Mundua gobernatu nahi duena baratze bat gobernatzetik has bedi.

Urak beherantz

Jubilatutakoan bizitzera Oriora joan zen andoaindar bati entzun nion behin: “Pertsonak, ondo izatera, bere bizian Oria ibaiak bezala egin behar du, hau da, beherantz”. Itsasondon jaioa zen berez eta badira urte batzuk hil zela; bere bizia ere Oria ibaia bezala amaitu zela pentsatu nahi dut, ur handiagoekin bat eginez.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2025eko azaroaren 10a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Emari eta luzera handikoa dugu Oria, baina Txinan bada Ibai Hori handiago bat, bertako handiena, munduko urtegirik arriskutsuenetakoa eraiki eta preso hartu nahi izan duten ibaia. Hemen badakigu zerbait urtegi arriskutsuez eta urak bere bidea egiten duela ere sarritan entzun izan dugu. Gaur jakintza hauek gorputzera ekarri nahi nituzke.

Izan ere, udazkena bada gorputzean atxikitako urak mugiarazi eta kanporatzeko garaia. Gorputzean pilatutako ur geldiak zer egin dezakeen samur ulertzen da eta horiek erauzteak ekartzen duen arintasunaren bila joan behar dugula azaldu nahi nuke.

Hasteko, urari gorputzean mugitzen utzi behar genioke. Odola, linfa, entzefaloko urak… Likido anitz baditugu barruan eta hauen fluxuak dinamikotasun maila on bat izan behar luke. Likidoak atxikitzen baditugu, txiza zaildu bazaigu edo izerdirik apenas kanporatzen badugu, hasia izango da nonbait desorekaren bat.

Ez naiz sendabelar eta tratamendu diuretikoak epe luzean hartzearen aldekoa. Pertsona desmineralizatu, nekatu eta desorekatu egin dezaketelako gomendatu izan ditugu epe motzeko tratamenduak eta bederatziurrenak gure herrian. Txinako herrian ere, euren medikuntza tradizionalak halako tratamenduak gomendatzen ditu. Haien ikuskeran giltzurrunak oso garrantzitsuak dira, gure kulturan baino garrantzi handiagoa ematen zaie eta tratamendu desegokiekin desoreka sortzea baino nahiago izaten dute ezer ez egitea. Hasierako ohar gisara gelditu bedi.

Azeri buztana (Equisetum arvense), txilarra (Calluna vulgaris), arto bizarrak (Zea mays) eta asuna (Urtica dioica) oso ohikoak izan dira bederatziurrenak egiteko, baita txikori-belar (Taraxacum officinale) hosto zein sustraiak eta horma-belarra (Parietaria judaica) ere. Azken bi horiekin giltzurrunetako garbiketa egiteaz gain, gibelekoa ere egiten da, lan sakonagoa eta exigenteagoa gorputzarentzat. Bederatziurren bat edo beste egin erabakitzerakoan, bizi ohiturei, elikadurari, familian izandako gaitzei, gorputzaren joerei eta batez ere sendabelarrak norberarentzat izan ditzakeen albo ondorio zein kontrakotasunei erreparatzen zaie, baita udan zenbat eta zenbaterainoko gehiegikeriak egin diren ere. Sendabelar aukera badago, eta urtez urte ondo doakiguna errepikatzea dagoen bezala, denak probatzen ere joan gaitezke, sendabelar bakarra hautatu eta bederatziurrenak banaka eginda.

Atxikitako likidoak kanporatzeak arintasuna dakarrela aipatu dut, baina giltzaduretan nabaritzen den hobekuntza ere aipatzeko modukoa da. Udazkeneko tratamendu hauek urte luzez artritisa zein erreumatismoa dutenei gomendatu izan zaizkie; hantura gutxitu eta bizi kalitatean irabaz dezaten. Bestetik, negura ahal dela atxikitako likidorik gabe iristearen gaia dago. Honek hotzarekiko tolerantzia handitzen du eta giharretako gogortasuna ere ez da hainbesterakoa izaten. Urtez urte bederatziurren hauek egin dituenak badaki gorputza malguago nabaritzea zer den, urteen joanarekin gero eta gehiago estimatzen dena.

Herri ikerketa, herriarekin, herritik I
Joan den ekainaren 22an izan genuen Ikerketa parte-hartzailea eta kokatua: herri ikerketa, herriarekin, herritik ikastaroa Eibarren. UEUren 54. Udako Ikastaroen barnean, Biharamunen Lantegiak antolatua. Loretxu... (+)
Izpiliku ezkontza, "lavender wedding"
Aurrekoan, xaboi ikastarorako hainbat izpiliku barietateren olio esentzialak sailkatzen ari nintzela, galdu egin nintzen eta leku oso harrigarri batera eraman ninduen izpilikuaren inguruko jakintzak. (+)
‘Psyllium’ baino plantaina nahiago
Entzule baten proposamenari heldu eta psyllium zuntzari buruz hitz egin dugu gaur, izan ere, boladan ipini da psyllium hautsa eta badirudi denok hartu beharrekoa dela.... (+)
Zikutak ez du argirik
Argia ematen duten landareak, hau ikusteko ere jaio garela dirudi. Gure artean ditugun landare ohikoak dira asko, orkideak edo krasak adibidez, baina zuhaitzekin ere ari dira... (+)
Intsusa, azala gaztetzeko (ere bai)
Badirudi natura denok maitatzen dugun zerbait dela, baina ez da hala. Berriki egindako ikerketek diote biofobia areagotzen ari dela hirietan. Zer den eta zerk eragiten... (+)
gora