Astelehenero 8:00etan zure epostan
Otsailean argitaratu zen, Katakraken eskutik eta Leire Mendiburuk itzulita, Fatima Ouassak-en Ekologia pirata baten alde. Eta aske izango gara. Ez du hauts handirik harrotu –oraindik–, baina ez dago argi zergatik: hautsak harrotzeko moduko liburua baita, guztiz. Aitzakia aprobetxatu dugu Mendibururekin elkartzeko: liburuaz, administrazioko itzulpenaz eta wikiemakumeez aritu gara, besteak beste.
Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Senperen (Lapurdi) hazia, Durangon (Bizkaia) bizi da gaur egun. Itzultzaile moduan, IVAP Administrazio Publikoaren Euskal Institutuan lan egin du azken bi hamarraldietan, eta, berriki, Fatima Ouassaken Ekologia pirata baten alde. Eta aske izango gara liburua itzuli du. Horrez gainera, zenbait euskal musika-talderen letrak eraman ditu frantsesera, eta EIZIEren 31 eskutik blogerako idatzi zituen artikuluek ez dute gaurkotasunik galdu. Durangoko wikiemakumeen taldeko kidea da.
Elkarrizketa egiteko proposatu nizunean, esan zenidan itzaleko lanetan ibili izan zarela luzaroan. Nolatan animatu zinen Fatima Ouassaken Ekologia pirata baten alde itzultzera?
Beti gogoa izan dut halako lan bat egiteko. Saiakera batzuk ere egin izan ditut bakarka, edo lagun batekin, baina inoiz ez da ezer aurrera atera. Oraingo honetan, lagun bati eskaini zioten lana, eta berak ezin zuenez, errebotez niri iritsi zitzaidan, eta animatu nintzen. Eta eskerrak eman nahi dizkiot Katakraki aukera honengatik.
Liburua irakurri zenuenean, zein izan zen zure lehen irudipena?
Proposamena jaso nuenean, izenburua oso iradokitzailea egin zitzaidan: Ekologia pirata baten alde. Eta aske izango gara. Kuriositatea piztu zitzaidan jakiteko zer proposamen egiten zuen Ouassakek ekologia eta askatasuna lotuta. Gainera, azkenaldian, ahotsa altxatzen ari dira 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Frantziara migratu zutenen ondorengo belaunaldiak. Hainbat idazle daude, eta gauza interesgarriak dituzte esateko.
Beste proposamen ekologista batzuen aldean, nabarmentzekoa da Ouassaken analisian zer-nolako garrantzia duten umeek, antirrazismoak eta klase-irakurketak. Azalduko zenuke liburuaren planteamendua?
Ouassakek, klima-hondamendiaren larriak eta eskuin-muturraren gorakadak kezkatuta, proposamen errealista eta berritzailea egiten du bere liburuan. Izenburuak ongi laburbiltzen duen bezala, ekologia pirata praktikatuz lortuko dugu aske izatea. Eta, horretarako, ekimen ausartak behar dira, jende guztia aintzat hartuko dutenak, eta ez biztanleria zuria eta aberatsa bakarrik. Aitzitik, gehiengoaren ekologiak ez du hala egiten, eta, beraz, porrot egiten du, ez du lortzen herritar guztiak erakartzea. Izan ere, soilik batzuentzako ekologia egiten du, axaleko neurriekin, batzuen konfort-egoera jakin bati eusteko. Egilearen proposamena guztiz bestelakoa da: haurrak erdigunean jarrita, munduko izaki guztiak salbatzeko oinarria jartzen du. Horretarako, ikuspegia aldatu, eta eurozentrismotik Afrika erdigunean jarri beharra aldarrikatzen du.
Zentzu horretan, haren iritziz, zirkulatzeko askatasuna funtsezko eskubidea izan beharko litzateke. Denek izan beharko genuke aukera nork bere nahien eta beharren arabera leku batetik bestera mugitzeko. Egun ikusten duguna, aldiz, erabat bestelakoa da: nola etortzen dira migratzaileak Europara, eta nola joaten gara gu munduko edozein txokotara? Bere ideietan, ardatzetako bat da zirkulatzeko eskubidearena.
"Ouassakek munduari txuri-beltzeko argazkia ateratzen badio ere, harentzat, ez da etsitzeko tenorea, atea itxi behar zaio desesperantzari. Eta borroka egin behar da. Iraultza handien garaia pasatua bada ere, eskubideen eta norbere lurraren alde egin beharra dago"
Zirkulatzeko eskubideaz gainera, errotzeko eskubidea planteatzen du.
