Inon, bizitzea, baratze bat lantzea da

Loreak lorategietan eta pertsonak kaioletan

Pertsonak kaiolatan sartuta ezagutu ditu gure espezieak. Duela ez asko, Europako estatu handiustekoek mundu osoan koloniak zituztenean, kolonizatutako lurralde horietako lurrak bereak balira bezala jarduten zuten, hango den-dena hartu eta eramateko modukoa zelarik, lapurtzen eta erauzten eta idokitzen eta lauskitzen ari zirelako lotsa izpirik gabe ahitu arteko harrapari grinarekin.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko azaroaren 24a
1905ean Liejan (Belgika), mundu mailako expo kolonialaren zati zen "herri senegaldar"reko aintzira.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Meak, uztak, urak eta abar amaiezin bat harrapakin errazak ziren zizpa besapean zuenarentzat. Asekaitzarentzat horiek nahikoa ez eta pertsonak lapurtu eta saltzen zituzten, bizi-pisa eta beroarena kendu gabe. Euskal Herrian jauregi ederrik izango da bere lurrari ebatsitako arima haien zigor zartailuz ebakitako bizkarren bizkar.  

Pertsonak lapurtu eta saltzea gutxitxo eta kaiolatan sartu eta erakusgai jartzen zituzten; jabearen handitasunaren eta adimenaren erkagai. Hipolito Medici (1511-1535) kardinal italiarrak zuen “bilduman” animalia exotiko ikusgarrien artean, afrikar, indiar, turkiar, tartaro eta mairurik ez zen falta, errenazimentu humanistaren pizkunde bizian. Okerrena XIX. eta XX. mendeetan etorri zen, mundu “aurreratu” guztian… Akademiako zientzialari nagusien babesarekin, arrazen arteko hierarkia eta kolonietako inperioen eraikuntza aitzakiatzat hartuta, gu bezalakoak ez zirenak erakusgai jartzen genituen jende zoologikoetako kaiolatan. Marsellan (1906 eta 1922) eta Parisen (1907 eta 1931) mundu mailako expo kolonialetan ere ikusgai jarri zituzten eta Parisko azkeneko horretara 34 milioi bisitari joan ziren. Bruselan, 1958ko expoa izan zen azkena, kongotarrez osatutako herri bat erakutsi zen. Baina horrek sustatu zuen arrazakeria modernoak oraindik bizi-bizi dirau gure artean ere.

Zoologikoetan pertsona ez besteko era guztietako animaliak erakusten dira gaur ere. Izugarrizko borroka dago horien aurka; animalismoaren dotrinek izugarrizko kuraia eman diete zoologikoetako etengabeko bizitza torturaren aurkariei. Hor ere zientzialariak dira eta izango dira zoologikoak galeraztearen aurkari nagusiak. Baina badator. Badator atzera bueltarik ez duen iraultza; gure ahizpa animalien eta abereen ongizatea lehen mailako kezka da, eta torturaren katebegi gorenena diren makrogranja eta arrain haztegi industrial jasanezin, kutsatzaile eta txikitzaileek elorrio izango dute, gero eta elorrio arantzatsuagoa. Horiei darien odol usainarekin batera garbi aditzen da etorkizunik izango ez duten usaina.

Gaurko nire galdera haratago doa, goaztean mende bat atzera, XXII. mendera. Hemendik ehun urtera, landareen kartzelak galaraztea izango da borroka. Baina ez lorategi botanikoak soilik. Espaloietako bizitza nakaitz iguingarrian bizitzera behartzen ditugunak. Ustez dotoreak eta bizipozgarriak ditugun lore baratzetakoak. Gure etxe barru itsusi mortaletan, bero-lehorretan, lurrin eta pintura artifizialez kutsatutakoetan, musika ustez jantzia edo alaia entzunarazten denetan, pantailetatik kirol-pornografia ikusaraztera behartzen ditugunak. Epaitu, moztu, mogarratu, inausi eta era guztietako mutilazioekin estiratu eta torturatzen ditugun landare guztiak. Krimen horien esklabu denen askapenerako egunaren antolaketa hasia da dagoeneko.

Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
Bakoitzak bere habia
2026-02-09 | Jakoba Errekondo
Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat. (+)
Azenario koloreko mutila
2026-01-26 | Jakoba Errekondo
Seko jakineza naiz, eta ez naiz modaz ariko. Koloreez bai, ordea. Kolore batzuk nola haizearen alde jarri eta denon aurrean boladan sartzen diren. Azenarioarena kasu... (+)
gora