Ardia zintzarri jole barrenean, atarian elurra biharamunean

Aztarnak


2025eko martxoaren 13a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu osoak Suitzako herritarren kontsumo-maila bera balu, bi Lur planeta eta erdi beharko lirateke baliabide kopuru bera sortzeko.

Proposamenak ezkerreko alderdien eta talde ekologisten babesa jaso duen arren, suitzarren %69k ekimenaren aurka bozkatu du. Dena den, sinbolikoki begiratuz gero, ezin da ukatu eztabaida eta hausnarketarako atea zabalik dela.

Euskal Herrian bertan, biztanleko 8,6 kilotona CO2 isurtzen ditugu atmosferara urtean. Datuak zur eta lur utzi nau. Ez da txantxetarako kontua, aizue; munduko batez bestekoarekin alderatuz gero, ia bikoitza da

Suitza luxuarekin eta aberastasunarekin lotuagatik, ez pentsa hemen atzean geratzen garenik. Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, argitaratutako datuen arabera, Euskal Herrian bertan, biztanleko 8,6 kilotona CO2 isurtzen ditugu atmosferara urtean. Datuak zur eta lur utzi nau. Ez da txantxetarako kontua, aizue; munduko batez bestekoarekin alderatuz gero, ia bikoitza da. Era berean, Europar Batasuneko batez bestekotik (7,8) gora kutsatzen du euskal herritar bakoitzak.

Zalantzarik gabe, zer pentsatua sortu behar lukeen auzia da. AEK-k, esaterako, Korrikak zenbateko karbono aztarna uzten duen aztertu du. 231,87 CO2 tona isuri ziren, orotara. Ondorio nagusia ingurumenean inpaktu txikia sortzen duela izan da, iraupen eta parte hartzaile kopurua aintzat harturik. Alde horretatik, eskertu beharreko ekarpena da.

Zenbakiez harago, ordea, ez dut uste egungo kontsumo-ereduak bide jasangarrira garamatzanik. Horren adierazle dira arrakasta mozorrodun ekitaldi jendetsuak; izan Hatortxu Rock, izan Durangoko Azoka, izan Inauteriak. Nork bere erantzukizunetik, izan daitezela ereduz aldatzen hasteko egunak. Baina, tira, ez diot nik inori festarako irrika zapuztu nahi, ezta gutxiagorik ere! Egia esan, zalantza existentzialek harrapaturik naukate; zer esatea nahi duzue? Ez dakit Suitzako trachetn jantzi herrikoia Amazonen ala Alibaban erosi.

Aritz Peñagarikano

gora