Azaburua: barazki aski ezaguna, gizonaren burua adinakoa eta hura bezain zentzuduna

Artilea da artea, eskola eta agroekologia lotzeko bide posible bat

Abenduaren 12an irakasleei eta hezkuntza komunitateko kideei zuzendutako jardunaldi berezia izan zen Zaldibiako (Gipuzkoa) Goizane zentroan: Artilea eskoletan

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko abenduaren 22a
Muturbeltz proiektuko kideak.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioaren eta Cristina Enea fundazioaren "Nekazal kultura eskoletara" proiektuaren baitan antolatu zuten artilearen inguruko jardunaldia. “Gipuzkoako eskoletan garatzeko ekimenak proposatu ditugu urte hauetan, beti nekazaritzako eta agroekologiako gaiak ikastetxeetara eramateko asmoz”, azaldu du egitasmoa Marc Badal kideak. Bertako haziak, baserriko hiztegia nahiz elikadura mapak landu dituzte urteotan, eta orain, artilearen bidea ireki nahi dute.

Eskulanetarako material aproposa

Artilearekin lan egiten duten Muturbeltz eta Maduixa Gorria proiektuetako artisauek hartu zuten parte jardunaldietan, eta eskoletan lehengai gisa artileak izan dezakeen potentzialitateaz aritu ziren. “Aspaldi ari ginen pentsatzen ea nola gurutzatu genitzakeen eskolan artea eta nekazal mundua, eta abeltzaintzaren gaia jorratzeko gogoz ere denbora generaman”, azaldu du Badalek. Artileak ardatz horiek guztiak lantzeko aukera ezin hobea eskaintzen ziela ohartu ziren. “Artilearekin lan egiten duten bi proiektu horiek elkarlanean ari dira hainbat eskolekin, eta ikusi da lehengaiak aukera zabala ematen diela irakasleei eskulanak eta bestelakoak egiteko”, dio.

Izan ere, Euskal Herrian asko erabili izan den material ekologikoa eskuragarri dago, garai batean lehengai garrantzitsua zena hondakin gisa hartzen baita azken urteetan. “Eskoletan plastikozko eta bestelako material sintetikoak erabili beharrean, artilea erabiltzea aukera on bat izan daiteke: marrazkietan itsasteko, apaingarriak egiteko…”, dio Badalek. Zenbait ikastetxetan, Olaberrikoan (Gipuzkoa) adibidez, erabiltzen dute dagoeneko, eta hautu hori zabaltzea aurrera begirako erronketako bat izanen da. “Bestetik, ikusi beharko litzateke ea zein aukera dugun eraldaketa eskolan bertan egiteko, artiletik harira edo fieltrora”, gaineratu du.

Agroekologiaz hitz egiteko aitzakia

Lehengai soil gisa aurkeztea baino, artilea bere testuinguruan kokatzea da bultzatu nahi dutena, alegia, artilea eskoletan abeltzaintza estentsiboa eta agroekologia lantzeko aukera izatea. “Europan zabalduago dago eskoletan artilearen erabilpena, baina ez da baliatzen lehengaia nondik datorren, nola egina dagoen eta atzetik duen guztia lantzeko”, dio.  Artilearen gaiari buelta bat gehiago eman nahi diote bultzatzaileek, eta horretarako gonbidatu zuten Josebe Blanco Pikunietako artzaina jardunaldietara. Goimeneko Manex Aranburu teknikariak ere parte hartu zuen, lehengaiari Gipuzkoan aterabidea emateko lantzen ari diren bideez hitz egiteko.

Gaiak interesa piztu duela sumatu dute proiektuaren bultzatzaileek, eta eskolarako materiala nola sortu eta irakasleei bidea nola erraztu pentsatzeari ekinen diote datorren urtean. “Ekimenean argi gelditu zen artilea eskoletan lantzea oso interesgarria izanen litzatekeela eta lan handia dagoela egiteko”, amaitu du.

Haragi-zirkuitu propioa sortzeko proiektua martxan
2026-03-02 | Garazi Zabaleta
Oiartzun Burujabe prozesuaren baitan, herriko haragi-zirkuitu propioa martxan jartzeko lanean aritu dira azken urteetan Elikadura Mahaitik. Labore Oarsoko kideek, herriko ekoizleek eta udal eta landa... (+)
Garoa, jendartea eraldatzeko gune berria Mungia erdian
2026-02-23 | Garazi Zabaleta
2007an sortu zuen Butroi Bizirik elkartea ingurumenaz arduratuta zegoen Mungialdeko herritar talde batek, eta 2013an erantsi zioten "Trantsizioan" hitza izenari. “Rob Hopkins ekintzaile eta idazlea... (+)
Nekazarien iragarritako heriotzaren kronika
2026-02-22 | Garazi Zabaleta
Europa-Mercosur akordioa gauzatzeko arriskua mahai gainean den honetan, Europa berriz ere bidegurutzean da: tokiko elikadura sistemak indartzearen alde egin, edo elikagaiak mundu globalizatuko negozioetarako merkantzia... (+)
Baratzezain izatetik erlezain izatera
2026-02-16 | Garazi Zabaleta
Duela 26 bat urte iritsi ziren Ali Orue zeberioarra eta Edu Brugos laudioarra Zioarraga auzora, Zuiara (Araba). Bizitoki aldaketarekin batera bizitza eta ogibidea aldatzeko gogoz... (+)
Hiritik landa eremurako bizitza aldaketarako, ogia bide
2026-02-09 | Garazi Zabaleta
2012an iritsi ziren Maeztura (Araba) Natxo Beltran de Heredia eta Anna Minguella. “Bartzelonan bizi ginen eta multinazional batentzat egiten genuen lan, baina denbora generaman landa... (+)
gora