Egun on Jakoba.
Aguakate landare bat daukat, metro ta erdikoa eta lekuz aldatzea beharrezkoa dut, galdera da noiz berlandatu?
Ongi izan eta mila esker erantzuteagatik.
Hostoa galtzen ez duten landare guztiak bezala negua pasa ondoren landatzen da. Toki eta giro epelean bizi bada martxoa amaiera aldera, gainontzean apirilean. Beti ilbeheran egiteko lana da, eta ahal izanez gero sustrai egunean.
Gaur arte erantzundakoak (920 galdera-erantzun)
Seguruenera azaren harra da, ohikoena Pieris brassicae da. Tximeleta zurizta bat da, hostoen azpiko aldean arrautza hori-laranjak multzoka jartzen dituena. Sistema onena harrak jaiotzen direnean behatz artean zanpatuz lehertzea da. Aza sail handia baduzu beste nolabait moldatu behar. Bada bere aurka egiten duten liztor (Apanteles glomeratus), erle, armiarma eta abar, beraz hauek erakarriko dituzten beste landareak dauden tokien inguruan landatu azak: tipula, erromeroa, salbia... Harrak sortu orduko “Bacilus thuringiensis, 24” produktuarekin tratatu, ahal dela harak berak bustiaz; naturala da, harraren beraren gaitza zabaltzen duzu.
Izurrite honi aurrea hartzeko beste trikimailu bat ere bada, BIZI BARATZEA liburuaren 89. orrialdean azaltzen dudana: azaren gainean eta lurrean bere artean garoa (Pteridium aquilinum) jarri. Tximeleta arrautzak jartzera hurbiltzen denean uxatu egiten du.
Argazkiak ez du informazio gehiegirik ematen, baina saiatuko naiz. Itxuraz limoiondoa (Citrus x limon) kartzelan bizi da, lorontzi batean, alegia. Ontzia txikitxoa izango da. Fruitu arbolak hazteko ontzi handia jarri, HANDIA. Limoiondoari eguzkia gustatzen zaio, ahalik eta gehien izan dezan saiatu. Ureztaketa zaindu, erraz drainatzen diren lurrak atsegin ditu. Eta etengabe ongarritu, hilero edo bi hilabetetik behin ongarri organiko ona (simaur zaharra, luarra...) jarri lurraren gainean.
Kontutan izan: ontzietan bizitzen diren landare guztiak ahulagoak dira, eta gaitzek eta izurriteek errazago erasotu eta kaltetzen dituzte.
Intxaurrondoak (Juglans regia) hostaia galtzen du. Soiltzen diren espezie guztiak bezala udazkenean edo neguan aldatu behar da abendutik hasi eta otsaila bitartean. Guza bat bakarra izan kontutan: izotza izateko beldurrik ez dadila izan egun horietan. Landatzeko zuloan lurra harrotu egiten da eta izotz handia badator lurreko tarteetan barrena sartu eta sustraiak izoztu ditzake.
Nola egin? Landarea ahal den lur guztiarekin mugitu behar da. Ateratzerakoan ahal den eta sustrai kopuru handienari eta ahal bada oso-osorik eutsi. Sustrai handiak mozten badituzu, landareak zaputzaldia izateko arriskua izango du eta urte batzuetan agian buelta eman ezinik egongo da. Sustraietako zauri handiak babestu: salda bordeles pixka bat ontzi batean jarri, ur ttantta batzuk erantsi, ondo nahasi eta ore edo pasta antzeko horrekin busti zauriak. Hostaia berria ateratzen hasten denean asu urarekin ureztatzen baduzu alde ederreko indarrean etorriko da.
Iepa Jakoba.
Itziar naz, Errigoititik. Lehen pinudia izandako 14000 metro2tan intxaurrondoak jarri gura doguz. Etxean berez hazitako intxaurrondo emankor batetik haziak hartzea pentsatu dot, eta gero sortuko litzakezen landareak ez mendatu edo eztitu. Zer irizten deutsozu?
