Astelehenero 8:00etan zure epostan
Mahatsa daukat terrazan, itzala egitea da helburua. Noiz podatu beharra daukat?
Mahatsondoa martxoan inausten da. Onena ilbeheran eta sustrai egunean. Aurten martxoaren 4, 5 goiza, 6 eta 7.
Gaur arte erantzundakoak (1195 galdera-erantzun)
Kaixo, Zer moduz? Karea botata eta plastikoarekin tapatuta daukat patata erein nahi dudan lur zatia. Ongarritzeko ximaurra botako diot edo beste zerbait ere bai? Eta noiz dira goizeko patata ereiteko egunik onenak? Bestalde, inbernadero barruko lurra lehor xamarra daukat. Espinakak jarri ditut eta ez zaizkit hazi. Lurrak zer beharko duela uste dezu? Nola ongarrituko det? Eskerrik asko!
Patata ereiteko edo landatzeko ongarriz ondo hornituta egon behar du lurrak. Karea emana badu lehen, ahalik eta azkarren zabaldu ongarria: simaurra, luarra… 3-4 kilo/m2. Patata ilbeheran eta sustrai egunetan egiten da. Goizekoa egiteko dagoenerako garaiak etorriak dira. Otsailean 5, 6, 7 et 8 izango dira. Martxoan 4, 5 goiza, 6 eta 7.
Ziazerbak ongarri asko behar du, patatak adina, baina alde nabarmen bat badu: beti ongarri ondo egina edo heldua behar du. Orain bere inguruan zabaldu eta lur azala piska bat mugitu eta hasieran pixka bat ureztatu ongarria sustraietara iristeko.
Aupa egunon Jakoba!! Mizpira bat daukat, aspaldi kasoik in gabe eta itsusi samarra, arbola fuertea dago eta aurten kimaketa on bat egin nahi nioke txukuntze aldea. Noiz izango litzateke egun aproposena? Eta adar haundi xamarrak moztu behar dizkiot eta heridan pastan bat edo ematea komeni da?? Mizpira hau Adunan dago hegomendebalderantz orientatuta. Esangoiazu. Ondoizan eta eskerrikasko.
Inausketa egiteko sasoi onena izerdi berriaren mugimendua da, martxoa. Ilbehera eta sustrai egunak egokienak. Aurten martxoko ilbeherak 1etik 11ra eta 25etik atzera izango dira. Sustrai egunak 4, 5 goiza, 6 eta 7 izango dira. Zauriak ondo egigtea da gakoa, eta sekula ez eman pasta orbaintzailerik, kalte besterik ez dute egiten: orbaina ondo egitea galarazi eta gaitzak zauritik sartzeko aukerak handitu.
Lurra udaberrirako prestatzeko, lehenengoz karea botatzea gomendatu dostie,. Geroago ongarrie (zizare eta zaldiena adibidez) Hau zuzena da?
Ongarria beharrezkoa da ia beti. Karea lurra nolakoa denaren arabera. Biak eman behar izanez gero gutxienez ilargi baten tartearekin egitea gomendatzen da. Zein lehen eta zein bigarren zeuk ikusi, berdintsu dio.
Kaixo Jakoba, Tolosako landare azokan ahabia eta mugurdi horia erosi ditut. Orain aldatu daitezke? Edo oraindik izotz arriskua egon daiteke eta itxoitea hobe? Ilbeheran komeni da ez? Ahabiari buruz irakurri dut, baina mugurdi horiari buruz ezer gutxi dakit. Zer eduki beharko nuke kontutan? Fruituak noizko izango ditugu?
Orain landatzea komeni da. Hostoa galtzen dute eta otsailean egin, beranduenera martxoa erdirako. Ilbeheran egitea da egokiena, bai. Ahabia eta mugurdia berdin zaindu. Eguzkia tamainan, mugurdiak gehixeago jasan dezake. Ongarria urtero eman. Karerik ez eman, lur azidoa atsegin dute eta. Ahabia azkar hasten da ematen agian baita lehen urtean ere. Mugurdiak 2-3 urte beharko ditu.
Kaixo Jakoba, Kainaberak landatu nahiko nituzke terreno batean, nire etxe ondoan dauden kanaberen sustraiak hartuta, zein da garairik egokiena hau egiteko? Eskerrik asko
Kanaberak lurpeko eta lu azaleko errizoma bidez ugaltzen dira. Hori egiten duten landare ia denak bezala udan landatzen dira, abuztuan. Egokiena ilbeheran eta sustrai egunean; aurten 15, 17 goiza eta 18 izango dira. Lurretik atera ahalik eta sustrai gehienarekin eta toki berrian landatu. Uda-udazkena beroa bada lehen urtean ureztatuz lagundu.
