Sanbartolomeak ezkero, euliak ipurdiz gora.

Amillubiren ametsa lurreratzeko haziak erein ditu Udaberriko Festak

Maiatzaren 16an jai egun bikaina bizi izan zuten Amillubi proiektuan, Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta auzoan. Biolur elkartea da proiektuaren sustatzailea, eta bertaratutako herritarrei azaldu zieten proiektua egun zertan den: baserria eta bere lurrak kolektibizatzeko ordainketaren azken txanpan sartuta daude (hemen egin daiteke ekarpena); bertako lurretan zekaleak dituzte landuta eta Aleka proiekturako haziak ere lantzen dituzte; eta "Utopiak eraikitzen" prozesu kolektiboaren bidez definitzen ari dira etorkizunean Amillubik zer lan lerro izango dituen: batetik, Eskola Agroekologikoa eta bestetik, baratze eta hazitegiari lotutako erreleborako test gunea. Goizeko mahai-inguruak osorik ikusgai jarri ditugu bideoan, artikulu honetan.


2026ko maiatzaren 18a
Zekale landaketa eta hondoan zelaia prest, karpa, txosna eta oholtzatxoarekin, festa hartzeko.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Iraetako futbol zelaian autoak utzi eta Urola ibaiaren meandroari jarraituz, zelai bidean kilometro bateko ibilaldi ederra eginez iritsi ziren Amillubira, Euskal Herriko hainbat txokotatik bertaratutako era guztietako jaigileak larunbata goizean: titiko umeak, ile urdinduak, baserritarrak, aitzur bat sekula hartu gabekoak, hainbat euskalkietakoak, euskara ikasten ari direnak, euren burua definitzeko ardatz oso ezberdinak dituztenak... Baina denak Lurrarekiko eta agroekologiarekiko irekita daudenak.

Amillubira iritsitakoek hauxe zuten jairako sarbidea.

Jai gune eder eta berezi batek egin zien harrera: meandroaren ondoko zelaian oholtza txiki bat, karpak, aire libreko erdigunea eta txosna zeuden atonduta; baserriaren aurreko estalpean haurrentzat jolas gunea; eta beste estalpe batean mahai-inguruetarako areto goxoa, lore lehorrez apaindua. Laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteko kideak dira jaia urtez urte antolatu dutenak, gehienak baserritarrak, eguneko ordu asko ekoizpen lanetan emateaz gain, mimo handiz eta estilo bereziarekin xehetasun guztiak zaintzen dituztenak. Nekea eta poza ageri zitzaizkien aurpegian goizean goizetik. Eta eskerra, lanerako izena eman zuten herritarrei esker, bakoitzak jaia gozatzeko bere tartea bazuelako aurten.

Bideoan, antolakuntzako Mirene Begiristainek eta Lide Jimenezek azaldu digute Amillubi proiektua zertan den:

Hiru urtean jasotako uzta

Jaiari ongi-etorria emateko pregoian, Amillubiko kideek jakitera eman zituzten hiru urte hauetan proiektuak eman dituen urratsak: "Baserriaren erosketaren amaierara iristen ari gara, eta oraindik zatitxo bat falta den arren, iritsiko gara horra ere! Baserriko lurretan ekoizpenak abiatu ditugu. Egin ditugu Alekarako ereiketak, atera genuen baratzezainentzako porru landarea, okinen artean 1.000 kilotik gora gari jaso dute, aurten zekalea ederra dator... Horrekin batera egin ditugu auzoplanak [Amillubi izeneko Telegram kanal bat martxan da, eta hor ematen dute auzoplanen berri]. Eta abiatu dugu Utopiak eraikitzen prozesua: hor hasi gara Amillubin garatuko diren proiektuak diseinatzen".

Amillubi proiektu kolektiboa egiten ari den bidea jasoko duen dokumental bat ere grabatzen ari dira, eta Garro anaiak kamerarekin irudiak hartzen aritu ziren egunean zehar.

"Pertsona guztiak dira ongi-etorriak, jarrera guztiak ez", eta "zaindu zuen hitzartzeak" oharra egin ostean, mahai-inguruek bete zuten goiza.