Bestetik, zein sasoitan erein behar dodaz? Eta zenbat denboragarrenean landatu?
Eskerrik asko.
Hazitik sortzeko ama eta aita behar dira: aitak polen hautsa zabalduko du eta honek amaren lorea ernalduko du. Amak emango du fruitua, intxaurra. Hazi horretatik sortutako landareak ez dira inoiz erabat amaren edo aitaren berdinak. Baten antza, bestearena edo bien ezaugarrien nahasketa izango du.
Etxeko hazitik intxaustia edo intxaurraga sortzea ondo iruditzen zait. Zeuk ezagutzen duzu inork baino hobeto etxeko hori… Eztitu edo mentatu gabe denek ez dute forma berdina ez intxaur berdin-berdinik emango baina naturalagoa izango da...
Honetarako intxaurrak bildu bezain pronto geruzatu edo estratifikatu. Ipurdian zuloak dituen ontzi batean (egurrenko kaxa bat, lorontzi bat...) erreka-hondar edo hare geruza bat jarri gainean intxaur geruza bat, gainean harea... Honela ontzia bete arte. Kanpoan eduki hotzetan eta euritan, lehortzen bada ureztatu. Otsailean atera eta erein, bestela bertan ernetzen utzi eta martxoa-apirilean atera eta landatu.
Onena intxaurrondoa gero biziko den toki berean sortzea dela esanten da. Sustrai lodikote nagusi bat ematen du eta tokiz mugitzen dugunean jeneralean sustrai hau moztu egiten da. Hazia muintegian edo baratzean eginez gero ahal den azkarren jarri behin betiko tokian, lehen edo bigarren urtean.
Kontutan izan: buztin lur motelak ez ditu atsegin eta behar bezalako tartea eman landare batetik bestera, gutxienez hamar bat metrokoa...
Txomin-belarra, Lekeitio-belarra, Bermeo-belarra, barrabas-belarra, barrabasa, potox-belarra, potro-belarra... Zenbat izen ote ditu belar honek? Denak belar txarra edo gogaikarria dela adierazten dutenak. Izen zientifikoa Oxalis latifolia du.
Oso zaila da baratzetik kentzea, erabat kentzea ezinezkoa dela esango nuke. Herbizida kimikoak erabilita lurra erabat kutsatuko duzu eta denbora luzez bertan sortutako ezer ezin jan. Rotabatorra da bere lagun handiena, aipatzen dituzun lurpeko erraboilatxoak ebaki eta zabaltzen ditu. Nik uste dut barrabasarekin ezikusiarena egin behar dela eta ugari dagoen tokietan landare altuagoak izango direnak jarri eta ttikiak jartzeko edo haziak egiteko lur garbia erabili.
Nik ez dakit beste izenik baduen, guk luisa-belarra deitzen dugu Aloisya citriodora. Luisa-belarraren adaxkak egiteko ahal dela lehengo urteko adarra eta urteko kimua hartu. Zuzenean landatzea da onena, lur beltz harroa eta erreka-hondarra nahasi. Aldaxkari mutturreko heren bateko hostoak bakarrik utzi. Azpiko aldeko bi herenak soildu, labana batekin goitik behera arrastan azala zauritu eta aldaxka ebaki dugun zauria zanpatu. Soildutako zatia lurpean jarri eta ondo zanpatu. Dilista ura prestatu (uretan jarri dilistak, ernetzen direnean ur eta guzti txikitu) eta berarekin ureztatu. Aldaxkak plastiko garden batekin estali daitezke, giro hezeari eusteko.
Beste era bat ere badago landarean sortzeko: landaretik moztu gabe adarrean zauritxo horiek egin eta lurra jarri inguruan poltsa batean bilduta edo, errazago, adarra makurtu eta lurretik pasa arazita.
