Astelehenero 8:00etan zure epostan
Mercosur eta Europar Batasunaren arteko merkataritza ituna izan dugu buru gainean biraka. Mercosur, muga-zergak eta oztopoak gutxitzeko akordioek eta beste zenbait liberalizaziorako nekazaritza hitzarmenak, elikadura sistemak zelatatzen dituzte. Neurririk gabe diru-gosez dira eta hango eta hemengo nekazaritza eta herrien elikadura burujabetza jaten jarraituko dute, hustu arte. Ez dira akordio teknikoak, ezta ekonomiaren eremu “neutralean” gertatzen diren zerbait ere, botere-erabaki politikoak dira.
"Itunak erakusten du zer lehenesten den: merkatu globala, enpresa transnazionalak..."
Mercosurren itunak argi erakusten du zer eta nor lehenesten diren: merkatu globala, enpresa transnazionalak eta esportazio eta ustiapen logikan dauden erakundeak. Horregatik, laborarien protestak ez dira akordio zehatz baten aurkako erreakzio isolatuak, baizik eta elikadura merkantzia huts gisa ulertzen duen sistema oso baten aurkako adierazpena. Arazoa ez baita nekazariek euren eskaintza egokitu behar dutela edo kudeaketa hobetu behar dutela, baizik eta eredua bera dela egiturazki bidegabea eta suntsitzailea. Mercosurrek eta merkataritza “askeko” akordioek, kapitalismoaren eta kolonialismoaren adierazpen gisa, bizitza sostengatzen duten lurrak eta gorputzak bortxatzen dituzte etekin ekonomikoaren mesedetan, errentagarritasuna beste ezeren gainetik jarrita.
"Baserritartze soziala eta aniztasuna dira erresistentziarako eta eraldaketarako estrategia"
Pentsamendu eta praktika agrofeministatik, baserritartze soziala eta aniztasuna agertzen dira erresistentziarako eta eraldaketarako estrategia gisa.
Baserritartze soziala, iragan idealizatu batera itzultzeko beharra baino gehiago, merkatuaren inposizioari aurre egiteko estrategia politiko desiragarria da. Askotan, laburtzeko, “tokikoa erosi” esaten da; eskaintzen zaiguna hala bada gaitz erdi. Baina baserritartzea hori baino gehiago da: natura zikloetara egokitzea, gure elikadura kontraesanei begiratzea eta aldatzea, elikagaien modei erreparatzea eta hausnartzea, tokiko ekoizpen eta kontsumo sareak eta kooperatibak indartzea, husten ari diren baserriak berreskuratzea, eskoletako jantokietan eta hainbat politika publikoetan, behingoz, elikadura agroekologikoaren alde egitea, baratze komunitarioak eta auzo(p)lanak topagune bihurtzea edota laborariei ordainsari eta lan baldintza duinak bermatzea. Finean, elikadura nekazari eta kontsumitzaileen arteko truke-harreman batetik harago, harreman sozial, politiko eta komunitarioak indartzeko bide erreala da baserritartzea.
Aniztasunari dagokionean, Mercosurrek eta beste merkataritza akordioek alderdi bat agerian uzten dute: merkatu globalak ez du soilik ekonomia arautzen, bizitzak ere normatibizatzen ditu. Gorputz produktiboak, erritmo azkarrak, harreman funtzionalak eta lurralde diziplinatuak dira onargarriak; gainerakoak desegokitzat, atzerakoitzat edo irrazionaltzat jotzen dira. Nekazaritza agroekologikoa, zaintzan oinarritutako praktikak edo komunitate sare formalak eta informalak logika horretatik kanpo geratzen dira. Aniztasunaren ikuspegitik, baserritartzea eta elikadura burujabetza desobedientzia moduak dira, bizitza modu bakar baten inposizioari uko egiten diotenak.
"Auzitan dagoena da zein elikadura politika eta eredu lehenetsiko ditugun eta zein sakrifikatuko"
Mercosurren ituna orain gauzatzen ez bada ere, denbora baterako urrunduko litzateke, baina ez desagertu; berriro itzuliko dira, forma batekin edo bestearekin. Eztabaida ezin baita arlo tekniko edo ekonomikora mugatu. Elikadura-sistemaren merkatu globala eta nekazaritza politikak eztabaidatzea bizitzaren antolaketa politikoa eztabaidatzea da. Auzitan dagoena, zein elikadura politika eta eredu lehenetsiko ditugun eta zein sakrifikatuko ditugun delako. Eta erantzuna ezin dugu merkatuaren esku utzi.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545