Astelehenero 8:00etan zure epostan
Urriaren 11n egin dute azken ordainketa eta Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta auzoko Amilibia baserria eta bere lurrak Biolur elkartearen jabetzakoak izatera pasatu dira. Abenduan beteko ditu hiru urte laborantza agroekologikoa sustatzea helburu duen Amillubi proiektuak, eta sorreratik milaka herritar, eragile, kooperatiba eta udalek emandako sustengu ekonomikoari esker, lortu du proiektuaren motorra den Biolur elkarteak ordainketa burutzea. Baina hiru urteotan, dirua biltzeaz gain, hainbat lan jarri dituzte martxan, eta horietako biren emaitzak abenduan egingo dituzte publiko, hirugarren urteurrenaren bueltan: batetik, Amillubi proiektua praktikan zertan gauzatuko den azalduko dute, eta, bestetik, agroekologiari buruzko dokumentala ikusgai jarriko dute.
Urriaren 11n, Amillubin, azken ordainketa burutu zutenean.
2023ko abenduan egin zen publiko Amillubi proiektua, eta esan daiteke euskal gizartean ilusioa piztu zuela laborantza agroekologikoa indartzea helburu duen proiektu kolektiboak. Horren islada da laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak Koop57rekin elkarlanean martxan jarri zuen herri itxulapikoak lortu zuela herritar eta eragileen eskutik sei hilabetean 132.604 euro biltzea.
Hasierako bultzada indartsu horren ondotik, Amillubi proiektuak beste hainbat diru iturri lantzen jarraitu zuen: geroztik, hainbat eragilek egin dute ekarpena; bestetik, hainbat kooperatibek Interes Publikoko Dirulaguntza Kooperatiboa (IPDK) Amillubira bideratu dute; hirugarrenik, Urola bailarako udalek ere babestu dute proiektua; eta azkenik, hiru urteotan hamaika ekimen sozioekonomiko antolatu dituzte, besteak beste Udaberri Festak, bonolaguntzak, saldutako materiala...
Horrela lortu dute Amilibia baserria eta bere lurrak erosteko 330.000 euroak biltzea, baita zergek eta erregistro gastuek eragindako beste 20.000 euroko kostuei aurre egitea ere. Izan ere, zergen harira, Biolurreko kideek oroitarazi dute Onura Publikoko Elkarte izendatzea eskatu zutela, baina Eusko Jaurlaritzak ez ziola Biolurri izaera hori aitortu. Biolur elkarteak aurreko jabeekin egindako tratuari esker, ordainketa epeka egin dute, bankuekin hipotekatu gabe eta, beraz, interesik ordaindu behar izan gabe.
Baserria berritzeko diru bilketa abiatuko du Biolur elkarteak. Baina berritu aurretik, proiektua zehaztu nahi izan du
Hiru urtean bildutako 350.000 euroekin erosketa burutu dute, beraz. Bide honetan, baserrian mantenimendu lan txiki eta oinarrizkoenak ere egin dituzte, eguneroko erabilera bermatzeko beharrezkoak zirenak, komuna egokitzea eta argindarren instalazioa konpontzea, esaterako.
Baina baserriak berritzeko premia dauka, eta gastu horri aurre egiteko, Biolur elkarteak aurreikusia du beste diru bilketa bat abiatu beharko duela.
Baserria berritu aurretik, ordea, Amillubi proiektua landu nahi izan dute: lehenik Amillubi proiektua zehazki zertan gauzatuko den definitu nahi izan dute, baserriak bete beharreko funtzioak zein diren argi izateko, eta horrela, baserria funtzio horietarako egokitzeko eta berritzeko.
Abenduan beteko ditu hiru urte Amillubi proiektuak eta bi lan eder publiko eginez ospatuko dute urteurrena: batetik, Amillubi proiektua zehazki zer izango den definitzeko, hau da, datozen urteetan bertan zer gauza egingo diren erabakitzeko, “Utopiak eraikitzen” prozesua egin du Biolur elkarteak, beste hainbat eragileren parte-hartzearekin, eta prozesu horren emaitza abenduan egingo dute publiko.
Bestetik, agroekologiari buruzko dokumentala ere ikusgai jarriko dute. Garro anaiek egin dute ikusentzunezko lan hau, eta Amillubi proiektutik abiatuta, natura eta pertsona uztartzen dituen dokumental politiko-poetikoa eraiki dute.
Erosketa abiatu zutenetik, Amillubiko lurrak auzolanean mantendu dituzte Biolur elkarteko laborariek. Gaur egun, landaketa hauekin egingo du topo bertaratzen denak:
Batetik, Euskal Herriko hazi ekologikoak ekoizten dituen Aleka proiekturako haziak ateratzeko landare hauek dituzte landatuta: alberginiak, piperrak, zapallitoak, babarruna eta artoa.
Bestetik, Biolurreko okinen taldeak artoa landatua du. Zekalea eta linua ere egin dituzte, eta orain ongarri berdea ereingo dute.
Ekoizpen agroekologikoak bertako lurretan lantzeaz gain, agroekologiaren topaleku funtzioa ere bete du hasieratik Amillubik, besteak beste, Eskola Haziak formazio saioen bidez: 2026an zazpi saio antolatu ditu, teoria eta praktika uztartzen dutenak. Urriaren 11n izan berri da azkenekoa, eta bertan egin zuen publiko Biolurrek Amillubiren erosketa burutu duenaren berria. Azaroaren 1ean izango da hurrengo saioa, bioeraikuntzari buruzko bigarren atala.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545