Zahartzearekin aldaketa fisiologiko, emozional eta psikologikoak gertatzea unibertsala bada ere, horiek lurreratzeko modu materialak, sozialak eta pertsonalak ez. Maiz zahartzaroa singularrean deklinatzen da baina elikadura, energia, ura, hezkuntza edo osasun zerbitzuetara bakoitzak duen eskuragarritasunak zahartzaroko baldintzak markatzen ditu; baita ere, landa eremuan edo herri-hirian bizitzeak, eredu heteropatriarkalaren hautuak eskaini dezakeen familiarizazio sare tradizionala izateak edo gorputzen dibertsitatearen errealitateak, besteak beste.
Gazte eta helduaroa etengabe martxan dagoen garraio-zinta produktibistan kokatzen du eredu hegemonikoak, erritmo bizian eta arrakasta-molde zehatzekin. Garraio zintatik kanpo kokatu daitekeen zahartze demografikoari irtenbide inklusibo eta dotorea eman asmoz, zahartzaro aktiboaren aldarri distiratsua egiten da, zahartze autonomo, osasuntsu, sortzaile eta laguntzaile izaeraz jantzita. Baina zahardade homogeinizatzaileak garraio zintaren logika erreproduzitzen du; ideologia neoliberalarentzat pagotxa, Silver economy deritzonarekin edo zalantzan jarri beharreko belaunaldi-arteko zaintza ez ordainduekin bapo elikatua.
Egungo krisi ekosozialean birkokatzen ari den kapitalismo berde eta digitalak erabakitzen du zahartzaroan merkatutik pasatzen diren bizi baldintzen norabidea, digitalizazioarekin zaintza-washingari eta silver economy horri gehiago erantzuten dioten gomendio eta esloganekin: zimurren eta muskuluen grabitatearen kontrako errezetak, eremu naturaletara ezinbesteko bidaiak, erresidentzia pribatuen bizileku paradisuzkoak (zure komunitatetik deslotuta), azken modeloko tramankuluen kontsumoa…
Baina zahartzaroak baditu beste mila aurpegi ere: euren eskubideen defentsan memoria ez-erromantizatua zein egungo beharrak aldarrikatzen dituzten Oneka-riak; zahartzaroan zer zaintza jaso/eman nahi dugun eta heriotza duinaren inguruan agenda feminista propioa eraikitzen ari diren herri eztabaidak; zahartzaroa bizitzeko etxebizitza proposamen komunitarioak; gorputz eta bizi-moldeen tabuak interpelatzeko ahots gero eta ugariagoak… Pentsioak, fardelak, beldurrak, sormena, bakardadea, bakarrik egoteko grina, aldaka-apurtua, aitona, alaba, berotasuna, ohe-artikulatua, hotza, despisteak, sexua, bastoia, aitzurra, minak, maitaleak…
Zahartzaroa egunerokoak taxutzen duen bide gisa hartzen badugu –gertuago edo urrunago haragituta sentitzen badugu ere–, zer enfokatzen laguntzen digu ekofeminismoak? Krisi ekosozialak zahartzaroan dituen eragin zehatzak azaleraztea: ze eragin du klima aldaketak, biodibertsitate galerak, ur eskasiak, lurraren kutsadurak, landa eremuaren husteak, migrazio bortxatuak, zaintza erregimenak… Azterketa eta datu hutsunea (interesatua) handia bada ere, jakina da elikadura osasuntsuaren gabeziak, muturreko gertaera meteorologikoek, izurriteek, pobrezia energetikoak, bizitzaren garestitzeak, auzokide ezezagunek, osasunaren eta zaintzaren pribatizazioek… emakumeengan* eta zaurgarrienak diren pertsonengan eragin handiago dutela eta emergentziazko egoeretan areagotzen direla.
Emakumeen bizi esperientzien politizazioak oso baliagarriak zaizkigu pribilegioak eta bortizkeriak zein desberdinkeriak ikusarazteko; baita ere, adineko barne piztiei ateratzeko askabideak irekitzeko eta nolako zahartzaro ekofeministak eraiki nahi ditugun agentzia mamitzeko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545