Zirkulatzea eta errotzea, hein batean antagonikoak diruditen arren, osagarritzat ditu. Denok nahi izan dugu nonbaiteko, eta nongoak izan nahi dugun hautatzeko aukera izan, eta denok nahi dugu nonbait horretatik mugitu, hala nahi edo behar badugu. Gaur egun, pribilegioak dira horiek, eta oinarrizko eskubide izan behar lukete.
Deserrotze hain bortitza hain luzaz nozitu duten hiri-auzo herrikoietako biztanleek behar dutena ez da nazio bat, baizik eta errotzeko lur bat, Lurrera lotuko dituen lur bat; haien auzoa, adibidez. Lur bat haren alde borroka egiteko, hura hobetzeko, haien beharretara egokitzeko. Gurean ere badira lurraren alde egindako borroken hainbat adibide, hala nola Guggenheim Urdaibai, Aroztegia, Marienia... Berebiziko garrantzia du errotzeak.
Zirkulazio-askatasunaren aldarrikapena beste mugimendu batzuekin aliantzak sortzeko bide moduan ikusten du Ouassakek: "Polizia-indarkerien aurkako borrokek, migratzaileen kriminalizazioaren aurkako borrokek, sexu erasoen aurkako borrokek eta homofobia eta transfobiaren aurkako borrokek zirkulatzeko askatasuna hartu behar dute kontsignatzat".
Argi eta garbi ikusten du gutxiengoen arteko aliantzak egin beharra, zirkulatzeko askatasuna oinarri hartuta. Bereizten gaituen horretan erreparatu baino, non egiten dugu bat? Bada, elkartu gaitezen hor, eta hortik sortu dezagun eta horretarako borrokatu gaitezen.
Konfinamenduaren kudeaketari ere erreparatzen dio, zeinak oso ondorio desberdinak izan baitzituen erdi- eta goi-mailako auzoetan eta hiri-auzo herrikoietan. Erdi- eta goi-mailako auzoetako herritarrek ihes egiteko aukera izan zutela dioenean, ezinbestean akordatu naiz Lapurdiko kostarekin.
Konfinamendu-garaian, argi ikusi zen nola egokitu ginen zuri-aberatsok baldintza ezohikoetara. Batzuek non bizi ere aukeratu ahal izan zuten. Eta kanpoko jende ainitzek erosi zuen etxea Lapurdin, gehienbat frantziarrek. Eta erosi, gainera, Internetez, bertatik bertara ikusi ere egin gabe batzuetan! Ipar EHra, 3.000 jendetik gora etortzen ei da urtero bizitzera. Pentsa ze ondorio dituen horrek: bertako gazteak ezin bertan bizitzea, etxebizitzen prezioen garestitzea, gure hizkuntza eta izatearen galera... Hor ere, egiten dira etxebizitza-eskubidearen aldeko ekintzak, ekintza inteligenteak eta azkarrak, baina zoritxarrez, egoera oso larria da.
"Pausu bat aurrera egiteko premia dagoela uste dut, eta itzulpena gainditu eta euskaraz sortzen hasi beharko ginatekeela"
Beste zerbait azpimarratu nahi zenuke liburuaren inguruan?
Asko gustatu zait Ouassaken jarrera positiboa. Munduari txuri-beltzeko argazkia ateratzen badio ere, harentzat, ez da etsitzeko tenorea, atea itxi behar zaio desesperantzari. Eta borroka egin behar da. Iraultza handien garaia pasatua bada ere, eskubideen eta norbere lurraren alde egin beharra dago. Proposamen eraikitzaileak eta konkretuak egiten ditu.
Gaiz beste eginda: nolatan hasi zinen itzultzaile-lanetan?
Nik itzulpengintza-ikasketak egin nahi nituen, baina Euskal Herritik atera gabe. Jakin nuen Gasteizen itzulpengintza-ikasketak ezartzekoak zirela, eta Euskal Filologian hasi nintzen, gero itzulpengintzan sartu asmoz. Egin nuen Euskal Filologia, egin nuen Frantses Filologia ere, eta Itzulpengintza jarri zutenerako, ni lanean hasita nengoen... Hala ere, beti gustatu izan zait itzultzea, eta lantxoak egin izan ditut euskaratik frantsesera eta alderantziz. Tartean, disko batzuen itzulpenak: Joxe Ripiauren Paradisu zinema, Joseba Tapiaren Realpolitik, Gu ta gutarraken Bertso zaharrak lagun berriei jarriak.
Gaur egun, administrazioko itzulpengintzan diharduzu, IVAPen. Nola hasi zinen horretan?
Itzultzaileen lan-poltsa baterako azterketa egin nuen, eta, halako batean, Administrazioan lan egiteko deitu zidaten, 2005ean. Aurretik, irakasle ibili nintzen Amurrioko Aresketa ikastolan, zazpi urtez, eta aldatzeko gogoa neukan. Ordutik, han jarraitzen dut. Lan erosoa da, eta aukera eman dit paraleloan beste gauza batzuk egiteko.
Zer erronka ikusten duzu administrazio-itzulpenean?
Administrazioan, itzulpen-lan handia egin da, eta egiten da, eta ondorioak baditu: terminologia juridiko-administratibo egonkor bat bada, itzulpenak onak dira oro har, eta ekarpen handia egin da testu horien ulergarritasunaren mesedetan. Hala ere, pausu bat aurrera egiteko premia dagoela uste dut, eta itzulpena gainditu eta euskaraz sortzen hasi beharko ginatekeela. Euskara hizkuntza ofiziala bada ere, eta lan publikoetarako biak jakin beharko balira ere teorian, ikusten dugu zer ari den gertatzen gai horren inguruan. Errealitatea ez da teoria bezain ederra. Euskarak dagokion lekua izan dezan, Administrazio Publikoak funtsezko egitekoa du nire iritziz, eredu izan behar litzateke.
Itzultzaile neuronalaren harira, kezka dago zuen lan-eremuan?
Bai, hein batean, bai. Guk, itzultzeaz gain, euskaraz ailegatzen zaizkigun testuak zuzendu ere egiten ditugu. Testu horietako batzuk itzultzaile neuronalarekin sortuak baina berrikusi gabeak izaten dira; bere horretan bidaltzen dituzte. Hor dago tranpatxoa, ze neuronalarekin itzulitako testuak beti edo ia beti eskatzen du posteditatzea. Hori egin ezean, nolanahikoak ateratzen dira. Bestetik, nire ustez, neuronalak hizkuntza pobretzen du. Testuak lautu eta berdindu egiten ditu, eta berez badira hotzak eta zurrunak testu horiek, pentsa kolorea kentzen bazaio... Egia da, euskararako hiruzpalau itzultzaile neuronal ditugu, eta ez dituzte denek proposamen berdinak ematen, baina bai oso tonu berekoak.
Oso tresna erabilgarria eta lagungarria da, baina, tresna guztiak bezala, ongi erabili behar da. Esan bezala, posteditatzea eskatzen du. Oso-oso gutxitan itzultzen du dena ongi.
"Neuronalak hizkuntza pobretzen du. Testuak lautu eta berdindu egiten ditu, eta berez badira hotzak eta zurrunak testu horiek, pentsa kolorea kentzen bazaio"
Senperekoa izanik, Durangon bizi zara. Zure X sareko deskribapena esanguratsua iruditu zait: “Hemen hango eta han hemengo”. Horrela sentitzen zara?
Puf! Noizko kontuak! [Barreak]. Nik Twitterren 2007an eman nuen lehenengoz izena, duela ia 20 urte. Egia esan, ez nintzen oroitzen hola ezarria nuenik ere, ze aspaldian ez naiz sobera ibili. Hasieran, hemen banintzen hangoa, eta han hangoa. Egun, denbora gehiago daramat Durangon bizitzen, edo Hegoaldean –Gasteizen egin nituen bost urte–, Senperen baino. Bertakotua nago jada. Bietakoa sentitzen naiz nolabait. Zorteduna naiz, zeren, lehen aipatzen genuen errotze hori, bietan badut: euskal herriak dira biak, hurbilak maila askotan.
Seaskako ikastola batean ikasi zenuen, eta Durangon bizi bazara ere, harremanari eusten diozu.
Iparraldeko ikastola bakoitzak bere sosak atera behar izaten ditu, materiala erosteko, obratxoak egiteko... Horretarako, irudimena martxan jartzen dute. Besteak beste, kanpainak egiten dituzte hango mozkinak saltzeko: garagardoak, txokolateak, saskiak eta gisa horretakoak. Nire ilobetako bik han ikasten dute, eta lagunen seme-alabek ere bai. Beraz, haien ekimenak hemen zabaltzen saiatzen naiz, nire aletxoa jarriz horrela. Ikastolen fenomenoa oso-oso ederra iruditzen zait, lagundu beharrekoa. Liburuaren testuinguruan kokatuta, hori ere bada defendatu beharreko lur bat.
Zuk han ikasi zenuenetik, zer-nolako bilakabidea ikusten duzu?
Kanboko Xalbador ikastolan egin nituen bigarren hezkuntzako ikasketak, 1980ko hamarkadaren amaieran. Orduan, Batxilergorik ere ez zegoen. Eta zer ginen orduan: ehun? Ehun eta piko? Oso gutxi ginen. Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoakoak biltzen ginen han. Eta, orain, bost kolegio daude, eta bigarren lizeo bat eraikiko da Donapaleun: zoragarria da.
Alde handia sumatzen duzu han eta hemen?
Errealitateak ezberdinak dira. Seaskako ikastoletan, bidea egiten ari dira, eta, halabeharrez, jendea ekintzaileagoa dela iruditzen zait. Eta, EAEn, gehiena egina dagoelakoan, erosotasunean erortzeko arriskua egon daiteke. Ez dut ez bata idealizatu nahi, ez bestea gutxietsi, baina nahiago nuke hegoaldean ere halako mugimendua eta parte-hartzea balego...
Legearen mailan aurrerapausorik espero duzu Ipar Euskal Herrian?
Ouassaken liburuan argi ikusten da Frantzia zer den: estatu erabat jakobinoa. Ez dut uste estatu frantsesak hizkuntza gutxituen meloia noizbait irekiko duenik. Hizkuntza gutxitu gehiegi dago Frantzian, eta bati atea irekitzen badio… Ez die ofizialtasunik emango. Kontzesiotxoren bat tarteka. Brebeta euskaraz pasatzea lortu zen; Baxoarenak zaila dirudi. Dena den, ikastoletan ez dira besoak gurutzatuta gelditzen, eta euskaraz ikasteko eskubidearen alde dihardute. Mugimendua badago.
Politika-kontuetan, egoera asko aldatu da duela urte batzuetatik hona. Lehen, oso emaitza apalak ateratzen genituen hauteskundeetan, eta orain Elkargoko lehendakaria abertzalea da! Auzapez asko ere abertzaleak edo ingurukoak dira. Gauzak mugitzen ari dira, eferbeszentzia bat badago, arlo askotan, izan ikastolak, politika, etxebizitza, nekazaritza, euskara...
"Ikastolen fenomenoa oso-oso ederra iruditzen zait, lagundu beharrekoa. Liburuaren testuinguruan kokatuta, hori ere bada defendatu beharreko lur bat"
Amaitze aldera: Durangoko wikiemakumeak taldeko kidea zara.
Lanez kanpoko ekintzetan nahiko erraz aspertzen naiz, eta, iraila iristen denean, hor ibiltzen naiz gauza berrien bila. Duela 3-4 urte, Durangoko Andragunean Wikipediarako sarrera-ikastarotxo bat antolatu zuten, eta han hasi nintzen. Marisak [Marisa Barrena, taldearen bultzatzaileetako bat] esan zidan: “Kontuz, engantxatu egiten du”. Eta egia da! Oso gustura nabil. Oso talde polita eta dinamikoa dugu Durangon. Ostiralero biltzen gara, eta etxetik ere aritzen gara lanean. Wikipedia emakumeen bioekin elikatzeaz gain, taldeko batzuk herriz herri ibiltzen dira misiolari-lanetan; herrietan taldeak sortu eta ikastaroak ematen. Gaitzeko lana egiten dute!
Oso lan gratifikantea da, ze itzulpena amaitzen den momentuan berean argitaratzen da, eta ekarpenaren ikusgarritasuna berehalakoa da. Zenbakitan neurtuta, egiten ari den ekarpena handia da: talde gisa funtzionatzen hasi zirenetik (2020) 13.000 biografiatik hurbil sortu eta itzuli ditugu.
Baten bat oroitzen duzu bereziki?
Ehunka egin ditut, eta batzuk ahantziak ditut. Denetarik egin dut, abanikoa oso zabala da, eskualde eta arlo guztietakoak: errealitatea bera, azken batean. Artistek beti harritzen dute pixka bat, eta badago Laetitia Ki izeneko artista bat. Emakume beltz bat da, ile-rastak ditu, luze-luzeak, eta bere ilearekin eskulturak egiten ditu. Ikusgarriak. Egia esan, merezi du ikustea.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545