Astelehenero 8:00etan zure epostan
Iakoba buztin lurra da gure etxian eta sutako autsa ze landareri etorriko litzayoke ondo ? Beste galdera baina aziya egiteko ze garay da ona? Eta azenayua ? Eskerrikasko
Errautsak kaltzioa du osagai nagusia, baina kareak ez bezala, beste mineral batzuk ere baditu. Bere lan garrantzitsuenak hauek dira: lurra harrotu eta lehortu egiten du, lurraren egoera kimikoa neurtzen duen pHa igotzen du lurraren azidotasuna apalduz eta mineral batzuen mugimendua erraztuz (landareak ere errazago hartzen dituelarik) eta kaltzioa erantsita landareak eskuera edukiko du elikagai garrantzitsu hori fruituak hobeak eta iraunkorragoak emateko.
Ia landare guztientzako ona da buztin lurretan. Ahabia, hortentsia eta lur azidozaleak diren landareak ezik gainontzeko guztientzako ona da. Ongarriketa garai nagusia udazken-negua da. Ongarri organikoa (simaurra, luarra…) eta errautsa edo karea ez dira batera eman behar. Batetik bestera ilargialdi bat izatea komeni da, hilabete bat gutxienez. Azaroa-abenduan simaurra eta urtarrila-otsailean errautsa, adibidez.
Leka, bai motza eta bai luzea, maiatzean hasi eta abuztuaren erdira arte ereiten da. Negutegiaren barruan egin nahi baduzu martxoaren erdian hasi eta abuztuaren amaiera arte egiten da.
Azenarioa Martxoaren amaieratik irailaren hasiera arte ereiten da.
Gaur arte erantzundakoak (1007 galdera-erantzun)
Zorria nitrogenoarekin lotu behar da. Garrantzitsuena hori da, beste arrazoiren bat izan daiteke, baina hasteko nitrogenoa. Landareen janari horrek hazkuntza sustatzen du: enborra, zuztarra, adarra, hostoa... Eta zorriak eztena sartu eta izerdia zurrupatzen du. Horretarako, noski, zati guriena, izerdi gehiena duena, biguinena hautatzen du. Beraz, ongarri nitrogenatu asko egoteak zorriak ekarriko ditu. Negutegian bertan, inguruko landareetan, ekarri dituzun landare txikietan... nonahi egongo dira negua igarotzen. Baina garrantzitsuena da izurrite bilakatzen bada nitrogeno sobredosia dagoelako dela. Zaindu beraz ongarriketa. Gutxi ongarritu, tamainan eta sekula ez ondu gabeko ongarria. Ongarri freskoa edo ondu gabekoa ekartzen baduzu, utzi bazter batean eta material "egituratzailea" karbono asko duena (adar zatiak, lastoa, txirbila...) nahastu eta luartu edo ondo konpostatu erabili aurretik. Horrek zorria atzeratzeaz gain landarearen bizimoduari lagunduko dio, eta batez ere uztaren kalitateari. Izan ere, nitrogenoa maila normal batera eramateak beste jakiak mugitzea ekarriko du, landarearen mesedetan. Oiloaren zirinak ere nitrogeno ikaragarri du. Kontuz, gutxi bota edo ahal baduzu ardiarena edo behiarena erabili. Euli txuria ia negutegi guztietako izurritea da. Plastikoa eta lurrak bat egiten duten tokian bizitzen da eta irauten du. Ingurune lehorrak atsegin ditu. Hartu motxila eta urarekin busti. Plastikoa metro bete alturan eta lurraren ertza. Ahalik eta maizen.
Inurriei gustatzen ez zaien landarea izpilikua da. Landatu aldamenean edota bere hosto eta lore lehorrak lur gainean jarri. Kafe hautsa lehorrarekin ere saioa egin dezakezu. Lur azalean geruza mehe bat jarri.
Jarri kanpoan lasai. Marrubi landareak hotza ederki jasatzen du. Horregatik udaberriarekin loratu eta fruitua ematen du.
Sustrato onena lurra bera da. Ahal baduzu inguruan topatu lur beltza emango dizun norbait. Baratze, soro edo erriberako lurra da onena. Horri ongarri organikoa erantsi: simaurra, luarra edo konposta, zizare-lurra... Zakuetan etortzen dena nahi baduzu Euskal Herrian zakuratzen dutenak ere badira. Donostiatik hurbilena, nire ezagutzan, Idiazabalen dago. Idiazabal + sustrato idatzita erraz topatuko duzu interneten.
