Baratzea maitasun abesti bat da, pertsona bat eta Ama Naturaren arteko dueto bat

Suge arrantzalea, errekan barrena

Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere bizi txokoa izan ohi du eta suge biperakarak ur eremuak ditu gustuko, zalantzarik gabe. Hargatik, herri askotan, “errekako sugea” edo “ur sugea” moduan ezagutzen dute animalia hau. Izan ere, suge biperakara ur zale amorratua da.

Iñaki Sanz-Azkue
Iñaki Sanz-Azkue

Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.


2025eko apirilaren 07a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Igerilari aparta da eta urpekari bikaina. Sugeak lurrean narrasean ibiltzen diren moduan mugitzen du gorputza ur azalean edo ur azpian ibiltzeko, eta nola gainera! Minutuak ere egin ditzake azalera atera gabe, eta horri esker, bere jakirik preziatuena, arrainak, arrantzatzeko abilezia bikaina du. Amuarrainak, ezkailuak… igelak eta zapoak ere jango ditu.

Esku-arrantzan ibili denak ondo asko ezagutzen duen animalia da. “Ur sugeak ez du kuidadorik, ez du horzkarik egiten. Baina esku-arrantzan ginela, eskua sartu eta harrapatu nuen. Esan nien gehiago ez nintzela joango”. Errekako arrantzale gehienek, ordea, ez diote beldurrik, eta behin baino gehiagotan, amuarraina arrantzatzera doazela suge biperakara harrapatu badute ere, berriz ere bueltatu direla diote. Ondo asko baitakite suge biperakarak ez duela pozoirik, eta horzka ere, ez duela apenas egiten.

Sugeez gutxixeago dakienak, ordea, tentuz begiratzen dio suge biperakarari. Nahasmena ere sor baitezake bere diseinuak. Izenak berak dioen moduan (biperakara), sugegorriaren antza du eta ezaugarri hori baliatzen du bere burua mehatxatua sentitzen duenean: lepo aldea puztu egiten du, hiruki formako burua jarriz, sugegorria bailitzan. Bien artean badira ezberdintasunak, ordea. Sugegorriak buruko eta gorputzeko ezkata guztiak tamaina berekoak ditu. Suge biperakarak, baina, burukoak gorputzekoak baino handiagoak. Begi-ninia ere, sugegorriak bertikala du eta biperakarak, borobila. Sugegorriak pozoia du; biperakarak, ez.

Izatez, sugegorria eta suge biperakara ez dira genero berekoak ere. Suge biperakaratik gertuago dago suge gorbataduna bera, biak Natrix generokoak izanda. Biak ere eremu hezeen zaleak dira, nahiz eta diseinu aldetik antza handirik ez duten.

Kolore nabar edo gorriztak dituen suge honek populazio nahiko dentsoak ditu Euskal Herriko eremu batzuetan. Banaketa ere nahiko zabaldua du Euskal Herri osoan, eta hala, bainutokia erreka edo ibaia duten gehienentzat ezaguna da. Arrantzale amorratua denak nola arrantzatzen duen ere kontatuko dizu, Urumea bailaran kontatu ziguten moduan: “Amuarraina harrapatzen duenean, amuarrainarekin batera ibiltzen duk. Amuarraina gogorrean hasten denean, bueltan-bueltan igual ibiltzen duk; utzi egiten ziok. Lasaitzen denean, berriz ostera lehorrera, eta beste horzka bat gehiago jan eta horrelaxe jaten du”. Behatzaile onak, gozatu ez ezik, ikasi ere egiten baitu naturan. Suge biperakararekin, gainera, gune pribilegiatuan: erreka soinuak belarria goxatzen duen lekuan.

 

SUGE BIPERAKARA (Natrix maura)

TALDEA: Ornoduna / Narrastia.
NEURRIA: 90 cm.
NON BIZI DA? Ur eremutik gertu.
ZER JATEN DU? Arrainak eta anfibioak, batez ere.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Tximista belardian
2026-07-27 | Iñaki Sanz-Azkue
Suge gorputz kiribildu bat sumatzen da belar luzeen babesean. Argi-itzaletan ari da goxatzen, eguzkipean. Lasai dago; eroso, bere bizitokian. Baina amaitu da bakea. Gorputzak mugimendu... (+)
Bertako espezieak kobren eta anakonden itzalean
Euskal Herriko ikasleekin egindako ikerketa batek, gizakien eta sugeen arteko harremanari buruzkoak mahai gainean jarri ditu nazioartean. Erlazio horrek beti eman du zeresana, baina oraingoan,... (+)
Kantu bat ilargipean
2026-06-15 | Iñaki Sanz-Azkue
Soka baten itxurako mihia du: luzea eta zirkularra. Disko itsaskorrak hatz finen puntan, eta begi-nini horizontala duten urre ilun koloreko begi biribilak buruaren bi aldeetara.... (+)
Narrasean narrasti artean
2026-04-26 | Iñaki Sanz-Azkue
Arre koloreko lurrean aurkitzen da. Arretasunean, harro, narrasean doa. Herrestatuz, narrastia. Soroan sesiorik ez. Segi du sugeak, sigi-saga, sasoia du eta; mahastian eroso sartu da.... (+)
Schreiber muskerra eta Jaizkibelgo misterioa
2026-03-16 | Iñaki Sanz-Azkue
Kanpai soinua Jaizkibelen. Hareharrizko arrokak ikus daitezke Guadalupe elizaren aldameneko belardian: orban horiak paisaia berdean. Itsaso urdin bat sumatzen da gertu. 1979an aurkitu zen bertan... (+)
gora