Maiatzean euri, uzta jori.

“Zerealen arbasoa da espelta txikia, baina gure inguruan oso gutxi ezagutzen da”

Neolitotik datorren zereala izan arren, apenas ezagutzen da gure inguruan gaur egun espelta txikia (Triticum monococcum). “Nekazaritza sortu zenean, ereiten hasi ziren lehen zereala izan zen espelta txikia, etxekotu zen lehena, eta horrek badu interes kultural, antropologiko eta historikoa ere”, azaldu du Andoni Estrella González Irunberriko ekoizleak. Euskal Herritik kanpoko zenbait tokitan hasiak ziren lehenagotik zereal honen berreskuratze lanetan, baina gurean gutxi ikusi da orain arte; eta, gutxi hori, bereziki, Ipar Euskal Herrian: “Estatu frantsesean eta beste herrialde batzuetan garatuago dago ekoizpena, baina Pirinioetatik behera guztiz marginala da”, gehitu du.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2023ko azaroaren 27a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Irunberri inguruko lagun talde bat dago espelta txikia ekoizteko proiektuaren atzean. Burujabetzarako bidea modu kolektiboan egin nahi dute, eta momentuz, sei bat etxetan ari dira antzinako zereala ekoizten, kolektiboki. “Tartean daude familia txikiak, komunitateak, herri okupaturen bat… Guretzat, espelta txikia aitzakia edo ikur moduko bat da, gauzak beste modu batean egiteko, egungo moldeetatik kanpo”, argitu du Estrellak. Jatekoa lortzeko helburua ez ezik, harremanak egitea, ingurua zaintzea, elkarlaguntza sustatzea, gogoetarako eta hausnarketarako espazioak irekitzea eta auzokidetza eta komunala lantzea ere badituzte helburu.

Espelta txikiaz gain, beste zereal batzuekin egindako ogia ere banatzen dute kolektiboko kideek inguruan. “Hemen hurbilean saltzen dugu ekoitzitakoa, baina, dena dela, gure lehentasuna ez da saltzea nahitaez: trukatzeko aukera ere badugu, eta merkatu logikatik haragoko beste edozein planteamenduri ere irekita gaude”, azaldu du. Zereal mota hau Pirinioetatik behera existitzen ez zenez, gainera, prezioa jartzerakoan autonomia osoa dutela azaldu du ekoizleak. “Arroz integrala hartzen dugu erreferentzia bezala, prezioak apur bat beherago jarriz”.

Arroz integralarekin antza

Baina, ze ezaugarri ditu zereal guztien arbaso den espelta txikiak? “Mineral asko ditu, eta gure gorputzerako oso egokia da, erraz liseritzen da”, erantzun du Estrellak. Gaur egun glutenarekin dauden arazoen aurrean, elikagai ona dela nabarmendu du, glutena eduki arren, "gluten ona" duelako, digestioa egiteko erraza. “Ogien testura zehatz batzuk bilatzeko erabiltzen da gluten kopuru handia gaur egun, eta horrek bihurtu du glutena txarra, berez ez du zertan txarra izan”, zehaztu du.

Ekoizpen taldetik, gainera, espelta txikiarekin irina egin beharrean alea osoan jatea bultzatu nahi dute. “Erraza da alea osoan jateko, arroz integralaren antzekoa da, eta energia aurrezte aldera eta gure osasunari begira, hori sustatu nahi dugu”. Ekoizpena aztertuta, onartu du ia sailkapenik izan ez duen antzinako zereala izanik, etekin txikiagoa ateratzen diotela, baina kalitate aldetik, ez omen du parekorik. “Elikadurari eta osasunari begira, nik uste jan daitekeen zerealik onena dela espelta txikia”, amaitu du. Zereala eskuratu nahi duzula? Edo, informazio gehiago jaso? Bada, telefonoz haiekin harremanetan jartzea proposatzen dizu ekoizleak: 635 20 19 54 eta 680 73 28 55.

Udaberriko festa, agroekologia ospatzeko
2025-05-05 | Garazi Zabaleta
Maiatzaren 10ean egun osoko festa berezia antolatu dute Zestoako Amilibia baserrian. Agroekologiaren eta elikadura burujabetzaren alde, Gipuzkoako Biolur elkarteak abiatutako proiektua da Amillubi, eta udaberriko... (+)
Alpeetako hegoaldetik Nafarroa Beherera, abeltzaintza estentsibo eta dibertsifikatuarekin
2025-04-28 | Garazi Zabaleta
Proventza eskualdean, Alpeen hegoaldean abiatu zuten Lili Saint-Laurent euskaldunak eta Mathias Guibert proventzarrak abeltzaintza proiektua duela hamar urte pasatxo. “Ardi, ahuntz, behi, txerri eta pottokekin... (+)
Konbutxa eta hartzituak bizibide
2025-04-14 | Garazi Zabaleta
2021 inguruan hasi zen Itziar Presa Blasco gernikarra konbutxaren munduan murgiltzen. “Magisteritza ikasi nuen nik, eta hezkuntzan aritu nintzen urteetan lanean, baina semeak jaio zirenean... (+)
Pilotako esparatrapu hondakinetatik papera
2025-04-13 | Garazi Zabaleta
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko kimika industrialeko ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte... (+)
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak
2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan... (+)
gora