Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo!! Zein egun da ona patata lurretik ateratzeko ekainean??
Patata atera eta jasotzeko ahalik eta ondoen irauteko bada ilbeheran ateratzea komeni da, eta ahal bada sustrai egunean. Ekaineko lehen ilbeheran sartuta gaude eta 11 arte luzatuko da, gero etorriko da amaiera aldekoa 25ean hasi eta uztailaren 8 artekoa izango dena. Sustrai egunak ekainaren 4, 5, 6 eta uztailaren 1 arratsaldea, 2 eta 7 goiza izango dira. Atera eta azkar jateko bada ilgoran atera ekainaren 9tik 22 eguerdira, eta egun bereziki onak 12, 13, 21 eta 22 goiza izango dira.
Gaur arte erantzundakoak (1035 galdera-erantzun)
Nire ustez sustraietako usteldura da, Fusarium onddoa. Lurrean dago eta ez dago zer eginik. Usteldu direnak kendu, eta bertan erre. Hala ere garbi izan lurra dago kutsatuta eta hurrengo urteetan ere hor izango duzu. Kontuz hezetasunarekin, onddoari laguntzen baitio.
Errotazioa edo urtero landare bera ez errepikatzea, karea ematea, barietate erresistenteak, negutegiaren aireberritzea, lurra harrotzea eta abar dira gaitz honi aurrea hartzeko bideak.
Nire iritziz tripsak izango dira. Horiek hostoen azpitik erasotzen dute hostoa eta eztena ziztatuz izerdia zurrupatzen dute. Beraien aurkako borroka onena eta errazena hezetasuna handitzea da. Ez zaie gustatzen eta atzera egiten dute. Ikusten dudanez aldamenean tomateak daude eta horieri aldiz hezetasuna gustatzen ez. Ea nola banandu ditzakezun maiz maiz borraja hostajeak bustitzeko tomateak busti gabe. Baita intsektizida naturalak: xaboi potasikoa, neem olioa, bacyllus, piretrinak, koltza olioa...
Bai ona da, Arazo handiena lur horren gainean ibiltzea da. Baina landarearentzako ez da txarra. Ura topatuko du lurrean eta ondo itsatsiko da. Onena busti aurretik lanatzea litzateke, baina gero ere ez da txarra.
Egun on:
Begira, barka, kezka batengatik jotzen dut zugana. Gauza da Hernaniko Kronikan irakurri dudala bihar (maiatzak 11) goizaldean kimaketa lanak egingo dituztela. Harriturik nago, zer eta udaberrian egingo dituztelako. Kezka zuhaitzengatik (traumatikoa omen da kimaketa batez ere garai hauetan) baina baita ere txorien kabiengatik da.
Zer egin dezaket? Nora jo genezake jakinik udaletxera deitzeak ez duela ezertarako balio? Ez da aurreneko aldia.
Ez nuke agurtu nahi esan gabe "zorionak eta eskerrik asko" zure webgune eta liburuengatik!! Benetan altxor bat dira.
Eskerrik asko!!
Maddi.
Pentsatzen dut, harriduragatik, zuhaitzen inausketa izango dela...
Gero eta joera handiagoa dago zuhaitzak eta arbolak berdetan inausteko. Jeneralean inausketa hori, “berdetako inausketa” edo “udako inausketa” esaten zaiona, ekainean edo uztailean egiten da. Neguan egindakoa baino hobea da. Landarea hostotan eta izerditan dago, beraz bizirik, beraz inausketaren kalteei, batez ere zauriei erantzuteko hobeto, neguan baino askoz ere hobeto.
Zer inausketa, zer landareena eta nolako inausketa egingo den jakin beharko genuke. Agian ez da beharrezkoa ere, ez negukoa ezta udakoa ere...
Udalean ez badizute kasurik egiten lanak egiten dituen enpresarengana jo dezakegu.
Galdera bat, Jakoba, bretxan erosten ditut ibarrako piper eta landareak urtero eta horien frutuaren hazietatik sortutako landareak ondo eta mota berdineko piperrak emango dizkidate?
Aurten etxean erein ditut eta proba gisa jarri nahi nituzke. Ez dakit horien hibridoak izan daitezkeen edo...
Piperrak bere berezko ezaugarriei ondo eusten die hazian. Agian desberdintasunen bat baduen landareren bat sortuko da: luzeagoa, berdeagoa, fruitu desberdina ematen duena... Hurrengo urterako zeiuk aukeratu zein fruitu duzun gustukoena eta haren haziak jaso. Horrela urte batzuetara zeuretzako onena den “aldaera” izango duzu.
Aupa Jakoba, kontsulta bat Txokoaldetik. Galiziako Aza bat delakoan eman digute, baina ez zaio burua egiten eta ezin asmatu gabiltza zer ote den. Repollo Luziana izan daitekela ere esan digute.
Ideiarik bai zer izan ote daitekeen?
Kaixo. Galiziako azak, edo guretzako gailego aza-zuhain aza izenak dituenak ez du sekula bururik egiten. Luzatu eta luzatu egiten da eta zerba bezala hostoz hosto jaten da edo aziendari ematen. 3 metrokoa ere erraz egiten da.
