Asteroko buletina
Otsailean aldiz eguzkitan, aldiz sutatsean.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Zuhaitzak babestu eta ongarritu
2023-11-29 13:52 | Gabino

Egunon Jakoba.
Zugaitzak neguko otzetik babesteko simaur berria erabiltzeko aholkatzen dezu, eta kare kapa bat erantziko benieke kaltegarria izan litezke?
Eskerrik asko, baratzeko zenbait kezkari erantzuteagatik.

Ongi izan.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-11-29 13:53

Hotzarekin sufritu dezaketen zuhaitzak edo edozein landare ederki babestuko du simaur berriak, onena behorrarena, beroena baita. Hartzitzen ari den artean beroa askatzen du eta sustraiak babesteaz gain landarearen inguruko airea epelduko du, hotzari aurre eginez. Karearena beste upeleko sagardoa da. Simaurra eta karea batera ematea ez da egokia. Onena orain simaurra jarri eta gero, otsaila aldera karea ematea litzateke. Aurretik edo ondoren, baina beti gutxienez ilargi baten aldearekin eman biak.

Gaur arte erantzundakoak (678 galdera-erantzun)

Klabelin hazi pila bat erein nituen eta izugarrizko landare pila atera ziren, bakandu eta beste lur zati batean eta tiestoetan landatu nituen, eta ia denak zimeltzen ari zaizkit, zergatik izan daiteke eta zein izango litzateke erremedioa?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-08-14 16:02

Nire ustez lurpean zainak jaten dizkion zerbait dabil: harra, luhartza, satagina… Ondo miatu eta ea zer topatzen duzun. Erabat ihartuta dagoen landareetako bati tira gora eta ea zer sustraije azaltzen duen… Bestetik ur falta ere aipatuko nuke. Horren itxura du, baina hori zeuk ederki jakingo duzu, ureztaketa nola zaintzen duzun.

Kaixo! Lursaila erosi berri dugu eta 30 urte inguruko abandonoaren ostean, metro t'erdiko altuerako sasiz beteta dago dena. Desbrozadora pasatu ostean, zer egingo zenuke lursail hori landu ahal izateko? Alde baten baratzea jarri nahiko genuke eta belar soroa bestean. Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-08-04 11:35

Sasia kendutakoan azkar egin behar da egin beharrekoa, bestela berritu egingo da berriz dena bereganatuz. Nire ustez onena lurra axal axalean lantzea da, rotabatorrarekin adibidez. Baina kontuz rotabatorrarekin lurra sakon lantzeko tentaldian ez erori; axalean eta azkar paseaz lahar ipurdiak erraz aterako dituzue eta lurra berdinduta geratuko da. Ongarri askorik ez du beharko batez ere belazeak. Baratzea bai, nahi izatera ongarritu luarrarekin edo simaurrarekin. Oraindik neguko barazki guztiak jartzeko garaiz zabiltzate: porru, aza jende, azenario, ziazerba, zerba, errefau eta abar. Laster tipulak, baratxuriak eta udazkenean baba, ilarra eta abar. Ongarri asko izanez gero beste era batera hasi dezakezue baratzea: lurra kartoiz estali, ondo-ondo busti eta 8-10 cmko luar geruza bat jarri gainean eta hor egin baratzea. Azpiko belarrak ezingo dute hazi, eta konturatzerako kartoia ustelduko da eta barazkiek azpiko lurrari lotuko dira. Maiz-maiz ureztatu behar da. Belazea egiteko gero zer mantenu emango diozuen pentsatu behar da: nola ebakiko duzute, zertarako erabiliko (zanpatzeko, asko zanpatzeko, kirolerako, bistarako…)… Horien araberako belar espezieen nahasketa erein behar da. Horretarako lurra berdindu, hazia banatu, alferra edo rodiloarekin zanpatu eta ureztatu. Uda nolakoa denaren arabera ureztatu. Ongarria neguan eman, beranduenera martxoan.