Kalterik ez die egingo. Bacillusa ezpelaren harrarentzako kaltegarria da, baita beste edozein harrarentzako ere. Baina landareentzat ez. Ez da pozoina, eta beraz marrubiak lasai asko jan ditzakezu.
Gauza garrantzitsu bat ahaztu zait esatea. Bi arraitxo bizi dira uretan landarearekin.
Izena igebelarra da. Onena azpiko lurrean luarra edo ondo heldutako simaurra jartzea da.
Ez da erraza gaztainondoaren liztorrari aurre egitea. Eraginkorrena liztor kozkorrak kentzea da. Orain kozkorrak sortuta ditu gaztainondoak bertan liztor harrak bilduz. Horiek moztu eta erre eginez gero belaunaldia moztu egingo litzateke. Zuhaitza handia bada lan zaila, ordea.
Bestea liztorrak jaten duen arerioa askatzea da, Torymus sinensis. Ez dakit Euskal Herrian hori eskuratzeko aukerarik izango den inon. Galizian erabiltzen dutela badakit.
Sutarako pagoa ilgoran mozten da, baina uda-udazkenean. Abuztuko ilgoran edo irailekoan edo urrikoan. Onena abuztukoa dela entzun izan dut gehienetan. Orain udaberrian ez dut ezagutu inoiz mozten...
Arrosondo edo arrosa landareari lurra pittin bat azidoa gustatzen zaio. Sutako hautsak lurraren pHa igo egiten du, eta beraz azidotasuna kendu. Lurra buztintsua eta motela bada, eta simaurra edo ongarri organikoa erruz ematen bazaio, sutako hautsa ematea ez dago gaizki. Tamaina hartu behar. Ongarria eta sutako hautsa berezita eman behar zaizkio. Biek egingo dizute belarren aurkako lana.
Beraz, neguan ongarria eman badiozu: orain sutako hautsa eman eta hura saretu eta belarrak hastean jorratu eta berriz ongarria jarri, mardul. Neguan ez baduzu ongarritu: orain jarri simaur geruza lodi bat. Hura saretzean, orduan eman sutako hautsa, eta berriz hura saretzean simaurra.
Beste akera bat arrosondoaren azpian pinuaren orria edo azala jartzea da. Geruza lodi bat jarriz gero belarrak ederki atzeratuko dira.
Nik uste dut gaur egun oraindik gaztainondoa jartzea arrisku dezentea hartzea dela. Nik dakidala bi tajuzko saio egiten ari dira egun Euskal Herrian: Sakanan eta Iparraldean. Iparraldekoari buruz duela gutxi argitaratu den artikulu bat ARGIAn, 2019ko otsailaren 17ko 2632 zenbakian (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2632/gaztaina-biziberritzeko-elkarte-berria-bidarrain?fbclid=IwAR3StkcvLsHhv03tU0Tde_uMCXSKWWgUYyubEZXpIcv9eGIWKP7CTQUGnKM ). Sakanakoaren berri zuzenik ez dut, baina bertako udalak eta eskualdeko elkartea lan handia egiten ari dira bertako basoaren berreskuratze lanean (http://www.sakanagaratzen.com/eu).
Bi horiengandik jaso dezakezu zuzenean zeinekin eskuratzen ari diren emaitza onenak.
Araban Apellanizeko bailaran ere saioak egiten ari direla badakit. Baina ez dut beraien berririk.
Orain arte beti gaztainondo japoniarraren (Castanea crenata) gainean txertatu izan da bertako gaztainondoa (Castanea sativa). Batzuetan emaitza onak eman ditu, baina beste batzuetan ez. Horietan esperientzi handiena duena iparraldeko Lafitte mintegia da (http://www.lafitte.net/eu/lafitte-mintegiak ).
Nire aholkua denetatik saiatzea litzateke. Saioaren ondoren jakingo duzu zure lurrean zer emaitza duzun. Hala ere, garbi esateko, ni ez naiz oraindik hemen gaztaina jartzearen oso aldekoa. Etorkizunean, klima aldaketarekin ikusiko dugu...
Biodinamikari jarraituz gero, ereintza guztiak ilgoran egitea hobea dela esaten dute. Egutegian aukeratu beharko zenuke eguna beheko aldean duen kolorearen arabera. Adibidez patata, sustraia da guk aprobetxatzen duguna, bada sustrai egunean. Tomate hazia, aldiz, fruitu egunean.
