Astelehenero 8:00etan zure epostan
Munduko Meteorologia Erakundeak (OMM) astelehenean kaleratutako txostenean jaso du “munduko mugak gainditzen” ari direla. Datuak aztertzerakoan ikusi dute berotegi efektua eragiten duten gas nagusiak areagotu direla, tenperaturek gora egin dutela, geroz eta desoreka energetiko handiagoa dagoela eta ozeanoak ere berotzen dabiltzala.
Munduko Meteorologiaren Erakundeak poloak egoera larrian daudela erregistratu du.
Munduko Meteorologiaren Egunean, astelehenean, egungo klimaren egoera erakusten duen txostena kaleratu du Munduko Meteorologia Erakundeak (OMM). Duela 176 urte hasi ziren parametroak neurtzen eta okerrera egin dutela aztertu dute: 2024a izan da inoizko urterik beroena eta 2025a bigarren edo hirugarrena. Antonio Guterres Nazio Batuen Idazkari Nagusiak ohartarazi du “munduaren mugak gainditzen” ari direla eta “munduko klima larrialdi egoeran” dagoela.
Txostenean antzeman dute berotegi efektua eragiten duten gas nagusien –karbono dioxidoa, oxido nitrosoa eta metanoa– kontzentrazioak gora egin duela azken urteotan. Gainera, 2012 eta 2025 urteen artean inoizko urte beroenak erregistratu dituzte. 2024. izan da guztietan beroena eta 2025. bigarren edo hirugarren beroena. 1850-1900ean erregistratutako datuetatik 2025ean munduko tenperatura 1,43ºC igo dela jaso dute.
Lur planetaren "desoreka energetikoa" agerian gelditu da, ekoizten dena baino energia gehiago erabiltzen baita. Datuei erreparatuta, azken hogei urteetan eman da energiaren erabileraren gorakada. Ozeanoetan ere tenperatura igo da eta horrek eragin nabarmenak ditu: biodibertsitatearen galera, ozeanoek karbono dioxidoa xurgatzeko duten gaitasuna murriztea, ekaitz tropikalak areagotzea eta poloen urtzea. Hain zuzen ere, erregistratutako datuekin alderatzerakoan ikusi daiteke Artikoko izotza inoiz baino baxuago dagoela eta Antartikakoak hirugarren baxuenak dituela. Txostenean adierazi dutenez, ”ozeanoen berotzea ekiditeko eta ozeanoen sakontasunetako pHa aldatzeko ehunka mila urte” beharko dira.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545