren hizkuntza. Horiei helduta, gaur egun autista sentitzen naiz, ilargiari begira. Alajainena! Eta lurra etxetik datorkit, hizkuntza bezala. Baina gure garaian, gazteleraz ikasi genuen eta Joxepa eta Benitoren alaba gure ama Garbiñek, eta Joxepa eta Dionisioren seme gure aita Jexux Mari zenak, garaiko lehen gau-eskolara bidali gintuzten. Hain justu, gaurko sariak gorazarre egiten dion Rikardo Arregik sustatutako alfabetatze gau-eskolara, Usurbilen. Han joaten ginen hamar bat urteko ume-mokoak, emakume eta gizaseme handien artera, "hilargia" h-rekin idazten zela ikastera eta desikastera. Alfabetatzearen umea naiz, alfabetatze haren kumea naiz. Eskerrik asko, Rikardo.

Rikardok harreman handia dauka Usurbilekin. Eta hemendik ideia bat eman nahi diet datorren urteko sari hau antolatzen dutenei. Datorren urtean beteko dira 60 urte Rikardo Arregik Usurbilen, nire ustez euskararen inguruan dagoen hitzaldirik onena eman zuela. Usurbilgo Udarregi bertsolariari Erremigio Mendiburuk egin zion eskultura inauguratzeko ekitaldia egin zen egunean, bazkal ondorenean eman zuen diskurtsoa. 60 urte iznago dira datorren urteko maiatzaren 22an.

Eta beno, hiru hitz:

Bat, "ekin eta aurrera". Ez itxaron. Saiatu ez hintzenaz, behintzat, ez damutzeko.

Bi, "elkarrekin elkarbanatuz". Denon onerako. Bakarkakoa bide-zidor estua da. Bakarkako bide-zidorra motxa da.

Eta hiru, "benetakoa izan eta jator aritu". Besteek diotena ez izan. Zure tonua, zure erritmoa, eta zure hautua.

Eta bukatzeko, ni itsasoa baino ikusiagoa nola naizen, txepetxa baino adituagoa, eta onddo beltza baino usainduagoa naizenez, mesedez, altxa zaitezte denok eta zutik jarri. Zuen denongatik nago gaur ni oholtza honetan eta zuen denona da gaurko mugarri hau. Txalo bat.

"Sistemak ez zaituzte nahi baina jendarteak behar zaituzte, eta segituko dugu zuenaren berri ematen"
2025-11-27 | ARGIA
Jenofa Berhokoirigoinek jaso du 37. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, ARGIAn idatzitako Mendez mende dabilen lanbidea, garai berrietara egokitu nahian erreportajeagatik. Beste hiru finalistak hauek izan... (+)
4x03: Baserritarren Bilgunea, sortu berri den sindikatua I Lur Pagoaga eta Nerea Arrizabalaga
2025-11-26 | Bizi Baratzea, ARGIA
Baserritarren Bilguneak eredu agroekologikoan ari diren laborarien ahotsa izan nahi du, oraingoz Gipuzkoan kokatua, eta txikitik antolatua. Lan baldintzak eta bizitza duinak lortzeko borrokatuko du,... (+)
Gaur banatuko dituzte Rikardo Arregi sariak
2025-11-26 | ARGIA
ARGIAko Jenofa Berhokoirigoin kazetariaren artzaintzari buruzko erreportajea da finalistetako bat. Jakoba Errekondori emango diote ohorezko mugarria, baratzearen inguruko jakintzaren dibulgazioan egindako lanagatik, besteak beste, ARGIAren Bizi Baratzea... (+)
Kolokan dagoela esan du 'Soberania alimentaria' aldizkariak, lurraren kulturan erreferenteak
2025-11-18 | ARGIA
15 urteko ibilbidea du hedabide kataluniarrak. Diru-bilketa abiatu du, eta unea baliatu bere balioen aldarri egiteko: "Konbentzituta gaude lurrarekiko eta elikadurarekiko gure begirada eta lotura... (+)
3x04: Udazkeneko erorierarentzat bost sendabelar
2025-11-17 | Bizi Baratzea, ARGIA
Sandra Diaz biologo argentinarraren ekarpen interesgarriekin hasi gara gaurkoan. Bide horretatik, etorkizunaz, gure zein landareen etorkizunaz, biodibertsitateari buruz eta kontsumokeriak eta ingurumen arazoek hartu duten... (+)
gora