Hazitik landarea lortu duen inor ez dut ezagutzen eta ez dut inoi entzun. Hala ere, saiatu eta landarerik sortzea lortuz gero jakinaren gainean jarri, denok ikasi dezagun.
Galanta galdera!! Guk nahi ez badugu ere beti sortuko da harren bat. Arazoa harrak gehiegi ugaritu eta izurrite bihurtzen direnean sortzen da.
Hasteko zein landaretaz ari garen jakin behar da. Eta ondoren zein harra den. Har guztiak gero, metamorfosia egin ondoren, intsekturen bat bihurtzen dira: kakalardo, euli, tximeleta… Har bat landare batean kaltegarria da eta bete batean ez. Horrexegatik zein landare eta zein har…
Orokorrean harrentzako tratamentu onena Bacillus thuringiensis da. Harren gaitza bat da eta beraiei ez beste inori ez die erasotzen, landareak garbi geratzen dira, berehala jateko moduan eta lurra ere ez da kutsatzen.
Lizunarena... Hori bai jakin beharko genuke lizuna zeri deitzen diozun. Izan daiteke onddoren batek sortutako zurina gaitzaren zantzua eta ondorioa. Baina baita beste zerbait ere. Beraz galdera hau zehaztu beharko zenuke taxuzko erantzuna eman ahal izateko.
Egunon, galdera bat Jakobarentzako, mila esker: aurtengo lorekin zer egin? Baratzan nik loreak zaintzen ditut, jakin nahi nuen zer egin beharko nukeen aurtengo lorekin: kosmos, calendula, alheli, margaritak. Moztu, kendu? Eta beste galderatxo bat: orain ze lore jarri ditzaket? Beti hazitik hasten naiz, mila esker.
Garbiñe
Aipatzen duzun lore bakoitzak bere bidea du: kosmosa (Cosmos bipinnatus, seguruenera) urteko landarea da. Urtero berritu behar duzu, alegia. Ilena edo baltsamu-belarra (Calendula officinalis) botatzen dituen hazietatik bera berritzen da. Gazteleraz alhelia dena euskaraz ahuntz-praka edo julufraia da (Cheiranthus spp), jeneralean bi urte bizi ohi da, baina gehiago ere iraun dezake. Hau ere hazitik ugaltzeko oso erraza da. Margarita deitzen duzun hori zein izan daitekeen ez dakit. Gehiago zehaztu beharko duzu...
Orain negu-udaberrirako lorean jartzeko sasoia da; batzuk aipatzeagatik saiatu udaberrian lorea emango duten erraboilekin, adibidez: idi-bihotza edo tulipa (Tulipa spp), hiazintoa (Hyacinthus spp), lilipa edo nartzisoa (Narcissus spp), irisa (Iris spp), fresia (Freesia spp), azpelarra (Crocus spp)...
Tulipanak edo idi-bihotzak (Tulipa spp) freskura maite dute. Urteko parte bero eta lehorra, uda eta udazkena lo igarotzen dute. Lurpeko erraboila udazkenaren erditik aurrera esnatuko da. Erraboilan pilatutako erreserben bizkar emango du Lorea. Ondoren lorea zimelduta hostoak luzatuko ditu eta berriro erraboila erreserbez osatu. Berriro uda lo pasa eta hurrengo udazkenean esnai.
Tamainan egin duzu galdera, Maria Paz, oraintxe da erraboilak landatzeko sasoia.
Urtetik urtera gordetzeko, lurrean bertan utzi edo behin hostaia zimeltzen denean, uda hasieran, lurpetik atera eta ondo lehortu ondoren ontzi batean jaso, toki fresko, ilun eta lehor batean.
Indaba edo babarrun haziak (Phaseolus vulgaris) hazi guztiek bezala berritu egin behar dira. Urtea joan eta urtea etorri etxekoen artean soilik gurutatu badaitezke, pixkanaka ahultzen joango da. Ez da normala, hala ere, urte batean erabat zapuztea… Beste arazoren bat izan ote daitekeenaren susmoa hartzen diot.
