Astelehenero 8:00etan zure epostan
Green Capital Power konpainiak eraiki behar zuen, baina uztailean atzera bota zuen proiektua eta Jaurlaritzak ostegun honetan argitaratu den EAEko Aldizkari Ofizialean onartu dio atzera egitea. Polemikoa izan da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak proiektua onartu zuelako, baina estatuak eta Arabako Diputazioak oztopoak jarri dituztelako.
Jarindo mendiaren tontorra, eta atzean Gorbeiakoa.
2024an aurkeztu zuen proiektua Green Capital Powerrek –Capital Energy taldekoa– eta Jaurlaritzak onartu egin zion. Aurrera ateratzeko, dena den, bi oztopo bederen aurkitu ditu proiektuak: batetik, ez du lortu ezinbestekoa den Aire Segurtasunaren Estatuko Agentziaren baimenik (AESA, gaztelaniako sigletan); eta bestetik, Arabako Diputazioak ere alegazioak jarri zizkion proiektuari, bai eremua korridore ekologiko berezitzat joz, bai sai zuriaren eta beste hegazti batzuen egoera estua okertu zezakeelako ere. Gainera, paisaia eta ikuspegi aldetik ere Jarindokoa eremu berezia zela aipatu zuten diputazioko ingurumen teknikariek.
Horrez gain, Jarindo eta Urkiola artean beste hiru proiektu aurreikusi izan dira –Itsaraz, Miritxa eta Kastillo– eta, Arabako Diputazioaren arabera, laugarren batek eolikoen gehiegizko kontzentrazioa ekarriko zukeen inguru horietara. Lau proiektu eoliko horietatik Miritxakoa da tramitazioan dagoen bakarra. Beste hiruetan, proiektuak bertan behera geratzeko erabakigarriak izan dira ingurumen eragin txostenak, eta zehazki hegaztien babesari dagozkion alorrak.
Forondari eragiten dioten dorreak
Green Capital Power konpainiak 20 MWko lau airesorgailu eraiki nahi zituen Araba (Aramaio eta Legutio) eta Gipuzkoa (Eskoriatza eta Leintz Gatzaga) artean dagoen Jarindo mendian. AESAren baimenik ez lortzea erabakigarria izan da atzera egiteko, eta ez da lehen aldia inguru horietan horrelakorik gertatzen denik.
2022an bertan behera geratu zen Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak osatutako Aixeindar enpresa publiko-pribatuak Arlabanen –Gipuzkoa eta Araba arteko mendatea– eraiki nahi izan zuen proiektua. Orduan, enpresa horrek aire neurketak egiteko 86 metroko dorre bat eraiki nahi izan zuen Jarindo inguruetan –Arlabandik Jarindora ordubete dago oinez– eta AESAk atzera bota zuen, orain bezala aire segurtasuna argudiatuta.
Orduan AESAk azpimarratu zuenez, eraiki nahi zen dorre hark eragingo zien Forondako aireportua erabiltzen zuten hegazkinei, eta dorre hori eraikitzekotan aldatu egin beharko zen aireratzeko edo lurreratzeko hegazkinek erabiltzen dituzten irizpideak. Dorre horrek 970 metro garaiera hartuko zukeen, inguru horietan zerbait eraikitzeko baimendutako gehiena 895 metro direnean. Jarindoko Parkearen kasuan ez dira jakin izan baimenik ez emateko AESAren arrazoi zehatzak. Alabaina, Jarindo mendiak 895 metro ditu eta aurreikusitako airesorgailuak 200 metroko altuerara ere irits daitezke, beraz, pentsa daiteke oraingo baimen ukatzea ere antzerako irizpideetatik etor daitekeela.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545