Uztailaren bat euritsua bada, hilaren zalantzazkoa izango da.

Izpiliku ezkontza, “lavender wedding”

Aurrekoan, xaboi ikastarorako hainbat izpiliku barietateren olio esentzialak sailkatzen ari nintzela, galdu egin nintzen eta leku oso harrigarri batera eraman ninduen izpilikuaren inguruko jakintzak.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2026ko ekainaren 28a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lehen ere eskaini nion artikulua, izpilikua lurrin bat baino askoz gehiago zela esanez. Izan ere, kosmetika eta lurringintzan oso erabilia da eta horrek zaildu egiten digu barne erabilerarako ere, infusiotarako alegia, ona dugula ikustea. Menda Bikoitza podcastean ere egin genion tartea, bertan kontatu genuen nola Arabako Errioxan labanda edo izpiliku fina (Lavandula angustifolia) erabiltzen duten neguko ekinozioaren inguruan ospatzen diren antzinako purifikazio erritoetan.

Gaur, ordea, makina batez bitxiagoa den kontu bat ekarri behar dut, izpiliku ezkontza, ingelesez lavender wedding deitutakoa. Komenientziazko ezkontza dugu baina ez edozein eratakoa, bikoteko bietako batek bere orientazio sexuala ezkutatzeko egindakoa da hain zuzen ere. Aurreko mendeko 20ko hamarkadan du nonbait jatorria, bertan Hollywoodeko estudioek aktore homosexualak ezkontza xuxena izatera behartzen zituzten, garaiko publiko kontserbadorearekin bakean egoteko, antza.

Ehun urte ondoren iraganeko kontu latz bat dela pentsa daiteke baina munduan hainbat lekutan, oraindik ere, badira horretara behartutako bikoteak. Sentitzen dutenarekiko batere askatasunik gabe era horretako tratuak egin beharrak hor dirau. Bizi diren lekuetan segurtasun nahikorik ez daukatelako edo elkarrentzat onura ekonomiko eta sozialak lortzeko behar dutelako, baina, oroz gain, oraindik ere estigma saihesteko. Komeni da gogoratzea, ekainean egingo diren aldarrikapenen artean, oraindik ere izpiliku ezkontzak ospatzeko obligazioa daukatela askok bakean utziko badituzte.  

Eta halako bizipen gordinen artean, askotan gertatzen den bezala, hor dator egoera honetan negozioa ikusi duena ere. Ezkontzen inguruko industria zabar horrek hara non asmatu duen izpiliku ezkontza, kontzeptua eraberrituz. Eraberrituz bezala, ze hau kapitalismoa da, lagunok. Izpiliku loreen kolore paleta leun eta dotorean oinarritutako ezkontza moderno eta bisualki harrigarria omen da. Emaztegaiak soineko lila edo morea beharko du, bioleta kolorekoa gonbidatuek, apaingarrietan izpilikua, glizinia, salbia eta lilak erabiliko dituzte. Derrigor urte sasoi honetan egin beharko da, bestela lore horiek ezingo dira eskura izan. Ez joatea ere libre da, bide batez esanda.

Kontutxo hauek buruan ditudala, izpiliku ukendua egiteari ekingo diot aurten ere. Ekilore oliotan egitea gustatzen zait, azal orok lasai erabili ahal izateko. Kristalezko ontzi hermetikoan lore lehortu berriak ipiniko ditut, erdiraino, eta olioz beteko dut goraino. Berrogeialdi bat balkoian egingo du, eguzkiak berotuz eta ilargiak hoztuz. Ondoren txukun iragaziko dut eta 100 ml-rentzat 15 gr argizari ipiniko ditut, Maria bainuan urtu dadila. Kristaleko ontzian ipinitakoan 20 tanta olio esentzial ipiniko dizkiot, izpiliku arraren olioa (Lavandula latifolia) hain zuzen. Udan izaten diren intsektu ziztadak, erredurak, zauriak, era askotako azkura eta zein hantura bikain tratatzen dituelako.

‘Psyllium’ baino plantaina nahiago
Entzule baten proposamenari heldu eta psyllium zuntzari buruz hitz egin dugu gaur, izan ere, boladan ipini da psyllium hautsa eta badirudi denok hartu beharrekoa dela.... (+)
Zikutak ez du argirik
Argia ematen duten landareak, hau ikusteko ere jaio garela dirudi. Gure artean ditugun landare ohikoak dira asko, orkideak edo krasak adibidez, baina zuhaitzekin ere ari dira... (+)
Intsusa, azala gaztetzeko (ere bai)
Badirudi natura denok maitatzen dugun zerbait dela, baina ez da hala. Berriki egindako ikerketek diote biofobia areagotzen ari dela hirietan. Zer den eta zerk eragiten... (+)
Berdea
Bizi Baratzea Orriaren hirugarren zenbakia prestatzen ari ginela sortu zen eztabaida Dani Blanco argazkilaria eta bion artean. Koloreen arabera sailkatu behar sendabelarrak, eta berdera iritsitakoan... (+)
‘Ogiek’ herrialdea eta transmisioa
Hainbat herrialde indigenentzat sendabelarren inguruko jakintza altxor handia da, baina lanak dituzte ondorengoei transmititzen. Keniako adibide bati buruz aritu gara gaurkoan: Ogiek herrialdeari buruz, sendabelarren... (+)
gora