Ilargiarekin lanean ari den beste jende batek ilgoran ereiten du lorea, fruitua edota hazia aprobetxetzen zaion landare guztia. Aldiz, sustraia, enborra, hostoa, erreserba, azala edo horrelakoak aprobetxatzen zaion landarearen hazia ilbeheran egitea gomendatzen dute.
Zergaitik ez zara zeu ikertzen hasten? Zeure baratzea bakarra da, ez dago beste bat bera bezalako baldintzak dituenik. Saioak egin eta emaitza zabaldu. Denok ikasiko dugu
Landarea, ondo esan dezun eran ihia da. Izen zientifikoa Juncus sp. Juncus generokoa da, baina ezin esan zehatz mehatz zein espezie den. Euskal Herriak 18 espezie behintzat aipatuak ditugu.
Ihiak lurra hezea dela adierazten du. Lur buztintsu eta moteletan bizi da gustura. Hezetasun hori kentzea litzateke onena berari aurre egiteko. Lurrak drenatu, itzalak kendu... Lur azidoa gustatzen zaio, buztintsua alegia.
Landareen izerdia mugitzen ari da. Sustrai hutsean landatzeko agian berandutxo. Beste aukerarik ez baduzu egin, baina lurra ondo zanpatu eta ureztatuta zaindu. Hobe ontzietan datorrena, sustraiak osorik askoz ere gutxiago sufrituko du. Hurrengoan gogoan izan, hostoa galtzen duten landareak negu-neguan landatu behar dira.
Orain, udaberriaren sarrera sasoi ona da Kalendula edo ILENA ereiteko. Udaberrian aurrera, landareek 4-5 hosto dituztenean birlandatu baratzearen inguruan.
Kalendularen arazo handiena lur motelak dira. Hau da, urez asetzen direnak. Kontu beraz, lurrarekin eta ureztaketarekin.
Ilenaren aldamenean dagoen landare hori, “belar txar” bat da. Ez da ilenaren haziarekin etorri. Lurrean bertan izango zen edo beste nolabait etorri da. Agian ilen landarearekin batera etorriko zen bere ontzian.
Zainzuriak lur harroa behar du. Zenbat eta harroagoa eta hobe. Hasteko bertan dugun lurra nolakoa da? Horren arabera hondar asko edo gehiago beharko du. Gutxienez 10 zentimetroko geruza jarri eta nahastu. Zainzuria urte askotarako jartzen denez, gero urtero neguaren hasieran jarri 5-10 zentimetroko geruza eta gainean ongarri organikoa: simaurra, luarra edo konposta, zizare lurra... Azken honetatik ere erruz eman. Ematen zaion proportzioan jasoko duzu. Silizea soltean edo zakutan saltzen da, kooperatibetan edota nekazaritza gaien saltokietan. Eraikuntza materialen saltokietan eta harrobietan ere topatuko duzu.
Aukera guztiak onak dira. Egokiena utzu eta heldutasunera iristean fruitua emango dute. Fruitua aurreratu nahi izanez gero adarrak okertu eta beheruntz lotu.
Txertatu edo mentatu ere bai. Baina horiek ere urte asko beharko dituzte fruitua emateko.
Egurrarena azken aukera da.
Zauriak sendatzeko onena ebakia behar bezala egitea da. Mozketa bakoitzak bere angelua eskatzen du, hori da garrantzitsua. Ondoren onena zauria bistan uztea da. Nahi baduzu buztinarekin estali, pastarekin ez. Buztina segituan lehortu eta denborarekin hautsi edota urtuko da. Pasta aldiz bere horretan gogortzen da. Buztinak zauria orbantzen eta estaltzen utziko dio landareari. Pastak ez. Hori da aldea.
Zuhaitz eta arbola horiek, laurek hostoa galtzen duten eta egokiena negu-neguan landatzea da. Beraz ahal duzun azkarren landatu. Konturatzerako izerdia bor-bor izango dute eta aurrez landatzea komeni da. Garraldan atzerago etorriko da udaberria. Asteburu honetan hasten den ilbehera ona izango da, eta egun onenak 21, 22 eta 23. Izoztzik bada, egun horretan ez landatu.
