Astelehenero 8:00etan zure epostan
Hor darraio genozidio batek. Ez da bakarra. Ez lehena, ezta azkena ere. Izugarria bai, zer garen eta zer izan gaitezkeen ederki asko erakusten diguna. Palestina.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Gernika-Palestinak deituta, Gernikakoaren urteurrenaren bezperan, Palestinako eguneroko bonbardaketak ez ahazteko eta elkartasuna adierazteko manifestazioa izan zen Donostian.
Hasiera ikaragarria izan zuen: ehundaka lagun, goitik behera beltzez jantzita hildako haur banaren hil-mihisea edo meztidura zuria altzoan zutela ilada amaiezinean. Inguruko milaka lagunen esku-zarten burrundapean igaro zen manifestazioaren burua izango zen segizio ahukua. Barren haltsar barrunbeetarainoko hunkidura animalia.
Kalez kalekoa ibilbidean nora gindoazen ez genekiela, itsasaldera jo eta Jose Luis Zumeta margolari handiaren Gernika koadroaren bertsioarekin egin genuen topo, parez pare zeru-itsasoak itsaso-zeruak lauki-etxe-marko erraldoi zituela. Hondo berarekin aldamenean hil-jantzi zuridun besoetako haurrak zituzten ehundaka lagunak iladatan, eta haien aurrean lurrean beste hainbeste hil-oihal errenkada zuzenaskoetan. Hilatorra zuriek, zuritik zurirako gorabeheretan, kotoizkoak (Gossypium spp.) eta lihozkoak (Linum usitatissimum) ziruditen.
Mugitu eta amaierakoa saiheska ikustea egokitu zitzaidan, eta hara, atzean Ulia mendia. Bere hegoalderako magal egutera ikusten genuen; txuri-txuri hura ere, zuri-laruz loratutako sasiakazia ederrez jantzia (Robinia pseudoacacia). Udaberriko izerdiberritzearen odolberritzearen itsasertzetik, lur barrualderako itsasargi. Hau poza. Kolore eta olore. Magalean behera margo eta usain. Hortxe argitu zitzaidan begitartea; eta gogora etorri sasoiko esaera: “Akazia lore, antxoa hurre”. Arrantzaleek itsasotik etxerantz antxoarik onena dakarten garaian, akazia loratuta zenekoa. Eta egun hauetarako otordurik onena ahosabaiaren memoriara: akazia lore sorta zintzilikarioak eta antxoa albardatuta, plateran elkarren ondoan. Hori dena abesbatza handi baten Baga, biga abesti herrikoi ahokorapilotsua entzun bitartean. Halako batean, jendetzaren mutur batean, Libanoko bandera ederra ikusi nuen. Ez dira bandera asko erdi-erdian arbola bat dutenak. Honek nire arbola maitatuenetako bat du, Libanoko zedro sekulakoa (Cedrus libani). Konturatzerako, euskaldundutako lagun libanoarren saminera eraman ninduen, eta arbola indartsuaren abaroan zailena eramatea ere errazagoa dela pentsatu. Bazen bestelako banderatik ere, Palestinakoa, ikurrina, euskal presoak etxera, Kuba eta abar. “Nire haurrak txoriak dira zeruan”, kantatu zuen Sol Band talde palestinarrak. Bandera gehienek bateko eta besteko metalezko haga puntan dantzatzen zuten. Oso gutxi batzuk kanaberetan eta banbutan (Arundo donax eta Bambusa spp.). Bakarren bat baita lizarrezko erratz-kirtenean ere (Fraxinus excelsior).
Lizar horien amonen amonen zurarekin egindako haga eta lantzekin borrokatzen ginen lehen, Mariren babespean. Hala zioen Jose Migel Barandiaranek, 1954ko Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu zuenez: “Bizkaiko Iaunek, XIV-garren mendean Busturiko arkaitz batean bei-altzarrak uzten zituten euren aurretiko Mariren opaz”.
Haltsarrak edo erraiak jokoan lehen bezala orain, erlijio erailtzaileen barrunbe.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545