Astelehenero 8:00etan zure epostan
Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo udalek Europa mailan ematen den Zero Waste ziurtagiria eskuratu dute bigarrenez. Usurbilek 2023an lortutako emaitzei eutsi die eta Astigarra eta Hernanik emaitza hobeak lortu dituzte.
Astigarraga, Hernani eta Usurbil trantsizio ekosozialerako bidean.
Hernanin asteazkenez eginiko prentsa agerraldian jakinarazi dute ziurtagiria jaso dutela Xabier Urdangarin Lasa Astigarragako alkateak, Xabier Lertxundi Asteasuinzarra Hernanikoak eta Agurtzane Solabarrieta Mesa Usurbilgoak. 2023an eskuratu zuten lehenengoz, hondakinak kudeatzeko hainbat neurri abian zituztela. Aurtengo emaitzetan, 2023an eskuratutako mailari eutsi dio Usurbilek eta Astigarragak eta Hernanik emaitza hobeak lortu dituzte. Hiru herrietako alkateak baikor azaldu dira lortutako emaitzekin, eta hondakinen kudeaketarako trantsizio ekosozialaren garrantzia azpimarratu dute.
Zero Waste, Zero Waste Europe eta MIZA Mission Zero Academy erakundeek sortu zuten ziurtagiria. Xedea, Europako herri zein hirietan zero hondakinetarako bidea hartzea eta ekonomia zirkularra sustatzea da. Horretarako, hiru urterako Zero Waste ziurtagiria ematen dute, bat eta bost izar artean emanez ezarritako irizpideen arabera. Denbora igarota, berrikuspena egiten dute, Astigarraga, Hernani eta Usurbilen kasuan otsailean egin zutena Rezero fundazioaren eskutik.
Astigarragako hondakinen kudeaketa
2023an Astigarragak bi izar eskuratu zituen, eta nagusiki hondakinen planifikazioan hobetu behar zutela adierazi du Urdangarinek. Hirugarren izarra eskuratzea helburu hartuta hondakinen “prebentziorako, sentsibilizaziorako, konpostaren eta birziklapenaren sustapenerako, baliabideen kudeaketa iraunkorrerako” neurriak hartu dituzte, horien artean ondorengoak: herriaren hazkundearekin hondakinen sailkatze indizea %75ean mantentzea; ordenantza fiskalari dagokionez ordainketen inguruko lanketa egitea etxebizitzaren eta komertzioen arloan; tasa tarifak eguneratzea; eta hondakinen kudeaketari bideratutako bulego iraunkor bat ezartzea. Azken neurri hori azpimarratu du alkateak, gobernantza eta planifikazio egokiaz gain, hondakinen arloko lanketa jarraitua sustatzen duelako.
Hirugarren izarra eskuratuta, laugarrenaren bila joango direla adierazi du Urdangarinek. Horretarako MIZA txostenean hondakinen ordenantza eta prebentzio plana hobetzea gomendatu diete. Alkateak adierazi duenez, datozen urteetarako erronken artean, kontsumoa gutxitzea eta auzo konpost eremua sortzea dituzte.
Hernaniko hondakinen kudeaketa
Hernaniren kasuan 2023an egindako MIZA txostenean, hiru izarreko Zero Waste ziurtagiria eskuratu zuen, eta oraingo balorazioan laugarrena ere eskuratu du. Lertxundik azaldu duenez, ondorengo neurriek eragin duteziurtagiriaren balorazio positiboagoa: auzoko eta etxeko konposta deszentralizatuak edukitzea; hondakinen bulegoak herritarrekin egiten duen lana; atez ateko sistema, %80 gaiko bilketa duena; eta azken txostenetik aurrera ezarritako neurriak. Horien artean daude Trukehernani webgunea, Asteklimako tailerrak eta autokonponketa tailerrak.
Alkatea baikor azaldu da lortutako hobekuntzekin, baina adierazi du erronka bikaintasuna lortzea dela eta ez dutela “etsitzeko asmorik”.
Usurbilen hondakinen kudeaketa
Usurbilek 2023an lortutako balorazioari eutsi dio, lau izar eskuratuta. Ondorengo neurriak azpimarratu dituzte: hondakinen kalitatearen gainean duten kontrola eta jarraipena; hondakinen trazabilitatearen jarraipena egitea; kontratazio publikoan ingurumen baldintzak aintzat hartzea; eta atez atekoaren bulegotik burutzen den lana zein eskaintzen diren zerbitzuak. Solabarrietak adierazi duenez, erronka izan da neurriei eustea herria handitzeak eragin duen hondakinen hazkuntzarekin, eta pozik azaldu da lortutako emaitzekin.
Txostenean jasotakoaren arabera, Usurbilek aurrerantzean dituen erronkak hondakinen prebentzio plana gaurkotzea eta inpaktu adierazleak garatzea dira. Alkateak adierazi du emaitza positiboak lortu arren lanean jarraituko dutela trantsizio ekosozialerako bidean. Horretarako misioen araberako gobernantza eraiki nahi dute, "klimatikoki neutroa" den, "mugikortasun jasangarria" duen, "baliabide naturalak zaintzen" dituen eta "bertako kontsumo arduratsua" sustatzen duen herria eraikitzeko. Lehen helburuen artean jarri dute Usurbilen sortutako hondakinak %10era jaistea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545