Astelehenero 8:00etan zure epostan
Labrazan (Araba), Aixeindar enpresaren zortzi errotako makrozentrala eraikitzeko lanak geldiarazi dituzte bost ekintzailek. Hirugarren haize errotaren oinarria izango den plataforma erraldoira kateatu dute euren burua 10:30 aldera, eta "hemen gaude, lurraren alde!" oihu egin dute. Langileekin hitz egin dute, ekintza desobediente baketsua izango dela jakinarazi, eta langileak lasai irten dira lan eremu horretatik. 11:10 aldera iritsi dira ertzainen hainbat patruila. Oraingoz ekintzaileek kateatuta jarraitzen dute, eta eraikitze lanek geldi. ARGIA bertatik ari da informatzen.
Lurraren ekintzaileak Labrazako makrozentral eolikoaren eraikitze lanetara kateatuta.
Ekintzaileek hedabideetara bidali duten oharrean jakitera eman dutenez, Euskal Herriko hainbat puntutatik etorri dira Labraza (Araba) herrira, elkartasuna adieraztera: "Lurrarekiko dugun atxikimenduak bultzatzen gaitu bertan ematen ari den gehiegikeria salatzera. Izan ere, Arabako mendi hauetan makrozentral eoliko baten ezarpenak, ingurune natural aberatsak suntsitzeaz gain, Labraza bezalako herri txiki batentzat inposaketa ankerra dakar".
Makrozentral berriztagarriei buruzko ondoko irakurketa egin dute: "Labrazakoa, egitasmo energetikoen oldarraldi berriaren hasiera da. Milaka eta milaka nekazal lur eta mendi, gehienak Araban eta Nafarroan, arriskuan daude. Ondasun naturalen arpilatze honen ondorioz gure bizitzak era kolektiboan antolatzeko gaitasuna ukatzen digute".

Salatu dutenez, "Iberdrola eta Eusko Jaurlaritza, kapitalismo 'berdea' deiturikoaren izenean, denon mendi eta nekazal lur komunalez jabetzen ari dira. Bitartean, instituzioetan ardurak dituzten politikariek men egin dute, eta, gehienez ere, herritarrei negozio txikitzaile honetan partehartze ekonomikoa eskaintzera mugatu dira". Herritarrei euren bizitzez eta inguruarekiko harremanaz erabakitzeko eskubidea "lapurtzen" dietela arbuiatu dute.
"Bidegabekeria" horren aurrean, ekintzaileek euren gorputzak jarri dituztela aldarrikatu dute: "Uste dugu lurraren defentsaren aldeko mugimenduak era aktiboan aurre egin behar diola eraso orori, borroka molde ezberdinak uztartuz. Gaurko ekintza horretarako deia ere bada". Herritarrei mezu hau zuzendu diete: "Denok hartu behar dugu parte Lurraren zaintzan, gutxi batzuk dena suntsitu ez dezaten!".
Aixeindar SA ari da Labraza makroproiektu eolikoa egiten Araban: Iberdrolak (%60) eta Energiaren Euskal Erakundeak (%40) osatzen dute sozietatea. 2025eko azaroan hasi ziren eraikuntza lanak eta 2006tik EAEn eraikiko den lehen makrozentral eolikoa da. 200 metroko zortzi haize errota jartzea dute asmoa, eta guztien artean 40 MW-ko energia lortzeko gaitasuna izango lukete.
Labraza (Araba) kontzejuaren lurretan ari dira haize errotak jartzen, herrigunetik kilometro batera, Marañon mendilerroaren bi gailur-lerro paralelotan, Oion udalerriaren barruan. Baina proiektuak Nafarroako lurrak ere hartzen ditu, zortzi haize errotek sortutako energia Nafarroako Aguilar Codes herrian dagoen "Las Llanas" azpiestazio transformatzailera eramango baitute lurrazpiko hodi bidez. Hala irakur daiteke Aixeindarrek Red Electrica España SAUri Labrazako makrozentrala sarera konektatzeko baimena eskatzeko egindako txostenean. Las Llanas azpiestaziotik lehendik badauden zutoin eta kable bidez eramango dute argindarra Laguardiako azpiestaziora.