Kaixo Jakoba, Badira hilabete batzuk laranja zuhaitzeko hostoak horitzen joan direla. Lore gutxi izan zituen eta fruituak ere txikiak zirela erortzen joan ziren, orain gutxi ditu. Aurreko jabeak ongarri kimiko ugari botatzen ziola esan zigun eta guk azken 5 urte hotan ez diogu ezer bota. Ongarririk beharko ote du? zein ongarri litzake egokiena?

Zuhaitza Errenterian dago, etxe aurreko baratza txiki batean. Bere ondoan bidea, bizilagunekin muga egiteko landarea eta baratza ditu (patata izan dugu bertan). Ez da oso haundia (laranjak eskuz hartzeko modukoa), orain arte beti berde berdea egon da eta laranja ugari eman ditu. Oraingoan, beti bezala ederra zegoen eta loreak ere hasi ziren baina gutxi garatu ziren (asko erori zitzaizkion), fruituak ere piskanaka erortzen joan ziren zuhaitza horitzen zihoan heinean. Berde berde izatetik itxura trixtea ematera pasa da. 

Azken aldian hostoren bat kiribilduta ikusi dugu eta beste baten batek gainkaldean "zikin beltz" modukoa du eltxo txuriekin. 

 

Mila esker!!

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-08-05 17:40

Bi gauza ikusten ditut argazki horietan. Batetik inausita dago. Inausketarik ez dute behar garrazkiek. Inausiz gero zauriak egiten dira eta ahultzeaz gain gaitzak sartzeko bidea erraztu. Bestetik esaten duzun eran hosto gainean azaltzen den zikin beltz hori onddo bat da, “negrilla” esaten zaiona. Eltxo zuriak ere izurrite txarra da. Zorria, euli txuria edo kotxinilla baldin badago haien hondakinetan garatzen da negrilla. Proposamena: ongarri organikoa eman, luarra edo simaurra. Urtero udazken-neguan, karretilakada bat inguruan, zabalduta, ez soilik enborraren ondoan. Bestetik gaitza eta izurritea kentzeko tratamendua hasi: bacillus thuringiensis eta xaboi potasikoa, hosto kiribilak eta zikin beltza amaitzen diren arte 8-10 egunetik behin. Eta noski, inausteko guraizea saldu.

Kaixo Jakoba, zure azken publikazioan kuiei lurra kentzeko diozu, gaitzuik gabe haz daitezen. Baina ez dakit nola egin. Kartoi edo harri batzuk jarrita azpian, adibidez? Ala egur batzuekin egitura bat egiteko edo diozu? Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-08-02 16:04

Edozein material erabili dezakezu, baina kartoia, belarra eta horrelakoekin kontuz. Horiek ere urari eusten diote eta usteldu daitezke kuiari ere kalte eginez. Erabili, zurezko paletak, ohol zatiak, kaxak, ontziak… lurra ukitzen ez duela eusteko gai izango den edozer gauza.

Noiz eta nola jaso daiteke berbena?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-08-02 16:21

Sendabelar guztiak bezala berbena ere loraldiaren hasieran bildu behar da. Orduan du energia gehien zuztarrean eta hostoetan, Gero loreetara, fruituetara eta hazietara bideratuko du. Guri hostoak eta zuztarrak komeni zaizkigu, horiek erabiltzen baitira. Beraz lehen loreak irekitzera doazela edo irekitakoan bildu. Onena ilgora da eta ilgoraren barruan hosto eguna. Zenbaitek landareari tira eta sustrai eta guzti biltzen dute. Onena moztea litzateke, berritzeko aukera izan dezan. Lehortzeko egokiena toki ilun eta lehor batean jarri, zintzilik edo paper baten gainean. Ondo ohartu denean ontzi itxi batean jaso daiteke. Bide horretaz informazio zabala duzu Garbiñe Larrea Iturralderen “Sendabelarren dakitena” liburu mardulean.

