Astelehenero 8:00etan zure epostan
Kaixo, Zer moduz? Patatarekin lotutako bi galdera ditut: - Goizeko patata jasotzeko egunik onenak noiz dira? Jaso eta leku fresko batean utziz gero ondo mantentzen al da? - Patataren hainbat landarek pisu gehiegi hartu dute eta erori egin zaizkit lurrera. Altxatzen saiatuko naiz lurrarekin menditxoa eginez edo fruitua berdin emango du horrela? Mila esker! Mila esker!
Goizeko patata, goiz egiten delako eta samurra dagoelarik jateko egiten delako esaten zaio. Samurtasun horretan baliatuko ez baduzu jasotzeko bestea bezalaxe tratatu: zarbak ihartzean atera, eguzkitan ondo lehortu, lur arrastoak kendu eta hotza, iluna eta ondo haizeberritzen den toki batean jaso.
Ez da harritzekoa patataren zarba berdea makurtzea. Berezko joera du. Horrek adierazten du zikloaren amaierara iristen ari dela. Aleak berdin emango ditu eta aurrekoan esandako gobernu bera eman, adar horiek ihartzen denean.
Jasotzeko egun egokienei buruz, helburua irautea bada ilbeheran jasotzea komeni da, eta onena sustrai eguna litzateke. Uztaila honetan 1, 2 eta 7 goiza eta gero 29, 30, 31 eta abuztuaren 1 goiza.
Gaur arte erantzundakoak (1055 galdera-erantzun)
Kaixo Jakoba. Badakit gai hau irratian aspaldi ez dela aipatu duzula, baina ez dut gogoratzen nola kendu behar ditugun kanaberak. Guk moztu egin ditugu, baino horrela akabatzen al dira? Eskerrik asko.
Kaixo. Argazkian ikusten duzuen landarea handi xamarra egin zaigu. Bestalde, beheko hostoak galtzen ari da eta ez dakigu zer egin landarea kontserbatzeko. Goreneko hostoak moztu? Orain egin daiteke? Eskerrik asko.
Kaixo Xabier. Diefenbakia bat da zuen landare hori. Argazkian garbi ikusten den eran, ontzi txikia du eta hor dagoen lurrean eskuera duen janariaren araberakoa hazi da. Landare guztiek bizitzeko etengabe hazi egin behar dute eta zeureak elikagaiak mugatuak izaki hosto kopuru jakin bat mantendu dezake. Ondorioz, hosto berri bakoitzeko zahar bat galduko du, gutxi gorabehera. Hostaje handiagoa izateko ontzi handiago batean jarri behar da, eta urari ongarri likidoa erantsi, pototan saltzen den hori eta “landare berdeentzat” jartzen duen horietakoa.
Muturra moztuta, beheragotik erraz berrituko da eta kendutako kimuak landare berriak sortzeko beste ontzi batean landatu, aise itsatsiko dira. Bestetik, itxura ederrekoa dago eta beraz bizi den tokia aproposa du. Bejondeizuela.
Aupa Jakoba. Aurrean dut duela gutxi ilenaz idatzi zenuen artikulua. Duda bat sortu zait horretaz: ukenduak egiten direla diozu... Nola egiten dira, ez ilenenak bakarrik, baina, oro har, ukenduak?
Kaixo lagunok. Gaztainondo txiki bat daukat loreontzian eta lurrean sartu nahi nuke, oraintxe bertan egin dezaket ala otsail aldera arte itxoin behar dut? Eskerrik asko eta hurrena arte.
Kaixo, Ima. Loreontzian hazitako landareak noiznahi aldatu daitezke, landarea oso-osorik mugituko baitugu: adarje eta sustraije guztia. Noiznahi, baina baldin eta oinarrizko betebehar batzuei iskin egiten ez badiegu. Loreontzian bizi den landarea ur gaineko bitsetan, ur-aparretan bizi da: lor onena, ongarriak eskuera, behar duenean nahikoa ur... Ima, zerorrek erantzun behar duzun galdera hauxe da: aldatuta jarriko dudan toki berrian gaztainondoak orain artean izan duen zaintza bera izango al du? Batez ere, ia egunero ureztatuko al duzu? Hala ere, urte sasoi okerrenean, bero-sapa-sargori-erre, aldatu baino, loreontzian mantendu ahal izanez gero, datorren negura itxaron eta otsail alde horretan aldatu.
Kaixo lagunak. Schefflera bat daukagu etxean. Oso luze egin zaigu eta jakin nahi genuke nola eta noiz moztu, eta zer egin behar dugun mozten dugunarekin beste landare bat lortzeko. Eskerrik asko eta beste bat arte.
Kaixo Marisa. Orain sasoi egokia da mozteko. Abuztuaren amaia artean, lasai nahi duzunean. Nondik moztu erabakitzeko, moztu ordurako kimu berria bota eta laster berriz ere gorantz joko duela kontuan izan. Hau da, hostaia multzoa eduki nahi duzuna baino 30-50 zentimetro beheragotik moztu. Mozten duzun zatiko adarrak banatu eta uretan sartu edo zuzenean lurrean jarri. Erraz itsasten da, baina hormona hautsez laguntzen baduzu alde ederrean etorriko zaizkizu. Uretan jartzen baduzu, sustraiak pixka bat garatu ordurako lurretara pasa. Aldaxka edo eskejeak zuzenean lurretan sartuz gero, honi beti heze eutsi eta toki epelean eduki, eguzki zuzenetik urruti. Lan hauek denak ilbeheran egiten saiatu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545