Asteroko buletina
Terralak jaten du jela

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Zapaldak edo taulenak edo bankalak nola bete
2024-09-18 12:47 | Axi

Kaixo Jakoba, Getariako eskolan baratza txukuntzen gabiltza eta bankalak egiteko asmoa dugu. Baliabide ekonomiko gutxi dugunez, gu saiatuko gara paleekin eraikitzen. Kontua da, ondoren zerrekin bete ez dakigula, lur zakuak erosten hasi ezkero garestiegia egingo baitzaigu. Bideoren batean ikusi dugu kartoi zatiak, adaxka lehorrak, belarra eta lurrez bete dituztela, baina ez daukagu argi. Agian, koko zuntza ere erabil dezakegu... Eskerrik asko!


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-09-18 13:12

Koko zuntza ahaztu. Material oso arriskutsua da; urzale amorrataua izanik. Lehorte txikiena sentitzen duenean landareei sustraietatik barrena ura kentzeko gai da. Pentsatu edozein material organiko ona dela. Azpian adar lodiak jar daitezke, gero meheagoak eta azkenik ttikiak. Horien gainean orbela, kartoia osorik edo txikitua, paper birrindua, baratzeko hondakin berdeak, arto zuztarrak, antxoa buruak, ebaki berria den belarra, belar ondua, garoa, itsasokoa ez den hondarra, lurra, simaurra, luarra… Gainean lurra edo ondo ondutako luarra jarri. Gero lurra irauli gabe bertan lan egin. Eta urtero, etengabe luarra edo simaur ondua eman beharko diozu.

Gaur arte erantzundakoak (856 galdera-erantzun)

Yang tao pare bat landatuta dut, arra eta emea. Orain dela hiru urte emeak hogei fruitu eman zizkigun baina iaz eta aurten bat ere ez. Inausketa dela-eta arazoren bat dugula suposatzen dut. Enborretik ezker eta eskumara doazen adar nagusiak ere moztu beharko dira? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-11-01 00:00

Kaixo Edorta. Kiwiaren jatorrizko izena da yang tao. Arra eta emea, lehen urteetan biak antzera inausi behar dira, eusteko jarritako egituran zabaltzeko. Lan horretan adar nagusi izango direnei mutur ahulak kentzea komeni da, urtetan fruta asko hazteko gai den egitura indartsua sortzen ari baitzara. Behin zabalduta, fruta emateko desberdin inausi behar dira. Arra lorea eman ondoren, beti, udaberrian sartuta. Haren lan guztia loreak ematea da, emearenak polinizatzeko; beraz neguan ez inausi, behin lorea pasatakoan baizik. Gero, hurrengo negua artean, adar berriak eman eta hurrengo urteko loreak prestatzeko nahikoa denbora izango du. Emea aldiz lorea eman aurre horretantxe inaustea komeni da, beti ere fruta adar nagusietatik bertan zintzilik izan behar duela pentsatuz. Honetarako, adar nagusi horietan adar motz eta ahulak utzi behar dira eta inausten ditugunak bi edo hiru begi utziz, horietatik hurrengo urtetan loreak eta fruituak emango dituzten adar txikiak sor daitezen.

Kaixo Jakoba. Badakit gai hau irratian aspaldi ez dela aipatu duzula, baina ez dut gogoratzen nola kendu behar ditugun kanaberak. Guk moztu egin ditugu, baino horrela akabatzen al dira? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-10-25 00:00
Kaixo Josune. Kanabera kentzea ez da erraza. Guk ikusten ditugun kanaberen antzekoak dituzte lur azpian, eta urtetik urtera landarea erruz zabaltzen da gero eta sail handiagoak bereganatuz. Lurpeko kanabera horiek elikagaiak hartu eta erreserbak pilatzeko baliatzen ditu. Kenduz gero landareari indarra ematen dioten erreserba horiek ahultzea da helburua, eta horretarako lur gainean dauden kanaberak eta sortzen dituen puja edo kimu guztiak, eman ahala, moztea da onena.

Kanabera bizi izan den saia berreskuratzea beste upeleko sagardoa da. Erabat agortzen, elkortzen baitu lurra. Lurra gorritu, azaltzen diren kanabera-sustraiak bildu eta lodi ongarritu beharko duzu.

