Mundua bihar amaituko bada ere, sagarrondoak aldatuko ditut baratzean

Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela urte batzuk elikaduraren, jasangarritasunaren eta garapenaren bueltako eragileak eta pertsonak. Cederna Garalur landa garapenerako elkartearen bultzadarekin jarri dute martxan Jakiak Ehuntzen proiektua, Zangozako Merindadeko elikagaien ekoizpen eta komertzializaziorako sarea.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2024ko apirilaren 14a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Herritarrei eskualdeko elikagaiak eta produktuak eskuratzeko modua erraztea eta, aldi berean, hurbileko ekoizleei merkaturatzeko bide berriak eskaintzea dira proiektuaren helburu nagusiak. Bide horretan, kontsumitzaileen sentsibilizazioari begirako ekimenak ere antolatzen dituzte, eta hurbileko produktuak merkaturatzeko guneekin harremanetan daude: merkataritza txikia, ostalaritza, turismoari lotutako guneak… “Zangozako Merindadea hiru eskualdek osatzen dute: Pirinioek, Prepirinioek eta Zangozak. Guztira 57 herri dira, baina 22.000 herritar eskas gara”, azaldu du Tania Gomez Rodrigok, proiektuko teknikariak.

Nafarroako lurraldearen laurden bat hartzen du gutxi gorabehera eskualdeak, eta teknikariak nabarmendu duenez, mota askotako produktuak ekoizten dira bertan: “Lurraldea hain zabala eta klima aldetik anitza izanda, eskura ditzakegun produktuak ere askotarikoak dira”. Eskualde bakoitzak bere ezaugarriak izan arren, denak dira landa eremukoak eta despopulatze maila handikoak. “Abeltzaintza da nagusi Pirinio inguruan: esnekiak, gaztak… Zangoza inguruan barazkiak, fruta, ardoa, olioa, zerealak eta lekaleak ere baditugu”.

Banaketa eta merkaturatzea taldean

Logistika proiektu pilotua du esku artean Jakiak Ehuntzen egitasmoak: eskualdeko ekoizleak haien artean antolatu dira produktuak kolektiboki banatzeko eta saltzeko. “Distantzia handiak ditugu, orografia zaila, eta bidaiak eta gastuak murriztea da asmoa”, dio. Modu horretan, eskualdeko denda txikiei ere erosketa aldi berean egiteko aukera ematen diete, produktu sorta bat eskainita. Banaketa, gainera, tokiko kooperatiba baten bidez egiten dute herriz herri: “Finantzatutako zerbitzua da, banaketak ez die kosturik eragiten ekoizleei, ezta dendei ere”. Oraingoz, ekonomikoki errentagarria izatea oso zaila dela dio, baina haien asmoa da pixkanaka ekoizle eta denda gehiago batzea egitasmora, bideragarritasun ekonomikoa lortzeko.

Jakiak Ehuntzen proiektuko katalogoan eskualdeko 26 ekoizlek hartu dute parte, eta banaketa kolektiboaren proiektuan 12 daude. Proiektuko ekoizle asko eredu ekologikoan ari dira, baina ez guztiak. “Gutxienez, ekoizle txikiak izatea bilatu dugu, ez eredu industrialekoak. Lurrari lotutako ekoizleak, estentsiboan ari direnak”. Tokiko ekonomiari ekarpena egiteko eta despopulatzeko arriskuan dauden herrion etorkizuna bermatzeko, ezinbestekoak dira halako proiektuak, Gomezen ustez.

Euskal txerriak hazteko eta eraldatzeko proiektu txikia Nafarroako Pirinioan
2025-03-10 | Garazi Zabaleta
Iruñean bizi ziren Iñaki Zoko Lamarka eta Andoni Arizkuren Eseberri gazteak, baina familiaren herriarekin, Otsagabiarekin, lotura estua zuten biek betidanik. “Lehen, asteburuetan eta udan etortzen... (+)
Lanerako, proiektua zabaltzeko eta komunitatea egiteko auzo(p)lanak
2025-03-03 | Garazi Zabaleta
Gipuzkoako hamaika txokotatik gerturatutako hamarka lagun elkartu ziren otsailaren 23an Amillubiko lehen auzo(p)lanera. Biolur elkarteak bultzatutako proiektu kolektiboa da Amillubi, agroekologian sakontzeko eta Gipuzkoako etorkizuneko... (+)
Hurbileko laborari txikiek kudeatutako saltoki kolektiboa Maulen
2025-02-17 | Garazi Zabaleta
Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei:... (+)
Gasteizko elikadura sarea eraldaketarako tresna
2025-02-10 | Garazi Zabaleta
Pandemiaren ondorengo testuinguruan, elikadura –ustez oinarrizko eskubide den hori– lantzeko mugitzen hasi zen talde bat Gasteizen. “Militantzia esparruan beste gaiak jorratzen ari ziren ordurako, etxebizitzarena... (+)
Euskal Herriko txukruta eta kimchia
2025-02-03 | Garazi Zabaleta
Errezilera bizitzera joan eta sagarrondoak landatu zituen Satxa Zeberiok, Bio-K proiektuaren bultzatzaileak, duela zenbait urte. “Iritsi zen sagarrekin zerbait egiteko momentua, eta sagar zukua eta... (+)
gora