Kaixo Jakoba! Anbotoko mendilerroaren magal bateko larre batean (Larranon) amaren oroigarria den gorostia daukagu duela 24 urte txiki-txikia zela landatuta, eta denbora tarte oso laburrean orri gehienak jausita agertu dira. Ez dakigu zer gertatu den, baina gizakiren bat ibili izanaren arrastoak aurkitu ditugu, gorostia babesten duen sarearen (hesiaren) zatitxo bat ebakita eta adar gutxi batzuk apurtuta. Zalantza pare bat argitu nahiko genituzke eta horretarako orain hilabeteko argazkiak eta oraingoak erantsiko dizkizut: - Orrien erortzea naturala edo gizakiak eragindakoa (pozoiren bat botata edo) izan ote da? - Bizirauteko aukerarik ote du? * Argazki bakarra eransten uzten duela uste dudanez, ondoko loturan guztiak ikusi eta alderatzeko aukera: https://drive.google.com/drive/folders/15P0bItySCHiMY2ElUTRBZaJLSE9G5HOo?usp=sharing Beharbada ez dira galdera errazak, baina ez dakigu norengana jo, eta aldez aurretik eskerrik asko. Endika

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-29 12:45

Nire ustez itxitura ireki denean animaliaren bat sartu da eta hostoak jan ditu. Nabarmena da garaiera jakin batera iritsi dela eta hortik gorako hostoak ezin izan dituela jan. Edade hori izanik sustraije handia izango du, oso handia eta horrek bermatuko dio egoera horri buelta eman eta birsortzea. Goiko hostoetako adar horiek lehenago luzatuko dira orain, indarberrituta bezala. Soildutako adarrak ez moztu, agian bateren batek kimu biziren bat izango du eta hosto berriak eman. Denborarekin, gutxienez urtebete pasatakoan, hostorik eman ez duten adarrak moztu ditzakezue.

Kaixo. Atzo zume negartia horitzen ari dela eta kontsulta egin ondoren eta jasotako erantzuna ikusita, enborrean zauri moduko zartadura batzuk dituela ikusi dut, hauts moduko bat pilatuz bertan. Lehorturiko pikuondoak ere baduela ohartu gara. Gaitz bat izan daiteke? Era ba al du erremediorik? Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-08-01 12:16

Sahatsa negartia, euskaraz ez da sahatsa, zumea baizik; zume negartia beraz. Zumeak oso urzaleak dira. Maiz ikusiko dituzu erreka, ibai, urmael, urtegi eta horrelakoen bazterretan. Eman ura erruz eta ea hobetzen den. Bestetik gaitz edo izurriteren bat ere izan daiteke. Horiek ikusteko ondo-ondo miatu hostopea, adarren punttak eta enbor ipurdia, lurrarekin muga egiten duen azpiko aldea.
Pikondoa lehortu dela-eta, ez zen bada bi zuhaitz horien inguruan lur mugimendu edo antzekorik egingo? Nibelatzea, lur zorua aldatzea edo horrelakoren bat

Argazkiak ikusi ondoren nik uste dut enborra zulatzen ari den izurrite bat duzula. Pikondoa ere zerrautsez zikindua egon bada berdin, hura ere zulatuta janda barrutik. Bilatu enborrean izango dituen zuloak eta bertatik alanbrea sartu, topea aurkitu arte, han ariko da harra egurra jaten, Alanbreari aurrera-atzera eragin harra hil arte, alanbrea atera eta bere arrastoak izan behar ditu muturrean.

Kaixo Jakoba, Galderatxo bat dugu zuretzako: Tomate landareak gorriña dauka baina buruak (tomateak berak) ez. Balioko luke hazitarako? Eskerrik asko, lan ederra egiten duzu! Ana

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-27 22:37

Bai, lasai asko jaso dezakezu bere hazia. Landareak gaitzak jota egon daiteke baina tomate alea ederki ekarri heldutasuneraino. Haziak orduan izango dira ernetzeko gai.