Horrenbestez, urtero ez, baina biz edo hiruz behin kanpotik ekarri hazia eta bostetik edo lautik bateko proportzioan nahastu etxekoari. Landareen ezaugarriak nahastu egingo dira eta indartu. Gure amona Joxepa zenak zioen beti “urak ekarritako” hazia gehitzeko. Gorago ohitutako hazia zailduagoa dago, baldintza okerragoetara jarria; eta hobeagoetara, behera eramanez gero errazago emango du.
Nikotina da tratamenturako erabiliko duguna. Beraz, aipatzen dituzun horietako edozein egokia da, zigarro, puru edo belar. Gaur egun hain hedatua den “liatzeko” tabakoarekin egitea oso erraza da. Hau da nire ustez eraginkorrena den formula, “Bizi Baratzea” liburuan azaltzen dudana:
Tabakoa eta xaboia,
intsekuen aurkako nahasketa on bat.
Mastekatzekoa, adibidez, 100 gramo tabako. Litro erdi bat alkohol eta beste hainbeste ur nahastu eta tabakoa sartu. Hamabost bat egunez beratzen utzi. 100 gramo xaboi neutro gogor birrindu eta 10 litro uretan urtu. Tabako ura eta xaboi ura nahastu.
Hona hemen, erraz askoa, intsektu egoskorrena ere aurre egin eta gailentzeko intsektizida naturala. Euli, har, beldar, arkakuso, zorri, zimitz, kotxinilla... argi ibili! Deskuidoan intsektuak izurrite bilakatu badira, zuzenean nahasketa horrekin tratatu. Erasoari izurrite esaterik ez bada, tratatzeko, erantsi beste 20 litro ur. Intsektuak ez baditu garbitzen, landareak ondo garbitu arte astero tratatu.
Nikotinak intsektu guztiak erasotzen ditu, baina batez ere harrak, azal ahulena dutenak. Beraz mantangorrien harrak tratamentuak egin ondoren zabaltzea hobe litzateke.
Kaixo Jakoba!
Zumarragan dudan baratzean ahabia eta masusta gorria sartzekotan nabil eta hauek noiz aldatzeko garairik egokiena noiz den jakin nahiko nuke. Negu aldean entzun dut baina noiz komeni den?
Ahabia (Vaccinium myrtillus) eta masusta gorria. Pentsatzen dut masusta gorria mugurdiari (Rubus idaeus) deituko diozula. Masusta izenarekin ikaragarrizko zikulusaltsa sortu dugu, eta ez dakigu oso ondo zein fruituz ari garen laharrarena (Rubus fruticosus), marugatzearena (Morus spp) edo mugurdia.
Ahabiak eta masusta gorriak, biek hostaia galtzen dute neguan. Horixe duzu aldaketa egiteko sasoi onena. Udazkenaren amaiera eta neguaren hasiera. Ahal izanez gero ilbeherako eguna aukeratu. Garrantzitsuena izotz beldurrik ez den egunen batean egitea da. Aldaketa egindakoan sustraiak harrotutako lur artean geratuko dira eta izotz gogor samarra eginez gero barruraino sartu eta sustraiak kaltetzeko arriskua dago. Aldaketa egiterakoan landarearen inguruko lurra ondo zanpatu, beti ere.
Kaixo Jakoba. Zuhaitzak aldatzeko sasoia dela irakurri berri dizut; nire limoiondoa lekuz aldatzeko ere garai ona al da? Ontzi handi xamar batean daukat, baina haizeak etengabe botatzen zuela-eta, Gabonez geroztik paretaren kontra daukat estu-estu. Ez dut lurrik baina eskatuko nuke lur pusketa bat hura landatzeko. Zer iruditzen zaizu?