Araba Bizirikeko kide batek ARGIAn azaldua duenez, Labraza makroproiektu eolikoak igarobide ekologikoei kalte egingo die, izan ere, "bi ardatz ekologiko nagusietako batean dago kokatuta, nodulu multzo baten barruan. Zonalde hori, Barriobusto eta Valdevarón ibai-tartearen barruan dago, zeina interes berezikoa den lotura egiten duelako isurialde mediterraneoko eskualde mailan. Ibai-tarte horiek lotura egiten dute Dueñasko pinudiarekin, eta hor izango du bereziki eragina proiektu eoliko honek. Berau EAEko alepo pinudi natural bakarra da, Iberiar Penintsulan iparralderen dagoena, eta horrek ere balio gehigarri bat ematen dio. Gainera, intersekzio eremu bat da, Nafarroako Codes Mendizerraren eta Araba Hegoaldeko Mendialdearen –zeina Kontserbaziorako eta Hegaztien Babeserako Eremu Berezia den– arteakoa".
Labrazako makroproiektua epaitegietan dago. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak Labrazako makroeolikoen aurkako errekurtsoa izapidetzeko onartu zuen 2025eko urrian. Errekurtsoa Labrazako Administrazio Batzarrak aurkeztu zuen, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailearekin batera, proiektuaren Plan Bereziaren behin betiko onarpenaren aurka.
Errekurtso horrek salatzen duena da makroeolikoaren plan bereziaren onarpena jendaurrean jarri gabe egin zela, egin beharreko ingurumen-eraginari buruzko azterketa estrategikorik gabe eta duten natura-balioagatik babestuta dauden lursailetan.
Arabako Mendiak Askek argudiatu izan du auzia epaitegietan den artean, Oiongo Udalak ez liokeela Labrazako makroproiektuari obrarako baimenak eman behar. Labrazako kontzejuak eraikuntza lanak geldiarazi egin zituen 2026 hasieran, baimenik gabe ari zirela argudiatuta.
Aurreko legegintzaldian, Oiongo Udalean EAJk eta PSEk sustatu zuten Labraza makroproiektua. Eta egun EH Bildu agintean den udalak onartu zuen Plan Berezia 2025eko otsailean. Labraza.eus webguneak jasoak ditu udaleko batzar haren dokumentazioak eta bideo irudiak.
Jose Manuel Villanueva Gutierrezek, Oiongo alkateak, ondoko adierazpena irakurri zuen Plan Berezia onartu zen udal batzarrean, bozketa egin aurretik, bere argudioak azaltzeko. Alde batetik, proiektuaren aurka hitz egin zuen: "Oraindik ere jarraitzen dugu pentsatzen proiektu horrek eragina izango duela balio handiko paisaia eremu batean. Bere garaian kontra egon ginen eta irizpide berarekin jarraitzen dugu". Baina "administrazio-agindua" medio, Plan Berezia onartzera "derrigortuta" zeudela argudiatu zuen: "Orain plan berezia onartzeari aurre egitea dagokigu, jakinik Eusko Jaurlaritzaren txosten guztiak aldekoak izan direla eta jakinik, hirigintzan, txosten guztiak arauzkoak badira, behartuta gaudela baimena ematera. Horregatik, Aixeindarrek bidalitako dokumentuak ikusita, eta Jaurlaritzaren aldeko adierazpena, administrazio-aginduaren bidez behartuta gaude plan berezi honi behin betiko onespena ematera".
Udal batzar berean, hitza hartu zuen Bego Martinez de Olcozek, Labrazako Administrazio Batzarraren lehendakaria denak. Lehenik eta behin argitu zuen Labrazako Batzarra osatzen dutela herrian erroldatutako adin nagusiko pertsona guztiek: "Ez du sigla politikorik. Plurala da eta erabakiak bozketa ireki bidez hartzen dira". Eta azaldu zuen makroproiektu honen auziak baduela lotura Labrazaren burujabetzarekin. Hasteko, Labrazak 1977an udalerri izateari utzi zion, eta pasa zen izatera Oiongo Udalaren menpeko den Junta Administratiboa. Martinez de Olcozen hitzetan, "gure herritarrek denbora gutxi behar izan zuten konturatzeko akordio horrek ez zuela onurarik ekarriko. Eta euren eskubideak defendatu ostean, lortu zuten hitzarmen bat sinatzea 1983an. Bertan sinatu zen Labrazan bildutako zergen %100 kobratzea eta autogestionatzea". Geroztik, Oiongo Udala ez da Labrazako zerbitzuez arduratu izan (kale argiteria, hondakinak, hilerria, bideak, mendia, azpiegiturak...). Horrela mantendu zen, 2022an aurreko alkate Eduardo Terroba-k (EAJ) eta bere gobernu taldeak aldebakartasunez hitzarmena hautsi zuten arte. Martinez de Olcozen hitzetan, hitzarmena haustearen atzean baziren hainbat arrazoi: "Oionek bildu zitzan Labrazako biztanle guztien zergen %100, eta noski, zentral eoliko honek hitzematen zituen irabaziak ere bai. Kasualitatea al da hitzarmena modu horretan hautsi izana, aldebakartasunez, momentu jakin horretan?".
