Astelehenero 8:00etan zure epostan
Beti gustatu izan zaizkit akuarioak, haurra nintzela Jacques Cousteauren artilezko txapela gorria jantzi eta Bartzelona nahiz Donostiako akuarioetako txoko liluragarrietan murgiltzen nintzenetik. Gaur egun ere, akuarioak dituzten herri eta hiriak bisitatzen ditudanean, ez dut aukerarik galtzen haietara gerturatzeko. Eta bada, horietan guztietan, bereziki maite dudan txoko bat. Iluna, isila eta lasaia, ikuskizun paregabe bati so, bihotz taupadak baretzen dizkidana: marmoken dantza. Erakargarri bezain hipnotikoa izaki, denborak ihes egiten du bertan, korronte zirkular amaigabeen erritmoan...
Aranzadi Zientzia Elkarteko Natur Zientzietako kidea.
TALDEA: Cnidarioa / Eszifozoa.
NEURRIA: 25-40 cm-ko diametroa.
NON BIZI DA? Itsaso guztietan. Itsas zabalean zein kostaldetik gertu topa daiteke.
ZER JATEN DU? Planktona, krustazeo txikiak, eta arrain eta bestelako itsas animalia pelagikoen arrautza txikiak.
UGALKETA: Sexuala eta asexuala. Sexualean, gametoak batu eta aho-besoek osatutako poltsetan garatzen dira, eta ondoren marmoka txikiak askatzen dituzte. Horiek portu eta kostaldean finkatzen direnean, asexualki ugaltzen dira, estrobilazio prozesuaren bidez.
BABES MAILA: Ez daude babestuta.
Espezie ugari izaten dira ikusgai “medusario”-etan; eta tartean bada bat, euskal kostaldean oso ohikoa dena: marmoka arrunta edo ilargi-marmoka. Leiho borobila duen kristal lodiaren bestaldean, ur-korronte jarraiak ilargi betea dirudien kanpai zapal eta zabala mugiarazten du: ia-gardena da, kolore zurixka edo arrosa duena. Kanpaiaren erdigunean, gonadak ageri dira, simetrikoki jarritako lau eraztun bailiran –arretan zuriak edo horiak, eta emeetan, arrosak edo moreak–. Hauez gain, lau aho-garro zeharrargi ikus daitezke, aho ingurutik beherantz. Eta, kanpaiaren ertzean, hura jantziko duten ehunka garro txiki eta mehe.
Gezurra badirudi ere, halako izaki sinple batek –gorputzaren %96 ura da– badu bere taupada propioa: badaki dantzan. “Arte psikodeliko” edo “lisergikoa” droga aluzinogenoen eraginpean edukitako esperientzietan inspiratutako artea bada, marmokek arte psikodelikoaren zuzeneko emankizun paregabea ematen digute, aurrez aurre jartzearekin soilik, droga haluzinogenoren beharrik gabe.
Marmoken taupadek kanpaiaren barnealdean biltzen diren ur masak mugiarazten dituzte; izan ere, ez dute olagarroen antzerako propultsio mekanismorik. Espezie lirdingatsu honi ongi erreparatuz gero, bi kolpetan mugitzen dela ikusiko dugu: kanpai azpiko ura, zurrunbilo batean, sartu-irtenean dabil. Taupaden gakoa ordea, kanpaiak duen ehun elastikoan datza. Marmoka atseden egoeran dagoela badirudi ere, ehun elastiko honen mugimendu mekanikoak kanpaia jatorrizko egoerara bueltatzen du, eta hala, ura xurgatu. Kanpaiaren ehuna goma bailitzan, uzkurtzean, gorputzaren azpian ur mugimendu bat eragin eta animalia aurrerantz mugituko da. Mugitzeko estrategia honek energia handia aurrezteko aukera ematen dio marmokari, izan ere, bigarren mailako bultzada horrek marmokaren desplazamendu osoaren %30 eragiten du. Haiek bai jakin energia nola aurreztu! Inguruan planktona ugari denean, mugimenduok azkartuko dituzte, ur gehiago iragazteko. Bestela, ur-korronteen aurka borrokatu beharrean, haien arabera mugituko dira, jitoan, normalean talde handitan. Horregatik, arraroa da marmokak hondartzara iristen direnean, kopuru txikitan ikustea. Aldi berean, eragingo dute, jakina, ingurumen-baldintzak –uraren tenperatura, elikagaia…– egokiak diren sasoian dituzten ugalketa handiek.
Arte psikodelikoa guztion eskura dugu, “mongi”-rik gabe. Jimi Hendrixen Are you experienced diskaren doinuen baitan, eskura dugun hurrengo akuarioko bisitan marmoka arrunten leiho biribila bilatzea besterik ez dugu. Beti ere, lasai gauden une batean. Marmokek begirik gabe ikusten dutena ikusteko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545