Kaixo Ana. Zuhaitzak eta fruitu-arbolak aldatzeko sasoian gaude, bai. Negu partean hostoak galdu eta soiltzen direnak, aurten dugun eguraldia dela-eta, egokiena otsail amaierako ilbeheran egitea litzakete, otsailaren 18tik martxoaren 3ra.
Aldiz, negu partean hostajeari eutsi eta jantzita jarraitzen dutenak, zure limoiondoaren gisan, udaberri aldera aldatzen dira. Aurten apirileko ilbeheran egitea gomendatzen dizut, 13tik 26ra bitartean.
Limoi on!
Kaixo Jakoba. Zein litzateke garairik onena haritz gazte bat eta pago gazte bat transplantatzeko? Biak bost bat urtekoak dira. Bestalde, bi urte inguruko urki bat daukagu balkoian, eta mendian dugun sail batera eraman nahi dugu, noiz komeni da egitea? Eskerrik asko!
Kaixo Ekaitz. Hiru zuhaitzak neguan soiltzen dira, hostajea galdu egiten dute. Nahiz haritza (Quercus robur), nahiz pagoa (Fagus sylvatica), nahiz urkia (Betula pubescens) aldatzeko sasoia bera da: negu-neguko ilbehera, aurten urtarrilaren 24tik otsailaren 4ra bitartean. Neguko geldialdia baliatzen da landaketa lanak egiteko. Ahal duzun azkarren egin, beti ere izotza izateko beldurrik ez den egunetan. Hotz handia bada, landaketa egindakoan sustraien gaineko lurra ondo zanpatu eta simaur berri mordoxka bat jarri gainean, lurreko zirrikituetatik hotza sar ez dadin. Ahaztu gabe: landatutakoan zuhaitzaren lepoan lehen zuen maila berean jarri lurra.
Zuhaitzentzat betiko bizitokia aukeratzerakoan kontuan izan: ur gehiena urkiak behar du, pagoak ere ura eskertuko du; haritza, aldiz, lur lehorxeagoan ere moldatuko da.
Kaixo Jakoba. Posible al da golden sagar zuhaitzetan eta irasagarrondoetan dauden sagarrak eta irasagarrak ez usteltzeko zerbait egitea euli zurien kontra? Mila esker.
Kaixo Joselu. Nire ustez euli txuriak ez du zerikusirik fruituak usteltzearekin. Eulitxo horrek hostoetan egiten du kaltea: eztena sartzen du eta izerdia zurrupatu. Era berean hondakin gozo bat uzten du, gero onddo beltz batek erasoko diona. Eraso horren ondorioz dena beltz agertuko da eta hostoak ezin izango du bere lana taxuz bete, hau da, argiaren energia erabiliz landarea hornitzeko jakiak sortzea. Geruza beltz hori fruituetan ere azaldu daiteke, baina ez da usteldura izango. Agian, usteldura baten gainean euli txuriak ikusi dituzu, baina usteldura beste zerbaitek sortua izango da. Beraz bi gauza dira usteltzea eta eulitxoa. Ea bada usteldura horiek zerk sortzen dituen asmatzeko gai garen. Argazkiren bat edo bestelako informazio gehiago bidaltzerik bai?
Kaixo! Badira bi hilabete ziento bat porru sartu genuela gure baratze kaxkarrean; hainbat aholku irakurri eta hainbat laguntza jaso arren, porruak landatu genituen bezain ziztrin daude. Belar txar batzuk dituzte inguruan (gaztelaniaz aros izenekoak), eta ezinean. Argazkietan garbi ikus dezakezu… Zer egin dezakegu? Saiatu gara belar horiek kentzen baina ezin dira sustraitik atera! Eta gainera zure liburuan uzteko diozunez… Laguntzerik bai?
Kaixo Olga. Arrazoi osoa duzu, argazkiko porruek itxura ziztrina dute.