Bi lan egin beharko zenituzke. Batetik garoa hazi ahala moztu. Desbrozadorarekin edo segarekin edo nahi duzunarekin, baina ilgoran moztu. Ahal baduzu hilero. Zenbat eta maizago moztu hobe. Kalte gehiago egingo diozu. Hilabetero ezin baduzu moztu, garrantzitsuenak maiatza, ekaina eta uztaila dira. Bestetik karea zabaldu. Garoari lur azidoa gustatzen zaio eta kareak azidotasun hori borrokatzen du, eta belar gehienak indartu. Zabaldu 100-150 gr/m2 ahal baduzu pikorrean, hautsa baino hobea da
Hydrangea macrophylla diren bi lehenengo hortentsia horiek berdin inausten dira. Dagoenerako izerdia mugitzen ari da eta oraintxe da sasoi onena. Onena ilbeheran. Nola egin? Adarren lautik bat moztu, baina behe-behetik. Gainontzeko lautik hiru oso-osorik utzi. Hauek loratzen diren artean moztutakoek adar berriak emango dituzte. Hurrengo urtean gazte berri horiek utzi eta gelditu ziren haietatik moztu, lautik bat, behe behetik. Horrela lau urtetan adar guztiak gaztetuta izango dituzu eta urtero loraldia galdu gabe.
Hydrangea paniculata, gezi edo kono formako loreak ematen dituztenak ere orain inausten dira. Baina inausketa desberdina da: adar meheak denak mozten dira eta sendoak indartsuak direnak 6 begi inguru utzi eta gainerakoa kendu. Horietatik sortutako adar berriek emango dituzte loreak.
Edozein mintegitan topatuko duzu. Agian bateren batean bukatuta izango dituzte, baina gehienetan izango dute urki landarea. Baso landareekin lan egiten duten mintegietan aukera handiagoa izango duzu. Arazorik izanez gero, basogintza elkarteetara jo eta bertan informazioa emango dizute.
Egunon Jakoba,
Etxe inguruko zuhaitzak haunditzen ari dira eta arazo bihurtzen ere. Etxetik oso gertu daude eta udazkenean teilatu zikindu eta erortzen diren adarrak teilak puskatzen dituzte.
Lizar gazte batzuk ere badaude baina hoiek neuk botatzeko asmoa daukat eta lizar asko dago ( gure etxeko sasia Lizarra da eta). Gure zalantza haundiena pagoekin daukagu. Arbol zoragarriak dira, handiak ere eta izugarrizko pena ematen digu botatzea, baina beste aldetik egunen baten etxe gainean eroriko balira, kriston txikizioa egingo zuten.
Daukaten tamainakin pago-motz bihurtzea posible izango al zen? Lurretik bi metrora moztu ezkero, hilko al ziren? Teknikoki hori egiteak bere arriskuak dituela kontuan hartuta (basozalea gogo handirik ez du, ipurditik nahiago du, noski), beste proposamenik?
Milesker
Egun on Joseba!
Zuhaitz horiek ondoen oso osorik daude.
Mozten hastean zauri haundiak egiten dira eta horrek ekarriko du enborraren bihotza usteltzen hastea. Horrek arriskua handitu besterik ez du egiten. Begiratu mendian pago-motzek nolako amaiera izaten duten: denak barrutik hustuak.
Nik zalantzarik gabe ipurditik moztuko nituzke.
Eta lizar sasia berdin.
Zuhaitzen bat jarri nahi badezute, kontutan izan heldutasunean zer tamaina hartuko duen etxetik zenbateko tartea emateko…
Ondo izan
Zorria zergaitik dagoen hain ugari jakitea da garrantzitsuena. Tratamentuekin urritu dezakegu, baina laister izango da bueltan. Arrazoi nagusia gehiegizko ongarriketa nitrogenatua izan ohi da: nitrogeno gehiegi. Ongarri kimikoak edo ondo heldu gabeko simaur edo minda gehiegi; horrek zorria erakartzen du kimu berrietara.
Izurrite maila hartzen badu onena da neguko tratamentua, orain oso berandu da. Hurrengo neguan kontutan izan: kaltzio polisulfuroa %10 urtua eta urtarrilean. Garrantzitsua da arbola ahalik eta geldien egotea bestela erre egingo da.
Behin izerdia mugitzen ari dela Neemazal produktua erabili dezakezue.
Bi tratamentu horiek fruitugintza ekologikoan erabiltzeko baimenduak daude.
Goldetzeko asmoa baldin badek ez kendu. Goldetu gabe landuko bahukek, orduan bai belarrak izakitu edo zopizartu.
Intxaurrondoa berez ez da inausi behar. Hezetasunarekin zaurietatik onddoak sartu eta gaitzak sortzen zaizkio. Ahalik eta gutxiak ukitu behar da intxaurrondoa.
Hala ere mozketaren bat egitez gero, adar handiak badira martxoko ilbeheran egin. Adar txikiak mozteko uztaila ere garai oso ona da, berdetan, hostoz jantzia dagoenean.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545