Kaixo Baserri aurreah Sahatsa negartia bat dugu, urte batzuk badituena. Orain, uztail bukaeran hostoak botatzen hasi da eta horitua dago. Gertu, pikuondoa lehortu zaigu. Normala al da hann garaiz lehortzea eta zer egin dezakegu hobetzeko. Estimatua dugu eta ez gendune lehortzea nahi. Mila esker aurrez. Marta

2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-27 16:42

Sahatsa negartia, euskaraz ez da sahatsa, zumea baizik; zume negartia beraz. Zumeak oso urzaleak dira. Maiz ikusiko dituzu erreka, ibai, urmael, urtegi eta horrelakoen bazterretan. Eman ura erruz eta ea hobetzen den. Bestetik gaitz edo izurriteren bat ere izan daiteke. Horiek ikusteko ondo-ondo miatu hostopea, adarren punttak eta enbor ipurdia, lurrarekin muga egiten duen azpiko aldea.

Pikondoa lehortu dela-eta, ez zen bada bi zuhaitz horien inguruan lur mugimendu edo antzekorik egingo? Nibelatzea, lur zorua aldatzea edo horrelakoren bat

Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-29 19:03

Argazkiak ikusi ondoren nik uste dut enborra zulatzen ari den izurrite bat duzula. Pikondoa ere zerrautsez zikindua egon bada berdin, hura ere zulatuta janda barrutik. Bilatu enborrean izango dituen zuloak eta bertatik alanbrea sartu, topea aurkitu arte, han ariko da harra egurra jaten, Alanbreari aurrera-atzera eragin harra hil arte, alanbrea atera eta bere arrastoak izan behar ditu muturrean.

Kaixo Jakoba. Negutegian Aretxabaletako 10 tomate landara eta Jack izeneko 5 landara ditut. Aretxabaletako tomateen hazia datorren urtean ereiteko gorde nahi nuke baina ez Jack landareana . Zalantza: Jack klaseak polinizatu ote dau Aretxabaletakoa? Edo Aretxabaletako klasea mantentzeko arazorik ez nuke izango bere hazia apartatuz gero? Eskerrik asko!!!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-27 16:51

Normalena ez nahastea da, tomatea landare autopolinizantea da, bere burua polinizatzen du. Baina polinizazio bidezko nahasketa gertatu daiteke. Aretxabaleta klasea ekarriko duten haziak izango dituzula ziurtatzeko landare horien lore batzuk isolatu behar dituzu: ireki aurretik paperezko poltsatxoekin bildu; gero ireki direnean bere beste lore bat hartu eta igurtzi, bere polena emateko, eta itxi berriro; fruitua hazten ari dela ikusten duzunean poltsa kendu daiteke. Tomate ale horren haziak klase horretakoak izango dira.

Ez nabil tomateak ureztatzen ezta ongarritzen bakarrik jorratu, ondo egiten nabil?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 12:28

Tomateak ureztatu gabe badituzu kalitate handiko fruituak jango dituzu. Lagundu nahi badiezu oso noizean behin asun urarekin ureztatu.

Galtzue jartzea orduko landare guztien inguruan ondo dago ala salbuespenak egin behar?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 12:26

Gurea bezalako eguraldia dagoen tokietan galtzuak mesede adina kalte egin dezake. Aurtengoa bezalako hezetasun iraunkorrarekin oso txarra da. Bero handiak eta lehoreta denean bai, ona da. Orain ez.

Kupre sulfatoa tomateetan zuzenean galtzerdi batekin bota dezaket? Zenbatero?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 12:24

Kobrea sekula ez bota hautsetan. Beti urarekin nahastuta eta berak esaten duen dosia errespetatuz. Kobrea metal astuna da eta landareetan, guk jaten dugun tomatean eta lurrean kutsatzailea izan daiteke.

Katuen populazioa goraka doan heinean nire ortue be inbadituten hasi dire ta nozepiñean katuen kakak topetan dodaz bertan. Interneten sartu nez ta honin inguruko ideia kontrajarriak topau dodaz. Beraz... katuen kaka ongarri ona da ortureko edo hobe ikusi bezain pronto kendutea?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 09:00

Zeuk esaten duzun eran denetatik entzun izan dut katu eta txakurren kaken inguruan. Ez dut inoiz topatu gai horren inguruko taxuzko ikerketarik edo saiorik. Katuak kaka egiteko lur gozo eta harroen bila ibiltzen dira, eta zer hobe baratzeetakoa edo loreontzietakoa baino… Inola ere, nik nahiago nuke nire baratzean horrelakorik ez topatzea…

