Baratzean, baratzezainak ereiten duena baino gehiago hazten da

Kubak “isilpeko Gaza” bihurtzeko arriskua duela ohartarazi dute NBEko adituek

NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren aginduz jarduten duten hainbat adituek gaitzetsi egin dituzte AEBek Kubaren kontra hartu berri dituzten neurriak, eta dei egin diote nazioarteko komunitateari "azkar jarduteko", uhartea “isilpeko Gaza” bihurtu , eta “krisi humanitario” handiagoa saihesteko. 


2026ko abuztuaren 11
Habanako etxebizitza batean ikatzarekin janaria prestatzen.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gazak eta Kubak, dirudienez, badute antzik. Bi herrialdeek aurka dituzte AEBak; Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioa baimentzen du Gazan; eta, Amerikako uharteari, berriz, gero eta blokeo estuagoa ezartzen ari zaio, herrialdea itotzeko. Hori salatzeko, eta, era berean, laguntza humanitarioa emateko asmoz, flotillak bidali dituzte nazioarteko hainbat erakunde eta eragilek bi lurraldeetara ere. Ez dute, ordea, foku mediatiko bera eduki. 

Izan ere, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren aginduz jarduten duten hainbat adituk ortzegunean zabaldutako adierazpen batean ohartarazi dute Kubak “isilpeko Gaza” bihurtzeko arriskua duela, eta, hori ekiditeko, nazioarteko komunitateari “azkar jarduteko” eskatu diote.

NBEko adituen salaketarekin bat egin dute ere AEBetako Kongresuko Alderdi Demokratako lau kide ere; Mark Pocan, Teresa Leger-Fernandez, Maxine dexter eta Delia Catalina Ramirez Kuban izan ziren uztailean. Bertan herrialdeko presidente Miguel Díaz-Canel, eta bertze agintari batzuekin bildu ziren. 

Uhartean “baliteke bonbaz egindako atentaturik ez egotea, baina zalantzarik gabe badira jendeari bizimodu duina izatea galarazten dioten baldintzak. Ezin dira lantokira joan, ezin dituzte elikagaiak gorde, ezin dute mediku hornikuntzarik eskuratu, ezta lehen bezala bizi ere”, adierazi zuen Pocanek.

Argazkia: Y. Lage – Getty Images

Era beran, biltzarkideek Washingtonek uharteari ezarritako energia blokeoa gaitzetsi zuten. Izan ere, AEBetako presidente Donald Trumpek Kubako ekonomiaren funtsezko sektoreei zuzendutako aldebakarreko zigorrak handitu ditu 2026ko ekainetik. Azken zigorrak uztailaren 23an iragarri zituzten Trumpek, eta horien artean energia enpresak daude. 

Horrek erregai eskasia larriagotu du, eta duela gutxi hirugarren itzalaldia jasan dute herrialde mailan. NBEko adituek azaldu dutenez, ondorio nabarmenak ditu: “Kuba krisi humanitario bete-betean sartzen ari da, eta osasunerako, bizitzarako, elikadurarako eta garapenerako eskubideak arriskuan daude”.

"Kuba krisi humanitario bete-betean sartzen ari da, eta osasunerako, bizitzarako, elikadurarako eta garapenerako eskubideak arriskuan daude"

NBEko adituek, erraterako, zehaztu dute hiriburuko zenbait gunetan hondakinak bildu gabe pilatzen ari direla, eta horrek larriagotu egiten du gaixotasunak zabaltzeko arriskua. Era berean, ohartarazi dute gero eta arrisku handiagoa dagoela uhartean elikagaiak seguruak ez izateko eta sendagaiak eta premiazko produktuak urri izateko. Adibidez, arrozaren prezioa, kubatarren dietan oinarrizko produktua, %50 igo da hiru hilabetean, eta jateko olioak bikoiztu egin du prezioa.

Kuba, AEBentzat “mehatxu”

NBEko adituen adierazpenean gogora ekarri dute AEBetako Estatu Departamentuak uztailaren 20an “Kuba: XXI. mendeko komunismoaren hiriburua” izeneko txostena argitaratu zuela, eta bertan Kuba “Estatu Batuen segurtasun nazionalerako eta egonkortasun hemisferikorako mehatxu polifazetiko” gisa deskribatzen duela.

"AEBetako Gobernuak Kubaren subiranotasunaren aurkako mehatxu eta ekintza etsai guztiak bertan behera utzi behar ditu"

Horren harira, “Kubak terrorismoa edo jarduera subertsiboak babesten dituenaren froga zehatzik” ez dagoela azpimarratu dute NBEko adituek. Eta, adituen hitzetan, AEBetako Gobernuak “Kubaren subiranotasunaren aurkako mehatxu eta ekintza etsai guztiak bertan behera utzi” behar ditu.

Horretarako, nazioarteko zuzenbidearen aurka doazen, eta herrialdeari ezarri dizkion neurri guztiak bertan behera utzi behar dituztela iritzi dute NBEko adituek. Nazio Batuen Erakundeari berari ere badiote zer eskatu: "Segurtasun Kontseiluak eta Batzar Orokorrak (NBEren bi instantzia gidari) mehatxu horiei nazioarteko bake eta segurtasun kontu gisa heldu beharko liekete urgentziaz”.

30 bat traktorek martxa egin dute Gasteizen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa "lehorte eremu" izendatzea eskatzeko
Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkarteak deituta, Buesa Arenatik Eusko Jaurlaritzako egoitzarako bidea egin dute traktoreek ortzegunean. Lehortearen eta nazioarteko egoera "ezegonkorraren" ondorioz landa eremuak... (+)
Ur eskasiari aurre egiteko, errekak aurkitzea ogibide
Euskal Herriko erreka eta ibaietako ur falta gero eta azkarragoa eta nabariagoa da. Arrantza federazioko teknikariek, erraterako, Zuberoako erreken osasuna aztertu dute, eta ondorioztatu dute... (+)
Hego Euskal Herriko urtegien edukieraren %48,4 dago beteta, abuztuan ohi baino ia 6 puntu gutxiago
Uztailaren hasieratik, urtegietan bildutako ura azken hogei urteetako batez bertzekoaren azpitik dago, eta alde hori astez aste handitzen joan da. Nafarroak bizi du egoerarik kritikoena,... (+)
Hondakinen %28 erretiratuta, Venezuelak baieztatu du 6.509 pertsona hil direla lurrikaren ondorioz
Desagertuen datu zehatzik ez dagoen arren, 1.579 lagun izan daitezkeela uste da. Gobernua pixkanaka jendeari etxeak ematen, eta zerbitzu publikoak hobetzen ari den arren, nazioarteko laguntzak... (+)
Pasaiako portuko sutearen ostean instituzioen “ekintza gabezia” salatu du Eguzki kolektibo ekologistak
Iragan ortziralean sutea izan zen Pasaiako (Gipuzkoa) portuan, txatarra biltzen duen enpresa batean. Suteak Lezoko (Gipuzkoa) eta inguruko herritarren kezka eragin zuen, eta neurriak hartzea... (+)
gora