Mahai-inguruetako bat.
Sei proiekturen esperientziatik, ametsak lurreratzeaz eta kolektiboan ekoizteaz

Ametsek lurra hartzen dutenean izenburupean aritu ziren elkarrizketan Nafarroako Lakabe herrian jaio eta bizi den kidea, Bizkaian dagoen Ametxe erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatibako kidea eta Gipuzkoako Aginaga Biziberritzen herri kooperatibako kidea. Bakoitzak bere proiektua aurkeztu zuen, eta amets kolektibo bat aurrera eramateko gakoak zein izan ziren azaldu zuten. Besteak beste, aipatu zituzten proiektuaren hasierako helburuei eta baloreei eustea, norbera aldatzeko prest egotea, auzolanen garrantzia, pauso bakoitza ospatu beharra, eztabaidatzeko metodologia lantzea... Bideo honetan dago hitzaldia osorik ikusgai:

Kafea eta etxean egindako bizkotxo goxoak partekatu ostean hasi zen bigarren mahai-ingurua: Lur bizia, herri bizia izenburupean, lehen sektoreko ekoizpen kolektiboetan zentratutakoa. Haien esperientzia kontatu zuten hazi ekologikoak lantzen dituen Aleka proiektuak, lehen sektorea euskalgintzarekin elkarlanean jartzen duen Errigora-k eta Durangoko ekoizleek elkarrekin kudeatzen duten Etartie dendak. Proiektu bakoitza zer beharrei erantzuteko sortu zuten azaldu zuten, zer bilakaera izan dituzten, kolektiboan lan egiteak zer onura dakartzan, zer aukera berri ireki zaizkien, bidean sortutako arazoei nola heldu izan dieten... Bideo honetan dago hitzaldia osorik ikusgai:

"Baratzea duen herria ez da inoiz gosez hilko"

Produktu agroekologikoz osatutako bazkari ederrean elkartu ziren herritarrak, zelaian jarritako bi karpen azpian. Alekarentzako haziak ekoiztuko dira leku horretan bertan laster. Bazkalostean, burmuinak prozesatze azkarrean eta algaraka jarri zituen Aimar Uribesalgok Pobresiak emanaldiarekin. Eli eta Manex Pagolak aulkietatik ipurdiak altxarazi eta belarriak zorroztu zituzten bertsoa eta elektronika uztartuta. Eta dantzak kateatuz joan ziren, Berba Labanakaz taldearekin eta Babarrunba-ren runba doinuekin. Jaia Txantona Garrote DJ-ak biribildu zuen.

Bazkari agroekologikoa.

Bitartean, haurrek zirko tailerra probatu zuten Hazietxe Zirkus konpainiaren eskutik.

Orain arteko urratsak ospatu ditu Amillubik, eta hurrengo urratsak zehaztu ere bai. Herritar eta eragile orori ditu ateak zabalik. Oraindik bertara iritsi ez denak, edo jakintza eta jai giroa uztartzen jarraitu nahi duenak, Eskola Haziak ekimenean du aukera ederra: zazpi eskola antolatu dituzte aurtengorako, eta horietan, goizean auzolana egiten dute, Amillubiko eguneroko lanak eta behar praktikoak ezagutzeko. Ondoren, jakintza partekatzeko tailerra edo hitzaldia izaten da, "ikasitakoa kolektiboki lantzeko, esperientziak trukatzeko eta gogoetarako espazioa irekitzeko".

Manex eta Eli pagola bertsoak musika elektronikoarekin uztartzen.
Karpapean, dantza giroa.
Politika publikoekin nola bultza elikadura burujabetza?
2026-06-10 | Estitxu Eizagirre
Arlo juridikoa izango du erdigunean ekainaren 19an Azpeitian (Gipuzkoa) egingo den Udako Euskal Unibertsitatearen Lurra, legea eta elikadura. Nekazaritza eta elikadura-sistema ikuspegi juridikotik politika publikoetan jardunaldiak.... (+)
Zuhaitz eta arbolek gure kulturan duten itzalaz gozatzeko goiz-pasa berezia Gasteizen larunbatean
2026-06-09 | Estitxu Eizagirre
Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua ospatzeko ekitaldi berezia antolatu du ARGIAk larunbata honetarako. Gasteizko Olarizu lorategi botanikoan paseoa egingo dugu, liburuaren egile Jakoba Errekondo,... (+)
Makroeolikoaz Villabonako Udalak egindako adierazpenekiko kritiko agertu da Amasamendi Bizirik taldea
2026-06-08 | Estitxu Eizagirre
Villabonako Udalak maiatza bukaeran jakinarazi zuen Gipuzkoako Aldundiak egindako ingurumen txostena oinarri hartuta, Amasamendin Premier Group enpresak egin nahi duen makroproiektu eolikoak "marra gorriak" urratzen... (+)
“Zuhaitzen hizkuntza kimikoa da, baina humanizatu egiten ditugu”
2026-06-06 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu da estreinakoz Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua. Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste egileek Ainize Madariaga izan... (+)
Stop Fosilak taldeak "energia burujabetzarantz" bide-orria aurkeztu du
2026-06-01 | Estitxu Eizagirre
Stop Fosilak taldeak bide orri bat aurkeztu du maiatzaren 31n Hernanin. Planetaren bederatzi mugetatik zazpi gaindituta dauden honetan eta "ziurgabetasun handieneko nazioarteko testuinguruan" kokatuta, "konpromiso... (+)
gora