Egun on Jakoba.
Aguakate landare bat daukat, metro ta erdikoa eta lekuz aldatzea beharrezkoa dut, galdera da noiz berlandatu?
Ongi izan eta mila esker erantzuteagatik.
Hostoa galtzen ez duten landare guztiak bezala negua pasa ondoren landatzen da. Toki eta giro epelean bizi bada martxoa amaiera aldera, gainontzean apirilean. Beti ilbeheran egiteko lana da, eta ahal izanez gero sustrai egunean.
Gaur arte erantzundakoak (920 galdera-erantzun)
Kaixo Baserri aurreah Sahatsa negartia bat dugu, urte batzuk badituena. Orain, uztail bukaeran hostoak botatzen hasi da eta horitua dago. Gertu, pikuondoa lehortu zaigu. Normala al da hann garaiz lehortzea eta zer egin dezakegu hobetzeko. Estimatua dugu eta ez gendune lehortzea nahi. Mila esker aurrez. Marta
Sahatsa negartia, euskaraz ez da sahatsa, zumea baizik; zume negartia beraz. Zumeak oso urzaleak dira. Maiz ikusiko dituzu erreka, ibai, urmael, urtegi eta horrelakoen bazterretan. Eman ura erruz eta ea hobetzen den. Bestetik gaitz edo izurriteren bat ere izan daiteke. Horiek ikusteko ondo-ondo miatu hostopea, adarren punttak eta enbor ipurdia, lurrarekin muga egiten duen azpiko aldea.
Pikondoa lehortu dela-eta, ez zen bada bi zuhaitz horien inguruan lur mugimendu edo antzekorik egingo? Nibelatzea, lur zorua aldatzea edo horrelakoren bat
Argazkiak ikusi ondoren nik uste dut enborra zulatzen ari den izurrite bat duzula. Pikondoa ere zerrautsez zikindua egon bada berdin, hura ere zulatuta janda barrutik. Bilatu enborrean izango dituen zuloak eta bertatik alanbrea sartu, topea aurkitu arte, han ariko da harra egurra jaten, Alanbreari aurrera-atzera eragin harra hil arte, alanbrea atera eta bere arrastoak izan behar ditu muturrean.
Kaixo Jakoba. Negutegian Aretxabaletako 10 tomate landara eta Jack izeneko 5 landara ditut. Aretxabaletako tomateen hazia datorren urtean ereiteko gorde nahi nuke baina ez Jack landareana . Zalantza: Jack klaseak polinizatu ote dau Aretxabaletakoa? Edo Aretxabaletako klasea mantentzeko arazorik ez nuke izango bere hazia apartatuz gero? Eskerrik asko!!!
Normalena ez nahastea da, tomatea landare autopolinizantea da, bere burua polinizatzen du. Baina polinizazio bidezko nahasketa gertatu daiteke. Aretxabaleta klasea ekarriko duten haziak izango dituzula ziurtatzeko landare horien lore batzuk isolatu behar dituzu: ireki aurretik paperezko poltsatxoekin bildu; gero ireki direnean bere beste lore bat hartu eta igurtzi, bere polena emateko, eta itxi berriro; fruitua hazten ari dela ikusten duzunean poltsa kendu daiteke. Tomate ale horren haziak klase horretakoak izango dira.
Ez nabil tomateak ureztatzen ezta ongarritzen bakarrik jorratu, ondo egiten nabil?
Tomateak ureztatu gabe badituzu kalitate handiko fruituak jango dituzu. Lagundu nahi badiezu oso noizean behin asun urarekin ureztatu.
Galtzue jartzea orduko landare guztien inguruan ondo dago ala salbuespenak egin behar?
Gurea bezalako eguraldia dagoen tokietan galtzuak mesede adina kalte egin dezake. Aurtengoa bezalako hezetasun iraunkorrarekin oso txarra da. Bero handiak eta lehoreta denean bai, ona da. Orain ez.
Kupre sulfatoa tomateetan zuzenean galtzerdi batekin bota dezaket? Zenbatero?
Kobrea sekula ez bota hautsetan. Beti urarekin nahastuta eta berak esaten duen dosia errespetatuz. Kobrea metal astuna da eta landareetan, guk jaten dugun tomatean eta lurrean kutsatzailea izan daiteke.
Katuen populazioa goraka doan heinean nire ortue be inbadituten hasi dire ta nozepiñean katuen kakak topetan dodaz bertan. Interneten sartu nez ta honin inguruko ideia kontrajarriak topau dodaz. Beraz... katuen kaka ongarri ona da ortureko edo hobe ikusi bezain pronto kendutea?