Lurraren ezaugarriak jakin beharko genituzke. Orokorrean, baina, esan dezakegu oinarrian eta inguruan lur buztintsua baldin badu, karea ondo etorriko zaiola. Lurra harrotuko du, simaurraren lurreratze bidea azkartuko du, pHak gora egingo du, landareak behar dituen elikagaiak errazago mugituko dira eta abar. Aspaldi karerik ikusi ez badu metro kuadroko 150 gr eman. Urteroko dosia 75 gr inguru litzateke. Koxkorra edo hautsa botatzea litzateke beste zalantza. Nik beti nahiago dut koxkorra. Denbora luzez lana egingo du, pixkanaka pixkanaka urtuz.
Egun on,
Tengo una duda, es decir si cuando habla de mezclar semillas con arena se refiere a arena de playa o de río.
Eskerrik asko
Eguardi ón Jakoba!!!
Nere galdera da hiedrai nai nuke lurra aldatu, noiz izanen tzen egun egokia??
Senarrak erraten nau ilbeheran in behar direla...
Xoko Urdazubi tik..
Milesker..
Orain oso garai hona da lan honetarako. Sustrai berriak ematen hasita daude eta lur berria badute alde ederreko kemenarekin haziko dira. Hala ere aurreko hilabetean, martxoan eginez gero hobe. Giroak agintzen du. Hurrengo urteetan gogoan izan. Giroa epeltzen bada, martxoan egin.
Ilbeheran hobe, zalantzarik gabe.
Bi artikulu idatzi nituen ARGIA astekarian porrua, tipula eta baratxuriaren harrari buruz. Hemen dituzu estekak:
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2596/porru-ederra-sartu-digute
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2597/porruaren-eulia
Tomatearena ikusi egin beharko genuke, baina badaezpadako tratamentua egin: Bacillus thuringiensis, Neem olioa eta xaboi potasikoa. Ikusi ordurako tratatu, eta zortzi egunero errepikatu hiru bat aldiz.
Arratsalde on.
Oilo batzuk ditugu, zazpi, eta egunero kentzen dugu oilo zirina. Zuzenean lurrera botatzen dugu, baina ondo ari gera? Ala lehortzen utzi beharko genuke?
Mila esker.
Bulboak erosi ditut, loreontzi txikietan datoz, jazintoak laster loratuko dira besteak badaude loratan. Aldatuko ditut pote handiago batera?? Ez daukate ia lurrerik.
Eskerrik asko
Arantza, Sondikan bizi naz.
Neguan loratzen diren erraboilak izango direla pentsatzen dut. Dagoenerako lorea luzatuta edo irekita baldin badute bere horretan utzi. Lorea zimeltzen denean orduan lur gehiago izango duten loreontzian edo lurrean landatu. Lorearen ondoren haziko diren hostoak ondo hazi eta agratzea komeni da. Hosto horiek erreserbaz beteko dituzte berriro lurpeko erraboilak, hurrengo urtean ere loreak eman ditzaten.
Intxaurrondoak urte asko behar du fruta ematen hasteko. Are gehiago hazitik sortua bada, txertatu gabekoa, alegia.
Lur onean eta toki gozoan bizi bada oraindik ere gehiago kostako zaio fruta ematen hastea, gehiago hazi eta arbola izugarria egingo da, baina fruta emateko behar duen heldutasunera iristea kosta egingo zaio.
Arazo honi aurre egiteko txertatzen dira fruta arbolak, eta baita inausketak egiten dira, arbolari bizimodua neurri batean okertu eta fruta ematera makur dadin.
Kendu eta berriak jartzearena zeuk ikusi behar duzu. Agian proba egin dezakezu gutxi batzuk moztu eta ipurditik ematen duten altsuma berria hurrengo urtean txertatu, gustuko duzun barietateren batekin.
Orain da mihura kentzeko sasoi onena. Ahalik eta azkarren, ikusi ordurako onena. Honela agertu nuen 2018ko LANDAREAK LANTZEN, ILARGIA eta LANDAREAK agendan:
MIHURA KENDU
Mihura zuhaitza edo arbola baten gainean bizi da. Beste baten bizkar bizi behar du, ez da gai bere gisa, bakarrik bizitzeko. Mihura, Viscum album, bizkarroia da. Zuhaitza edo fruitu arbola, izerdia nori kendua behar du.
Mihurak lorea ematen du eta handik fruitua: koxkor zuri-laru borobiltxoa. Heldutakoan, erortzean, lurrera erortzen bada, akabo, ez du mihura berririk emango. Fruituak azalean biska edo lika bat du eta horrekin adarretan itsasten bada mihura berria haziko da. Txoriak harrapatzeko biska, koxkor horiek zanpatuta egiten denez, biska izena mihuraren “Viscum” horretatik ote dator?
Mihurak zuhaitzaren azalaren azpian sustraiak botako ditu eta haien bidez izerdia zurrupatu. Hazten ari den neurrian gero eta gehiago zurrupatuko du, eta denborarekin bera dagoenetik aurrera adarra ihartu egingo da.
Mihura azaldu ordurako kendu egin behar zaio zuhaitzari, bizkarroi hutsa baita. Labana edo guraize zorrotz batekin ahal den zauri garbiena eginez ipurdi-ipurditik moztu.
Landareari kalte gehien egiteko ahalik eta energia gehien hostoetan eta zuztarrean dituenean moztu behar da. Hori Ilgoran eta hosto egunean gertatzen da. 2021eko otsailean 14, 15 eta 16. Baina oropkorrean ilgora osoa da ona 9 eta 22 artean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545