Kaixo. Argazkian ikusten duzuen landarea handi xamarra egin zaigu. Bestalde, beheko hostoak galtzen ari da eta ez dakigu zer egin landarea kontserbatzeko. Goreneko hostoak moztu? Orain egin daiteke? Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-10-11 00:00

Kaixo Xabier. Diefenbakia bat da zuen landare hori. Argazkian garbi ikusten den eran, ontzi txikia du eta hor dagoen lurrean eskuera duen janariaren araberakoa hazi da. Landare guztiek bizitzeko etengabe hazi egin behar dute eta zeureak elikagaiak mugatuak izaki hosto kopuru jakin bat mantendu dezake. Ondorioz, hosto berri bakoitzeko zahar bat galduko du, gutxi gorabehera. Hostaje handiagoa izateko ontzi handiago batean jarri behar da, eta urari ongarri likidoa erantsi, pototan saltzen den hori eta “landare berdeentzat” jartzen duen horietakoa.

Muturra moztuta, beheragotik erraz berrituko da eta kendutako kimuak landare berriak sortzeko beste ontzi batean landatu, aise itsatsiko dira. Bestetik, itxura ederrekoa dago eta beraz bizi den tokia aproposa du. Bejondeizuela.

Aupa Jakoba. Aurrean dut duela gutxi ilenaz idatzi zenuen artikulua. Duda bat sortu zait horretaz: ukenduak egiten direla diozu... Nola egiten dira, ez ilenenak bakarrik, baina, oro har, ukenduak?

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-09-27 00:00
Kaixo, Pablo. Ukenduak egiteko era errazena eta zabalduena da hau, batez ere belarrak eta landareen zati bigunak erabiltzen direnekoa. Belarrak, olioa eta argizaria dira osagaiak. Belarrak sendagaiak ditu, olioak sendagai horiek hartzen ditu eta argizariak gorputza ematen dio ukenduari.
Litro bat oliba olio, 125 gramo argizari eta belarrak, berdetan 300 gramo inguru eta lehorrak 60 gramo. Belarrak kazola batean jarri eta olioz estali. Olioa ahal den irakin apalenean hiru bat orduz eduki (belarrekin batera sustraiak edo azalak izanez gero zortzi ordura arte eduki daiteke). Ondoren iragazi eta olioari argizaria erantsi eta bertan urtu. Ondo nahastu, berriro iragazi eta potoetara. Hoztu ahala loditu, gogortu eta erabilitako landare nahasketaren araberako kolorea hartuko du.

Kaixo lagunok. Gaztainondo txiki bat daukat loreontzian eta lurrean sartu nahi nuke, oraintxe bertan egin dezaket ala otsail aldera arte itxoin behar dut? Eskerrik asko eta hurrena arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-09-06 00:00

Kaixo, Ima. Loreontzian hazitako landareak noiznahi aldatu daitezke, landarea oso-osorik mugituko baitugu: adarje eta sustraije guztia. Noiznahi, baina baldin eta oinarrizko betebehar batzuei iskin egiten ez badiegu. Loreontzian bizi den landarea ur gaineko bitsetan, ur-aparretan bizi da: lor onena, ongarriak eskuera, behar duenean nahikoa ur... Ima, zerorrek erantzun behar duzun galdera hauxe da: aldatuta jarriko dudan toki berrian gaztainondoak orain artean izan duen zaintza bera izango al du? Batez ere, ia egunero ureztatuko al duzu? Hala ere, urte sasoi okerrenean, bero-sapa-sargori-erre, aldatu baino, loreontzian mantendu ahal izanez gero, datorren negura itxaron eta otsail alde horretan aldatu.

Kaixo lagunak. Schefflera bat daukagu etxean. Oso luze egin zaigu eta jakin nahi genuke nola eta noiz moztu, eta zer egin behar dugun mozten dugunarekin beste landare bat lortzeko. Eskerrik asko eta beste bat arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-07-19 00:00

Kaixo Marisa. Orain sasoi egokia da mozteko. Abuztuaren amaia artean, lasai nahi duzunean. Nondik moztu erabakitzeko, moztu ordurako kimu berria bota eta laster berriz ere gorantz joko duela kontuan izan. Hau da, hostaia multzoa eduki nahi duzuna baino 30-50 zentimetro beheragotik moztu. Mozten duzun zatiko adarrak banatu eta uretan sartu edo zuzenean lurrean jarri. Erraz itsasten da, baina hormona hautsez laguntzen baduzu alde ederrean etorriko zaizkizu. Uretan jartzen baduzu, sustraiak pixka bat garatu ordurako lurretara pasa. Aldaxka edo eskejeak zuzenean lurretan sartuz gero, honi beti heze eutsi eta toki epelean eduki, eguzki zuzenetik urruti. Lan hauek denak ilbeheran egiten saiatu.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora