Astelehenero 8:00etan zure epostan
Iakoba buztin lurra da gure etxian eta sutako autsa ze landareri etorriko litzayoke ondo ? Beste galdera baina aziya egiteko ze garay da ona? Eta azenayua ? Eskerrikasko
Errautsak kaltzioa du osagai nagusia, baina kareak ez bezala, beste mineral batzuk ere baditu. Bere lan garrantzitsuenak hauek dira: lurra harrotu eta lehortu egiten du, lurraren egoera kimikoa neurtzen duen pHa igotzen du lurraren azidotasuna apalduz eta mineral batzuen mugimendua erraztuz (landareak ere errazago hartzen dituelarik) eta kaltzioa erantsita landareak eskuera edukiko du elikagai garrantzitsu hori fruituak hobeak eta iraunkorragoak emateko.
Ia landare guztientzako ona da buztin lurretan. Ahabia, hortentsia eta lur azidozaleak diren landareak ezik gainontzeko guztientzako ona da. Ongarriketa garai nagusia udazken-negua da. Ongarri organikoa (simaurra, luarra…) eta errautsa edo karea ez dira batera eman behar. Batetik bestera ilargialdi bat izatea komeni da, hilabete bat gutxienez. Azaroa-abenduan simaurra eta urtarrila-otsailean errautsa, adibidez.
Leka, bai motza eta bai luzea, maiatzean hasi eta abuztuaren erdira arte ereiten da. Negutegiaren barruan egin nahi baduzu martxoaren erdian hasi eta abuztuaren amaiera arte egiten da.
Azenarioa Martxoaren amaieratik irailaren hasiera arte ereiten da.
Gaur arte erantzundakoak (1007 galdera-erantzun)
Arratsaldeon Jakoba,
Noiz izaten da garai onena mendian erabiltzeko urritz makila mozteko garaia?
Milesker
Hurritz makila malgua izatea komeni da eta horregatik izerdia duenean eta ilgoran moztu behar da. Ohikoena urriko edo azaroko ilgoran ebakitzea da. Esaerak dio urrian hasten den ilberrian mozten dela hurritza. Bada, ala ere, abenduko ilgoran mozten duenik ere.
Leitzetik idazten det. Berria naiz baratze lanetan, illarra (guisante), egin nao det, noiz ? Aste ontan ongi? Eskerrikasko
Ostegunetik atzera, urriaren 22tik azaroaren 5a bitartean nahi duzunean. Ilgorako lana da ilarraren ereintza.
Kaixo Jakoba.
Aitor naiz eta Beruetetik idazten dizut. Aste honetan etxeko bi belazetan sekulako har pila azaldu da. Ikaragarrizko mordoa. Argazki batzuk erantsi dizkizut ikus ditzazun. Batzuk errepidera ere atera dira, milaka.
Bi soroak oso desberdin daude. Bat lehorra dago oso. Ongarria bota berria du eta udan behiak ibili dira. Bestea berriz ureztatutako belar soroa da. Ez da animaliarik ibili udaberriaz geroztik. Jakin dut Gipuzkoan Billabona eta Anoetan ere azaldu direla horrelaxekoak. Ez dugu ezer berezirik egin aurten eta harriturik gaude nondik atera ote diren.
Uda honetan inguruko zuhaitzetako hostoetan har asko egon dira, gaztainondo eta intxaurreta su atu ditut. Hosto barruan halako garau batean har zurixka bat hazi da. Ez dakit honekin loturarik izanen duen.
Zer diren, nondik agertu diren, ze tratamendu egin... Jakinen bazenu asko eskertuko nizuke zerbait erantzutea.
Mila esker eta agur bero bat.
Belarjalea den har bat da, Mythimna unipuncta. Belar bat den artoa ere jaten du. Beroarekin suspertu eta ikaragarrizko izurritea izan da aurten. Etxe ingurua libratzeko bacillus thuringiensis eta xaboi potasikoa nahastuta tratatu, hiru bat egunetik behin hiru bat aldiz.
Hona informazio gehixeago:
https://www.google.com/search?client=firefox-b-d&q=agrologica+mythimna
Iratzea eta asuna galtzeko gorapenean, bai ilgoran moztea komeni da. Onenak maiatza ekaina eta uztailekoak dira. Ahal dezun moztualdi gehienak eman. Kareak kontra egiten die, baina ongarriak lagundu egiten die. Ahal baduzu urte batean ongarririk ez eman eta kare dosi ona, 100-150 gr/m2
Liburu oso bat dago galdera honen erantzunean.
Orokorrean gar handiko sua nahi duzunean zuhaitza ilgoran eta izerditan delarik botatzen da; pagoa adibidez abuztu-iraileko ilgoran. Gar txikia baina iraupen handiko eta txingar edo brasa biziko sua nahi izatera negu-neguan eta ilbeheran bota (haritza, artea etab.) Haltza maiatzeko hilgoran, malgu gera dadin gurdi-gaineko hagak eta abar egiteko.
Inolako zalantzarik gabe. Moztu aitzurrarekin edo eskuekin tiraka atera, nahi duzun eran baina gero lasai utzi lur gaunean. Landareentzako azpiak egingo dituzu: urari hobeto eutsiko dio lurrak (aurten ondo etorriko zaio, urte hezeetan arriskutsua da), beste belarrak ateratzea eragotziko du eta ongarri gisa lurra elikatuko du.
Gereziondoaren egurrak su ona egiteko neguan botako nuke nik. Negu neguan eta ilbeheran, onena abendua eta otsaila artean. Honela egurra gogorra eta trinkoa izango da, suak ez du gar handia emango, baizik eta su iraunkorra eta brasa ona.
Norteko haritza edo haritz amerikarra (Quercus rubra) denari soiltze inausketa egiteko bi sasoi dituzu: bata oraintxe, ekaina-uztaila, eta bestea negu-neguan hostoak botata eta izerdirik gabe dagoenean.
Eguzkizale amorratua da Bouganvillea. Zerorrek esan duzu, egunean 20 minutu besterik ez, normala da lorerik ez ematea edo oso bakana izatea.
Garoa mozteko sasoi onena maiatza, ekaina eta uztaileko ilgorak dira. Hiruretan egiten baduzu hobe. Eta garomena karez ongarritzeak ere atzeratzen laguntzen du. Aurten maiatzeko ilgora 25ean amaituko da; ekainekoa 8tik 21era da eta uztailekoa 5etik 19ra. Hurrengo hilabeteetako ilgoretan mozten jarraitzea ere ez da txarra.
Tomatearen kimaketa landarearen tamaina eta tomate fruitu ale bakoitzaren tamainaren arteko orekaren bila egiten da. Gerezi Tomateak oso ttikiak dira eta landare bakoitza asko hazi eta heltzeko gai da. Normalean ez da kimatzen eta bere zarba guztia uzten zaio. Horrek esan nahi du beste tomateetan uzten den tartea baino handiagoa utzi behar dela Gerezi Tomateetan.
Neu ez naiz pertsona egokia belarren sendatzeko gaitasunez hitz egiteko. Zenbaitena nire inguruan ezagutu izan dut, baina itsas krabelinarena ez dut sekula entzun. Ea besteren batek laguntzen dizun.
Guk zaran-belarra esaten diogu. Inguruan iodo-belarra ere esaten diote. Enada-belarra eta ainhara-belarra ere esaten zaio. Bere izerdi hori zauriak sendatzeko eta garatxoak kentzeko erabiltzen da. Zatitxo bat moztu eta zaurian sortzen den izerdi horrekin igurtzi garatxoa. Etxe inguruetan bizitzen da bai. Gure beharra du bizitzeko eta geuk ere bai berea.
ahozko hizkuntzan españolezko hizki batez Añarra esaten dugu
euskeraz nik Ainarra edo... ez nekien nola izango zen
frantzesez Agnarra
kontua da hiztegia 3000 n ez zen agertzen ez eta Euskadi.elhuyar hiztegian ere
ea ulertzeko moduan idatzi dudan
Jon Uitzi
Añarra esaten diozuen hori txilarra edo ainarra da. Landare askori esaten zaio, denak hiru generotan bilduak. Baita izen asko dituzte: ainar, ainara, inar, ainizkar, ginarra, kilarra, gindarra, ilar...