Tomateak negutegian ditut, baina ale batzuen hostoak aleka zimeltzen doaz, Ikusi ala kendu egiten dizkiete ebakita. Zer da? Ondo egiten al dut?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-22 11:33

Nik esango nuke ez dela gorrina edo antzeko gaitzen baten erasoa. Gehiago lotuko nuke negutegiko giroarekin. Badirudi hosto horiek lehortea jasan dutela, daukaten ura eta egiten duen beroaren arteko lana. Ez dakit nola aireberritzen duzun negutegia, baina nik sasoi honetan beti irekita edukiko nuke. Hostoak bertan uztea ere ez da txarra, zeuk erabaki. Kentzen dituzunean zauria sortzen da eta gaitza sartzeko arriskua areagotu. Tratamenduak egiten badituzu moztu, bestela bertan utzi, lasai asko. Itxuera ez da beti garrantzitsuena…

Orain dela gutxi, 50 urtez gutxi gorabehera landatuta egon berri den insignus pinadia bota dugu eremu batean. Eremu hau Nafarroa iparraldean kokatuta dago, mendiaren ipar isurialdean 350 metro inguruan. Jakin nahi genuke bertan bertako ze zuhaitz mota landatu dezakegun eta ea datorren neguan jadanik landatzeko lurra ongi egonen ote den ala lurrari deskantsua eman behar ote diogun. Esker mila

0 erantzun | Zeuk erantzun

Patata atera baino zenbat egun lehenago kendu daiteke arba edo landarea? Eskerrikasko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-19 14:31

Landarearen zarbaren egoera da gakoa. Zarba ihartu bada, lasai asko kendu eta egun batzuk egon daiteke patata lurpean. Garrantzitsuena zarba kentzerakoan ahalik eta patata gutxien azaleratzea da; kanpoan badago eguzkiak jo eta berdetuko da, txartuz.

Gure eskolako ezpel seto bat harrak di-da batean akabatu zuelako beste landare bat sartu zuten (Euonymus japonicus Thunb?). Orain ere harren bat lanean dabilela iruditzen zait. Landareak bere kabuz aurrera egiteko aukerarik izango al du ala derrigorrez tratatu beharko litzateke?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-17 20:22

Ezpelak badu bai har bat, arerio gogorra. Har horrek, ordea, ebonimusa ez du erasotuko. Argazkian ikusten den hori har batek egina izan daiteke, baina baita bareak edota barraskiloak, edo denek batera… Horrek ez du inola ere, ezpelaren harraren erasoaren tamaina hartuko. Egin dezakezun onena da lagundu: lehen urte pare batean ureztatu udan eta urtero ongarria eman.

Kaixo Jakoba: Apirilean negutegian jarritako tomate barietate desberdinetako landare batzukloratu ondoren, zurtoin nagusia hustuta dutela ikusi dugu. Ez dakigu gaitza ote den edo lurrean zerbait ote dagoenn. Ez zaigu tomate landare guztietan gertatu, baina bai barietate desbrdinetan. Zer izan daiteke? Mila esker eta ondo izan Argiloa

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-24 09:06

Nire ustez zurtoinarena ez da arazo bat. Ez gaitz ez izurrite, berezkoa baizik. Deigarriagoa egin zait hosto horituarena. Hori bat gorrinaren hasiera izan daitekeela. Ikusi dut azpiak eginda dituela landareak, lurra zerbaitekin estalia, alegia. Azken aste hauetako euriaren eta hezetasunaren emanarekin kalte egingo dio azpi horrek. Kontuz gaitzarekin.