Kaixo Jakoba, horietako bi ditut asko handitzen ari dira eta inoiz ez dakit noiz kimatu behar diren. Fruitua udan hasieran ematen dute, ekain--uztailean; horren ondoren, agian? Mila esker
Bai, egokiena fruitua eman ondoren. Izerditan dagoela onena. Hala ere ez da asko kimatu beharreko fruitu arbola. Kimatzen duzun eran fruitua emateari utziko diote. Beraz kontuz, asko ez moztu…
Aupa, Jakoba: Txori gerezi handi baten zain batetik jaiotako gerezia daukat txertatuta (duela 2 urte), arbola handitik 5-6 metrotara. Aldatu egin nahi nuen lekuz, baina ikusi dut ez duela batere zainik, beste arbolaren zain handiaz aparte. Ze etorkizun izango du aldatzen ez badut? Nahiko leku badu handitzeko, baina ez dakit fundamentuzko arbola egingo den ala ahul geratuko den, haizeagatik-eta. Aldatzea ezinezkoa ikusten baitut. Eskerrik asko!!!
Txertatu duzun aldakaitz horrek ez baditu bere sustraiak eman, behar ez dituelako da. Amarenetik tiraka ederki bizi dela esan nahi du. Nahikoa toki izango badu, bere horretan utzi. Gainontzean, kendu eta landatu egin nahi baduzu, otsailean lurraren azpiko eta 20 bat zentimetro gaineko azala urratu eta lurrarekin menditxo bat egin eta uda osoan ondo ureztatuta eduki, Urratu horietan sustraiak emateko joera piztea da helburua. Hurrengo neguaren amaieran sustraiak egin baditu, amarengandik ateratzen den tokitik moztu eta landatu.
Urtarrilaren 29ra arte aipatu duzue ILGORA dugula, ondoren ILBEHERA. Ilargi betea otsailaren 1ean izaki, ez litzateke egun honetatik aurrera hasiko ILBEHERA?
Eskerrik asko,
Ilargiaren Ilgora-Ilbehera zikloa ez dago guk ikusten dugun ilargia handitzeari eta txikitzeari lotua. Hori Ilzahar-Ilberri zikloa da. Ilargi beteren ondoren Ilzahar hasten da, ilargia galtzen edo txikitzen hasten delako. Ilargi berriarekin Ilberri hasiko da, handitzen edo hazten hasten delako. Ahal baduzu begiratu, mesedez, urtero argitaratzen dugun ILARGIA ETA LANDAREAK agenda. Bertan hasieran ilargiaren bi ziklo horiek ederki asko azaltzen dira.
Kaixo Jakoba, ortuen bi kerixa arbola dittugu. Bat duela bi urte lehortuta( azaroan loratu zan ) eta bestea be uste dot lehortuta dauela. Zein izan leike honen arrazoia? gurien 15 urte egon die kerixa ederrak emunez. Merezi ote dau, toki berdinien berrixek sartzie?
Gereziondoak Euskal Herri hezean asko sufritzen du. Hezetasuna medio gaitzak sartzen zaizkio eta urte gutxi bizi ohi da. Pentsatuko duzun bezala 15 urte oso gutxi da gereziondo batentzako, seguruenera hezetasunaren ondorioz hil dira: lurra buztintsua da, lurrak ura hartzen du nonbaitetik, inausi eta zauriak egin zaizkie arbolei… Horiek denek ekartzen dute horrelako panorama. Zeuk ikusi, baina berriak jarriz gero antzeko etorkizuna izango dute. Hala erabakiz gero hezetasuna kendu: lurreak azakiak ireki arbolen inguru handi batean eta itzalak kendu.
Kaixo, Noiz da garairik egokiena Euskadiko kostaldean inausketa egiteko? Eskerrik asko.
Negua igarotzen utzi eta izerdi berria datorrenean kimatzea komeni da. Kostalde epelean martxoa da, jeneralean, sasoi egokiena. Inausi eta bide batez lur berria, ongi ongarritua jari. Inausketan kendutako adar muturrak aldaxka bezala ugaltzeko erabili daitezke.
Kaixo Jakoba! Zure ustez noiz da banbu landareak moztuteko sasoirik oberena gehiago iraunteko?. Mila esker
Urtarrila eta otsaila, hau da negu-negua da nire iritziz sasoi onena. Nire inguruan ikusi dudanagatik esango nuke otsaila hobea dela, eta ilgora. Aurten otsailaren 12ko 13:48tik hasi eta 25a, bera barne, arte izango da.