Nik egoera horren jatorria izan daitekeen arrazoi aukera esango dizut, eta irtenbidea zerorren esku dago. Zuk aipatzen dituzun landare “belar” hori ilarrondokoa da (Arum maculatum) baina sapelarra ere ageri da (Stellaria media) eta azenario batzuk ere tartean badirela esango nuke (Daucus carota). Eta bai, porruari belar artea gustatzen zaio, hezetasun zalea baita. Garrantzitsuena lur fresko eta sakona izatea da, eta erruz simaurtua; simaur edo luar zaharrarekin. Argazkian ikusten dudanez lurra hala-moduzkoa da. Ilarrondokoa agertzeak ere lurra sakonean ez dela prestatu adierazten du. Eta amaitzeko, hilabete pare bat izateko, gorabeherak gorabehera, ez daude hain txarto... Hurrengoan, ahal baduzu, ekainaren amaiera edo uztailaren hasieran aldatu.
Kaixo Jakoba. Errenterian dugun baserriko lursailean menda-belar ugari ateratzen da. Eremu horretan dauden menda-belar eta osinak gutxitzeko zer egin dezakegun jakitea gustatuko litzaiguke. Informazio edo aholkurik baduzu guretzat?
Kaixo Javier. Menda-belarra aipatzen duzunean menda zuria edo astamenda deitzen denaz ari zarela iruditzen zait, hau da, Mentha suaveolens. Bai menda hori bai asuna (Urtica dioica) etxekoak ditugu. Gure aldamenean bizitzera ohituta daude. Biei nitrogeno asko eta hezetasun handia duten lurrak gustatzen zaizkie. Nitrogenoa geuk ematen diegu: simaur, luar, kaka eta oro har usteltzen ari den edozein hondakin organiko.
Beraz bi landare horiei aurre egiteko lurra aldatu beharko genuke. Lan zaila. Errazagoa da moztuz saiatzea. Biek ala biek lurpean sustrai lodietan jasotzen dituzte erreserbak. Maiz moztuz, hilean bitan eta ahal izanez gero ilgoran, erreserba horiek agortzea lor daiteke, eta agur menda, agur asun...
Kaixo Jakoba. Etxe pareko lizarrak nahi baino gehiago ari dira hazten goraka eta mozteko garai ona zein den jakin nahi nuke. Eskerrik asko.
Kaixo Beñat. Lizarra mozteko sasoi onena udaberria da. Izerdi berria indarrean dakar eta zuk egingo dizkiozun zauri horiek di-da batean orbaindu eta itxiko ditu. Horretarako sasoiaz gain zauriak edo ebakiak ondo egitea ere garrantzitsua da. Nik otsaileko ilbeheran edo martxokoan egingo nuke lan hori. Beste aukerarik ez baduzu eta garai horretan ezin baduzu egin, apirileko edo maiatzeko ilbeheran egin.
Kaixo. Orain hiru urte argazkietako limoiondoa oparitu zidaten. Ontzia erosi eta hiru lekutatik ekarritako lurrez bete nuen. Han sartu nuen landarea. Oso ongi hazi da, indarrez. Baina fruitua ematean arazoak ditu.
Azken bi urteetan, loreak ekarri ditu eta itxuraz ongi hartu ere. Baina, limoiak oso handi egin baino lehen, ilun kolorea hartzen dute, eta azkenean lurrera erortzen dira. Ez dut uste zorri arazorik denik, tratatu izan baitut horren kontra. Beste zerbait izan behar du. Erremediorik badu?
Ongi izan.
