Adierazi ezin diren gauzak atsegin ditut ahuakete baten dasta, gardenia baten usaina...

Sutea izan da Pasaiako portuko txatar tontor batean

Ostiral goizean sutea izan da Pasaiako (Gipuzkoa) portuan, txatarra biltzen duen enpresa batean, eta herritar batzuk konfinatu dituzte, batez ere Lezo (Gipuzkoa) aldekoak, keak “osagai toxikoak” izan ditzakeela argudiatuta. Eguerdirako kontrolatu dute sutea, Segurtasun Sailaren arabera, eta konfinamendua kendu. Osasun Publikoak airearen kalitatearen neurketak egin ditu, eta neurketak “balio normalak” ematen ari direla esan dute.


2026ko abuztuaren 21a
Suhiltzaileak lanean Pasaiako portuko sutea itzaltzeko.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Ostiral goizean sutea piztu da Pasaiako (Gipuzkoa) portuko enpresa baten instalazioetan, txatar tontor batean hain justu. Suhiltzaileek 05:30 aldera jaso dute abisua, eta eguerdi partean iragarri dute sutea ia erabat kontrolatuta zeukatela. Suhiltzaileek, Pasaiako portuko atoiontziekin batera, txatarra guztia zabaltzen jarraituko dute hurrengo orduetan, hura hoztu eta sua berriz piztea ekiditeko.

Autoak eta bateriak erre dira, eta, ondorioz, ke laino handi eta ikusgarria sortu da portuaren inguruetan. Pasaiako Udalak goizaldean ohar bidez adierazi du ke hori “arriskutsua” izan zitekeela: “Suhiltzaileen arabera, suteak sortzen duen keak edo lurrunak osagai toxikoak izan ditzake”.

Hortaz, SMS mezularitza bidez, larrialdi zerbitzuek agindua bidali die mugikorrera portutik gertu zeuden pertsonei, konfinatzea eskatzeko. Honela zioen mezuak: “Sute industriala portuan, KONFINATU. Egon barruan, itxi ateak eta leihoak eta itzali aireztapena. Jarraitu iturri ofizialen jarraibideei”. Gomendioak Lezoko (Gipuzkoa) biztanleei eragin die bereziki, bertara heldu baita ke gehien.

Ertzainek, bertzalde, Pasai Donibanera heltzeko errepidea ixteko agindua eman dute, eta trafikoa Jaizkibeletik bideratu dute udaltzainek. Horrez gain, bidegorria moztu eta herritarren artean maskarak banatu dituzte, Lezoko alkate Mikel Arrutik Euskadi Irratian adierazi duenez.

Pasaiako Portu Agintaritza

Hala ere, Osasun Publikoak airearen kalitatearen neurketak egin ditu, eta neurketek “balio normalak” eman dituzte ostiral eguerdian. Hala, telefono bidezko beste mezu bat bidali dute, prebentziozko konfinamenduaren amaiera adierazteko: “Pasaiako Portuko sute industrialaren ondoriozko konfinamendua amaitu da. Herritarrek ohiko jarduerari berrekin diezaiokete”.

Aurrekariak 2018an

Ez da lehenengo aldia Pasaiako portuan suteren bat pizten dela. 2018an ere txatarra pilo bat erre zen, eta horrek zenbait kilometrora ikus zitekeen ke zutabea eragin zuen. Naiz.eus hedabideak jakinarazi duenez, 21.000 litro ur behar izan ziren sute hura itzaltzeko, eta Lezoko airearen kalitatea zaintzeko estazioak baimendutako eguneko batez bertzeko kontzentrazioa baino hiru aldiz PM10 partikula gehiago erregistratu zituen uneren batean.

Sute hark, gainera, herritarren haserrea eta kezka piztu zituen. Elkarretaratzea egin zuten Lezoko plazan, Portuak itotzen gaitu. Hau ez da ongizatea. Lezon ez dago bizi kalitaterik lelopean. Aspaldiko aldarrikapena da portua herritarrei itzultzea, “kudeaketa egokia bermatzeko aukera bakarra delako”. Sare sozialen bitartez ere, Oarsoaldeako hainbat bizilagunek argi salatu zuten 2018ko sutea ez zela kasualitatea, eta aldaketa nahi dutela Pasaiako portuan.

Ur eskasiari aurre egiteko, errekak aurkitzea ogibide
Euskal Herriko erreka eta ibaietako ur falta gero eta azkarragoa eta nabariagoa da. Arrantza federazioko teknikariek, erraterako, Zuberoako erreken osasuna aztertu dute, eta ondorioztatu dute... (+)
Hego Euskal Herriko urtegien edukieraren %48,4 dago beteta, abuztuan ohi baino ia 6 puntu gutxiago
Uztailaren hasieratik, urtegietan bildutako ura azken hogei urteetako batez bertzekoaren azpitik dago, eta alde hori astez aste handitzen joan da. Nafarroak bizi du egoerarik kritikoena,... (+)
Hondakinen %28 erretiratuta, Venezuelak baieztatu du 6.509 pertsona hil direla lurrikaren ondorioz
Desagertuen datu zehatzik ez dagoen arren, 1.579 lagun izan daitezkeela uste da. Gobernua pixkanaka jendeari etxeak ematen, eta zerbitzu publikoak hobetzen ari den arren, nazioarteko laguntzak... (+)
Pasaiako portuko sutearen ostean instituzioen “ekintza gabezia” salatu du Eguzki kolektibo ekologistak
Iragan ortziralean sutea izan zen Pasaiako (Gipuzkoa) portuan, txatarra biltzen duen enpresa batean. Suteak Lezoko (Gipuzkoa) eta inguruko herritarren kezka eragin zuen, eta neurriak hartzea... (+)
Kubak “isilpeko Gaza” bihurtzeko arriskua duela ohartarazi dute NBEko adituek
NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren aginduz jarduten duten hainbat adituek gaitzetsi egin dituzte AEBek Kubaren kontra hartu berri dituzten neurriak, eta dei egin diote nazioarteko komunitateari... (+)
gora