Kaixo! Jakin nahiko nuke ahabia noiz inausi behar den. Ilargia goruntz edo beruntz doan kontutan izan behar da? Sustrai eguna.... Erantzunaren zai geratzen naiz.
Inausketak, orokorrean, ilbeheran egitea komeni da, batez ere negukoak eta eraketa edo oinarrizko inausketak. Eta bai, ilbeheran eta sustrai egunean. Horrela nahi duzun zatia kendu, nahi duzun begia utzi kimu berria sortzeko, baina ahalik eta energia gutxien kenduta landareari.
Kaixo Noiz podatu beharko nituzke hortensia landateak? Oñatin ditugu landareak 400 bat me trotara Mila esker
Hortentsiak neguan hostoak galdu egiten ditu eta loaldirako prestatzen da. Utzi bakean. Gero, martxoa aldera etorriko da izerdi berria eta orduan inausi behar da. Egokiena martxoko ilbeheran eta sustrai egunean. Aurten martxoko ilbeherak 1etik 11 arte eta 25etik 31 arte izango dira, horietan sustrai egunak 4, 5 goiza, 6 eta 7 izango dira.
Tomate hazia ekarri didate japoniatik. Noiz eta nola ereitea gomendatzen didazu? Legazpitik idazten dizut.
Japonia Euskal Herriaren moduan Ipar hemisferioan dago eta hemengo urtero berak dituzte sasoi berean. Beraz, nik hemengo tomatea ereiten den garai berean ereingo nuke. Oso goizeko landaketak egiten dituen jendeak otsailean ereiten du. Kanpoan baratzean landatzeko martxoan ereiten da, eta maiatzean landatu. Ereiteko egun egokiak ilgorakoak dira eta onenak fruitu egunak. Datorren martxoaren ilgora 12 eta 24 artean izango da eta fruitu egunak 12, 13 eta 14 goiza izango dira.
Kaixo! Suko hautsa baratzako zein lekutan bota beharko genuke? Udaberri/udako landareetako zeineri doakio ondo? Ala orokorrean zabalduta ondo? Eskerrik asko!
Orokorrean buztina, lurralde hezean eta ongarria erabiltzen den lurretan errautsak lan ona egiten du. Karearen tankera beretsuan. Lurra harrotuko du, pH-a igoko du, landarearentzako elikagaiak mugituko ditu eta elikagai batzuk erantsiko dizkio lurrari. Toki bakar batean botatzea baino hobea da zabaltzea. Sekula ez ongarri organikoarekin, simaurrarekin edo luarrarekin batera; batetik bestera hilabete bateko tartea utzi.
Pago landareak nahi baino beranduago iritsi dira dendara eta otsaileko ilbehera landatzeko garai ona den jakin nahiko nuke. Ze egun dira egokienak?
Bai, otsailean lasai landatu daiteke. Hostoa galtzen duten landare guztiak bezala. Ilbehera da egokiena. Urtarrilaren 30etik otsailaren 12ko eguerdira arte izango da ilbehera. Sustrai egunak izango dira bereziki onak: otsailaren 5, 6, 7 eta 8.
Iepa! Limoiondoa hostoak galtzen ari da, aurten landatua da zer egin genezake? Milesker
Ez dakit non bizi den limoiondo hori, baina esango nuke hotzak akabatzen dagoela. Euskal Herriko toki epelenean (Itsasaldean) landatuta ere, lehen urteetan negu partean babestu egin behar da. Toki bero batetik etorriko da, eta egokitu egin behar da bere bizitoki berriko girora, eta batez ere negura. Hiru gauza egin behar dira. Enborra eta adar nagusiak oihal gozo batekin bendatu. Txapela jarri, inguruan hiru edo lau makil sartu eta gainean txapela jarri, ez dago buelta osoa estali beharrik, gaina nahikoa da izotzak kentzeko. Eta, lurrean inguruan simaur berri-berria jarri, asko, hartzitu edo fermentatzen duen bitartean lurra, sustraiak eta hostoen inguruko airea ere berotu ditzan.
Egun on Jakoba! Ekialdera ematen duen terreno txiki batetan lizarra hazten utzi degu...baina...ez degu nahi goraka haztea eta ez eta ezkerreko adarrak haztea ( kotzeak ondotik pasatzen direlako ) . Etorkizunean interesatzen zaigu bere eskubira proiektatuko lukeen itzala! Noiz eta nola kimatu dezakegu gixajoa??? Eskerrik anitx, Olga
Lizarrak hostoa galtzen du eta kimatzeko sasoia izerdi berriaren hasiera da. Toki hotzean bizi bada martxoko edo apirileko ilbeheran, eta itsasalde epelean bizi bada otsaileko edo martxoko ilbeheran. Eguraldiaren arabera erabaki toki bakoitzean zein hilabetetan egin.
> Kaixo ! Jakin nahiko nuke noiz dan sasoi aproposa liloa eta aranondoa aldatzeko eta ia ( iparralden bezela ) loriak irailean ematen ditun..... > Mila esker, Olga
Lila edo amañi-lilia bezala aranondoak neguan hostoak galtzen ditu. Biak landatzeko sasoi aproposa udazkenaren amaiera negua dira. Otsailaren amaiera aldera arte egin dezakezu lan hori, izotza izan daitekeen egunetan ezik. Ez dut ezagutzen irailean loratzen den lilarik. Udaberrian loratzen dira, Euskal Herriak lilak.
Egunon Jakoba, Koro naiz, Legasakoa, nafarroan. Baratzen badugu limoiondoa koxkor bat. Aitak egiten zion kimaketa lanak baino zendu da eta GURE esku gelditu dira baratze lanak. Galdera bat dut, noiz eta nola egin dakioket kimaketa? Esker mila, Ongi izan, Koro.
Limoiondoa nik ez nuke kimatuko. Ez da arbola handia egiten eta ez du bilketarako arazorik ematen, fruitu biguinagoak ematen dituztenen aldean. Adarren batek enbarazu egiten badu, hura kendu eta listo! Lan hori egiteko sasoi onena apirila-maiatzeko ilbehera da. Gainontzean inausi gabe badago, urte gutxitan igarriko diozue askoz ere ale gehiago emango dituela. Gauza bat egin behar duzue, urteoro ongarritu.
Kaixo intxaur zuhaitzak noiz eta zein produktukin fumigatu behar dirá?
Batean eta bestean saiakuntza ugari egiten ari da euli horren kontrolerako. Gipuzkoa mailan Biolur elkartea egiten ari da tratamendu ekologikoekin. Oraingoz tranpak erabiliaz harrapaketa masiboak egiten saiatzea izan da proposamena, baina ez du esperotako emaitzarik eman, oraingoz. Beste aukera zuk diozun tratamenduak egitea da. Ekologikoan onartutako intsektiziden artean Spinosad da erabiliena. Ekologikoa ez denetan, Deltametrina duen intsektizida darabiltze, nire iritziz erabat baztergarria den aukera. Tratamenduak uztailean hasi eta uzta jaso arte egiten dira. Beste lan interesgarria orain, negu partean, intxaurrondopean lurra harrotzea da. Negua igarotzen hor daude euliaren pupak, hurrengo udan ateratzeko prest eta harrotutakoan horietako asko hotzak harrapatuko ditu eta akabatu.
Gabon, ni bizi naiz Belagoan(Izaba) 1000 metrotara gutxi gora behera, nere galdera da, ze sagarrondo mota landatu laike tokiak honetan eta noiz?. Reineta ez dira ondo urtetzen. Eskerrik asko.
Errege sagarren multzoko sagarrondoek ziklo luzea dute, loratu eta sagarra heldu artekoa. Aldiz, Belaguan, sagarraren zikloa motza izango da: hotzak joandakoan loratu eta sagarra heltzerako berriro hotza. Nik ziklo motzeko barietateak jartzea gomendatuko nizuke, adibidez: Sanjoan, Amabirjina eta Pelestrina.
Egun on.
Urteko zein sasoi da eguzki loreak biltzeko? Ba al da eguzkiloreak etxean ekoizteko modurik?
Eskerrik asko
Eguzki loreen haziak saltzen dira eta gero eta jende gehiago ari da eguzki lorea etxean egiten. Lorea nola garatu denaren arabera moztu behar da. Gehienek abuztuaren amaieran edota irailaren hasiera aldera mozten dute.
Kaixo,
Urtarril onetan zein sasoi da oberena akaziak transplantatzeko.
Eskerrik asko
Ilbeheran egiteko lana da landaketa. Urtarrilaren 15 arte da oraingo ilbehera eta hurrengoa urtarrilaren 30etik otsailaren 12ko eguerdira arte. Landatzerakoan enborraren azpiko aldean dituen adarrak moztu daitezke, horrela izerdi berriaren indarra enbor nagusi hori haztera bideratuko da.
Mango zuhaitza noiz komeni da landatzea?
Mangondoak ez du hostorik galtzen neguan, beraz udaberrian izerdia ondo mugituta duenean landatu behar da, apirileko ilbeheran onena. Ordurako egun argia ederki luzatuta dago eta tenperaturak ere igota.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545