Izotzila, hotzak hila; otsaila firili-faraila; martxoa dinbirri-danbarra; apirila biribila, urdandegian hila.

Azeribuztana adiskide

Isatsa edo buztana, lukiaren edo azeriaren atzekia ikusten dugu euskaldunok landare batean (Equisetum telmateia). Luki-buztan, luki-belar, azeri-belar, azeri-isipu, azagari-buztan, oilar-puztan eta eztainu-belar ere esaten zaio. Inguruko beste kulturetan ere azeriaren arrastoa ikusten diote, baina baita beste animalia askorena ere. Honela esaten diote Asturiasen: “raborrocín” zaldibuztan; portugesez “cauda de raposa”, “rabo de cavalo”, “rabo de touro”, “rabo de cobra” eta "rabo de rato”, sagu-isats; katalanez “cua de cavall”, “cua d’euga”, “cua de rata” eta “coa de rossí”; frantsesez “queue de cheval”; ingelesez, “horsetail"; gazteleraz “cola de caballo”, “coda de rata”, “rabo de asno”, “cola de gallo”, “rabo de mula”, “rabo de potro”, “rabo de lagarto” eta “rabo de zorra”. Equisetum latineko equa-equus (behor-zaldi) eta seta (zurda, kima edo grima) hitzetatik dator. 

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2026ko apirilaren 26a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Azeribuztanaren formatik edo eitetik harantzago, ukimen berezkoa du, zakarra, lizpaperarenaren antzekoa. Silize kristalei zor die latz punttu hori; bere ehuna eta azala silizez saturatuta daude –landarearen pisu lehorraren %10-15 silizio dioxidoa da–. Uki hori dela eta, erabilera bitxietarako bereizi izan da: zurezko eta metalezko piezak garbitu eta leunduz distira eransteko eta espartzu gisa harrikoa egiteko. Hortik datorkio eztainu-belar izena, gazteleraz ere “estañera”, “yerba restañera”, “escobilla”, “hierba de plata” eta “cola de torneros” diote; katalanez “estanyera”, “aspreta” eta “asprella”; portugesez “lixa-vegetal”; eta ingelesez “scouring rush”. Artisautza lanetan aspalditik ezaguna da, urreztatutako markoak, eskultura polikromatuak eta abar leuntzeko. Erreminta edo lanabesen baten kirtena leundu eta eskura gozatu nahi duzunerako, eduki jasoa azeribuztan lehorra.       

Silizea izateak beste balio eder bat ere eransten dio: sendagaia da. Makina bat erabilera badu animalion osagarri gisa; albaitariari galdetu, adibidez. Txoko honetako landareen zaintzan ere badu zereginik: baratze ekologikoetarako eskuragarri dagoen fungizida naturalik indartsuena da. Silizea beira gogortzen duen eta azazkalak sendo egiten dituen minerala da, eta landareetan, zelula-hormak indartzen ditu, fisikoki zailago egiten ditu onddoen esporak haietan sartzeko. Edozein intsektu izurritek baino uzta gehiago suntsitzen dituzten bi gaixotasunak saihesten laguntzen du: mildiu gorrina eta zurina edo oidioa. Gaitz horiek erasaten dituzte kuiatxoa (Cucurbita pepo var. pepo), arrosa (Rosa spp.), ilarra (Pisum sativum), tomatea (Solanum lycopersicum), mahatsondoa (Vitis vinifera), sagarrondoa (Malus domestica), marrubia (Fragaria x ananassa) eta beste asko.

Heldu bada azeribuztanari isatsetik. Landarea heldua denean, bildu maiatzetik irailera. 200 gramo berde edo 100 lehor erabiliko dugu. Jarri 10 litro euri ur hotzetan, egosi 30 minutuz, irakinaraziz, eta utzi estalita 12 orduz, hozten. Iragazi. Tratatzeko 1:5 proportzioan urardotu (azeribuztan ura litro bat, bost litro euri ur). Ondo busti landarea, goi eta behe. Onddoen esporak hostoaren gainazalean ernetzen dira, eta silizeak bertan egon behar du haiek blokeatzeko. Ihinztatu goizaldean, hostoak lehortu ondoren. Soluzioa hostoan lehortu behar da, babes-geruza ikusezin bat osatuz.

Azeribuztana prebentziorako laguna da. Ez du gaitza sendatuko. Aurrea hartu. Eguraldi epelak eta hezetasuna elkartzen diren ordurako, hasi tratatzen, irail aldera arte. Hamar bat egunetik behin tratatu, eta, eurite baten ondoren, berritu; babes geruza berarekin eramaten du. 
Giro epela eta hezetasuna hemen ditugu. Azti ibili.

Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
Paisaiaren terrenteria hausten
2026-10-05 | Jakoba Errekondo
Loratu dadin negua. Uztak jasotzen ditugu neguan goseak harrapa ez gaitzan. Kalitatezko elikadurak ez gaitu soilik berdintzen, bizitzeko kilokaloriak ematen. Elikadura on batek soinetik at... (+)
gora