San Jeolimo (irailak 30) haragia piper handixakin jateko

Laborantza lurren zaintzeko Peio Dufau abertzaleak aurkeztu legearen alde egin du Frantziako Legebiltzarrak

203 diputatu alde eta hiru aurka agertu dira martxoaren 11 gauean egin bozketan. Higiezinen agentziak haserre agertu dira, eta bi salaketa aurkeztu ditu FAIN Frantziako Higiezinen Federazio Nazionalak Europako Batzordean. Bata, lege-proposamenari esker botere gehiago jasoko lukeen SAFER egituraren kontra, eta bestea, Frantziako Estatuaren aurka. Senatuaren bozketa eskas da orain, ondoko asteetan egitekoa duten azkeneko bozketa aitzin.


2025eko martxoaren 13a
Lege-proposamenaren aurkezpenean, Peio Dufau laborantzaren sektoreko ordezkariz inguratuta.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Babes zabala jaso du Peio Dufau EH Bai-ko diputatuak aurkezturiko lege proposamenak, 203 diputatuk alde eta hiruk aurka bozkatuko dutelako. Martxoaren 11 gauean bozkatu dute presio espekulatiboari aurre egiteko eta laborantza lurrak babesteko xedez idatziko testuaren alde.

Laborantza lurren salerosteen ardura duen SAFER izeneko egiturari ahalmen gehiago ematera dator testua. Gaur egun mugatuak ditu eskumenak, eta legediak dakarzkien aukerak baliaturik, hainbat laborantza lur doaz nekazaritza proiekturik ez duten jabe aberatsen esku artera. "Laborari anitz erretretara joanen dira datozen hamar urteetan. Hamar milioi hektarea laborantza lurren geroa dago gaur egun zalantzan. Demografiaren aldaketa horrek dakar SAFERen lehentasunez erosteko eskubidearen sendotzearen beharra. (...) Laborantza lur horiek ez baditugu babesten, betirako galduko ditugu", Dufauren hitzetan.

Konkretuki, salmenta prozedura bat abiatzerakoan, notarioak jakinarazpena bidaltzen dio SAFER egiturari, eta hark lehentasunez erosteko eskubidea baliatu dezake, erosketa prezio bat proposatuta. Orduan, saltzaileak onartu dezake prezioa eta beraz salmenta, edo errefusatu. Kontua da prozedura ez dela hain sinple bizitegia dagoenean lur horietan. Azken bost urteetan laborantza jarduerarik ez bada egon, orduan laborantza bokazioa galtzen du bizitegiak, eta, SAFERek eragiteko ahalmen txikia dauka. Laborantza lurrak lehentasunez erosteko proposamena aurkeztu dezake SAFERek, baina jabeak errefusatzeko aukera dauka, eta orduan ondasun osoa jabeak proposaturiko prezioan erosteko bidea da SAFERari gelditzen zaion aukera bakarra. Kasu gehienetan SAFERen eskaintza errefusatzen du jabeak –hamar eskaeretarik zortzitan–, finean bizitokiaren eta lurren eroste prezio espekulatiboa anitzez interesgarria zaiolako. Dufauren lege-proposamenak dakar, ordea, lurra eta bizitegia bi jakinarazpen ezberdinetan bereizteko aukera, eta beraz, lurrak lehentasunez erosteko eskubidearen bermatzea. Lege-proposamena aurkezterakoan, Arbonako espekulazio kasuaren berri eman die diputatuei Dufauk, hain justu, muga horregatik ezin izan zituztelako laborantza lurrak salmentatik atera. 2021eko udan bideratu zuten Arbonako lurren eta bizitokiaren okupazioa, bertan bideraturiko gehiegizko espekulazioa geldiarazteko asmoz.

Erran bezala, eraikinei dagokionez, SAFERen lehenespen-eskubidea bideratu daiteke bost urteetan nekazaritza-erabilerarako balio izan badute. Kostaldeko herrietan, haatik, baldintza azken hogei urteei zabaldua da. Lege-proposamenaren bigarren artikuluak dakar eskubidearen zabalpena lurralde gehiagotara, kostaldeko eta tentsiopeko eremuekin mugakide diren herrietara ere bideraturik. Lehentasunez erosteko eskubidea baliatu aitzin, ondasuna bisitatzeko eskubidea ematen dio SAFERi hirugarren artikuluak.

Departamenduko SAFERen, Lurzaindia fundazioaren eta laborantza sindikatuetako ordezkariak ondoan zituela, urtarrilaren 10ean aurkeztu zuen testua prentsaurreko bidez. LR Errepublikanoak eskuineko alderdiko Julien Dive diputatuak ere izenpetu zuen eskaera, Dufaurekin batera.

Higiezinen agentziak kexu, salaketa jarrita

FAIN Frantziako Higiezinen Federazio Nazionalak ez du onartzen Dufau eta Diven testua: "Landa-eremuko higiezinen merkatuaren orekarako arrisku handia da". Ikusirik lurrak edota lurren parte bat bizitokitik bereizteko aukera dakarrela lege-proposamenak, FAINen arabera "jabetza-eskubidearen urraketa" dakar testuak. Europako Batzordeak jarri ditu bi salaketa: bata, SAFERen aurka, "gehiegizko dominazioagatik" eta bestea, Frantziako Estatuaren aurka, "legez kanpoko estatu-laguntzengatik".

AHTren atzerapena gaitzesteko gutuna bidali diote Europako Batzordeko Garraio Komisarioari Pradalesek eta Roussetek
EAE, Akitania Berria eta Nafarroak osatutako euroeskualdearen batzarra egin dute Iruñean martxoaren 25ean. AHT izan dute topaketaren ondoko agerraldiko aipagai nagusien artean eta Akitania Berriko... (+)
Zuhaitz landaketa: mozketa masiboak egin ahal izateko jukutria "berdea"
Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan... (+)
EH ez da salgai, legedia ere ez
Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da,... (+)
Nestlé eta Sources Alma eskandalua: supermerkatuko ur natural botilak ez genituen uste bezain naturalak
Ur kontaminatua ur mineral eta ur natural gisa saltzen aritu dira urte luzeetan Nestlé eta Sources Alma multinazional frantsesak. Legez kanpoko filtrazioak, iturburuko ura txorrotakoarekin... (+)
Justiziak ezeztatu du obren gauzapena zekarren prefetaren ordenantza
"Historikotzat" jo du otsailaren 27an plazaraturiko epaia Lurraren Altxamenduak sare ekologista antikapitalistak. Bere aldetik, epaiaren "krudelkeria" salatu eta helegitea jarriko duela jakitera eman du Frantziako... (+)
gora