Martinez de Olcozek jarraitu zuen kontatzen gai horrek zer garapen izan duen orain arte: "2023 urte hasieran, EH Bilduko talde honek berak, bere babesa eskaini zigun biltzeko eta hitzarmenari buruzko akordioa lortzeko. Oso bilera gogorrak izan ziren". 2023ko maiatzeko hauteskundeetan, EH Bilduk Oiongo udalean 5 zinegotzi eskuratu zituen. Bilduk beste hitzarmen bat aurkeztu zien, baina EAJrenaren oso antzekoa zela iritzita, Labrazako kontzejuak ez zuen onartu eta negoziazio "gogor eta luzea" hasi zuten, "batere erraza izan ez zena", Martinez de Olcozen hitzetan. Hitzarmen berriak onartu zuen zergen %85 Labrazara itzultzea eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) %50. "Hau da, pasatu ginen 2022an %100 kudeatzetik, gure zergen %15 uztera eta gure EIOZren %50. Kasualitatea al da hau gertatzea ezaugarri hauek dituen instalazio baten atarian?", galdetu zuen Martinez de Olcozek Oiongo udalean, zinegotziek Labrazako Plan Berezia bozkatu behar zuten batzarrean. Eta oroitarazi zien une honetan afera EAEko Justizia Auzitegi Nagusian dagoela: "Ez al da nahikoa arrazoi, itxaron dezagun, zer ebazten duen ikusi arte? Konfiantza dugu, parkea eraikitzen baduzue, tribunalak arrazoia emango digula eta eraistera behartuko zaituztetela".
Oiongo Udalak Plan Bereziari argi berdea eman zionean, Arabako Mendiak Askek iritzi artikulu hau zabaldu zuen, Labrazaren defentsan.
Energiaren Euskal Erakundearen webgunean irakur daitekeenez, Oiongo Udalari 1,2 milioi euro agindu dizkio, obraren hasierarekin. Eta urtean 230.000 euro inguruko diru-sarrerak, zerga eta kanon gisa.
Labrazako eta Barriobustoko Administrazio Batzarretako auzotarrei "energia prezioen tarifa berezia" hitzeman die, azpiegitura berriztagarria martxan dagoenean, beste zehaztasunik gabe.
Crowlending-a (finantziazioan parte hartzea) ere eskaini die Aixeindarrek Oiongo eta Araba Errioxako biztanleei, lehen fasean (aurrerago herritar gehiagori zabal diezaiekete). Aixeindarren arabera, operazio horrek "inbertitzaileei parke eolikoan sortutakoaren interesekin errentagarritasun azkarra lortzen laguntzen die". Euskal Herria Bizirikeko kideek, honi buruz galdetuta, zera argudiatu zuten: "Apurrak banatzen dituzte, proiektuaren aurrean jendea isilarazteko. Bake soziala da makroproiektuak egiteko berme soziala ematen diena, bestela, jendea kontra badago, makroproiektuak gelditzea lortzeko aukerak handiak dira".
Martinez de Olcozek honela laburtu zuen Oiongo udal batzarrean: "Finean, jokoan dagoena ez dira errota batzuk soilik, ez proiektu eoliko bat, ez zergak. Jokoan dagoena gure nortasuna da, gure historia, gure osasuna, gure etorkizuna. Labrazak merezi du jarraitzea izaten leku bat, non bere jendeak, bere naturak eta bere patrimonioak bizirik jarraitzen duten".
Labrazak bikain mantentzen du Erdi Aroko bere arkitektura, eta Eusko Jaurlaritzak Ondare Kultural katalogatua du, Monumentu-Multzo kategoriarekin. Horrek herritarrak behartzen ditu hirigintzan muga oso zorrotzak izatera: adibidez, energia berriztagarriaren gaian, ezin dituzte eguzki plakak jarri teilatuetan, ezta elementu deigarririk ere fatxadetan: pertsianak, aerotermia, bero bonbak... Eta orain, herrigunetik kilometro batera makrozentral eoliko bat izango du Labrazak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545