Eguzkiak erretzen badu urtarrila, zoaz eske-zakuaren bila.

Zaintza erdigunean

Tamaina txikikoa, gris-marroi kolorekoa eta gau zalea. Halakoa da txantxiku arrunta. Ezaugarri horiekin ez du ematen atentzioa deitzeko moduko animalia denik, baina… ondo erreparatuta, txantxikuak baditu hainbat sekretu gizakiaren begietara ezkutatzen direnak. Izan ere, txantxiku arrunta, Europako aporik zaharrena izateaz gain, apo berezia ere bada: zaintza erdigunean jartzen du.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2023ko irailaren 25a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
Txantxiku arrunta (Alytes obstetricans)

Taldea: Ornoduna / Anfibioa.

Neurria: 5 cm inguru.

Non bizi da? Basoa, hezegunea, belardia eta eremu urbanoa.

Zer jaten du? Ornogabe txikiak.

Babes maila: Europa mailan babestua.

Ikusi, ikusi… agian ez zenuen ikusiko, baina entzun… oso litekeena da txantxiku arrunta entzun izana. Izan ere, baserri inguruetan, aska edo ur-putzu txikiren bat den gunean, txantxikua nahiko arrunta izaten da Euskal Herrian. Eta ugaltze garaia iristen denean, udaberri inguruan, edo batzuetan baita udazkenean ere, txantxikua kantuan hasten da, bere txistu soinu berezi eta errepikakorrarekin. Ezagutzen ez duenak ez dio kasurik egingo, bere belarrira txoriren bat izan daitekeela-ko. Behin belarria eginda, alabaina, nahasezina da bere musika. Kun-kun egiten omen du. Horregatik, agian, Agurainen jarri dioten izena: kunkuna. Leku guztietan, ordea, kantua ezberdin aditzen omen da eta, amurriotarrek klinklona deitzen diote. Klin-klon egingo duelako. Hernani inguruan, kuk-kuk egiten duela, baina… zapottikia bezala ezagutzen dute. Tamainari erreparatu diote kasu horretan. 

Txikia izanagatik, ordea, ikusi izan duenak ez du berehalakoan ahaztuko. Urre-zilar koloreko begi ederrak, eta pinto gorri txikiak bizkarraren bi aldeetara. Hori gutxi ez-eta, txantxiku arruntak, inguruko beste anfibio espezieek ez bezala, etorkizuneko zapaburuak izango diren arrautzak ipurdi-bizkar gainean eramaten ditu korapilatuta ugaltze garaian. Eta hala, gauero-gauero, uretara eramaten ditu eta bertan busti, heze mantentzeko. Arrautzak gau eta egun eramango ditu bizkar gainean, eta arduratuko da horiek leku hezean mantentzeaz, harri edo enbor azpietan, eguzkitik salbu. Zapaburuak ateratzeko zorian direla sumatzen duenean, putzu, aska edo ur geldoko eremuan utziko ditu.

Baina agian espero ez duzun beste ezaugarri batek emango dizu arreta. Izan ere, txantxikuaren kasuan, emeak ez, arrak dira etorkizuneko zapaburuak aterako diren arrautzak bizkar gainean eraman eta zainduko dituztenak. Txantxikuak urteak daramatza zaintza erdigunean jartzen.

Gurean arrunta izanagatik, ez dugu erlaxatzeko arrazoirik espezie honen kontserbazioan. 1998ko udan, Guadarramako mendilerroan, Peñalarako Parke Naturalean (Madril), metamorfosia egin berri zuten ehunka txantxiku hilik agertu ziren bi mila metro ingurura dauden hainbat urmaeletan. Itxuraz, kontserbazio egoera ezin hobean ziren putzuetan. Urte betera, 1999ko udan, txantxiku populazio hartako zapaburuen %86a desagertua zen jada. Kitridioen taldeko onddo batek egin zuen sarraskia eta jada gaixotasuna Euskal Herrira ere iritsi da, nahiz eta hiru lekutan baino ez den atzeman.

Gizakiak ere zaintza erdigunean jarri beharko du, bere buruarena eta inguruko gizakiena ez ezik, baita gainontzeko bizidunena ere, gure bizitzaren oinarria den biodibertsitatea mantendu nahi badu.

Suge arrantzalea, errekan barrena
2025-04-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek... (+)
Gaueko kantari bakartia
2025-02-24 | Iñaki Sanz-Azkue
Nekazal eremu lehor baten erdian ageri da putzua. Txikia da tamainaz, eta ez oso sakona. Egunak dira euririk egiten ez duela, baina oasi txiki honek... (+)
Hotza maite duen igela
2025-01-20 | Iñaki Sanz-Azkue
Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina... (+)
Sugandila bat “ezer ez dagoen lekuan”
2024-11-25 | Iñaki Sanz-Azkue
Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe,... (+)
Lau hanka txiki gorputz bat azkarra egiteko
2024-10-14 | Iñaki Sanz-Azkue
Bi argazki aterako dizkiogu gure memoriari: batak Nafarroako Bardeetara eramango gaitu. Bertan, hautsez beteriko pista baten aldamenean, belar luzez osaturiko zelaitxo bat aurkituko dugu. Argazkiak... (+)
gora