Tomate landarak ditut estalita eta oso ondo etorri dira, baina orain, lehen fruituak jasotzen hasi geranian, hostoak lehortzen hasi dira eta goiko aldeko lorak erortzen . Argazkiak bidaltzen dizkizut zer izan daitekeen ote dakizun. Aurtengoa galdutzat joten dot baina ea datorren urterako zerbait esaten didazun. Eskerrik asko.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-12 10:55

Uraren eta hezetasunaren erabilera desegokiaren ondorio dela iruditzen zait. Ur falta: bero handiegia izatearen ondorioz (haizeberritze eskasa…), landareak ezin nahikoa ura eraman hostoetara eta loreetara eta biak ihartzea. Ur gehiegi: batzuetan lehor eta hurrengoan ur gehiegi bada lurreko onddoek erasotzea gerta daiteke, Phytophtora adibidez. Zeuk jakingo duzu ondoen falta edo gehiegia den. Onddoarengatik bada ondo ondo garbitu landare arrasto guztiak eta erre. Orokorrean: berotegia beti irekita eduki, eta ureztaketa gutxitan baina oparoa, sakon bustitzeko lurra.

Gordetzeko urteko patata jasotzeko egunik onenak jakin nahi nituzke, landarea ilartuta daukagu jada, beraz hilabete honetan ateratzea komeni delakoan nago. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-10 19:59

Patata bildu, jaso eta ahalik eta luzeen ondo irauteko ilbeheran atera behar da, eta ahal bada sustrai egunean. Uztaileko ilbehera 16, 11:00etatik eta 30 artekoa izango da; sustrai egunak 23 eta 24 egun osoak eta 26 eguerdi artea. Ahal baduzu egun horietako batean atera, lur gainean ondo lehortzen utzi, gero lur hondarrak kendu eta toki lehor, ilun eta ondo haizeberritzen den batean jaso. Baldintza horiek garrantzitsuak dira.

Patataren inguruan lihoa jarrita nahikoa izango al da kakalardo marraduna uxatzeko?.
Eskerrik asko aldez aurretik!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-10 09:59

Nire ustez ez. Onena alberjinia jartzea da, patataren familiakoa da eta hura nahiago izaten du. Alberjinian bilduta daudenean atera eta erre.

Aurten irasagarra ederki zetorren, fruitu dexenterekin eta azken asteko euriak eta gero hostoei gaitza sartu zaie, orban marroi ilunak... gorriña al da? Nola lagundu diezaioket?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-10 09:55

Gorrinak dira. Irasagarrondoak sentsibilitate handia du gaitz horiek dakartzaten onddoekiko eta udaberri hezeetan nonahi eta noiznahi agertzen dira. Gaitzekiko erresintentzia garatua duten barietateak erabiltzea eta kobrea oinarri duten produktuak erabiltzea gomendatzen da.

Alde batetik, tomateei dagokienean, azken asteko euriak pasata azpiak egin dizkiet duela egun pare bat moztutako belarrarekin (sekatzen hasia). Ez dakit ideia ona den... pentsatzen dut honek hezetasunari helduko diola eta gainera deskonposatzen hasiko da.
Bestetik, gorriña eta zuriñaren prebentzio moduan hurrengo nahasketa egitea pentsatu dut: azeri buztanaren irakiña, propoleoa eta esnea %10ean. Zer iruditzen zaizu? edo bestela, nola hobetuko zenuke?

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-10 09:53

Tomateari azpiak egitea Euskal Herri atlantiarrean ez da idea ona. Hezetasuna da tomatearen arerio nagusia eta azpiak horixe dakar hezetasun gehiago. Kendu ahalik eta azkarren. Azpiak toki edo sasoi oso lehorretan erabiltzea gomendatzen da. Aipatzen duzun gaitzen aurkako tratamendu horri nik itsasoko ura (%10) eta xaboi potasiko pittin bat erantsiko nioke. Gaitza indarrean bada baita kobrea eta sufre pittin bat ere.

Kaixo Jakoba. Lagun baten tomateak horrela daude, eta ez dakigu zerk eragin duen. Ondorioz, ezta nola jarri erremedioa, baldin badago.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2023-07-09 19:25

Nire ustez txori edo hegaztiren batek jaten ditu; mokokadaren arrastoa ageri dela dirudi. Oiloak, zozoak, mikak, beleak… Beraiek ez inguratzeko zerbait jartzea komeni, onena eta errazena sarea.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora