Abuztuko euriak, patatak usteldu.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Fruitu arbola opari
2025-07-11 09:56 | Andrea

Kaixo Iagoba, lankide bati fruitu arbola bat loreontzi eder batean oparitu nahi diogu. Baserri/txaletean bizi da bera eta atarte inguruan jartzeko litzateke. Zer gomendatzen duzu?


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-11 16:08

Loreontzian fruitu arbola jartzea etorkizunik gabeko lana da. Loreontzi erraldoia beharko luke, lurrean jartzearen tankerakoa. Bestela, loreontzian bizitzeak eta gehiago lorea eta fruitua ematea nahi baduzu, izugarrizko lanak hartu behar dituzu. Lurra sekula ez lehortzeko adinako ureztaketa, ongarriketa maiz egin beharra, inausketa zehatz-mehatza zirujauaren tankerakoa… Nire ustez ez du merezi.

Gaur arte erantzundakoak (1069 galdera-erantzun)

Kaixo, hazitik ateratako limoiondo bat daukat, orain dela 8 urte +/-. Lorontzi haundi baten dago eta hasi egiten da, baina ez du fruiturik ematen. Emango ote du ??? Zer falta zaio???? Milesker! Loli

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-11 16:16

Hazitik sortutako fruitu arbolek askoz denbora gehiago behar dute loretu eta fruitua emateko. Txertatutakoei lehenago sortzen zaie ugaltzeko grina. Hala ere zure ustez loreontzi handia da hori, baina begiratu adaburuak edo hostajeak duen tamaina eta loreontziarena. Loreontzi hori OSO TXIKIA da. Jarri hiru edo lau aldiz handiagoa, toki horretan kabitzen den handiena eta ongarriketa ez ahaztu. Azaroan lurrazala simaur onduz estali eta gero urtean zehar ureztaketa urari ongarri likidoa nahasi, udazkenean eta neguan ezik hilean bitaz gutxienez.

Egun on Jakoba, Pablo eta Maite gara Lazkaotik.

Baratzako tomate eta kalabazinekin arazotan gabiltza eta zer izan daitekeen kontsultatu nahiko genuke zurekin, lehen bait lehen konponbidea bilatzeko.

Tomate landarari lora erortzen ari zaio eta kalabazina hazten hasi eta berehala usteldu egiten da. Ez dakigu lurrari ongarriren bat falta ote zaion edo beste arazoren bat izan litekeen. Baratza negutegirik gabeko baratza da. 

Ea lagun diezagukezun, mila esker.
Pablo eta Maite.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-09 12:04

Loreak erortzearen arrazoia polinizazio faltarena izan daiteke. Nik uste dut argazkietan ikusten dena pasa den asteetan izan ditugun bero latz horien ondorioa dela. Horrez gain, polinizazioa gertatzeko haizeak edo polinizatzaileak behar dira. Horren faltan jendeak gero eta gehiago loreak kitzikatzen ditu: loreak mugituz edo dantzatuz polena mugitzeko. Barietateen arabera errazagoa edo zailagoa da, lorearen forma da arrazoia. Tenperatura altuegiek eta hezetasun urriak polena lehortu eta alferrik galtzen dute. Hezetasun handiak polena bildu, itsatsi egiten du eta ezin ondo ernaldu lorea. Ernaldu berritan eroritako loreek ongarri berezien falta izan dezakete (fosforoa, kaltzioa, magnesioa, boroa, molibdenoa…) jeneralean arazo hori beste ongarrien gaindosiak dakar, batez ere nitrogenoarena. Simaur tipoko edo okerrago zakuko ongarri kimiko gehiegi eman delako, alegia. 


Kuiatxoarena berdin polinizazio falta da. Lore emeak kuiatxo txikia dakar irekitzen denerako eta ernaldu edo ez kuiatxoa hor dago. Ernaltzen bada, hau da lore arrak eman duen polena lore emera iritsi eta ernaltzen badu, atzean daraman kuiatxo hori haziko da. Polinizazio egokirik gabe luiatxo hori geratzen da baina usteldu beste aukerarik ez du izango. Honetan eskuz polinizatzea gomendatzen da. Lore arra (atzean kuiatxoa ez duena, txorten mehe luzea duena) hartu, petalo horiak kendu eta erdian duen muturtxoarekin lore emeen barrukoa igurtzi. Hori maiz egin, lore emeak ireki ahala, ernaltze egokia ziurtatzeko. 

Etxe inguruko landan urten dabe belar batzuk oso bizkor zanaltzen ari direnak beste belarren kaltetan Zer egin genezake euren kontra? Beste landaren bategaz aurre egin? Produktu edo zeozegaz desagerrarazi? Bizkaian bizi gara, Ziortza-Bolibarren Argazkia erantsita

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-09 12:57

Belar hori oso ugaria da hemen. Batez ere mugitutako lurretan sortzen da: bide bazter, betelan eta abarretan. Kentzeko era errazena moztea da. Ipurdi-ipurditik moztu eta berritzen bada berriro moztu. Lan hori eraginkorragoa da ilgoran eginez gero. Uztaileko ilgora 9tik 22 eguerdia arte izango da, eta onena 15etik 20 artean, biak barne. Abuztuan ere ez da txarra; ilgora 6tik 18ra, eta egun onenak 12, 13 eta 14.

Arratsalde on, Azelga landatu nuen maiatzaren erdialdera. Ederki sustraitu zen, nire uste apalean; eta berehala hasi zen hosto berde-berde eta ederrak ematen. Baina ez dalit zer gertatzen den, hostoa egiterako, pikor gorrixka batek hartzen du eta dena ximeldu. Zer gertatu da? Zerozer egin dezaket landarea sendatzeko? Pena handia daukat, ikaragarri polita zegoelako eta ikaragarri gustatzen zaigulako azelga. Eskerrik asko laguntzeagatik Arantxa Ihaben-Basaburua

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-09 12:30

Zerbaren gaitza arrunta da Cercospora onddoak eragina eta zerbaren baztanga esaten zaio. Gori epelak eta hezetasuna dagoenean sortzen da eta kentzen oso zaila da, erraz berritzen baita. Hala ere eraso handiena duten hostoak kendu eta erre. Ondoren azeribuztan ura eta salda bordelesarekin tratatu. Xaboi potasiko eta esne ttantta gutxi batzuk eransteak asko laguntzen du. Tratamendu hori astero errepikatu, batez ere euria edo lanbroa egin aurretik.

Tomate hosto batzuk horixkatzen ari dira eta beste batzuk kiribiltzen.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-09 12:42

Ez daude gaizki tomate landare horiek, baina badirudi gorrina sartzen hasia dagoela. Hala bada okerrera egingo dute, hostoak belztuz. Orduan tratatu azeribuztan ura eta salda bordelesarekin. Xaboi potasiko ttantta bat ere erantsi. Egun beroetan egin tratamendua, beti arratsaldean. Eta beste gauza bat, tomatean Euskal Herriaren hego-hegoaldean bizi ez badira behintzat, ez ureztatu. Hortik etorria izan daiteke gaitza.

Tipulak moztuta agertzen dira.Pixkanaka desagertzen doaz.Zer izan daiteke?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-09 12:47

Tipula horiek animaliaren batek jan ditu. Izan daiteke satagina edo antzeko karraskariren bat. Bestetik bareak eta karakolak ere jaten dituzte, ez dute oso gogoko baina tarteka jan dezakete. Egitekoa, ahalik eta azkarren lurretik atera eta lehortu eta jaso. Jaten hasita daudenak azkar jan.

Kaixo! Oraindik garaiz al gabiltza babarruna ereiteko?ze egun lirateke onenak?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-03 16:22

Normalean ekainaren erdia aldera arte ereiten da. Aurtengo udaberria nola joan den ikusita nik lasai ereingo nuke orain ere. Ez itxaron egun egokiena zein den etortzera. Ahal baduzu gaur bertan erein. Hala ere egun onenak uztailaren 9, 10 eta 11 goiza lirateke.

Arrosa bat landatzeko zelan gelditu behar da injertoa, lurraz estalita ala airean?
Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-02 13:31

Txertoak beti airean geratu behar dira. Lurperatuz gero txertoa alferrik galduko litzateke eta gaineko arrosa klaseak sustraiak botako lituzke, txertua zapuztuz. Gutxienez 5 zentimetro lur azaletik gora utzi txertoa. 

Beti gustatu izan zait Zamioculcas beltz ('Dowon'edo'Raven') batekin aproba egitea . Etxeko landare hau'iritsi berria' da eta 'oso erraza' omen. Lortu izan ditut lakatzetatik penkak ondo sustraitzea baina landatu ondoren hor gelditzen dira ez aurrera ez atzera urteetan. Badakit drenaje ona behar dutela eta baita ura tentuz... ez direla hotz zaleak, ezta oso eguzki zaleak ere... Lurpetik erraboila garatzen dute, baina hasierako penkatik harago ez dut lortzen ganorezko pujek aurrera egitea. Zein da gakoa? trukurik?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-03 12:08

ZZ landarea oso mantsoa da. OSO. Hilabeteak igaro daitezke adaxka landatu eta landarearen kimutxo berria ikusi artean. Eta hazkundea, landarea handia egitea ere oso mantsoa da. Beraz hastu lasai… Gakorik ez dago, lortu duzu landaretxoa, eta eman denbora, utzi toki egoki batean (argi asko eguzki zuzenik gabe, ureztaketa tamainan eta haize korronterik ez) eta itxaron… Urteak itxaron landare eder bat nahi baduzu. Agian indartsuagoa izango da landare berriak amaren erraboiletatik sortzen badituzu.  

Kaixo, Zer moduz? Patatarekin lotutako bi galdera ditut: - Goizeko patata jasotzeko egunik onenak noiz dira? Jaso eta leku fresko batean utziz gero ondo mantentzen al da? - Patataren hainbat landarek pisu gehiegi hartu dute eta erori egin zaizkit lurrera. Altxatzen saiatuko naiz lurrarekin menditxoa eginez edo fruitua berdin emango du horrela? Mila esker! Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-01 18:03

Goizeko patata, goiz egiten delako eta samurra dagoelarik jateko egiten delako esaten zaio. Samurtasun horretan baliatuko ez baduzu jasotzeko bestea bezalaxe tratatu: zarbak ihartzean atera, eguzkitan ondo lehortu, lur arrastoak kendu eta hotza, iluna eta ondo haizeberritzen den toki batean jaso.

Ez da harritzekoa patataren zarba berdea makurtzea. Berezko joera du. Horrek adierazten du zikloaren amaierara iristen ari dela. Aleak berdin emango ditu eta aurrekoan esandako gobernu bera eman, adar horiek ihartzen denean.

Jasotzeko egun egokienei buruz, helburua irautea bada ilbeheran jasotzea komeni da, eta onena sustrai eguna litzateke. Uztaila honetan 1, 2 eta 7 goiza eta gero 29, 30, 31 eta abuztuaren 1 goiza.

Kaixo Jakoba, betidanik porruak ladatu izan ditut eta Portu ederrak lortu ditut bainaasken aldiontan Porruen zuringoan har txikitxoak izaten ditut gainera landarea bihurritxen ditu Ioniz ez dut arozorik izan baina asken urteetan har gainezka izaten ditut , garbitzen ditut jateko baina gero naska asko ematen dit ta noski niretzako ez balldin badira ez ditut oparituko ,beraz,kompoz bihurtzen ditt. Zer egin dezaket arazo hau konpontzeko,Mila esker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-01 18:11

Porruaren harra esaten diogu orokorrean. Hala ere porrua barruti jaten duen harra eta kanpotik zulatu eta kizkurtzen duena bereizi beharko genituzke. Lehena aspalditik dugu gure porru sailetan; Acrolepiopsis assectella sitsaren harrak porrua barru-barrutik zulatzen du goitik behera. Bestea kanpoan dabilen euli batek, Phytomyza gymnostoma, jartzen duen arrautzatik sortzen den harra da. Azken hau ikaragarri ugaldu da azken urte hauetan, eta zure deskripzioaren arabera bera dela esango nuke. Hostoak kizkurtu eta makurtu egiten dira. Porruaren azalean koxkor txiki gorri batzuk agertzen dira, negua pasatzeko harrak eratzen duen pupa da, negua pasatzera lurrera eroriko dena. Hortik sortuko da hurrengo urtean euli berria. Porrua bezala, tipulak eta baratxuria ere erasotzen ditu.

 

Oso zaila da honi aurre egitea. Hasteko azken urteetan porrurik izan ez den sailean jarri landarea. Hasiera-hasieratik intsektuei aurre egiteko tratamentua egin: xaboi potasikoa, Bacyllus thuringiensis eta Neem. Hori zortzi-hamar egunetik behin eman, porruak ondo-ondo bustiz. Bestea eta eraginkorrena euliari igarotzen utziko ez dion sarea jartzea da. Sarearen begiak 0’8 mm baino txikiagoa izan behar du eta nahikoa altu jarri behar da. Hostoaren muturra ukitzen badu saretik barrena jarri bai dezake arrautza euliak. Landatzean jartzea da onena, hasiera hasieran.

 

Porruak ateratakoan kontuz non uzten diren hondakinak, hor izango baitira pupak. Oiloei eman edo erre.

Lurraren erosioa ekiditeko landare egoki bat landatu nahi degu lur-sailean. Vetiver jartzea ari gara pentsatzen, baina ez dakigu honako egokia ote den, Deba ingururako, bestela zein beste landare izan daiteke egokia? Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-03 12:24

Vetiver landarea, Vetiveria zizanioides, asko erabiltzen da lan horretarako. Bide ertzetako penditzetan, ur ertzetan, eta abar. Sakontasun handiko sustraijea osatzen du eta urak eraman dezakeen lurrari ederki eusten dio. Ez dut ezagutzen hemen inguruan lan horretarako jarritako vertiver sailik, baino uste dut oso idea ona dela. Saiatu probatu eta esango diguzu.

Ustaua gero eta gehiago zabaltzen hari da. Noiz da ekoparik onena landarea galtzeko mostea. Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-03 12:35

Landareari kalte handiena egiteko ahalik eta energia gehien hostoetan eta zuztarrean dituenean moztu behar da. Hori Ilgoran eta hosto egunean gertatzen da. Orokorrean ilgora osoak onak dira, eta kalte handiena egiteko maiatzekoa, ekainekoa eta uztailekoa baliatu, besterik ezean baita abuztukoa ere. Moztu ahalik eta ugarien, ilgoraero ahal baduzu. Uztaileko ilgora 9tik 22 eguerdira arte luzatuko da eta hosto egunak 16 eta 17 izango dira. Abuztuko ilgora 5 arratsaldetik 18ra arte luzatuko da eta hosto egunak 12 eta 13 izango dira.

Kaixo! baratzeko eremu batean oso lur buztintsua dut, separatzen zaila. Patata daukat orain baina segituan kenduko dut eta lurraren kalitatea hobetzeko ongarritu egin nahi dut. Baratzeko landare hondakinekin egindako pil bat dut ixkin batean eta hori aprobetxatzerik dudan galdetu nahi nizun, nahiz eta ez dagoen ondo ondua. Argazkia bidaltzen dizut. Asmoa hori bota dagoen bezela (galbahetik pasa gabe) eta ondoren patata landarearekin tapatuta uztea da. Ea zer moduz ikusten duzun. Eskerrik asko aldez aurretik!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-03 12:44

Luar edo konpost hori ondo dago lurrari emateko, lur ustela esaten zaio. Hala ere egokiena bahetik pasatzea da eta material handitxoak berriko luar pilara bota, hurrengo udazkenera arte utzita ederki desegingo dira. Lur horretan egin nahi duzunaren arabera patata zarbekin estalita uztea ona da, baina egokiena litzateke zarba horiek ere hondakin pilara bota eta hurrengo udazkenean luar bihurtuta erabiltzea.

Kaixo! Canna indica landarea zabaltzen ari zait leku desberdinetara. Bulboak ateratzen ari naiz (konpostara eraman nituen bulbo batzuk eta han ere atera dira, argazkia) kiziotik ateratzen ari zait. Konpostatik uste dut kendu dudala baina nola kendu dezaket beste tokietatik? malla ilun bat jarrita? zer egin dezaket bulboak hil daitezen? Eskerrik asko aldez aurretik!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-07-03 13:04

Lurpeko zatietatik ugaritzen diren landareak akabatzea ez da erraza. Onena ahalik eta erraboila gehienak ipurditik aitzurrarekin ateratzea da. Eta ondoren estali. Estalkiari gutxienez urtebetez eutsi beharko diozu.

Noiz erein behar da daikon arbia? Eta nola komeni da lurra prestatzea?

2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-27 16:36

Bi ereiaro ditu Daikonak. Bata udaberrian da, martxoan eta apirilean. Bestea udan, ekainaren erditik irailaren erdira arte. Lurra prestatzeari dagokionez, sustrai sakonak ematen dituenez ez du nitrogenodun ongarriketa berezirik. Lur harroak bai maite ditu; horretarako ongarri organiko ondo heldua eman, 2-3 kilo/m2, eta lurra oso azidoa bada kare pixka bat ere eman 75-100 gr/m2.

Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-27 16:37

Bi ereiaro ditu Daikonak. Bata udaberrian da, martxoan eta apirilean. Bestea udan, ekainaren erditik irailaren erdira arte. Lurra prestatzeari dagokionez, sustrai sakonak ematen dituenez ez du nitrogenodun ongarriketa berezirik. Lur harroak bai maite ditu; horretarako ongarri organiko ondo heldua eman, 2-3 kilo/m2, eta lurra oso azidoa bada kare pixka bat ere eman 75-100 gr/m2.

Aupa. Baña hostoak irudian ikusten diren moduan daude. Zer izan leike? Nola eman horri buelta?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-26 10:31

Bi arrazoi ikusten ditut hostoak horrela horitzeko. Lehena, ongarri gehiegi izatea, horrek lekadunetan arazoak ekartzen ditu eta ahuldu. Bigarrena, hezetasun handia. Ibai eta erreka ondoko erriberetan aurten asko ikusten ari da arazo hau, euri ugari egin duenez ura lur azaletik hurbil baitago. Bien konbinazioa ere izan daiteke gaitzaren iturria. Buelta ematea ez da erraza, ahal duzun neurrian lurra harrotu eta lehortu, itzalik baldin badu kentu eta abar. Karea emateak ere lagundu dezake; lehen karerik izan ez badu 200 gr/m2 eta izan badu erdia. Lekadunak egin behar dituzun lekua hezea bada karea urtero eman.

Aupa Jakoba. Aste bat da, Abadiñon ortu sozialak lantzen hasi ginela. Betiko bedar arluen eskuz jorratu eta lantzen hasi ginena. Tomatiek eta piperrek itzura larrije dekuela emoten dau. Laguntzerik?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-25 12:03

Argazkia eta bideoa ikusita landareak ez daude hain gaizki. Nire ustez ortu horretan janaria falta da. Materia organikoa eskuratu eta zabaldu landareen artean ahalik eta azkarren. Sats edo luar zaharra edo ondua, orbela, belar txikitua (makinak moztu eta txikitxen duen hori, adibidez) eta abar. Kare pittin bat ere nahasi lur gainean jarriko dezuten organiko geruza horri. Kareak ongarria aktibatzen du eta laster izango da landareentzako pronto. Biziberritzen lagunduko duten beste gai batzuk: asunaren ura edo minda, azeribuztanaren ura, gorbelak edo algak. Hau urtero edo urtean bitan egin, azaroan eta apirila-maiatzean.

Kaixo Jakoba, Insignis pinua izerdi gutxien duenean bota nahiko nuke. Neguko solstizio bueltako hilbehera litzateke onena ala beste garairen bat? Eskerrik asko

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-24 16:46

Izerdi gutxiena negu neguan du eta ilbeheran. Zehaztasun gehiagorekin bota nahi izanez gero sustrai egunean. Oraindik ez ditugu eskuera hurrengo neguko ilargiaren egunen datuak. Deskuidoan aurtengo abenduan hotza etorria bada egun egokiak lirateke 12, 13, 14 eta 15. Urtarrilean edo otsailean egin nahi izatera azaroa aldera jakingo ditugu hurrengo urte horretako datuak.

Kipulak gaitzak jota dagoz. Kaldo bordelesagaz tratatu nebazan, baina alperrik. Barriro egiteko asmoa daukat. Pentsatu dogu ere zapaltzea gaitzak kipula burua ez joteko edo kaltea gitxituteko. Zer deritzozu?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-23 11:46

Gaitza sartu bada denean dagoela pentsatu behar dugu. Tratatu saldarekin eta gehitu azeribuztan ura eta gatz pittin bat (15 litroko kafe goilarakadatxo txiki bat). Saldaren etiketak agintzen duen seguritate tartea pasatakoan zuzenean atera eta ondo-ondo lehortu eguzkitan. Gero toki lehor, ilun eta ondo haizeberritzen den batean jaso, elkar ukitzen ez direlarik.  

Egun on Jakoba, Madariondo batek madariak ematen ditu baina segituan beltztu egiten dira( hautsa bezala) , bigarren urtez gertatzen zaigula. Are gehiago, aurten sagarrondo batean gauza bera ari da gertatzen. Jakin nahi genuke hauts hori zer den, zergatik atera zaion eta zer egin dezakegun

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-22 17:43

Stemphylium vesicarium izeneko onddo batek sortzen du. Ez da gure artera etorri zaharra, baina eraso larriak eragiten ditu udareondoan batez ere, baina baita sagarrondoan ere. Hezetasun handia eta giro epelak direnean agertzen da, zenbaitetan baita uzta jaso aurreko garaian ere. Fruitu arbolak erasotzen dituenean bertan geratuko da hurrengo urtean berrituz. Kaltetutako fruitu aleetan eta udazkenean eroritako hostoetan igarotzen du hurrengo urtea arteko tartea. Horiek bildu eta erretzetik hasi behar da. Fungizidarekin tratatu beste aukerarik ez dut ikusten. Aurrez, ahal dela hezetasuna jaisteko lanak egitea komeni da: itzala kendu, airearen mugimendua hobetu hesiak kenduz, arbolak bakanduz, lurra harrotuz, karea emanez, drenaia zangak irekiz eta abar.

Urteetan soro izan eta aurten baratza egin dugun lurran Mythimna Unipuncta dagoela ikusi dugu. Zer egin dezakegu horren aurka?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-22 18:53

Har horrek belarrak eta gramineoak erasotzen ditu. Baratzean ez dizu kalte nabarmenik eragingo, baina belardia baduzu inguruan hura zaindu. Hara sartzen bada horitu eta galtzeko arriskua dago. Tratatu nahi baduzu xaboi potasikoa eta Bacillus thuringiensis nahasita eman, 3 egunero errepikatuz desagertu arte.

Kaixo Jakoba, Ba ote dakizu zein zuhaitzen makilak balio duen lur azpiko ura aurkitzeko? Lankide baten aitak erabiltzen omen zuen, baina hilda dago eta jakin nahi genuke. Milesker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-19 15:23

Nik entzuna dudanez gehienetan hurritzezkoa da. Urarekin duen loturagatik sahatsa ere izan daitekeela dio bateren batek eta lizarra ere aipatzen da.

Kaixo. Noiz da sagarrondotan entresaka egiteko garaia? Nola egiten da auketaketa? Eskerrik ako

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-24 16:49

Sagar aleak bakantzeko sasoia maiatzaren bigarren hamabostaldia eta ekainaren lehen hamar egunak dira. Ez baduzu egin, mugitu ahalik eta azkarren. Hautaketan saiatu beharko zinateke ale ahulenak kentzen, eta batez ere multzoak bakantzen.

Kaixo Jakoba! Nerea galdera bainak eta porruei buruzkoa da.ze egun den egokiena ilgora honetan baina ereiteko,eta beste galdera....portuaria,aldatzeko unean,komeni den,edo on egiten dihoen,erroilan bertan ximaur zaharra botatzea? Besterik gabe,zure erantzunaren zai geratzen naiz.agur bat,eta eskerrikasko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2025-06-16 22:05

Lekak ereiteko egun onenak ilgora eta fruitu egunak dira. Ilgoran sartuta gara eta 24 arte luzatuko da. Fruitu egunak 21 eta 22 izango dira.

Porrua landatzerakoan onena simaur edo luar zaharra lurrari nahasita izatea da. Ez badu denborarik eman zuloan bota daiteke, baina zaharra izan behar du. Karea ere gustuko du porruak. Lehen bota gabea bada, gero landatu eta gero ere ilada artean ere jarri daiteke lurrazalean.

gora