Zeuk esaten duzun eran denetatik entzun izan dut katu eta txakurren kaken inguruan. Ez dut inoiz topatu gai horren inguruko taxuzko ikerketarik edo saiorik. Katuak kaka egiteko lur gozo eta harroen bila ibiltzen dira, eta zer hobe baratzeetakoa edo loreontzietakoa baino… Inola ere, nik nahiago nuke nire baratzean horrelakorik ez topatzea…
Tomateak negutegian ditut, baina ale batzuen hostoak aleka zimeltzen doaz, Ikusi ala kendu egiten dizkiete ebakita. Zer da? Ondo egiten al dut?
Nik esango nuke ez dela gorrina edo antzeko gaitzen baten erasoa. Gehiago lotuko nuke negutegiko giroarekin. Badirudi hosto horiek lehortea jasan dutela, daukaten ura eta egiten duen beroaren arteko lana. Ez dakit nola aireberritzen duzun negutegia, baina nik sasoi honetan beti irekita edukiko nuke. Hostoak bertan uztea ere ez da txarra, zeuk erabaki. Kentzen dituzunean zauria sortzen da eta gaitza sartzeko arriskua areagotu. Tratamenduak egiten badituzu moztu, bestela bertan utzi, lasai asko. Itxuera ez da beti garrantzitsuena…
Orain dela gutxi, 50 urtez gutxi gorabehera landatuta egon berri den insignus pinadia bota dugu eremu batean. Eremu hau Nafarroa iparraldean kokatuta dago, mendiaren ipar isurialdean 350 metro inguruan. Jakin nahi genuke bertan bertako ze zuhaitz mota landatu dezakegun eta ea datorren neguan jadanik landatzeko lurra ongi egonen ote den ala lurrari deskantsua eman behar ote diogun. Esker mila
Patata atera baino zenbat egun lehenago kendu daiteke arba edo landarea? Eskerrikasko
Landarearen zarbaren egoera da gakoa. Zarba ihartu bada, lasai asko kendu eta egun batzuk egon daiteke patata lurpean. Garrantzitsuena zarba kentzerakoan ahalik eta patata gutxien azaleratzea da; kanpoan badago eguzkiak jo eta berdetuko da, txartuz.
Gure eskolako ezpel seto bat harrak di-da batean akabatu zuelako beste landare bat sartu zuten (Euonymus japonicus Thunb?). Orain ere harren bat lanean dabilela iruditzen zait. Landareak bere kabuz aurrera egiteko aukerarik izango al du ala derrigorrez tratatu beharko litzateke?
Ezpelak badu bai har bat, arerio gogorra. Har horrek, ordea, ebonimusa ez du erasotuko. Argazkian ikusten den hori har batek egina izan daiteke, baina baita bareak edota barraskiloak, edo denek batera… Horrek ez du inola ere, ezpelaren harraren erasoaren tamaina hartuko. Egin dezakezun onena da lagundu: lehen urte pare batean ureztatu udan eta urtero ongarria eman.
Kaixo Jakoba: Apirilean negutegian jarritako tomate barietate desberdinetako landare batzukloratu ondoren, zurtoin nagusia hustuta dutela ikusi dugu. Ez dakigu gaitza ote den edo lurrean zerbait ote dagoenn. Ez zaigu tomate landare guztietan gertatu, baina bai barietate desbrdinetan. Zer izan daiteke? Mila esker eta ondo izan Argiloa
Nire ustez zurtoinarena ez da arazo bat. Ez gaitz ez izurrite, berezkoa baizik. Deigarriagoa egin zait hosto horituarena. Hori bat gorrinaren hasiera izan daitekeela. Ikusi dut azpiak eginda dituela landareak, lurra zerbaitekin estalia, alegia. Azken aste hauetako euriaren eta hezetasunaren emanarekin kalte egingo dio azpi horrek. Kontuz gaitzarekin.
Tomate landarak ditut estalita eta oso ondo etorri dira, baina orain, lehen fruituak jasotzen hasi geranian, hostoak lehortzen hasi dira eta goiko aldeko lorak erortzen . Argazkiak bidaltzen dizkizut zer izan daitekeen ote dakizun. Aurtengoa galdutzat joten dot baina ea datorren urterako zerbait esaten didazun. Eskerrik asko.
Uraren eta hezetasunaren erabilera desegokiaren ondorio dela iruditzen zait. Ur falta: bero handiegia izatearen ondorioz (haizeberritze eskasa…), landareak ezin nahikoa ura eraman hostoetara eta loreetara eta biak ihartzea. Ur gehiegi: batzuetan lehor eta hurrengoan ur gehiegi bada lurreko onddoek erasotzea gerta daiteke, Phytophtora adibidez. Zeuk jakingo duzu ondoen falta edo gehiegia den. Onddoarengatik bada ondo ondo garbitu landare arrasto guztiak eta erre. Orokorrean: berotegia beti irekita eduki, eta ureztaketa gutxitan baina oparoa, sakon bustitzeko lurra.
