Astelehenero 8:00etan zure epostan
Palentziako amama oso emakume soila zen hitzetan. Bazituen zenbait hitz dena adierazteko balio zutenak, tartean bitxo hitza: berba horren baitan kabitzen ziren zomorroa, behia, txakurra... eta batzuetan baita gizakia ere. Bitxoek auzokide latzak dituzte gizakiongan, ez baikara espezie lagunkoia, batez ere intsektuen kasuan. Horren adierazle, 2019an argitaratu zen Etnofaunaren mundu mailako beherakada ikerketa, non ohartarazten den zomorroen biomasak eta aniztasunak azken 40 urteetan jasandako beherakadaz.
Gaiaz kuxkuxeatzen, gizakion bizitzetan hain funtsezkoa den gaueko argiztapena zenbait bitxorentzat oso kaltegarria dela aurkitu dut. Adibidez zomorro hegalari eta hegazti migratzaileentzat. Zomorroen kasuan, eguzkia eta ilargia erreferentziatzat hartzen dituzte haien gorputzen posizioa finkatzeko. Astroen argia eta argi artifiziala ez dituzte bereizten, eta azken horrekin topo egiterakoan, inguruan hegaldi etengabea egiten dute, zonbiak bailiran, posizioa mantentzeko senak gidatuta, nekeak jota jausi eta hil arte. Hegazti migratzaileen kasuan, askok gauez egiten du migrazio bidea, eta egunean atseden hartu. Ibilbidean zehar, baina, ugarik bizitza galtzen du, hirietako argiak egunsentiarekin nahastuta eraikinen aurka hartzen dituzten kolpeengatik.
Zorionez, bada munduan beste espezieengan sortzen ditugun kalteekin oso sentibera den jendea, eragin horiek txikitzeko lan egiten dutenak. AEBetako Birdcast proiektua, esaterako, oso interesgarria iruditu zait. Herrian zehar banaturik dauden meteorologia-zaintzako radarren azpiegitura berrerabilita, denbora errealean txorien migrazioen intentsitatea erakusten duen mapa sortu dute. Informazio horrekin, txorien ibilbidean dauden eraikin arriskutsuak ezagutu dituzte, eta txoriak igaro behar diren orduetan bertako argiak itzaltzeko informazioa bidaltzen dute. Berrikuntza teknologikorako eremu erraldoia dugu hemen, bizitza erdigunean jartzen duten herriek jarraituko duten berrikuntza ildoa.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545