San Benito primadera, ganadua larrera.

Zainzurien skotomorfogenesia eta fotomorfogenesia

Datorren negua gozatuko digute zainzuri kimuek (Asparagus officinalis). Baratzeko nire kuttuna da, baita nire baratzekoa ere.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko urriaren 14a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bat-batean urteak bizitzen den landare batek lurpetik luzatzen du kimua. Urtero landarea desegin egiten da, udazkena etorri ahala urte horretan hazi den landarea horitu, ihartu eta deuseztatu egin da. Neguan lurpean soilik bizi da. Sasoian bildu eta sustraietan jaso ditu erreserba gordekinak; loditu eta sasoi berria ekarriko duten eta luzatu eta epelduko diren egunen zain jarriko dira. Orduan erresalbuak piztu, dantzatu eta bizia eman eta erreserba berriak ekoitziko dituen landarea sortu nahi du. Landare horren lehen pujak edo muskilak dira kimuak. Kimuak barruan dakartza aurreko sasoi osoan sustrai lodikoteetan pilatu eta pilatu jasotako erresalbuak. Gordekin horiek ahalik eta ondoena antolatzeko biltegiratze teknika aurreratuenak erabiltzen dituzte landareek: azukre konplexuak. Azukre horien korapiloak eta begiztak askatu eta sasoi berria osatuko duen landarea eraikitzeko zelulek beharko dituzten azukre sinple jangarri bihurtuta daude kimuan. Sustraian ahalik eta gehien jasotzeko erreserbak konplexuak dira, trinkotuak, bere baitan areago bilduak, gainkontzentratuak. Kimuan, aldiz, arinduta daude, askatuta, urtuta, di-da erabiltzeko moduko jakiak dira. Azukreen joko horrek aparteko gozotasuna eransten dio kimu berriari; sasoiko lehen zainzuri naturala lehen aldiz ahoratutakoan aho sabaiari galdetu… Ahobeltzenak ere igartzen dio.

Kimu berria sustraietatik abiatu eta luza eta luza landare berria altxatu arte ez da geratuko. Hasieran lurpean zuri-beluri antza luzatuko da, skotomorfogenesi aldia da; gero, behin argitara aterata, argi horrekin bere funtzio fotosintetikoa eginez, jeneralean berdea den berezko kolorea hartuz luzatuko da, fotomorfogenesi aldia da. Zuria den artean sustraietako jakiak beste ez du izango; fotosintesiarekin berriak, berak sortutakoak izango ditu. Horra dastaren aldaketa nabarmena. Lurpean zuria denean zapore, ehundura eta azalmintz leunagoak, finagoak ditu.

Zainzuridietan ildo-bizkar handien azpian luzatzen dira kimu preziatuak. Beste barazki batzuei inguruan eraikitzen zaie lurrestaliko dituen muntoa. Badira lurrik gabe, beste materialen batekin estaltzen direnak ere: paper, kartoi, ohol, loreontzi, teila… Baita hosto mototsa lotzea nahikoa dutenak ere. Hona batzuk: behartsuen zainzuria (Chenopodium bonus-henricus), apioa (Apium graveolens), endibia (Cichorium endivia), eskarola (Cichorium endivia var. crispum eta var. latifolium), uraza (Lactuca sativa), txikoria (Chicorium intybus), porrua (Allium porrum), kardua (Cynara cardunculus), patata (Solanum tuberosum) eta arabarba (Rheum rhabarbarum). Baratzezainak zuritu beharrik gabe ere etortzen dira makina bat landaretan kimu berri jangarri eder askoak: lezka (Typha spp.), laharra (Rubus fruticosus), anbulua edo zapo-porrua (Asphodelus albus), txikori-belarra (Taraxacum officinale) eta abar.

Udazkenetik udaberrirako bidea gutiziaz gutizia igaro nahi duzun gupera, melenga edo milixka bazara eta are gehiago milikeriatan eta mizkinkeriatan ibili zalea bazara, ekin mendian bilketari eta barazkiak zuritzeari. Ahozuriak baratzea zuritzera.

Betor hotza, arren!
2025-12-15 | Jakoba Errekondo
Epel eta berotik joan da. Bada Durangon abendu hasieraero azoka berezi bat, “euskal kulturaren azoka” esaten zaiona. Bertan Bizi Baratzearen inguruko lurzaleon egunetako kongresua izaten... (+)
Malkoen bideko babarrunak
2025-12-08 | Jakoba Errekondo
Babarrun aleak titi artean jaso eta aurrera. Ipar Amerikako jatorrizko herrialdeetako txerokiak XIX. mendean beren kulturaren lurraldeak utzi eta lur arrotzetara joatera behartu zituzten. (+)
Txin-txinaren palma-zuhaitzak
2025-11-30 | Jakoba Errekondo
Nire inguruan maitale gutxi dituzte. Palma-zuhaitzek. Maitari edo amatzaile gutxi horiek zale sutsuak dira, bai horixe! Gehienek, ordea, kanpotartzat jo eta muturreko eskuindarrek immigranteak bezala... (+)
Loreak lorategietan eta pertsonak kaioletan
2025-11-24 | Jakoba Errekondo
Pertsonak kaiolatan sartuta ezagutu ditu gure espezieak. Duela ez asko, Europako estatu handiustekoek mundu osoan koloniak zituztenean, kolonizatutako lurralde horietako lurrak bereak balira bezala jarduten... (+)
Sexuaren premia
2025-11-16 | Jakoba Errekondo
Ni hibrido bat naiz. Zu ere bai. Baita hura ere. Den-denok gara hibridoak. Ikusten dituzun animalia eta landare guztiak. Landare bakan batzuk kenduta, denok ditugu... (+)
gora