Gordetzeko urteko patata jasotzeko egunik onenak jakin nahi nituzke, landarea ilartuta daukagu jada, beraz hilabete honetan ateratzea komeni delakoan nago. Eskerrik asko
Patata bildu, jaso eta ahalik eta luzeen ondo irauteko ilbeheran atera behar da, eta ahal bada sustrai egunean. Uztaileko ilbehera 16, 11:00etatik eta 30 artekoa izango da; sustrai egunak 23 eta 24 egun osoak eta 26 eguerdi artea. Ahal baduzu egun horietako batean atera, lur gainean ondo lehortzen utzi, gero lur hondarrak kendu eta toki lehor, ilun eta ondo haizeberritzen den batean jaso. Baldintza horiek garrantzitsuak dira.
Patataren inguruan lihoa jarrita nahikoa izango al da kakalardo marraduna uxatzeko?.
Eskerrik asko aldez aurretik!
Nire ustez ez. Onena alberjinia jartzea da, patataren familiakoa da eta hura nahiago izaten du. Alberjinian bilduta daudenean atera eta erre.
Aurten irasagarra ederki zetorren, fruitu dexenterekin eta azken asteko euriak eta gero hostoei gaitza sartu zaie, orban marroi ilunak... gorriña al da? Nola lagundu diezaioket?
Gorrinak dira. Irasagarrondoak sentsibilitate handia du gaitz horiek dakartzaten onddoekiko eta udaberri hezeetan nonahi eta noiznahi agertzen dira. Gaitzekiko erresintentzia garatua duten barietateak erabiltzea eta kobrea oinarri duten produktuak erabiltzea gomendatzen da.
Alde batetik, tomateei dagokienean, azken asteko euriak pasata azpiak egin dizkiet duela egun pare bat moztutako belarrarekin (sekatzen hasia). Ez dakit ideia ona den... pentsatzen dut honek hezetasunari helduko diola eta gainera deskonposatzen hasiko da.
Bestetik, gorriña eta zuriñaren prebentzio moduan hurrengo nahasketa egitea pentsatu dut: azeri buztanaren irakiña, propoleoa eta esnea %10ean. Zer iruditzen zaizu? edo bestela, nola hobetuko zenuke?
Tomateari azpiak egitea Euskal Herri atlantiarrean ez da idea ona. Hezetasuna da tomatearen arerio nagusia eta azpiak horixe dakar hezetasun gehiago. Kendu ahalik eta azkarren. Azpiak toki edo sasoi oso lehorretan erabiltzea gomendatzen da. Aipatzen duzun gaitzen aurkako tratamendu horri nik itsasoko ura (%10) eta xaboi potasiko pittin bat erantsiko nioke. Gaitza indarrean bada baita kobrea eta sufre pittin bat ere.
Kaixo Jakoba. Lagun baten tomateak horrela daude, eta ez dakigu zerk eragin duen. Ondorioz, ezta nola jarri erremedioa, baldin badago.
Nire ustez txori edo hegaztiren batek jaten ditu; mokokadaren arrastoa ageri dela dirudi. Oiloak, zozoak, mikak, beleak… Beraiek ez inguratzeko zerbait jartzea komeni, onena eta errazena sarea.
Kaixo. Lursaik malkartsu bat dugu Bidanian garbitu berri duguna (400m2] eta sasiak berriro har ez dezan zuhaitz edo zuhaixkak landatu nahi genituzke. Malkarra izateaz gain 60zmtara arkaitza du azpikaldean beraz zuhaitz handiak ezin dira izan. Zer landatu dezakegu??? Eskerrikasko
Pagoa ez da aukera txarra. Sakonera horretako lurrean ederki etorri daiteke. Gainontzean artea, gurbitza edota gartxua ere bai. Lur beroa, hego magala eta lur harrokoa bada baita ametza ere.
Kaixo. Lur zati malkartsu bat dugu bidanian eta sasiak har ez dezan garbitu eta zerbait lanfatu nahi genuke. Malkarra eta arkaitztsua da, 60zmtara arkaitza du azpikaldean beraz zuhaitz handiak ezin dira izan. Zer landatu dezakegu??? Eskerrikasko
Pagoa ez da aukera txarra. Sakonera horretako lurrean ederki etorri daiteke. Gainontzean artea, gurbitza edota gartxua ere bai. Lur beroa, hego magala eta lur harrokoa bada baita ametza ere.
Negutegian tomate landarak dauzkagu. Horko tomate haziak balio du datorren urtean landatzeko? Edo kanpoko ortuko tomateen hazia bakarrik balio du?
Negutegikoak kanpokoak bezalaxe balio du, berdin berdin. Tomate alea sortu bada loretik ernaldu dela esan nahi du eta haziak sortu. Hazi horiek ondo heltzea komeni da. Hazitarako jaso nahi dituzun aleak ondo heltzen utzi eta gero kanpokoen bide berdinetik haziak jaso.
Zer iruditzen zaizu piparrak eta tomatiak landatzia, zulotxoan berakatz zati txikiekin? Lagun baten trikimailua da baiña ez naiz fidatzen. Ez al dio kalte egongo berakatz txikituak piper eta tomate sustraieri?
Inoiz ez dut entzun horrelakorik. Ea zer emaitza izaten duen. Asuna bai, asuna zuloan jartzen da gero usteldu ahala landareari gorrinari aurre egiten laguntzen diolako. Baratxuri ura gaitzari aurre egiteko landarea bustitzeko erabiltzen da. Buru bat txikitu eta litro bete uretan infusioa eginda; edo txikitu eta uretan 10 egunez eduki ondoren. Nire ustez sustraiei ez die kalterik egingo; agian jaleren bat uxatzeko mesedea bai. Gustura jakingo nuke zure lagun horren saioaren emaitzaren berri.
Kaixo Jagoba. Negutegian dauzkagun tomate batzuk azpitik belzten hasi zaizkigu. Hosto batzuk ere horitzen hasi dira. Gorrina edo zein gaitz dela iruditzen zaizu? Nola trata dezakegu? Orain arte osin urarekin ureztatu besterik ez ditugu egin. Eskerrik asko.
Ipurdi beltza esaten zaio gaitz horri. Gaitza baino gabezia bat adierazten du. Kaltzioa falta zaio landareari. Bi arrazoi izan daitezke: lurrean kaltzioa falta da eta beraz ongarriketan kontutan izan behar da emateko(karea, dolomita, errautsa…). Beste arrazoia uraren gorabeherak izan daitezke; lurrean kaltzioa badago baina tarte batzuetan ur eskasiagatik landareak ezin du behar adina hartu. Nire ustez ur falda tude; oasin ura oso ona da, baina negutegian ur asko behar du… Ureztatu gutxitan, baina oso sakon, ur asko emanez.
Gabon Jakin nahi nuke saltsa bordelesa eta kuprea fruitua dagoenean bota al leiken. Milesker aldez aurretik
Bai bota daiteke. Gauza bakar bat izan behar duzu kontutan, salda bordelesa edo kobredun beste produkturen baten ontziaren etiketak garbi adieraziko dizu zein den segurtasun epea, hau da tratamendua egin eta bustitako landarearen edozein atal jan aretan errespetatu behar dena. 10 eguneko epea jartzen badu ezin duzu jan hamar egun igaro arte.
Kaixo Jakoba! Aurreko asteko eguraldiak eta bota zituen kazkabarrak gure tomate landareak jipoitu ditu (negutegirik ez dugu). Ondorioz, ditugun landare guztiei mildiu delako onddoak eraso die zurtoinean, hostoetan eta ale batzuetan. Hainbeste landare eta gehienak etxean hazitik ateratzen ditugunak dira, mimo guztiekin. Orain ordea, zer egin dezakegu? Nola gelditu onddoa? Nola lagundu landareei? Mantxa marroiak dituzten hosto eta landareak kentzea komeni da? Sekulako pena... Eskerrik asko!
Toki askotan dagoenerako atzera bueltarik egoeran daude tomate sailak. Goiz antzera jarri eta udaberri amaiera petral honek harrapatu. Nik uste dut egokiena litzatekeela tratamendu gogor bati ekitea: salda bordelesa, asun ura, sufre ttantta bat eta itsasoko ura. Adibidez 15 litroko motxilakada prestatzeko 3-5 litro asun ura, litro bat itsasoko ura, sufre goilarakada txiki bat eta salda berak jartzen duen proportzioan. Salda bordelesa erabili beharrean kobrea beste forma batzuetan ere erabili daiteke, glukonatoa, adibidez; Glucosei eta beste izen batzuekin topatuko duzu. Hala ere landare batzuk oso jota eta gaitzak erabat harrapatuta baditu kentzea litzateke onena, besteak salbatze aldera… Hurrengorako gogoan izan tomateari txapela gustatzen zaio, makil puntatik makil puntara zabaldutako plastiko gardena, goia bakarrik estaltzen duena. Horrelako eguraldi kaskarretatik babesten du (txingor, euri jasa, udako ihintza handiak…) eta batere maite ez duen hezetasun handiena kentzen dio.
Zergaitik dekoz hainbeste lore siku? Ur larregi?
Nire iritziz ur falta da hori. Tarteren batean izango zen egun bero bat eta ur falta edo ur gutxi. Hori ez gertatzeko loreontzi askoz ere handiago bat jarri edo ureztaketa zorrotz zaindu, egunero eman, alegia.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545