Kaixo Juan Jose. Landarea indarrean dagoela ikusten da. Bera bizi eta puja politak emateko gai da. Bina lorea ernaldu eta fruitua ezin ekarri. Arrazoia jatena falta dela esango nuke. Horri erantsi hosto batzuen itxura. Argazkiren batean argi ikusten da: hostoaren ertzean berdamena galdu gabe du, baina barru aldean, hostoaren bihotzeko zainen aldean marra horiztak ageri dira. Horrek nitrogeno eskasia adierazten du. Erremedioa ez da zaila: ontzi handiagoan aldatu, ahal duzun handienean. Lur aberatsa jarri: baratzeko lur beltza, hondarra eta simaur zaharra heren bana. Gero, udaberritik udazkenera, hilean behin, oihal batean ardi-simaurra edo luarra bildu eta urez betetako ontzi batean sartu. Ura belzten denean horrekin ureztatu. Bukatzeko, ontziari platerik ez jarri azpian, soberan den urak erraz alde egin dezala. Hemendik pare bat urtera argazki berriak ikusiko ditugu...
Kaixo Jakoba! Aurten sagar urtea dugu gurean, sagar urtea dugunez! Sagarrondoak lepo beteta dauzkagu. Hori dela eta, sagardoa egiteko sagar biltzea noiz komeni da egitea? Ba al da horretarako garai egokirik, lortu nahi dugun sagardoari begira? Jakina, dagoeneko, lurrera erorita ere badago sagar mordoa, horiekin zer egin? Lehenbailehen bildu, dolarera bota eta sagardoa egiten hasi?
Kaixo Inazio. Aurten bada, bai sagarra. Ez denean, baina denean bada, asko da. Kontuz sagar kargarekin adarrak hautsi gabe: hagaiak eta txardango kirten luzeak jarri makulu lanetan.
Bilketarako heldutasuna da kakoa. Garai batean, gure amona Joxeparen sagardotegian, sagarra erori ahala biltzen zen. Sagastian ez zen, sekula, hagarik dantzatzen. Sagarrondoa ez zen moiltzen, hagaka jo eta sagarrak eraitsi edo jaisten. Garai hartan, hamabost egunero pasatzen ziren sagastitik eta lurrean zena jaso. Heldutasuna, bere lurrun eta zapore gorenak, lurrera erori denean ditu. Horrek bai sagardoa!
Gaur egun, heldugabe, berde eta gordin sagarrondoa moildu eta dolarera! Bildualdi bakarrean sagasti osoa jasoa. Eta, porru-hazi ederrak! Halakoa izango da sagardoa. Gaur bertan lagun batek esan dit, sagardogileak sagarra juxtu heltzen hasten ari denean moildu eta eramateko. Sagardo argia eta freskoa egin nahi omen duela. Arina eta nahi den guztia egingo du sagardoa, baina sagar gustua ez dio berehalakoan harrapatuko.
Bi mutur horien artean erabaki beharko da sagarra noiz bildu.
Dagoenerako lurrean dagoen sagarra, sagar txoroa da: gaitzak jotakoa, harjoa duena... Horrekin zizarra egiten zen lehen. Dolarean jo eta muztioa hartzitzen ari zen artean, alkohol pixka bat zuenean edan. Sagardo berriaren irrikia asetzeko, sasoiko lehen gaztainekin eta sardina zaharrekin batera.
Nahi izatera, sagar txoro horiekin muztioa egin eta pasteurizatuta jaso daiteke. Baita dultzea, konfitura edo marmelada eginda ere.
Kaixo Jakoba, zer gertatzen zaie gure azaloreei? Baratzean hasi berriak gara eta alferrik galduz gero nahigabe ederra hartuko genuke. Eskerrik asko.
Kaixo Jakoba! ARGIAko azken aldizkarietan agertutako sendabelarren gainean galdetu nahi dizut. Badakit tokian tokiko espresioak daudela eta belar ezberdinek izen bera eraman dezaketela, baina neuk ezagutzen dudan txitxare belarra latinezko Tanacetum parthenium izango litzateke, eta zuk aldizkariaren 2.318. zenbakiko argazkian Artemisa vulgaris (belar mina) izenarekin azaltzen duzuna bera da.
