Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar horretan, badira zeharo ahaztuak ditugun habitatak ere, beste espezie askorentzat ezinbestekoak direnak eta biodibertsitatearentzat balio handikoak direnak. Gizakiaren begietara, ordea, estetikak pisu handia du, eta baso baten edertasunak eta handitasunak gehiago erakarriko du ia landaretzarik ez duen klima mediterraneoko eremu soil batek baino. Desertu txiki bat diruditen habitat horiek “ezer ez dagoen lekua”k iruditzen zaizkigu eta…
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
Hortxe, justu, landaretza oso motza, 10 cm baino txikiagoa dena beti, eta soilgune anitzez beteriko eremu horretan bizi da sugandila berezi bat: espartzudi-sugandila. Ez oso ezaguna, agian, baina beste edozein sugandilak adina merezi duena, zalantzarik gabe.
Espartzudi-sugandilak Nafarroa hegoaldean aurkitu du bere bizitokia Euskal Herrian. Lurzoru buztintsuak ditu gustuko, eta batez ere, ezkaiez edo xarbotez osaturiko gune irekiak edo albitza eta espartzua, sugandilaren izenak dioen moduan, osagai moduan dituzten lekuak. Nafarroan egindako ikerketen arabera, estepan aurkitu izan da batez ere (egindako behaketen %70,8an), baina baita sastrakadi mediterraneoan (%25ean) eta labore lur lehorretan eta alfer-lurretan (%4,2) ere. Landaretza askoko eta luzeko guneak, ordea, saihestu egiten ditu. Altuerari dagokionez, 660 m eta 1.350 m artean aurkitu daiteke animalia hau. Horregatik guztiagatik, espartzudi-sugandila ez da oso ugaria, ezta ikusteko oso erraza ere.
Tamaina txikiko narrastia da. Arre-gris kolorekoa izan ohi da eta lau marra zurixka nabarmen ditu, aurretik atzera jarriak gorputzean. Marra horiek baina, kolore berdeak edo horiak ere hartu ditzakete populazio batzuetan. Toki batzuetan, batez ere, ugal garaian. Garai horretan, emeek hiru-lau arrautza jarriko dituzte, landaretzaren oinean, lurrazpian egindako zuloan. Sugandila umeak abuztua-irailan jaioko dira.
Inguruan inor sumatzen badu, bertan dagoen landaretza baxuaren bila aterako da, bat-batean eta azkar. Landaretzara iristean, brast! Geldituko da, eta ez da mugituko denbora batez, bere gorputzeko kolorea ingurunean ondo mimetizatzen dela aprobetxatuta. Bere bila hasiz gero, mantso-mantso mugituko da landaretzaren ertzera ateratzeko. Behin horra iritsita, berriz ere abiadura azkarra hartuko du, hurrengo landaretzara joateko eta beste behin, han ezkutatzeko. Arraroa izan ohi da, bestalde, zuloetan ezkutatzea.
Negua lozorroan igarotzen du eta Nafarroan apiriletik urrira izaten da aktibo, nahiz eta abenduan noiz edo noiz ikusi izan den. Normalean, eguraldi txarraren ostean aktibatzen da eta ornogabe txikiez elikatzen da batez ere.
Nafarroan, nekazaritza intentsiboa da espezie honen mehatxu handietako bat, suteez, urbanizatze prozesuez eta bere bizitokia nekazaritza lur bihurtzeko prozesuez gain. Izan ere, gizakiaren begietara “ezer ez dagoen leku” bat kontserbatzea ez da beharrezko kontua...
ESPARTZUDI-SUGANDILA (Psammodromus hispanicus)
TALDEA: Ornoduna/Narrastia.
NEURRIA: 5 cm inguru, isatsik gabe.
NON BIZI DA? Leku ireki mediterraneoetan, xarbotadietan...
ZER JATEN DU? Ornodun txikiak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545