Hemen duzu Euskaltzaindiako orotariko Hiztegian nola agertzen den:
Ilbeheran kimatzea komeni da, bai, baina biharko eguna baino hobea izango da etzi goiza, soilik goiza.
Hortentsiak otsaila-martxoa aldera inausten dira. Ahal baduzu ilbeheran. Lore gutxi ematearena inausketa gogorregia egitearekin lotuta dator. Moztu adarren hirutik bat, zaharrenak, eta besteak oso-osorik utzi. Hurrengo urtean berdin. Moztutakoak adarra berritu egiten dute behe-behetik eta osorik utzitakoak loratu egingo dira, erruz.
Ez dut horrelakorik ezagutzen. Inori ez diot entzun edo ikusi helburu horrekin landarerik erabiltzen duenik...
Patata ereiteko sasoi onena ilbehera da. Hurrengo ilbehera martxoaren 5 eta 17 artekoa izango da. Patatarentzako egun onenak sustrai egunak dira, hain juxtu martxoaren 11 eta 12.
Txandakatzea ez da familiaka egin behar. Bi gauza izan behar dituzu kontutan: familia bateko bat ez da jarri behar familia bereko beste baten ondoren eta elkarren aldamenean ez jarri, ahal bada. Garrantzitsuena lehena da. Bigarrena ahal baduzu.
Hasi berria dugun ilbehera hau ona da. Jeneralean martxoan egin beharreko lana da, baina aurten eguraldiak hartu duen trazarekin, orain egin dezakezu.
Pentsatzen dut ILTZEA espeziari edo bizigarriari buruz ariko zaretela galdezka. Iltzea, sukaldean erabiltzen dena ez da hazia, lorea baizik. Lorea lehortu egiten da eta iltzearen forma hori duenez halaxe esaten zaio ILTZEA.
Syzygium aromaticum zuhaitza da, 20 metrora arte ere hazi daitekeena. Iltze-belar izena ere eman izan zaio, adibidez “BIOLOGIA/1 Landare eta animalien izenak” izendegian (UZEI, Donostia, 1984). Nire iritziz egokiagoa da gaur erabiltzen den ILTZE izen soila.
Nahi duzunean. Bere lana egiteko zenbat eta lehenago hobe. Aurten gainera garoak aurreratuta datoz eta kanpoa mugitzen ari da. Zu ere mugitu, beraz.
Arratsalde on, Jakoba:
Zer moduz habil?
Kimaketa kontuetaz ez zeukeat ideiarik eta, dakienari galdetzea onena. Lagun batek galdetu zidak ea hagina kimatzeko garai onena zein den. Aralarren ditek (argazkia atxiki diat) eta itxuraz balio sentimental handikoa duk eta ez ditek gaizki egin nahi. Ez nauk ausartu gaizki erantzutera. karkar.
Eskerrik asko!!!
Arratsalde on!
Ondo nauk, hi ere halaxe izango haizela pentsatzen diat…
Hartu nian hire ezkur-festa ederra. Mila esker.
Haginarena onena ez kimatzea dek. oso ondo ikusten dek zuhaitza eta nik horrelaxe utziko nikek.
Ikusten dek itxiturara arrimatzen dituken aziendek ederki kimatzen dutela bere aldea…
Adarren bat kendu nahi izanez gero kimu berria hastean moztu, izerdi berriarekin batera, alegia. Eta mozten dena enborraren kontratik, ez utzi adar puskarik.
Ondo izan
Kanabera pardatarako edo arbatarako neguan mozten da. Nire uztez sasoi onena otsaileko ilgora da.
Egun on,
"Vianak Ebro ibaiko depresiogunearen berezko klima mediterraneo-kontinentala dauka. Neguak hotzak, udak beroak, aldaketa termiko handiak, eta euriak nahiko eskasak eta irregularrak izaten dira (batez ere udaberrian eta udazkenean egiten du euria). Urteko batez besteko tenperatura 10 eta 13 gradu artekoa eta prezipitazioak 500” ingurukoak diot nik.
Kaixo Kontxi,
Jakoba
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545