Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo! Atzo Telegrameko kanalean proposatzen zen bezala, iaz gurasoek porruei zomorroak ez ateratzeko izpilikua bota zieten eta emaitza bikaina eman zuen. Urtero, porru bakoitzean bi edo hiru zomorro izatetik batere ez izatera pasa zen kontua.Konponbide erraza eta baliagarria benetan. Eraginkorra oso.
Zomorroa kakalardo txiki marroi baten antzekoa da baina ez dakigu bere izena. Dena dela, izpilikua ilbeheran moztu behar litzake? Berez, inausketa lanak irailean egiten ditugu eta oraintxe ez dugunez, irailean egiteko asmoa genuen. Esango dizuegu ea aurten ere berdin joaten den kontua.
Mila esker zuen aholkuengatik!! Ongi segi!!
Pozten naiz saioa egin eta esperotako emaitzak bildu izanaz. Hala ere izpilikuak eta sendabelar guztiak, eraginkorragoak izateko hobe da ilgoran moztu eta jasotzea.
Gaur arte erantzundakoak (1105 galdera-erantzun)
Kaixo Jakoba. Badakit gai hau irratian aspaldi ez dela aipatu duzula, baina ez dut gogoratzen nola kendu behar ditugun kanaberak. Guk moztu egin ditugu, baino horrela akabatzen al dira? Eskerrik asko.
Kaixo. Argazkian ikusten duzuen landarea handi xamarra egin zaigu. Bestalde, beheko hostoak galtzen ari da eta ez dakigu zer egin landarea kontserbatzeko. Goreneko hostoak moztu? Orain egin daiteke? Eskerrik asko.
Kaixo Xabier. Diefenbakia bat da zuen landare hori. Argazkian garbi ikusten den eran, ontzi txikia du eta hor dagoen lurrean eskuera duen janariaren araberakoa hazi da. Landare guztiek bizitzeko etengabe hazi egin behar dute eta zeureak elikagaiak mugatuak izaki hosto kopuru jakin bat mantendu dezake. Ondorioz, hosto berri bakoitzeko zahar bat galduko du, gutxi gorabehera. Hostaje handiagoa izateko ontzi handiago batean jarri behar da, eta urari ongarri likidoa erantsi, pototan saltzen den hori eta “landare berdeentzat” jartzen duen horietakoa.
Muturra moztuta, beheragotik erraz berrituko da eta kendutako kimuak landare berriak sortzeko beste ontzi batean landatu, aise itsatsiko dira. Bestetik, itxura ederrekoa dago eta beraz bizi den tokia aproposa du. Bejondeizuela.
Aupa Jakoba. Aurrean dut duela gutxi ilenaz idatzi zenuen artikulua. Duda bat sortu zait horretaz: ukenduak egiten direla diozu... Nola egiten dira, ez ilenenak bakarrik, baina, oro har, ukenduak?
Kaixo lagunok. Gaztainondo txiki bat daukat loreontzian eta lurrean sartu nahi nuke, oraintxe bertan egin dezaket ala otsail aldera arte itxoin behar dut? Eskerrik asko eta hurrena arte.
Kaixo, Ima. Loreontzian hazitako landareak noiznahi aldatu daitezke, landarea oso-osorik mugituko baitugu: adarje eta sustraije guztia. Noiznahi, baina baldin eta oinarrizko betebehar batzuei iskin egiten ez badiegu. Loreontzian bizi den landarea ur gaineko bitsetan, ur-aparretan bizi da: lor onena, ongarriak eskuera, behar duenean nahikoa ur... Ima, zerorrek erantzun behar duzun galdera hauxe da: aldatuta jarriko dudan toki berrian gaztainondoak orain artean izan duen zaintza bera izango al du? Batez ere, ia egunero ureztatuko al duzu? Hala ere, urte sasoi okerrenean, bero-sapa-sargori-erre, aldatu baino, loreontzian mantendu ahal izanez gero, datorren negura itxaron eta otsail alde horretan aldatu.
Kaixo lagunak. Schefflera bat daukagu etxean. Oso luze egin zaigu eta jakin nahi genuke nola eta noiz moztu, eta zer egin behar dugun mozten dugunarekin beste landare bat lortzeko. Eskerrik asko eta beste bat arte.
Kaixo Marisa. Orain sasoi egokia da mozteko. Abuztuaren amaia artean, lasai nahi duzunean. Nondik moztu erabakitzeko, moztu ordurako kimu berria bota eta laster berriz ere gorantz joko duela kontuan izan. Hau da, hostaia multzoa eduki nahi duzuna baino 30-50 zentimetro beheragotik moztu. Mozten duzun zatiko adarrak banatu eta uretan sartu edo zuzenean lurrean jarri. Erraz itsasten da, baina hormona hautsez laguntzen baduzu alde ederrean etorriko zaizkizu. Uretan jartzen baduzu, sustraiak pixka bat garatu ordurako lurretara pasa. Aldaxka edo eskejeak zuzenean lurretan sartuz gero, honi beti heze eutsi eta toki epelean eduki, eguzki zuzenetik urruti. Lan hauek denak ilbeheran egiten saiatu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545