Astelehenero 8:00etan zure epostan
2031tik aurrera material debekatua izango da Europar Batasunean, baina bai pertsonentzat, bai ingurumenarentzat “kaltegarria eta toxikoa dela baldin badakigu, zertarako itxaron?”, dio kanpainak. Aldarrikapenak baditu aurrekariak, CSICen ikerketa eta Tuterako parkeetako azterlana kasu.
1980an Irunen jaioa. 2004. urtetik da erredaktore Argian. Gizarte gaiei eta zinemari buruz idatzi ohi du.
Kautxu sintetikodun parkeak edonon aurki ditzakegu gure herrietan, baina gehienek dituzten materialen toxikotasuna are agerikoago utzi du Europar Batasunak hartu duen erabakiak. Kontua da beste bost urtez itxaroteak zentzurik ba ote duen, kutsakorrak direla jakinda. Hala dio Ekologistak Martxan elkarteak. Polimero sintetiko eta aditiboekin nahastutako pneumatiko birziklatuz egindako zoruak izan ohi dira, metal pisutsuak dituzte eta disruptore endokrinoak dira, potentzialki kantzerigenoak. Alegia, haurren garapen neurologiko eta immunitarioan eragina izan dezakete, ohartarazi du elkarteak.
Berak jarri du martxan parke horien lurra aldatzeko kanpaina, Espainiako Estatu osoan. Haurtxo, ume, gazte eta haurdunak dira parkean ordu gehien ematen duten eta beraz eragin handiena jasaten dutenak, dio elkarteak: “Molekula hauetako asko arnasten ari dira, horietako asko disruptore endokrinoak, batzuk zuzenean toxikoak edota potentzialki kantzerigenoak”. Arnasketa bidez bakarrik ez, ukitzea eta partikula txikiak jatea ere kutsadura iturri izan daitezke.
Zoru hauetako konposizio kimikoak kopuru txikitan askatzen doaz, gutxinaka, eta ondorio kaltegarriak izan ditzakete epe ertain edo luzera.
Kautxu birziklatuko haur-parkeen materiala aztertu zuten 2022-2024 urteen artean, eta ondorioztatu zuten pneumatikoetatik eratorritako kautxu bulkanizatuak elementu metaliko eta kimikoen kontzentrazio handiak dituela, baita organofosfatoak ere
Espainiako Ikerketa Zientifikoetako Batzorde Gorenak (CSIC), hain justu, kautxu birziklatuko haur-parkeen materiala aztertu zuen 2022-2024 urteen artean, eta ondorioztatu zuen pneumatikoetatik eratorritako kautxu bulkanizatuak elementu metaliko eta kimikoen kontzentrazio handiak dituela, baita organofosfatoak ere. Gizakientzat oso substantzia arriskutsuak dira organofosfatoak. Denbora igaro ahala, kautxua degradatzen doala eta potentzialki kantzerigenoak diren mikroplastikoak, disruptore endokrinoak (sistema hormonalean eragiten dutenak) eta elementu kimikoak askatzen doala ere badio ikerketak.
Beste azterlan interesgarri bat ere aurkitu dugu, aurten bertan Erriberako Ekologistak Martxanek argitaratua. Kutsaduraz mintzatzen da, baina tenperaturan ere jartzen du fokua. Tuterako hainbat tokitan tenperatura neurtu dute uda honetan, eta tenperatura muturrekoenak kautxuzko zorudun jolas-parkeetan atzeman dituzte. Beheko argazkiko irudian ikus daitekeenez, joan den ekainaren 23an, 14:15ean, 40ºC egiten zituen Tuteran; zelaian neurtutako tenperatura 28,7ºC-koa izan zen eta jolas-parkekoa aldiz, 73,3ºC-koa. Muturrekoa, inondik inora.
Azken finean, klima larrialdiari lotuta elkarteak gogoratu du bero bolada gero eta sarriagoen garaian kautxuak tenperatura, eta beraz beroa, metatu egiten duela. Gainera, euriak lurrazpira iragazten ditu elementu toxikoak, lurra eta ura kutsatuz.
Segurua eta garbia?
Bi mitori kontra egin nahi izan die Juan Antonio Ortega pediatrak, Ekologistak Martxanen prentsaurrekoan. Kautxuzko parkeak haurrentzat seguruagoak direla pentsa badezakegu ere, halako guneetan erorikoak ohikoak direla dio, eremu ezegonkorra izan ohi delako. Garbitasunari dagokionez, ez dira leku higienikoagoak, dio. Higienea eta zikintasuna nahastu ohi ditugun arren, naturan jolastea garbiagoa dela nabarmendu du.
Ekainaren 23an, 14:15ean, 40ºC egiten zituen Tuteran; zelaian neurtutako tenperatura 28,7ºC-koa izan zen eta jolas-parkekoa aldiz, 73,3ºC-koa
Zer egin dezakegu?
“Osasuna duten parkeak” kanpaina abiatu du Ekologistak Martxanek. Webgune horretako mapan, herritarrek gehitu dezakete beren inguruko jolas-parkeek zein zoru mota duten. Helburua da horiek identifikatu eta gero udalek, Hezkuntza sailek edota ekipamenduen jabeek urratsa ematea, zorua kendu edota aldatzeko. Adibidea ere eman dute: Kantabriako Puente Viesgo herriko alkateak konpromisoa hartu du kautxuzko zorua duten herriko gune guztiak alternatiba osasuntsuagoengatik ordezkatzeko.

Gaiari lotuta:
Futbol zelai artifizialak. Kautxu aleak debekatuta, artaburuak eta mahats-haziak
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545