Maiatza urtearen giltza.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Tomateak hiltzen
2026-06-25 16:14 | Maialen

Kaixo Jakoba, Tomate-landareekin arazo bat daukat eta zure iritzia jakin nahiko nuke. Duela hiru aste 15 tomate-landare landatu genituen baratzean. Lurra drainatze onekoa da, ez da buztintsua, eta landatu ondoren landare bakoitzari bi egunez behin bi litro ur inguru eman dizkiogu. Hasieran gehiegi ureztatu ote genituen pentsatu nuen, eta azken egunotan 15 landaretatik 4 hil dira. Hildako landareak ez zeuden batera, sakabanatuta zeuden. Zurtoina lurrarekin elkartzen den tokian kalte handiak ikusi ditut: zurtoina zurbil eta hondatuta dago, eta sustraien inguruan eta lastoaren artean zuntz edo onddo zuri moduko batzuk agertu dira. Sustraiak, ordea, ez dira oso ustelduta edo beltz ikusten. Beste tomate-landare batzuk oraingoz osasuntsu dirudite. Zure ustez zer izan daiteke arazoa? Onddo bat izan daiteke? Kobrezko fungizida ematea gomendatuko zenukete? Eskerrik asko aldez aurretik.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2026-06-26 08:20

Ulertzen dudanez, landareei azpiak egin dizkiezu lastoarekin. Hori Euskal Herri hezean ez da batere egokia, baldin eta lur oso lehorrean ez badaude. Hori eta hainbeste ur emateak sortu du lepo aldeko onddoen eraso bortitz hori. Utzi ureztatzeari eta kendu lastoa landareen ingurutik. Eguzkiak landare guztia eta bere inguruko berotu ditzala, berotu eta lehortu. Horra irtenbidea: onddoei behar-beharrezkoa duten hezetasuna kentzea.

Gaur arte erantzundakoak (1301 galdera-erantzun)

Kaixo lagunak. Schefflera bat daukagu etxean. Oso luze egin zaigu eta jakin nahi genuke nola eta noiz moztu, eta zer egin behar dugun mozten dugunarekin beste landare bat lortzeko. Eskerrik asko eta beste bat arte.

1 erantzun | Zeuk erantzun
-ren erantzuna
2009-07-19 00:00

Kaixo Marisa. Orain sasoi egokia da mozteko. Abuztuaren amaia artean, lasai nahi duzunean. Nondik moztu erabakitzeko, moztu ordurako kimu berria bota eta laster berriz ere gorantz joko duela kontuan izan. Hau da, hostaia multzoa eduki nahi duzuna baino 30-50 zentimetro beheragotik moztu. Mozten duzun zatiko adarrak banatu eta uretan sartu edo zuzenean lurrean jarri. Erraz itsasten da, baina hormona hautsez laguntzen baduzu alde ederrean etorriko zaizkizu. Uretan jartzen baduzu, sustraiak pixka bat garatu ordurako lurretara pasa. Aldaxka edo eskejeak zuzenean lurretan sartuz gero, honi beti heze eutsi eta toki epelean eduki, eguzki zuzenetik urruti. Lan hauek denak ilbeheran egiten saiatu.

gora