Baratzea beti da galera multzo baten artean garaipen gutxi batzuk, bizitza bera bezala

Sagu txiki, sagu maite, zulotxoan gorde zaitez...

Basatia zera da, Euskaltzaindiaren arabera: “Hezi, landu edo zaindu gabea; animaliez mintzatuz, gizakiak etxekotu edo hezi ez duena”. Definizio horretatik at geratzen dira, beraz, zalantzarik gabe, ardiak, behiak, oiloak eta beste hainbat animalia etxekotu. Zer gertatzen da, ordea, beren kabuz gizakiarengana gerturatu ziren horiekin? Ez ditugu guk etxekotu, baina gure inguruan bizi dira eta horretara daude eginda; adibidez, saguak.


2025eko urriaren 20a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Etxe sagua (Mus domesticus)

TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna / Karraskaria.

NEURRIA: 7,3-10,2 cm artean eta 12-25 g artean.

NON BIZI DA? Gizakia bizi den lekuetan. Basati bihurtutakoak ere badira, landatutako belaze inguruetan eta harresietan bizi direnak.

ZER JATEN DU? Gizakiaren inguruan bizi direnak orojaleak dira. Eremu basatiagoetan bizi direnek haziak jaten dituzte gehienbat, eta hainbat ornogabe.

BITXIKERIA: Azken ikerketek diotenez, Europan ez zen nekazaritzarekin batera zabaldu, itsas bidaiekin eta merkataritzarekin baizik.

BABES MAILA: IUCNren Zerrenda Gorrian  “Kezka txikiko” espezie modura izendatua.

Etxe-sagua (Mus domesticus) guztiok ezagutzen dugun espeziea da; gutxi batzuei iruditzen zaie laztangarria, eta askori gogaikarria. Bere oinatzen harramazkak entzun izan ditugu goiko ganbaran, eta susto bat edo beste ere eman digu gelan alde batetik bestera lasterka ikustean.

Ugaztun txiki horren arbasoak Iran, Pakistan eta inguruko lurretan sortu omen zien, eta denbora luzez haien bizilekua eremu horretara mugatu zen. Duela 15.000 urte inguru, alabaina, Asian zehar zabaltzen hasi zen, ondoren Europan zehar, eta lurralde gehiago eta gehiago konkistatuta, munduko animalia kosmopolitena izatera iritsi da.

Zer gertatu zen erlatiboki urte gutxiren bueltan saguek halako arrakasta izateko? Bada, gizakiok historian izan dugun arrakasta handienetako bati probetxua ateratzen jakin izan ziotela; hain zuzen ere, nekazaritzaren sorrerari.

Gizakiok haziak ereiten, jasotzen eta biltegiratzen hasi ginenean, saguek aukera aparta ikusi zuten elikagai-iturri seguru bat eskuratzeko. Soroetan gizakiok landatutako elikagaiak jaten hasi ziren, aletegi eta mandioetan gure erreserbak sabeleratzen, eta geroago, gure eraikuntzetan beren bizitokiak sortzen harrapariengandik urrun –ondoren beste harrapari bat sortu bazitzaien ere; Xapi eta bere espeziekoak, hain zuzen–.

Etxe-saguaren arrakasta azaltzen duen beste faktorea duen ugaltzeko gaitasuna da. Emeak, nahikoa elikagai eskuragarri izanez gero, urte osoan ugaldu daitezke. Urte berean 5-10 aldiz kumatu daitezke, eta kumaldi bakoitzean 4 eta 8 sagu-kumez erditu. Nahikoa janari aurkituz gero, beraz, hor duzue emaitza.

Badu izurriak sortzearen fama etxe-saguak, baina zoonosiak eragiten ez du arratoi arreak (Rattus norvegicus) adinako garrantzirik. Agian herri-kulturak ongi ikasia du elikagaiak lapurtu eta biltegiak konkistatzen zituen karraskaria dela sagua, eta horrek azaldu dezake, agian, hain zabalduta dugun musofobia edo saguekiko beldurra. Haien ikuspuntutik, ordea, gizakiarengana gerturatzea estrategia itzela izan zela esan daiteke, eta bizimodu gautar eta zuhur batek posible egin die gure artean bizirautea hainbeste urtez.

Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa
2025-09-01 | Irati Diez Virto
Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta... (+)
Askari izena duen haragijale txikia
2025-06-23 | Irati Diez Virto
Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia... (+)
Kondairetako piztia Kantauri Itsasoan
2025-05-12 | Irati Diez Virto
Kaxalotea edo zeroia (Physeter macrocephalus) munduko horzdun zetazeo handiena da, eta baita munduko horzdun animalia handiena ere. Beheko barailan soilik ikusten zaizkio hortzak, baina bakoitzak... (+)
Lamia oinak bueltan dira
2025-03-24 | Irati Diez Virto
Ugaztunei eskainitako azken artikuluaren amaierako hitzak hurrengo animalia aurkezteko aitzakia paregabea dira. Bertan esaten genuen muturluzeak erreka “garbi eta txukunak” behar dituela, kutsadurarik gabeak baina... (+)
Izotz arotik hona, endemismoa kolokan
2025-02-10 | Irati Diez Virto
Azken glaziazioan Euskal Herriko lurraldea zapaltzen zuten mamutek, leizeetako hartzek, bisonteek eta baita hienek ere. Elur iraunkorrera eta hotzera egindako animalia horiek desagertu egin ziren... (+)
gora