Ez dakit Matricaria parthenium eta Tanacetum Parthenium berdinak diren eta zenbait lekutan Artemisa abrotanum ere txitxare belar bezala ere ikusi dut. Nahaste izugarria dut familia horrekin. Argitzea bai ote?
Kaixo Pili. Egia da, izenak eta izanak nahasten ditugu. Txitxare-belar edo zizare-belar izena landare askorena da. Aipatzen duzun argazkikoa Artemisia vulgaris da, ez Tanacetum parthenium. Artemisiak lore grisaxkak ematen ditu, Tanacetumak, aldiz, larranbiloa edo kamamilaren antzekoak.
Compostae edo lore elkartu edo konposatuak dituzten landareen familia hori ikaragarria da. Elkarrengandik bereizi eta bere sendagaitasuna ezagutzen hasteko nik dakidan bide motzena Pio Font i Quer maisuaren Plantas medicinales, El Dioscórides renovado liburua da.
Kaixo Jakoba! Etxerako ekoizten duen baserritar txikia naiz, eta kalitatea ikaragarri estimatzen dudanez, saiatzen naiz dena ekologikoan egiten, Oraindik denbora gutxi daramat eta zalantza askorekin egiten dut topo. Horiekin lotuta, hiru galdera egingo dizkizut:
Bi urte inguruko sagar landareak ditut aurrez pinudia izandako tokian sartuta. Lurra nekatu samar dagoela deritzot, ez baitira asko hazten. Satsik ez dudanez, zein mineral klase bota niezaioke?
Adarrak kimatzea txarra dela aditua dizut; hala ere, adarrak okertzea komenigarria da?
Gaixoa sartuta daukan gaztaina landareak hesoletarako iraupen aldetik gorabeherarik badu?
Kaixo Xabier. Pinudiak lurra erabat azidotuta uzten du eta horri buelta eman behar zaiola iruditzen zait. Horretarako satsa baino hobea da karea: pHa bere onera ekarriko du eta lurrean bertan kateatuta dauden elikagaiak askatuko dira.
Ahal izanez gero sagarrondoei adarrik ez kimatu. Okertzea naturala da, eta fruta emateko teknika egokia.
Gaitzak jotako gaztainondoaren egurrak ez du zertan makalagoa izan behar hesoletarako. Zuhaitza eraitsitakoan materiala zein egoeratan dagoen ikusiko duzu. Iruditua –ihartu, bigundu, harrotu eta beratu antzekoa– edo alferrik galdutako zatiren bat badu gupidarik gabe kendu.
Kaixo Jakoba. Mandarinondoa erosi genuen aurrekoan, Elgoibarretik Azkarate bidean eguteran daukagun lursailean (itsasmailatik 400 metrora) landatzeko asmotan. Entzuna dizugunez, fruitu-arbolak ilbeheran landatu behar dira. Zer aholku emango zeniguke? Lekua egokia al da mandarinondoarentzat?
Aupa Aitziber. Ezagutzen ditut Elgoibar inguru horretan laranja, limoi eta mandarina eder askoak ematen dituzten arbolak. Lagun batzuen etxekoak dastatu berriak ditut.
Landarea bere ontzian erosiko zenuten, noski. Bada, mandarinondoak bezala neguan hostajeari eusten dioten landareak aldatzeko sasoia laster da, martxoa aldeko ilbeheran.
Aholku parea: toki ahal den egutera, epel eta babestuenean aldatu, eta neguan babestu. Hegoaldera begira dagoen horma baten kontra litzateke egokiena. Hormak beroari eusten dio eta babesen bat jartzerakoan errazagoa da. Estalkiren bat jarriz gero landarearen gainera ez bota, egitura batekin landaretik gora eutsi eta beti enborra oihal lodiz bildu, hotzak landarea erretzen badu ere enborrari bizirik eutsi eta hortik berritu dadin.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545